Kontzeptua

Merkatuak. Arkitektura

K.a. II. mendetik aurrera, Erromaren eremu ekonomikoak Italia gainditu egin zuen. Aldi berean Erromaren egitura ekonomikoa aldatu egin zen. Horrela, etxeko nekazaritza eta artisautzako enpresa familiarren ordez labore bakarreko latifundioak, estatu enpresak eta salgai solteak egiteko manufaktura pribatuak azaltzen hasi ziren. Ondasun horiek bereziki Erroma hornitzeko balio zuten, baina baita beste hiriak eta armada ere.

Orokorrean, merkataritza prozesu horiek -biltegiratzea eta salmenta- txikikazko denden -tabernae- bitartez burutzen ziren; horrelakoak etxeetako beheko solairuan jartzen ziren -banakako etxeetan, domus, edo multzoko etxeetan, insulae- herri eta hirietako kale nagusien luzera guztian. Baina zenbait kasutan merkataritzako arlo espezifikoetarako eraikin propioak egiten ziren. Orduan, gehienetan hiru solairuko eraikina gauzatzen zen patio portikodun baten inguruan. Biltegiratze, administrazio eta salmentarako lokal ugari biltzen zituen. Kalera ematen zuten fatxadetan kokatutako tabernetan, ohikoak ziren beheko solairuko denda ilaren eredua jarraitzen zuten. Merkataritzari eskainitako eraikin horiek adreiluzko arkitekturaz eginak eta oro har hartuta, bat dator gaur egun egiten diren hainbat pisuko errentako etxebizitza bloke handietako arkitekturarekin.

Baina aurreko multzo arkitektoniko guztiak bai neurritan bai garrantzian gainditu egin zituen eraikina Erromako Trajanaron merkatua izan zen. II. mende hasieran amaituta, eta Trajanoren foroan kokatuta, bertan berez foroan burutzen ziren merkataritza harreman guztiak bilduko dira, eraikin bakarrean alegia. Eustorma, terraza, sarrerako kale eta eskaileraz osatutako sistema bati esker, ehun eta berrogeita hamar bat denda, bulego, biltegi eta areto handi izango ditu, mendiaren maldan hondeatuta. Mailakatutako sei solairuak garbi banandutako bi zatitan bereizten zen, ondoko via Biberatica-ren gainetik eta azpitik. Beheko solairuek foroa inguratzen zuten kale zabaletara ematen zuten eta berehalako sarbide azkarra eskaintzen zuten foroko exedraren atetik barrena. Exedraren forma erdi zirkularrak tabernae indibidualak hartzen zituen eta tokiko bi solairuko arkuzko egitura fatxadan errepikatzen zen. Horien atzealdean via Biberatica zegoen. Kale horrek bi solairuko denda eraikinak zituen ertzean, foroaren aldetik.

Muinoaren aldetik merkatuko areto handia kontserbatu da, baina ez dakigu ziur horren funtzioa zein zen. Uste denez, Estatuaren janari laguntzak banatzeko lekua omen zen eta era guztietako kontsumo artikuluen bazar-kalea ere izan zitekeen. Horren kokapenagatik eta egituragatik aise bete zitzakeen funtzio horiek guztiak. Areto horrek elkarren artean paraleloak diren eraikuntzaren bi parte elkartzen ditu, eta horien banaketa beste denda eraikinetakoaren antzekoa dela esan behar da. Bai haranaren aldetik eta bai muinoaren aldetik, eraikuntzaren mailaketari jarraituz eginda daude. Bi parte horien tartetik pasatzen den kalea sei ertz-ganga handiekin estalita dago. Merkatu honetan garbi gauzatzen da espezifikoki erromatarra den estilo trinko berriaren sorkuntza. Horrek ez du kanon formal helenistikorik behar, aitzitik, eraikinaren gorputza nagusia forma sinpleekin antolatzen du, teknikaren baldintzetara bakarrik makurtu eta eraikuntzako erlazio berrietatik sortu diren formekin alegia.

Bai Erdi Aroko herri eta hirietan baita Aro Modernoan ere, ez dira eraikin berezirik gauzatuko merkataritza inguruko harremanak burutzeko asmotan. Aurrena Erdi Aroan baina gero bereziki Aro Modernoan, salmenta lekuak zuzenean ekoizpenarekin lotuta egongo dira eta horien kokapena Erroman ohikoa izan zen bezala etxeetako beheko solairuan gertatuko da. Hiri askotan, hori bai, ekoizpenen arabera kaleak espezializatuko dira eta bertan gremioak kokatuko dira ekoizpena eta salmenta kontrolpean izan nahian. Bestela, behin behineko merkatuetarako kale nagusiak, hiriko plazak edota baita ere elizen arkupeak erabiliko dira. Europa iparraldeko zenbait hirietan klima gogorraren ondorioz eraikin bereiziak gauzatuko dira, baina egurrezko egituren bitartez soilik estalkia eratuz, eraikuntzarako beste elementu propiorik gabe.

Aro Garaikidearen hasierarekin baldintzak aldatzen diren neurrian -biztanleriaren kopurua handitu egiten da eta neurri berean hirien tamaina ere-, tipologia berrien beharra sortuko da -ospitaleak, ikastetxeak, geltokiak-. Testuinguru berri honetan industria iraultzarekin harreman estua duena, merkatuaren beharra ere birsortuko da. Eta hasierako merkatu hauek orokorrak izango badira ere biltegiratze, bulegoak eta salmenta guneak elkarrekin bilduz eraikin bakarrean, denbora aurrera egin ahala, espezializazio prozesu bat gertatuko da eta batez ere hiri handietan ekoizpena eta ondasunaren arabera merkatu mota desberdinak sortuko dira. Horrela biltegiratzea, banaketa eta salmentarako merkatuak bereizi beharko dira, tipologia berean azpitipologiak sortuz.

Hala ere, orokorrean, merkatu hauen ezaugarriak bat egiten dute garaiko arkitektura garaikidearekin non lehentasuna funtzionaltasunak du eta horretarako material berrien erabilpena -burdina, beira, hormigoia- ezinbestekoa izango da beraien bitartez beharrezkoak ziren espazio handiak, zabalak eta askeak lortuko baitira. Hala ere, beraien antolamendua ez dute alde handirik Trajanoren merkatuaren funtzionamendua eta espazioaren egokitzapenarekin konparatzen baditugu, garai honetako merkatuak espazio estali zabal baten inguruan antolatzen baitira ere saltokiak barne espaziora edo alboetako kaletara begira ipiniz.

Garaiaren arabera eraikin hauek zenbait estilo arkitektonikoen eragina ere jasoko badute ere -eklektizismoa, modernismoa edota art déco deitutakoa-, beti formek funtzioari jarraituko diete. Salbuespena saltoki handietan gertatuko da, baina eraikin horiek beste tipologia bezala kontsidera ditzakegu, XX. mendearen hasieran erostetxe handiekin hasten dena eta XXI. mendearen hasieran egungo merkataritza gunetan jarraipena du.

Euskal Herrian XIX. mendearen amaiera arte ez ditugu merkataritza lanak burutzeko eraikin berezirik aurkituko. Erdi Arotik aurrera merkataritza gune garrantzitsuak egongo badira ere, harreman ekonomiko hauek gehienetan aipatutako dendetan, denda hauek biltzen zituzten kaleetan eta plazetan, eta elizetako atarietan gauzatuko dira. Adibide gisa 1925ean Ordiziako merkaturako eraikitako estalkia aipa dezakegu, estilo eklektikoan Jose Gurrutxaga arkitektoak eraikia merkatua hartzen zuen plaza estaltzeko helburuz, beste elementu arkitektonikorik gabe, estalkia soilik.

Ondorioz, Euskal Herriko hiri nagusiak handitzen ez diren arte, behin harresiak botata zabalguneak egiten hasten direnean, ez ditugu merkataritzari bereziki eskainitako eraikuntzarik aurkituko. Gainera, XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran altxatuko diren merkatu gehienak tamalez desagertu egin dira bota egin baitituzte edo zaharberritze prozesu hain bortitzak jasan behar izan dituzte non jatorrizko funtzioak guztiz galdu dituztela. Bi ondorio hauen adibideak Donostia hirian aurkitu ditzakegu, bertan XIX. mendearen amaieran eraiki baitziren aurrena Bretxako merkatua (1870, Antonio Cortazar) eta ondoren San Martineko merkatua (1882, Jose Goikoa); lehenengoa, zaharberritzearen prozesuaren ondorioz bere barne estruktura arkitektoniko guztia galdu zuen eta egun merkatal gune arrunta bat besterik ez da guztiz berria, kanpoko itxuran soilik mantenduz jatorrizko zenbait elementu, eta bigarrengoa, zuzenean desagertu egin zen, eraitsi egin zuten, berezko eraikina bota egin baitzen eta merkatal gune berri bat eraiki. Egoera bera jasan ez duten merkatuen artean Tolosako Tinglado ezizenez ezagutzen den merkatua nabarmendu behar da, hau ere aurreko bi adibidetan bezala hizkuntza arkitektoniko eklektikoa jorratzen bazuen ere material berriekin eginiko adibide interesgarria dugu 1899an eraikia eta Juan Alejandro Mujika arkitektoa izanik.

Ondorioz, egoera honetatik libratu diren eraikinak gutxi izan dira eta horien artean adibide nabarmenena Bilboko Erribera merkatua da, Bizkaiko hiriburuko alde zaharrean kokatuta eta Pedro Ispizua arkitekto bilbotarraren lana aurreko mendeko hogeita hamargarren hamarkadan. Kasu honetan, zorionez, zaharberritze prozesuak jatorrizko elementu gehienak mantendu eta errespetatu ditu eta gainera eraikin zaharberrituari aurreko funtzioa bera eman zaio. Aipatu beharrekoak dira Euskal Herriko Iparraldean aurkitu ditzakegun merkatuak, Baionakoa, Biarritzekoa eta Donibane Lohizunekoa nabarmenduz, hirurak XX. mendearen hasierako lehen hamarkadetan eraikiak. Bilbon eta Iruñean ere ondorengo hamarkadetako beste merkatu batzuk aurki ditzakegu, baina hauek ez dira ikuspegi arkitektoniko batetik hain interesgarriak.

Egun Euskal Herrian ere tipologia hau zaharkitua geratu da eta orain saltoki gune erraldoiak eta merkatal gune handiak aurkitzen ditugu aurrekoak ordezkatuz eta gehienetan hirietako kanpoaldean kokatuta edota hauen ondoko herrietan. Saltoki berri hauek ezaugarri desberdinak dituzten neurrian ohiko merkatuekin konparatuta beste tipologia batean eskainiko ditugu beraien berezko ezaugarriak.

  • FERNANDEZ ALTUNA, Jose Javier. Euskal Herriko Arkitektura. Bilbao: Ibaizabal, 2004.
  • MULLER, Werner; VOGEL, Gunther. Arkitektura Atlasa 1: Gai orokorrak. Mesopotamiatik Bizantziora. Bilbao: Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua, 2005.
  • MULLER, Werner; VOGEL, Gunther. Arkitektura Atlasa 2: Erromanikotik Gaur egunera. Bilbao: Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua, 2007.