Lexicon

meteorologia

Euskal Herrian tradizioz animalien portaeraz baliatu izan dira eguraldiaren zantzuei igartzeko. Aintzakotzat hartu izan diren animalien artean honako hauek dira aipagarriak: armiarma, antzara, harra, luhartza, ardia, aharia, barea, barraskiloa, behia, behorra, zaldia, hegaztiak, eltxoa, eulia, katua, txakurra, erlea, inurria, tximeleta, narrastiak, oiloa, oilarra, enara, usoa, erbinudea, muskerra, muxarra, saguzarra, apoa, satorra, satagina, eta abar.

Animalien portaeraz gainera, beste zenbait igarbide-era erabili izan da:

  1. Egun jakin batzuetan (ilegun, sortelegun, zotalegun) egiten zuen eguraldia; urtearen lehen hamabi egunak izaten ziren igarregun edo egun augural horiek.
  2. Santu jakin batzuen egunean egiten duen eguraldia (Andre Mari Martxoko, Madalena, Markos, San Pedro...).
  3. Hil eta astegun batzuetako eguraldia (martxokoa, apirilekoa, hilaren hirugarren egunekoa, ostiralekoa...) ere adierazgarria izaten zen etorkizunekoa igartzeko.

Zenbait gauzakiren inguruko gertakariak ere adierazgarritzat hartzen ziren: espartina laxatzea euriaren adierazgarri, titarea hatzak lehortuta eroriz gero euri edo eguraldi hotzaren zantzu, orrika-ertzean txingarra gelditzea biharamuneko euriaren seinale, sutautsa opiltzea euri-zantzu, eta bakailao esekiak behealdea bustia edukitzea, ukuiluko hormak izerditan egotea, etxearen habe-harria bustita egotea eta abar euri-adierazgarriak ziren.