Concept

Lizartzako Soka-Dantza

Dantza sokak tradizio handia izan du Lizartzan, bertako Inauterietako dantzak bezala. 1936.urteko gerra garaiean ere ez zuen etenik izan. Noiztik datorren ezin da ziurtatu baina 1900.urte aurrekoa dela badakigu.

Lizartzako soka-dantza irailak 8an dantzatzen da Amabirjinaren egunean. Inauterietako dantzak egin ohi dituen talde bera da horren arduradun. Lizartzan dantza soka zen festarako dantza, inguruko herrietan aldiz ingurutxoa dantzatzen zen.

Dantza-sokaren ibilbidean gorabeherak izan dira. 1925 urte inguruan asko ziren dantza-soka ateratzeko prest zeuden dantzari trebeak. Sei urte geroagao, 1931n, 111 lagunek osatutako dantza-soka atera zen Alondegitik. Mutur bat elizaraino iristen zen eta beste muturra Alondegiko jangelatik atera gabea zegoen oraindik. 1954. urtean berriz, istiluak izan ziren herrian balsarekin. Herriko plazan musika jartzen zen eta Guardia Zibila bertara gerturatzen zen balsa egiteko gunea zaintzera. Orduan, herriko plazatik ttunttune eta dantza soka baztertuak izanik, herritar batzuk elizaren atzeko aldean bildu eta Jose Inazio Zubeldia eta Lontxo Goikoetxeaundiak dantza soka atera zuten. Handik aurrera jaiero jaiero (igandero), bezperaren ondoren (bezperan meza izaten zen, neguan 3:00tan eta udaran 4:00tan) elizaren atzeko aldean musika izaten zen.

Dantza sokarako ohitura gurera iritsi da, baina ez antzinako festa gogoz kutsaturik. Izan ere, urte batzutan nahiko baztertua egon da. Aipatzekoa da, bestalde, Lizartzako dantza sokaren berezitasun bat bere aurreskua dela, inguruan eta urrutirago joanda ere antzekorik ez baita topatzen.

Hauek dira Lizartzako dantza sokaren ezaugarriak:

  • Dantza taldea

Hamar-hamabi lagun inguru behar dira: aurre dantzaria, atze dantzaria, eta beste hamar lagun.

Txistularia eta atabala.

  • Dantzaren pausoak

Txistulariak aurretik direla, atzetik soka eginez hamabi lagun plazaratzen dira.

Korro eran plazan ondo zabalduta daudelarik, aurretik dihoanak desafioa egiten du.

Bukatutakoan, bere ondoko lagunarekin arkua eginez, denak hilaran, eskua emanda betiere, banan bana arkutik pasako dira.

Denak pasata, korroa zabaltzen da berriz, eta aurrekoak eta atzekoak elkarri begira desafioa egingo dute berriz.

Atzekoak eta bere ondokoak arkua altxako dute, eta txistularia eta atabala aurretik direlarik, soka osoa arkutik pasako da.

Behin aurrekoa pasata, txistulariek axeri dantza joko dute. Aurrekoa dantzatzen hasiko da txistulariei jarraituz, soka atzetik dela, eta guztiak pasa ahala korroa zabalean jarriko da berriz.

Aurrekoak bukatu, eta berriz axeri dantza joko dute. Jarraian datozen bi dantzariek elkarri begira jarriaz dantzatuko dute. Horrela dantzari guztiak bikoteka dantzatuko dute azken dantzariarearengana iritsi bitartean, azken dantzari honek berak bakarrik dantzatuko du.

Behin axeri dantza bukatuta, bikoteak bilatu behar dira. Horretarako, atzeskutik dagoenaren bi aurreko dantzariak sokatik askatu eta atzekaldetik bueltan aurrekoarengana joango dira, eta ze bikote nahi duen galdetuko diote. Honek izena esan, eta bere bila abiatuko dira bi dantzariak. Bikotea aurkitu, gonbidatu eta baietz esaten badu, bi dantzarien tartean jarri, bat aurretik dela, eta bestea atzetik, eta aurreko dantzariarengana eramango dute. Bide hau egiteko bi dantzariak eta aukeratutako bikoteak taldearen atzeko aldetik, bizkarretik, joango dira aurreko dantzariarengana.

Dantzariaren aurrean bi edo hiru metrora jarriko da bikote bilatua, ezker-eskubitara dantzari bilatzaileak daudelarik.

Aurretik dagoen dantzariak aurreskua dantzatuko dio bikoteari. Bukatutakoan bikotea aurreko dantzaria eta bigarrenaren tartera pasako da, bikotearen eskubian dagoen dantzariak eskuarekin tartean sartzeko gonbitea eginez.

Ondoren, dantzari bilatzaile horiek, sokaren atzetik (aurreko aldetik abiatuta), atzean dagoen dantzariarengana joango dira. Honi ere ze bikote nahi duen galdetuko diote. Aurkitutakoan, berriz bien tartean jarririk, soka aurretik abiatu eta atzekaldetik atzeko dantzariarengana joango dira. Parean jarri eta aurreskua dantzatuko dio bikoteari. Bukatzean eskubira dagoen dantzariak sokan sartzeko gonbitea luzatuko dio bikoteari.

Aurrekoari eta atzekoari bikotea bilatuta, gainontzeko dantzarientzat bikoteak ekarri behar dira. Bikote bilaketa multzoka egitea komeni da, horrela festa giroa sortzen baita.

Behin bikote guztiak osaturik, aurrekoak eta bigarrenak arkua egingo dute eta beraiek aurrena izanik, soka guztia arkutik pasako da.

Soka zabalean jarri ondoren, aurrekoak eta atzekoak desafioa dantzatuko dute berriz.

Ondoren, txistulariak aurretik direlarik, atzekoek berriz arkua egin eta txistularien jarraian aurrekoa delarik, sokari lotuta beti ere, berriz guztiek atzeko arkuaren azpitik igaroko dira. Baina behin txistulariak pasa eta aurreko dantzariaren ondorengo hiru edo lau lagun pasa ondoren, txistulariek Azken Paseoa joko dute eta aurretik dihoan dantzariak dantzatu egingo du.

Aurrekoa dantzan ari den bitartean, soka osoak atzeko arkutik pasatzen jarraituko du. Berriro soka zabalean jarrita geldituko delarik.

Ondoren, soka itxi eta korroa eratuko dute. Korro kanta joko dute txistulariek, eta korrokoek dantza egingo dute.

Korroa bukatzean, pastak eta ardoa banatzen dira nahi duenarentzat. Jatekoa bukatzean, fandagoa, arin arina eta azken korroa joko dituzte txistulariek, horrela dantza sokari amaiera emango zaiolarik.

Alpargata beltzak, galtza urdinak "maonezkoak",alkondora txuria eta gerriko beltza, buruan txapela beltza jantzita.