Udalak

Osinaga

Hirigunea malda batean kokatua dago, eta duen kale bakarrak errepidearen ibilbidea jarraitzen du, eliza toki garaienean aurkitzen delarik Herriaren sarreran oso eraldatua dagoen etxe bat dago, oinplano errektangeluarra eta bi solairuekin, bi isurialdeko teilatu baten azpian. Murruak harlanduxka xeheaz doaz, luzitu gabe, eta baoek zurezko dintelak dituzte. Beste etxe batek, dotoreagoa, zonalde honetan ohikoa den eredu bat jarraitzen du. Bi solairu ditu, gehi ganbara eta hegal luzeko lau isurialdeko teilatua. Harlankaitzaz egin zuten, harlanduzko kateekin ohiko tokietan, eta sarreraren eta erdiko leihoaren inguruan ongi eskuairatutako harlanduez eginiko hormatal triangeluar bat dago. Atea hari molduratuko erdi puntuko arku bat da, eta leiho guztiak zuzenak dira, solairu noblean harrizko karel molduratuak daramatzatelarik. Beste etxe batek garapen handiko oinplano errektangeluarra du, eta aurrealdea alde motz batean kokatua dago. Murruetako luzitua arestiko erreformaren batetan kendu dute, azkenaldi honetako ohitura eta moda arrotzak jarraituz, gaur egun harlankaitza xeheaz eginiko hormak agerian utziz, harlanduzko kateekin ohiko tokietan. Sarrera arku beheratu bat da, gainontzeko bao guztiak zuzenak diren bitartean, eta goialdean balkoi batek zeharkatzen du aurrealdea alde batetik bestera, Imotz eta Basaburua bezalako gertuko haranetan askotan ikus daitekeen moduan. Kasu honetan, balkoiak zurezko egitura du, balaustrada forjaz egina dagoen bitartean.

Zertxobait urrunago, eraldatutako etxeren batek bao handi modernoak ditu, baita teilatuan irekitako mantsardak. Elizaren ondoan, garai bateko parrokia-etxe zaharra itxura tradizionaleko eraikina da, oinplano karratuarekin, bi solairu eta bi isurialdeko teilatuarekin. Murruek bere jatorrizko luzitua dute lehen solairuan, baina beheko solairuan kendu dute, harlanduzko kateak dituen harlankaitzaz eginiko hormak erakutsiz. Atea erdi puntuko arku bat da, ondoan leiho zuzen bat dagoelarik, eta lehen solairuan balkoi moderno bat eta bi leiho zuzen daude. Beste etxe batzuek, hirigunearen aldirietan kokatuak, aipatutako ezaugarri eta tipologia berdinak errepikatzen dituzte, eta lerrokatuta agertzen dira kale motz eta xume bat sortuz.

  • San Lorenzoren Parrokia

Bere jatorria erdi-arokoa da, XIII. mendean ziur aski, fabrika gotiko goiztiarra eraiki zenean. Gaurko itxura, berriz, baldintzatua dago 1989. urtean eginiko eraldaketa sakon batengatik, estalki-sistema berritu zutenean. Oinplanoa oso sinplea da, eta tamaina ezberdineko lau tarteuneez osatutako habearte bakarra du. Lehenengo tarteunea nabarmenki txikiagoa da, eta azkenak burualde zuzena bezala funtzionatzen du. Sarrera Epistolaren aldeko murruan irekia dago, bigarren tarteunean, eta sakristia, habeartearen hirugarren tarteunean eta Ebanjelioaren aldeko murruari atxikitako oinplano irregularreko gela da.

Murruak harlanduxka txikiaz osatuta doaz, eta leiho bakarra dute, hegoaldeko murruan kokaturik, kanpoko argiztapena ahalik eta hobekien harrapatzearren. Habeartearen oinetako murruan zurezko koru jasoa dago, garai barrokoan egina eta moldura horzdun bat daraman balaustrada batekin.

Jatorrizko kanoi-ganga arku fajoiekin antolatua zegoen, eta oraindik ikus daitezke bultzadak perimetro-hormetara transmititzen zituzten mentsulak, hormetan txertatuta. Lehengo tarteuneari zegokion arku fajoiak ere iraun du, gainean altxatzen den dorrearen pisuari eusten diolako.

Kanpoaldean, dorrearen fuste motz eta trinkoa ikus daiteke, erdi-aroko Nafarroako landako tenpluen disposizioa jarraitzen duena. Aterpe arin batek babesten du sarrera, zurezko egiturarekin eta ebakidura lauangeluarra duen pilare bakar baten gainean. Elizaren ateari dagokionez, erdi puntuko arku bikoitza du, kapitel moduan moldura jarraitua daramaten zutoinen gainean.

Barnealdean, presbiterioan estilo errokokoren irizpideak jarraituz eginiko erretaula moderno bat dago, XIX. mendekoa. Bere arkitekturari dagokionez bankua du, hiru kaleko atala eta frontoi makurra, hautsia eta kiribildua duen atikoa. Fuste ildaskatuko zutabeekin antolatua doa, eta jatorrizko sagrarioa kontserbatu du. Irudigintzari dagokionez, Ama Birjina Sortzez Garbiaren eta San Lorenzoren eskultura errenazentistak daude, XVI. mendearen erditsukoak, eta San Ferminen eta San Migelen irudi barrokoak. Gertu, Ama Birjina eta Haurraren eskultura barroko bat ikus daiteke, XVII. mendekoa eta ez oso ongi kontserbatua.

Iparraldeko murruan XVII. mendeko Gurutziltzatu barroko bat dago, estilo herrikoi traketsean egina, eta pareko murruan ur bedeinkatuko ponte bat, mende berekoa, fuste lau prismatikoarekin eta katilu molduratuarekin. Korupean erdi-aroko bataio-ponte bat ikus daiteke, fuste motz zilindrikoarekin eta katilu semiesferikoarekin, non erdi puntuko arkutxoez osatutako zerrenda bat landu duten. Sakristian, ohi denez, zilargintza-lan batzuk daude.

  • CARO BAROJA, J.: La casa en Navarra, Pamplona, II. tomoa, N.A.K. 1982, 417 orr.
  • GARCÍA GAÍNZA, M.C.: La escultura romanista en Navarra, Iruñea, Nafarroako Gobernua, 1986, 42-116 orr.
  • GARCÍA GAÍNZA, M.C. (et. alt.): Catálogo Monumental de Navarra, V** tomoa, Merindad de Pamplona, Imoz-Zugarramurdi, Iruñea, Nafarroako Gobernua, Iruñeko Artzapezpikutegia, Nafarroako Unibertsitatea, 1996, 160-162 orr.
  • LACARRA DUCAY, Mª Carmen (et. alt.): Navarra, guía y mapa, Lizarra, N.A.K. 1983, 145 orr.

JAS 2009