Concept

Migrazioak globalizazio garaian

Garai guztietako migrazioen mekanismoak antzekoak dira, sareak sortu, berauen arauera mugitu, baina garai bakoitzaren egitura ageri edo ezkutuaren araberako ezaugarri ezberdinak izaten dituzte, eta gaurkoetan ondorengo biak azpimarratu daitezke:

  1. migrazioak globalizazioa intensifikatzen doan mundu batean gertatzen dira baina, era berean, eremu hartzaileek neurri handi batean des-industrializatzen ari dira, eta, ondorioz, integrazioa gero eta zalantzatsuagoa da. Galdera bat egitea zilegi da honela: nola gizarteratuko dira etorkinak lan industriala eskasten ari den testuinguru batean?
  2. bestalde, gizarte askok migrazioen premia handia du baina ez du halabeharrez horren arabera jokatzen, garrantzia nabarmenagoa ematen baitiote euren hiritarrek etorkinei buruz dituzten eritzi eta pertzepzioei, eta etorkinak beharrezkoak izan arren muga eta traba gero eta gogorragoak jartzen dituzte. Egoera hau "needed, but not wellcomed" esaldian laburtzen da.

Beste faktore batzuetara jo ezkero, migrazioek ez dute sekula izan gaur agenda politiko eta sozialetan duten garrantzia, hedabideetan duten presentzia eta arreta eta, oro har, inoiz baino gehiago politizatu dira. Hartara, lehia elektoraletako gai erabakiorra izaten ari dira eta migrazio fluxuen kontrola legoke jokoan. Aditu askoren ustez, desoreka nabarmena dago herrialde garatuenek onartu eta azpigaratuenek bidaliko nahiko luketen kopuruaren artean. Baina, zalantzarik gabe, egoerarik arruntena herrialde bakoitzeko premiak eta errealitate migratorioen artean gertatzen den desoreka da. Normalean, indartsuagoak izaten dira bulkada kontrolatzaileak egoeren analisi sakonetatik beharrezkoak diren immigrazio kopuruak zehaztu eta onartzea baino. Badirudi, zenbait gune hartzailek jarrera suizida bat darabilela immigrazioaren kudeaketan.

Immigrazioaren errelebanzia ezin da objektiboki bere kopuruan oinarritu. NBEko Populazioaren Sailak 2005ean munduan 190 milioi migrari zegoela esan zuen, munduko populazioaren %3 baino gutxiago. 2010rako ez omen da gehiegi aldatu egoera hau, eta egin izan diren proiekzio sinesgarrienetan oinarrituta 215 milioi etorkin legoke, %3,1. Zenbaki absolutoetan 25 milioi gehiago dago: portzentaietan, tasa oso gutxi igo da, baina izugarri areagotu da kopuru honi ematen zaion garrantzi soziala. Beraz, nola da posible honelako portzentai eta aldaketa hain txikiak hain zalaparta handia sortarazi izana?, Kopuruagatik?

Gainera, kopuru hau oso txikia da herrialdeen barnean migrari direnen datuekin erkatuta. Nazioarteko migrazioen kopurua 215 milioi pertsonatakoa bada, herrialdeetako barne migrazioena, neurketa guztien arabera, 710 miliotik gorakoa da, 3,3 bider gehiago. Areago, datuek diotenaren arabera, honela banatzen dira nazioarteko migrazio guztien portzentaiak:

  1. %37 herrialde atzeratuetatik aurreratuetara joaten dira,
  2. %3 herrialde aurreratuetatik atzeratuetara, eta
  3. %60 maila bereko herrialdeen artean mugitzen da.

Migrazio guzti hauetatik normalean bakarrik %37a osatzen duen portzentaiari egiten zaio arreta, hau da herrialde atzeratuagoetatik aurreratuenara joaten direnei. Datu esanguratsu gehiagorekin jarraitzeko, suposatu egiten da munduan 20 eta 30 milioi tarteko etorkin irregular dagoela, 26 milloi barne desplazatu eta 16 milioi errefuxiatu.

Aurreko zenbakiak oinarri hartuta eta mundu mailako ezberdintasun ekonomikoei eta bizi-baldintza ezberdinei erreparatuta, badirudi egiazki migratzen duten baino kandidato gehiago dagoela. Migrari izateko baldintza objektiboak betetzen dituztenetatik benetan migrari direnekiko jauzia ez da bakarrik koantitatiboa, koalitatiboa baino. Migratzea ez da bakarri nahi bat, desio bat, aukera erreal bat izan behar du. Migrazioaren teoria neoklasikoaren arabera herrialde aurreratu eta atzeratuak erkatze sinpletik sortzen da migratzeko erabakia, push eta pull faktore soiletatik, baina badirudi ez dela hala, adituek dioten moduan migratzeko borondateaz haratago, faktikoki migratzeko ahalmena eduki behar da. Erkatzeak berezko mekanismo automatikorik sortuko balu, orduan bai jendarteak duen pertzepzioaren neurriko mugimendu eta kopuruak leudeke.

Horrela, ezberdintasun ekonomikoak estrukturalak dira, intensifikatzen ari dira egun, emigraziorako faktore igorleak ere ugari da, baina beste zenbait aldagai egon ezean mugimenduak ez dira biderkatzen. Beraz, egungo garaia, uste sozialak dioenaren kontrara, ez da migrazio mugimendu deskontrolatuen garaia. Besterik esan liteke, eta badirudi migrari potentzialaren borondatearen kontra edo ezintasun zehaztezinen ondorioz, mugikortasun ezeko edo urriko garaia da. Agian, mugikortasun mugatu honen atzean gero eta presenteagoak dira traba politikoak, zeren populazioaren hazkunde ukaezinarekin batera ez da migrazioena etorri. Globalizazio prozesuak paradoxak ditu, eta Castells-ek dioen moduan garai berri honetan logika binario bat dago, edo sareetan konektatua zaude (beraz, inkluitua) ala (luzerako/betirako) deskonektatua (eskluitua). Migrazioetan izaera binarioak eragin handia dauka, ez baita beti egoten sarerik herrialde igorle eta hartzaile guztien artean.

Mundializazioa beraz ez da migrazio sistema eta mugimendu berriak halabeharrez sortarazteko baldintza nahikoa. Egon badago faktore lagungarririk, besteak beste, distantziaren txikitzea. Ezta gutxiestekoa ere informazioaren ugaltzea, beste era bateko sare ikusezina sortarazten duena, esaterako sare transnazionala. Sare fisikoen ordez, birtualak eta sinbolikoak dakartza egungo informazio iturrien bapatekotasunak. Honen arabera, egungo bitarteko eta hedabideek posible egiten dute gizarte bitan, jatorrizkoan eta hartzailean, aldi berean bizi ahal izatea, esperientziak trukatzea, komunikazio etengabea mantentzea eta mikrokomunitateak elikatzea. Integrazioaren ikuspegitik, aukera honek jatorrizko jendartearekin harremanak mantentzea eta ez etetea dakar, baina, bestetik, galga bilakatu daiteke, atzeratu egin daitekeelako kontaktua gizarte berriarekin.

Globalizazioak badakar ere migrarien eskaintza eta eskaeraren arteko desoreka. Aurreko garaietan nagusi izan da gizarte hartzaileen harrera gaitasuna. Egun, emigraziorako kandidatoak askoz gehiago dira eta atzerritarren lan eskaintza mugagabea bilakatu da, presio demografikoa dela eta. Baina, etorkinen eskaria mugatuagoa da eta berauon demanda solbentea -herrialdeek onartzeko prest dagoen kopurua- zeharo jaitsi da. Immigrariak behar dira lan intentsiboa eskatzen den tokietan, aldikakoetan, lan-gune oso prekarizatuetan (nekazaritzan, zenbait zerbitzu lan-gunetan, zaintza-esparruetan). Herrialde garatuetan produkzio industriala gutxitzen ari da, lan prozesuak mekanizatu egin dira eta lan indarraren premia eskasten doa.

Migrazioen teorian, egungo helburu analitiko garrantzitsuenetakoa garai berrirako hipotesi berriak plazaratzean datza, immigrazio eskema guztiak gizarte industrialetako parametroetan ulertu egin izan dira eta zalantzak daude gaurko gizarte post-industrializatuetan integrazio sistema aurrekoaren bermearekin garatuko den. Iraganean lan eskaera mugagabea zen; egun, ordea, badirudi eskaintza dela. Lan eskaera nagusi zenean, lan-bizitza osoa lantegi batean betetzen zenean, eta berorrek seme-alaben klase mugikortasuna bermatu zezakeenean, eskema errezagoa zirudiela ematen du, etorkinentzat ezezik, bertakoentzat ere. Gaur, insertzio-baldintza guzti horiek eraldatuak daude eta etorkizuneko gizarte-integrazio erak inkognita bat dira.

Mundualizazio prozesuak ez du neurriko eragin zuzenik izan migrarien kopuru erlatiboetan, baina aldatu ditu migrazio ereduak. Hasteko, ukaezina da gero eta herrialde gehiago dagoela migrazioetan inplikatuta. Alde batetik, immigrazio herrialde klasikoak ditugu: Amerika osoa (hala, Iparramerika nola Hegoamerika) eta Australia. Duela gutxira arte, hirukote honek osatzen zuen heltoki esanguratsuenen zerrenda. Gaur egun, gizarte igorleak ditugu alde batetik, gizarte hartzaileak bestetik, eta aldi berean igorle eta hartzaile direnak ere. Gainera, migrazio ibilbideak biderkatu egin dira eta, aurreko hirukotearen garrantzia galdu ezpada ere, immigrazio azpi-sistema mugatuagoak ditugu. Adituen esanetan, egungo lau eremu hartzaile handienak honakoak dira: Iparramerika, Europar Komunitatea, Persiako Golkoa eta Pazifiko Mendebaldea. Horrez gain, Hegoafrikan, Arabian edo Karibean mugimendu laburragoko ibilbideak ditugu. Ibilbide berrien artean oso garrantzizkoak bilakatzen ari dira igarotze edo transitozko herrialdeak. Bestalde, gero eta nabarmenagoa ere zenbait herrialdek kontrol politikak direla eta (Schengen espazioa, adibidez) betetzen duten iragazki (eta sarri, tanpoi) lana (Maroko, Espainia, Libia, Italia, esaterako).

Igorleen aldetik, historikoki Europa izan bada sorterri nagusia; egun, Latinoamerikan, Afrikan eta Asian dago migrarien harrobia. Praktikan, datu enpirikoek erakusten dutenaren arabera, ez dira etorkinak gizarte hartzailea aukeratzen dutenak, alderantziz baino. Arrazoi historiko, kolonial edo kulturaletan oinarrituta, hartzen duenak immigrazio profil bat lehenetsi egiten du.

Beraz, egungo migrazio-sistema globala eta polo-anizduna da, ez baita ia eta herrialderik sistematik at geratzen. Globalizazioa ezaugarritzeko mugikortasun askeaz hitz egiten da, baina zirkulazio mugagabe honek ia beti pertsonen kasuan huts egiten du. Merkantziak eta kapitalak bai; pertsonak, ordea, ez. Pertsonen mugikortasuna, lan-migrazioa eta jatorrizkoa ez den herrialde batean ezartzeko eskubidea trabaz josiak daude.

Mundializazio estatalizatua da gaurregungoa. Estatu-mugek garrantzi handia hartzen dute, ez direlako bakarrik fisikoak, baita elkartasunaren muga zedarritzaileak ere. Gizarte zientzietako aditu esanguratsu batzuen arabera (Giddens, Bauman, Beck), modernitatea "nazionalismo metodologikoan" oinarritu da eta ondorioz uste izaten da mugak daudeneko eremu estatalaren baitan nazio eta kultur bakarra egon litekeela. Homogeneotasunean oinarritzen da ikusmira eta hartara mugen baitan bizi eta eskubidedunak diren pertsonetara mugatzen da elkartasuna, horienganakoa automatikoa delarik, baina atzerritarrek ezin dute horrelako mundu ulerkera baten baitan status-ik izan. Elkartasuna ez zaie zor atzerrikoak direlako eta gainera bere presentziarekin bertakoen homogeneitatea erasotzera letozke, bertakoen sektore ugariren ustez. Globalizazioa mundu mailakoa da baina ulerkera sistemak estatalak. Dibergentzia honek gaurkotze lana eskatzen du.

Egia da egungo migrazio fluxuak oso heterogeneoak direla etnikoki eta horrela gizarte kulturanizdunetan bizi gara: hiri kulturanitzak honen adibide dira. Aniztasunak alde batetik harreman gatazkatsuagoak ekarriko baditu, bestetik egokitze forma berriak berrasmatzea eskatzen du. Hala ere, homogeneotasunaren ikuspegia indartsuena da, hala teorikoki, nola, batez ere, sozialki. Egokitze programa sendoak garatu dira Québec bezalako gune kulturanitzetan, baina gizarte-erresistentziak oso sendoak dira, etorkinekin bertakoen koesio kulturala eta soziala mehatxupean dagoela uste baita. Jarrera baztertzaileak eta mugak ezartzearen aldekoak ugaldu egin dira eta, zenbait adituren ustez, oso zabaldua dago arrazakeri bigun edo sutila. Eskema honetan, kulturak betetzen du orain lehen arrazak zuen tokia, uste izanik kultura batzuk integraezinak direla. Islamaren eta musulmanen aurkako jarrera kasu. Beste aditu batzuen ustez natibismo era berriak ere agertu dira: spanish edo english only diotenak.

Identitatea galtzearen beldurra gizarteko sektore ugaritan hedatu da eta immigrazioa agenda politikoetako gai garrantzitsuenetakoa bilakatzen ari da, berarekin batera zenbait alderdi xenofobok politikan gero eta presentzia nabarmenagoa dutelarik. Immigrazioaren aspaldiko balorazio instrumental positiboa negatiboa bilakatu da. Immigrazioa, konbatitu ezezik, mugatu, gutxitu edo gestionatu behar den arazo gisa aurkezten da: beti arazo eta kezka modura.

Egun, migrazioen ikusmolde hidraulikoa da nagusi: aproposa konsideratzen da kopuru bat, aldi baterako, beharrezkoa den bitartean eta, ondoren, itzultzea eskatuko zaio. Ikusmolde honek immigrari "ona" hobetsi nahi du: gizarte hartzailearen premietara, aldi baterako eta inolako eskubiderik gabe egokitzen dena.

Gaur egun herrialde gehienek hiru estrategi nagusiren bidez fluxu migratzaileak kontrolatu eta mugatu egiten dituzte:

  1. herrialde tradizionalek modu erregularrean eta eperik gabe immigrari zenbaki kopurutsuak onartu izan dituzte, asimilatu daitezen gonbidatuz. Kontrara, oso gogorrak izaten dira immigrazio irregularrarekin;
  2. Pragmatikoki immigrazio kualifikatua bilatzen dutenak, bertako jendearekin bete ezin dituen lanpostuetarako ez kualifikatuetara jotzen duenak eta asiloa eta sarrera biziki zaildu dutenak, eta
  3. bakarrik aldikako langileak onartzen dituztenak (langile gonbidatuak -gastarbeiter-). Azken hau, Europan -Alemanian- ezarri zen hasieran eta gaur eredu da zenbait herrialde autoritariotan, Golko Persikokoetan esaterako. Eredu honetan logika hidraulikoa azken muturreraino eramaten da.
  4. Laburtzeko, lehenengo sistemak gainontzeko guztiak barnehartzen ditu, bigarrena mugatzaileagoa da eta hirugarrenak bakarrik epekako immigrazioa onartzen du.

Migrazio mugagabeari errestrikzioak betidanik kontrajarri bazaizkio ere, egun orokortu eta gogortu egin dira eta praktikan ez dago etorkinen onarpena mugatu gura ez duen herrialderik. Nolanahi ere, kontrol honen eraginkortasuna oso mugatua izaten da. Neurri politikoak garrantzia izanda ere, fluxuen kontrolik eraginkorrena bide sozialetatik burutzen da, tantaka eta gizarte premien arabera. Ezarritako etorkinak dira etorkingaiei deitzen dietenak, edo deitzeari uzten dietenak. Baina kontrolen ugaltzeak zeharkako efektu disuasorioa eragiten du, etorkin potentzialak geldiaraziz. Baina, muga gehienak edonola ere iragankorrak izaten dira eta politika hauen helburua immigrazio irregularra ekiditea bada, ez da inon betetzen asmo kontrolatzailearen garaipen osoa. Herrialde guztietan immigrazio irregularreko kopuru aldakor bat dago, nahiz eta tokian tokiko ezberdina izan. Oso handia da Estatu Batuetan eta Europako hegoaldean.

Lehenik, kontrol politikaren kostuak, logistikoak eta pertsonalak, ikaragarri handiak dira. Bigarrenik, efektu latente gisa, migrazio klandestinoaren industria dakarte. Hirugarrenik, asiloa eskatzeko bideak saturatu egiten ditu. Laugarrenik, joan-etorriko migrazioen gutxitzea dakar, zeren legedia gogortuko denaren informazio berak automatikoki immigrazio irregularra azkartu eta egonkortu egiten du: "legedia gogortu edo harresiak (sinbolikoak eta, batez ere, fisikoak) eraiki aurretik barruan egon gaitezen", dio etorkingaiak. Boskarrenik, politika oso mugatzaileek lan eskaera legalki betetzeko aukera murriztu egiten dute.

Azkenik, immigrazio irregularra kontrolatzeko gobernuek eskainiriko lehentasunak mugimendu hauen erresonantzia haunditu egiten du. Estatu demokratikoei arazo larriak ekartzen dizkie immigrazio irregularrak, eta horren ondorioz erregularizazio prozesuei ekin behar izaten diete aldiro, lan premiak eta immigrazio irregularrak publikoki onartzen den baino lotura estuagoa izaten baitute.

Aurreko mendeetako migrazioetan, etorkinak traba legalik gabe onartuak izaten ziren, lan egiteko zetozenaren ikuspegia zen nagusi eta asko baziren berriro jatorrira itzultzen zirenak, beste asko ziren betirako geratuak, hiritar bilakatzen zirenak eta asimilatu egiten zirenak. Egungo politika errestriktiboek, ordea, beste migrazio mota bat dakarte: edo eta kategoria arrunta baten bidez -ekonomikoa, familikoa edo humanitarioa-, edo eta gero eta oso ohikoa den moduan: irregular gisa.

Herrialde demokratikoetan, lan migrazioez gain, familiaren biltzea eta asiloa oso garrantzizkoak dira. Herrialdeka aldatu egiten dira mota hauen nahasketa, baina oro har immigrazio ekonomikoa gero eta gehiago mugatzen den moduan, etorkinek asilo edo familiaren berbilketa aukeratzen dute, eta bide hauek gizarte hartzailearen hiritarren errefusatzea ekartzen du sarri, ongi etorriak ez direla erakutsiz. Egon badaude, beste ibilbide batzuk, eta zenbait fluxu pertsona jubilatu edo ikasleez osatuak daude, baina ia gehienetan ez dute lan immigrazioak duen irudi negatiborik.

Herrialde aurreratuek duten ekonomi egituraren eraginez bikoiztu egiten da behar dituzten langileen profila: alde batetik, langile kualifikatuak eskatzen dira; bestetik, kualifikazio ezeko premia dago, bertakoek nahi ez dituzten lanak egiteko, lanaren merkatua bikoiztua baitago. Honelako lan ugari emakumeek egiten dituzte, eta hortik dator egun hainbeste aipatzen den migrazioen feminizazioa.

Migrarien aurka dauden posizionamendu sozialak gizarte-integrazioaren kontrakoak dira. Jarrera hauek hedatuz joan dira, eta xenofobia erak agerikoak direnean integrazioa erabat ezindu egiten dute, baina azalekoagoak direnean edo fluxuen kopurua murriztea edo hiritartasun baldintzak gogortzea lortzen dute ia beti. Jarrera hauek ondorio sozialak dakartzate bazterketa forma ezberdinetan eta kultur integrazio orokorrean. Erreakzio modura, giza talde etniko baztertua sarri erreplegatu egiten da bere taldearen baitan eta gizarte hartzailearekin kontaktua gutxitu egiten du. Horrela, historikoki asimilazioa berezkoa zen tokian, egun, aniztasun era ezberdinak, arrazoi asko medio, agertzen dira, batzuk oso emankorrak, baina beste batzuk gizarte koesioaren aurkakoak. Noski, egoera guzti hauen atzean ez daude bakarrik arrazoi kulturalak, baita materialak ere: lan prekarioa, mugikortasun mugatua, immigrazioaren ez-onartze soziala eta gizarte hartzaileko sektore baztertuenak immigrazioak ordezkatu egingo dionaren beldurretik sortzen diren posizionamenduak.

Amaitzeko, zenbait adituren ustez migrazioen beste garai batean geundeke. Ezaugarri hauen artean faktore soziopolitikoak nagusitzen dira: immigrazioak agenda politikoan errelebantzia haskorra du, sozialki emozio negatiboak sortarazten ditu eta gobernu eta nazioarteko erakunderen zereginetan ardura gehiegi pairatzen du. Nazioarteko egungo testuingurua ez da migrazioetarako aproposena, kopuruan gora egin duen arren. Globalizatua dagoen mundu batean pertsonen mugikortasuna oso mugatua dago. Arrazoi ezberdinek (lan-eskasia, bizitza itxaropen mugatuak, gatazken ugaritzeak, krisi egoerak) migratu beharra ekartzen dute, baina etorkin potentzialentzako aukera horiek oso mugatuak daude. Mugen gainditzeak arrisku eta koste izugarriak dakarzkio etorkinari. Gainera, migratzen dutenak beharrezkoenetarikoenak dira sarri euren jatorrizko herrialdeetan.

Azkenik, herrialde garatuenek lan- eta demografi- hutsuneak betetze aldera etorkinak behar dituzte, baina logika ekonomikoak edo demografikoak ia beti logika politikoa eta sekuritarioaren aurrean amore ematen du, bertakoek immigrazioa ez dutelako onartzen eta gizarte kulturanizduna nahi ez dutelako. Beraz, mundu mailan, dauden desorekak direla medio, logikoki osagarriak diren gizarte premiak eta premi horiek asetzeko dagoen pertsona kopurua ez dira elkar lotzen. Globalizazioak agian aginte globala behar du honelako erronkei aurre egiteko eta premi gurutzatu hauek lotu ahal izateko, eta epe laburrera begirako logikak gainditzeko.

  • CACHÓN, Lorenzo. "La "España inmigrante": marco discriminatorio, mercado de trabajo y políticas de integración". Anthropos.
  • CALDWELL, Christopher. La revolución europea. Cómo el Islam ha cambiado el nuevo continente. Madril: Debate, 2010.
  • CASTLES, Stehpen; MILLER, Mark J. La era de la migración. México: Universidad Autónoma de Zacatecas, 2004.
  • NAÏR, Sami. La Europa mestiza. Bartzelona:_ Galaxia Gutemberg, 2010.
  • OCDE. Perspectivas de las migraciones internacionales 2008. Informe OCDE. Madril: Ministerio de Trabajo e Inmigración, 2009.
  • RIBAS, Natalia. Una invitación a la sociología de las migraciones. Bartzelona: Bellaterra, 2004.
  • SASSEN, Saskia. Una sociología de la globalización. Buenos Aires: Katz, 2007.