Kontzeptua

Merkatuak. Arkitektura

Euskal Herrian XIX. mendearen amaiera arte ez ditugu merkataritza lanak burutzeko eraikin berezirik aurkituko. Erdi Arotik aurrera merkataritza gune garrantzitsuak egongo badira ere, harreman ekonomiko hauek gehienetan aipatutako dendetan, denda hauek biltzen zituzten kaleetan eta plazetan, eta elizetako atarietan gauzatuko dira. Adibide gisa 1925ean Ordiziako merkaturako eraikitako estalkia aipa dezakegu, estilo eklektikoan Jose Gurrutxaga arkitektoak eraikia merkatua hartzen zuen plaza estaltzeko helburuz, beste elementu arkitektonikorik gabe, estalkia soilik.

Ondorioz, Euskal Herriko hiri nagusiak handitzen ez diren arte, behin harresiak botata zabalguneak egiten hasten direnean, ez ditugu merkataritzari bereziki eskainitako eraikuntzarik aurkituko. Gainera, XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran altxatuko diren merkatu gehienak tamalez desagertu egin dira bota egin baitituzte edo zaharberritze prozesu hain bortitzak jasan behar izan dituzte non jatorrizko funtzioak guztiz galdu dituztela. Bi ondorio hauen adibideak Donostia hirian aurkitu ditzakegu, bertan XIX. mendearen amaieran eraiki baitziren aurrena Bretxako merkatua (1870, Antonio Cortazar) eta ondoren San Martineko merkatua (1882, Jose Goikoa); lehenengoa, zaharberritzearen prozesuaren ondorioz bere barne estruktura arkitektoniko guztia galdu zuen eta egun merkatal gune arrunta bat besterik ez da guztiz berria, kanpoko itxuran soilik mantenduz jatorrizko zenbait elementu, eta bigarrengoa, zuzenean desagertu egin zen, eraitsi egin zuten, berezko eraikina bota egin baitzen eta merkatal gune berri bat eraiki. Egoera bera jasan ez duten merkatuen artean Tolosako Tinglado ezizenez ezagutzen den merkatua nabarmendu behar da, hau ere aurreko bi adibidetan bezala hizkuntza arkitektoniko eklektikoa jorratzen bazuen ere material berriekin eginiko adibide interesgarria dugu 1899an eraikia eta Juan Alejandro Mujika arkitektoa izanik.

Ondorioz, egoera honetatik libratu diren eraikinak gutxi izan dira eta horien artean adibide nabarmenena Bilboko Erribera merkatua da, Bizkaiko hiriburuko alde zaharrean kokatuta eta Pedro Ispizua arkitekto bilbotarraren lana aurreko mendeko hogeita hamargarren hamarkadan. Kasu honetan, zorionez, zaharberritze prozesuak jatorrizko elementu gehienak mantendu eta errespetatu ditu eta gainera eraikin zaharberrituari aurreko funtzioa bera eman zaio. Aipatu beharrekoak dira Euskal Herriko Iparraldean aurkitu ditzakegun merkatuak, Baionakoa, Biarritzekoa eta Donibane Lohizunekoa nabarmenduz, hirurak XX. mendearen hasierako lehen hamarkadetan eraikiak. Bilbon eta Iruñean ere ondorengo hamarkadetako beste merkatu batzuk aurki ditzakegu, baina hauek ez dira ikuspegi arkitektoniko batetik hain interesgarriak.

Egun Euskal Herrian ere tipologia hau zaharkitua geratu da eta orain saltoki gune erraldoiak eta merkatal gune handiak aurkitzen ditugu aurrekoak ordezkatuz eta gehienetan hirietako kanpoaldean kokatuta edota hauen ondoko herrietan. Saltoki berri hauek ezaugarri desberdinak dituzten neurrian ohiko merkatuekin konparatuta beste tipologia batean eskainiko ditugu beraien berezko ezaugarriak.