Lexicon

deabru

Kristau-tradizioan, Jainkoaren aurka altxatako aingeruei ematen zaien izena. Euskaraz izen ugari ditu: addar, gaizkin, etsai, beste mutil, galtzagorri, hattan, munttiot, txerren, tusuri, plaga, kinkilimarro eta abar. Euskal-tradizioan deabruen agerpenei buruzko kontakizun ugari izan da.

  1. Deabruak andre gaixo bati: Berastegiko emakume bat gaixorik zegoen eta apaizari bere izenean meza bat ateratzeko eskatu zion, apaizari esku hutsa luzatuz eta zera esanez: "Gainerako sobrante horiekin errespontsoak atera bitza". Beste egun batean esan omen zion apaizari: "Bart infernukoak azaldu zaizkit adar eta guzti". Apaizak galdetu omen zion: "Infernutar horiek, beraz, adardunak ditun? " Eta erantzun omen zion emakumeak: "Bai, jauna, bai; nahi badu sinestu, eta nahi ez badu, ez, baina Jainkoak ez dezala nahi berorrek horiek ikustea ".
  2. Deabrua igeltsero bati laguntzen: Nafarroako Gaintzan eliz atzeko kanposantua herritik ateratzea erabaki zuten, eta horretarako Beteluko igeltsero bati eman zioten lana. Igeltseroa etxera zihoala, tratu txarra egin zuelako damuturik, bidean neskatxa batekin topo egin zuen: hark galdetu zion zer gertatzen zitzaion eta bere nahigabea azaltzean, neskak adierazi zion hurrengo iluntzean liburu batekin joango zitzaiola lantokira eta bertan odolaz izenpetzen bazuen, deabruak berak lana azkar eta ongi egingo zuela igeltseroaren ordez. Igeltseroak ezarri zuen odolezko bere sinadura eta horrela infernutarrekin elkarturik gelditu zen. Baina igeltseroa kezkatzen hasi zen eta apaizarengana joan zen. Hark galdetu zion etxean bi urte baino gutxiagoko oilarrik ba al zuen, eta igeltseroak baietz erantzutean, apaizak ekartzeko eskatu eta bedeinkatu egin zuen. Gero sakristian utzi zuen oilo zuria. Iluntzean apaiza eta igeltseroa, oilarra zakutxo batean zutela, kanposantu ondoko sasi batean ezkutatu ziren. Kanposantura txingurriak baino ugariagoa zen deabru-talde bat bildu zen lanera eta guztiek Mikolas zuten izena. Lanean ari zirela, apaizak bere garaian oilarra zakutik atera zuen eta hark kukurruku jo zuen. Deabruak, hori entzutean, lanari utzi eta elkarri begira jarri ziren. Bigarren kukurrukuarekin ikaratu egin ziren. Eta hirugarrena entzutean, ziztu bizian eta sugarretan alde egin zuten. Orduan apaizak esan zion igeltseroari infernuko langileek ez zutela bukatuko lan hura eta igeltseroa poz-pozik itzuli zen etxera bere oilarrarekin.
  3. Deabrua iruleari agertu: Araban, Ullibarri Aranoko biztanle baten aita, etxean iruten aritzen zen gauez, kriseiluaren olio- zein gas-argitan, eta batere uste gabe, gizon oso handi bat eta buztanduna jartzen zaio aurrean. Mamutzar hori bat-batean desagertu zen. Irulea, lana bere hartan utzi eta bere gelan ezkutatu zen bake bila.
  4. Deabruaren urteak jakin emakumeak: Gauza itxuragabe batek gauero, ordu berean, zubia gurutzatzen zuen. Denak izuturik zeuden, eta emakume batek esan zuen bera arduratuko zela hura zer zen jakiten. Emakumea zubiaren erdira joan eta biluzik jarri zen, eta burua atzera boteaz zango artetik aurpegia atera zuen buruko ile guztiak zintzilik zituela. Zera itxuragabe hura etorri zen eta emakumearen aurrean hala esan zuen: "Infernuko deabrua nauk, hirutan ehun urte baditiat honela nabilela, baina horrelakorik ez diat inoiz ikusi". Deabrua beldurturik itzuli eta betiko ezkutatu zen.
  5. Deabruak ikazkinari lagundu: Lakuntzako ikazkin bat Aralarko mendietan txondarrean aritzen zen, eta egun batean janari bila jaitsi zen herrira. Mendira itzultzean zama okertzen zitzaion mandoari. Orduan ikazkina biraoka hasi zen eta esan zuen: "Horrelakoetan laguntzera ez da sorginik, ez infernukorik etortzen. Baldin badira, azaldu daitezela ”. Hori esanaz batean gizon indartsu bat agertu zitzaion, adar gorriekin eta zama eusteari ekin zion, txabolaraino lagunduz. Iritsi zirenean, gizona ezkutatu egin zen, eta handik bi egunera hil zen Lakuntzako ikazkina.
  6. Deabrua talo-lapurtzailea: Ataungo Araoz mendian ikazkin-talde bat txondarrean ari omen zen; berekin bazuten arrantxero bat, sukaldeko lanetarako eta goizean goiz taloa erretzeari ekiten zion; dena prest zeukanean lankideei deitzen zien, baina haiek txabolara hurbiltzen zirenerako, talorik ez zen gelditzen. Egun batean arrantxeroa zelatan jarri zen eta hara non ikusi zuen deabrua zela lapurra. Bat-batean ikazkinak talo-burdina goritua hartu eta berarekin deabruari sabela alderik alde pasa zion.
  7. Txanbenat, deabrua eta Aita Santua: Txanbenat fraidea zen eta bere amaren etxean zegoen, taloa nola erretzen ari zen hari begira. Semea bazihoala ikusita, esan zuen amak: "Nora hoa, afaritarako taloak erretzen ari nauk-eta". Semeak berehala itzuliko zela erantzun zion. Txanbenat deabru bizkor baten gainean jarri eta Erromara joan zen esanez "Alzate, diablo, vete a Roma". Txanbenatek Erroman Aita Santuarenean atea jo zuen eta Aita Santuarekin egon nahi zuela adierazi zuen. Baina hori ezina zela erantzun zioten, bisitari harekin afaltzen ari zelako. Mahaia neurtu besterik ez zuela nahi esan zuenean, pasatzen utzi zioten. Mahai gainera bastoia luzetara eta zeharretara bota eta gurutzea egitean, afaldarra ezkutatu egin zen eta Aita Santuak igarri zion bisitaria deabrua zela. Txanbenat etxera itzuli zen eta amak taloa eta esnea atera zion jateko.
  8. Deabrua nola uxatu: gauean noiz edo noiz oilarrak kukurruku jotzen badu, gatz ale batzuk sutara bota eta kredo bat errezatu behar da. Horrela uxatzen dira inguruko deabru guztiak.