Concept

Euskal Herriko baselizak

Baseliza hitzak eraikin hauek zuten izaera isolatua adierazten du. Gauza bera gertatzen da "ermita" eta "ermitari" hitzekin, eremos hitz greziarretik datozelako, "bakarti" edota "isolatu" esanahiarekin. Adierazgarria da, euskaran, eremos hitz greziar honetatik "eremu" hitza ere datorrela. Ermitauen fenomenoa kristautasunaren baitan sortu zen, eta bere lehengo agerpenak Egipton eman ziren K.o. III. mendean. Badirudi mugimendu honen sorreran hiriguneetan zegoen bizimodu erlaxatu eta bekataritik ihes egiteko nahiak protagonismo handia izan zuela. Modu honetan, ermitarien bizitza bakarti horretan Jainkoarekiko gertutasuna eta kontenplaziozko bizitza errazago lortu ahal zela pentsatzen zuten.

Euskal Herriari dagokionez, fenomenoa Erdi Aroan gailendu zen, eta Pérez Ollok eta Goñi Gaztambidek honen inguruko froga dokumentalak aurkitu dituzte Leireko mendizerran eta Lizarra eta Tuteraren inguruetan. Mugimenduaren sorreran hain inportantea izan zen kontenplaziozko bizitzatik aparte, badirudi berebiziko garrantzia izan zuela baselizak eskaintzen zuen bizimoduak ere, babestoki bat, baratza, lur saila eta erremusinak ahalbidetzen zituelako. Argi dago, beraz, baseliza garai hartako pobreziatik ihes egiteko irteera bat ere izan ahal zela larrialdietan. Agian horregatik, ermitauen bizitzaren inguruan zeuden hainbat eskandalu eta ohitura bekatariak kritikatzen zituzten salaketak sortzen hasi ziren. 1585an Iruñeko gotzainak erreforma sakona bultzatu zuen, baseliza okupatuen kopurua murriztuz eta ermitauek eraman behar zuten bizitza deskribatzen zuen 17 artikuluko araudi bat idatziz. Badirudi, hala ere, erreforma honek ezin izan zituela lehengo ohitura horiek moztu, ezta Felipe II.ak 1596an eman zuen aginduak ere, mugimendua desagerrarazteko.

Beste erreforma batzuk bultzatu izan zituzten XVII eta XVIII. mendeetan, batez ere ermitauak diziplina batekin kontrolatzeko bideratuak, baina azkenean, mugimenduaren eroraldia eta desagerpena XIX. mendean zehar etorriko zen, Frantziako Iraultza, Ilustrazioa eta Desamortizazioa bezalako gertaera politiko eta sozialen eskutik.

Baselizekin erlazionaturik dagoen adierazpen erlijiosorik garrantzitsuena erromeria da. Festa erlijiosoak ziren, zalantzarik gabe, baina aisialdiak ere garrantzi handia zuen horrelako ospakizunetan. Baselizako santu titularraren egunean, inguruko herrietatik jendea baselizara abiatzen zen, eta meza eta bestelako zeremonia erlijiosoak bukatutakoan, dantzak eta kirol-lehiaketak burutzen zituzten, askotan bazkari batekin amaitzeko. Horregatik erromeriak oso garrantzitsuak ziren gizarte tradizionalean, aisialdia eta giza-harremanak bultzatzen zituztelako.

Zaila da, gaur egun, garai batetan baselizen fenomenoak izan zuen garrantziaz ohartzea. Ermita asko eta asko desagertu dira, eta gaur egun haien oroimenak toponimo baten bidez soilik irauten du. Horra hor herri askotan dauden "San Juan", "San Emeterio", "San Martin", "San Pedro" edota "Santiago" toki izen ugariak. Hirietan gauza bera gertatzen da, Iruñeko "Ermitagaina" eta "Sanduzelai" auzoen izenekin gertatzen den moduan, baita "Santoandia" kale zaharraren izena ere, edota gertu dagoen Burlatako "Ermitaberri" toponimoarekin. Ermita eta "eremu" hauen presentzia zaharretik ere Araban eta Bizkaian dauden Ermua (edo Hermua) bi herrien izena dator.

Kasu batzuetan, baselizek gurtza zaharreko tokiak erakusten dizkigute, kristautasuna baino lehenagokoak maiz. Horra hor, adibidez, Etxauriko San Kiriako, Nafarroan, Burdin Aroko aldare batetik gertu, edota kobazuloen ondoan edota barruan eraikitako baselizak, hala nola Gipuzkoako Araotzeko San Elias, edo Bizkaiko Mañariako Unzillaitzeko San Martin eta Sopuertako Santa Luzia. Beste batzuetan, gaurko baselizak garai bateko Erdi Aroko herri despopulatuen elizak izan ziren, eta gainerako eraikin guztiak desagerturik, haiek geratu dira isolatuak eta landaretzaz edota basoez inguratuak. Hau da, esaterako, Arabako Gipuzuriko Andre Maria eta Artzanegiko Andre Maria baselizen kasua. Nafarroan ere, Sakanako Erkuden, Aizaga edota Sarabeko baselizen kasua da, baita Urraulen dauden Argirotz eta Apardozeko baselizena ere. Berriro Araban, Laudiotik gertu, "Virgen del Yermo" izen adierazgarria duen baseliza kontserbatu egin da.

Beste kasu batzuetan baselizak desagertutako edota suntsitutako dorretxe eta gazteluen kaperak izan ziren eta, gotorlekua desagerturik, era isolatuan iraun dute. Horra hor, Nafarroan, Ezkabako San Kristobal eta Deioko edota Miranda-Argako gaztelu zaharren kokalekuan dauden baselizak. Gipuzkoan ere, Eskoriatzako Aitzorrotzeko gazteluko Gurutze Santuaren baseliza aipatu dezakegu.

Zalantzarik gabe, Donejakue Bidea, bere ibilbide ezberdinen bitartez, berebiziko garrantzia izan zuen baselizen fenomenoaren sorreran eta garapenean ere. Nafarroako Orreaga edota Eunateko kasuak adierazgarriak dira, zalantzarik gabe, Arabako Araiako Andre Mariarekin gertatzen den bezalaxe.

Aipaturiko ezaugarri hauengatik, baselizak kristauen fedearen agerpen xume eta herrikoia kontsidera daitezke, eta lurralde baten sakralizazioaren adierazleak. Zentzu honetan, baselizak beste garai batzuen erlijiosotasuna islatzen dute, baita erritu herrikoiak, auzo eta eskualdeen ohitura eta antolakuntza-sistema ezberdinak, eta askotan laguntzen dute bide eta komunikazio-sare zaharrak identifikatzen. Arabako Ilarduiako Artzanegiko baseliza, adibidez, Asturica-Burdigala izeneko erromatar galtzadaren ondoan kokatu zuten, eta eraiki zen hilarri eta material erromatarrak berrerabiliz. Eta Aialako Andre Maria ermitaren ondoan doan bide zaharra bertakoek "Camino de los Romanos" izenarekin ezagutzen dute oraindik.

Nafarroan, aintzintasunagatik, balio artistikoagatik edota jendartean duten itzalagatik, honako baseliza hauek nabarmendu ditzakegu: Oibarreko Andre Maria, Altsasuko San Pedro eta Erkudengo Andre Maria, Arguedaseko Virgen del Yugo delakoa, Arronitzeko Erremedioen Andre Maria, Artaxoako Jerusalemgo Andre Maria, Cascanteko Erromeroren Andre Maria, Kasedako San Zoilo, Egiarretako Itxasperriko Santiago, Eparotzeko Santa Fe, Lizarrako Rocamador eta Puyko Ama Birjina, Gardeko Zuberoako Andre Maria, Garinoaingo Katalaingo Gurutziltzatua, Uharte-Arakileko Zamartzeko Andre Maria, San Donato eta Aralarko San Migel, Izabako Idoiako Andre Maria, Iturgoiengo Hirutasuna, Lesakako Salbatzailea, Leteko Iharteko Andre Maria, Irunberriko Hirutasuna, Mendabiako Legardako Andre Maria, Mendigorriako Andiongo Andre Maria, Milagroko Ama Birjinaren Patrozinio, Muruzabalgo Eunate, Nabaskozeko Andre Maria, Obanosko Arnotegi, Otsagabiako Muskildako Andre Maria, Oloritzeko Etxanoko San Pedro, Zangozako Norako Andre Maria eta Vadoluengoko San Adrian, Sorladako San Gregorio, Torralba del Ríoko Kodesko Andre Maria edota Zuhatzuko Izagako San Migel.

Gipuzkoari dagokionez, Luis Peña-Santiagok 834 baselizako zerrenda eratu zuen, herrien eta adbokazioen arabera sailkaturik. Haien artean aipatu ditzakegu Abaltzisketako Gurutze Santua, Aiako Iturriotzeko San Juan Bataialaria, Aizarnako Santa Engrazia, Araotzeko San Elias, Astigarragako Santiago, Azkoitiko Iraurgiko San Martin, Gaintzako San Martin, Hondarribiko Guadalupeko Andre Maria, Lezoko Gurutziltzatua, Oñatiko Magdalena, Segurako Santa Engrazia, Usurbilgo San Esteban edota Zumarragako Andre Maria "Antiokoa".

Bizkaiari dagokionez, Gurutzi Arregik 776 baseliza zentsatu zituen herrialde osoan, horietatik, ikerketa burutu zen unean (1990), 286 erabat desagertuak eta beste 28 suntsiturik bazeuden ere. Bizkaiko baselizen artean nabarmendu ditzakegu Abadiñoko San Antolin, Abrisketako San Pedro, Axpeko Larranoko Santa Barbara, Bakioko San Pelaio, Bermeoko Gaztelugatxeko San Juan, Dimako Pietatea, Elorrioko Miotako San Bartolome, Iurretako Azkorrako San Antonio, Xemeingo Barroetako San Joakin eta Santa Ana edota Zumetxagako San Migel.

Arabari dagokionez, interneten baselizen direktorioren bat ikus daiteke non 168 eraikin aipatzen diren. Haien artean eta bere garrantziaren arabera nabarmendu ditzakegu Aguraingo Sailurtegiko Andre Maria, Araiako San Blas eta Santa Luzia, Dulantziko Aialako Ama Birjina, Gaunako San Bitor, Gorostitzako San Pedro, Ilarduiako Artzanegiko Andre Maria, Ordoñanako San Millan, Samaniegoko Gurutziltzatua edota Zalduondoko San Julian.

Ipar Euskal Herrian ere panorama aberatsa dago baselizei dagokienez. Aipatu dezakegu, Zuberoan, Atharratzeko Maidalena baseliza. Behe Nafarroan, Iholdiko Oskitxeko San Antonio eta Oxarteko San Blas, Mendibeko San Salbatore eta Bidarraiko Soiartzeko Ama Birjina. Lapurdin, azkenik, Bidarteko Magdalena eta Uroneako Andre Maria baselizak nabarmendu daitezke, baita Ainhoako Ama Birjinaren baseliza ospetsua ere.

Amaitzeko, adierazi behar dugu eraikin hauetan artelan garrantzitsuak kontserbatu izan direla, bai irizpide historiko-artistiko huts batetik, baita fedearen ikuspuntutik ere. Zoritxarrez, baselizen izaera isolatuak lapurren jarduera erraztu du maiz, eta horregatik askotan baselizetako irudiak, margoak eta zilargintza eta urregintza lanak eta erretaulak gaur egun museoetara edota herrietako parrokietara eraman izan dira.

  • ARREGI, G. Ermitas de Bizkaia. Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia eta Labayru Institutua, 1987.
  • ARREGI, G. "Las ermitas de Bizkaia: ensayo de tipologia". Munibe aldizkaria, 1990, 42 zk. 473-477 orr.
  • GOÑI GAZTAMBIDE, J. La vida eremítica en el Reino de Navarra. Iruñea: Príncipe de Viana, 1965.
  • LÓPEZ SELLÉS, T. Contribución a un catálogo de las ermitas de Navarra. Iruñea: Cuadernos de etnología y etnografía de Navarra, 1975.
  • PEÑA-SANTIAGO, L.P. Fiestas tradicionales y romerías de Guipúzcoa. Donostia: Txertoa, 1973.
  • PEÑA-SANTIAGO, L.P. Las ermitas de Guipúzcoa. Donostia: Txertoa, 1975.
  • PÉREZ OLLO, F. Ermitas de Navarra. Iruñea: Nafarroako Foru Aldundia, 1983.