Dantza

Maskaradak

Zuberoako lurralde txikiak bisitariari bere hiribildu eta bailaren lasaitasuna eskaintzen dio: bere zelaien berdetasuna, bere arkitektura tipikoa eta, nola ez, urtaro guztietan zehar hedatzen diren askotariko ospakizun lasaiak eta hurbilak.

Musika, kanta eta herri-aren garrantziak ez dio itzal egiten dantzari, urteko ospakizun guztietan leku nabarmena baitu dantzak: uztailaren amaiera eta abuztuaren hasiera bitartean egiten diren Pastoraletatik hasita, uztaileko Jauzien Egünarekin jarraituz eta ibilaldia herrietako jaietan eta Maskaradetan bukatuz.

Baina Maskaradak ez dira dantzak bakarrik. Parodiak, jokoak eta hizkuntza bera ohitura bihurtu dira urteko urtarorik gogorrenean, neguan alegia. XX. mendeko laurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdetik, Maskaradak egiteko epea urtarriletik martxora arte luzatu da eta, kasu batzuetan, apirilera arte.

Maskaradak esaten zaie plurala erabiliz euskal hizkuntzan ospakizun oro izendatzeko erabilitako izena delako. Oroitzapenerako erritu ludikoak izan dira eta gaur egun ere halakoak dira. Informazio eta datu zaharrenen arabera, tradizionalki ezkonduta ez zeuden mutil gazteek maskarak jarri eta mozorrotu egiten ziren. Elkarren aurkakoak ziren bi talde antagoniko sortu eta gero, Zuberoa osoan zehar herriz herri ibiltzen ziren dantzak, abestiak eta istorioak interpretatuz.

Bi taldeak ezberdintzeko hainbat ezaugarri zituzten: bakoitzean nagusi zen kolorea, jantzien garbitasuna, portaera eta egiten zituzten ekintzetan erakutsitako gorputz adierazpena. XX. mendearen hasieran, erakunde txiki gehienek mota honetako antzezpenak antolatzen zituzten. Inguruko herriak bisitatu ondoren, Inauterietako azken eguna iristerakoan, Inauteri Asteartea alegia, Zanpantzar (Saint Pansard) izeneko panpina erretzen zuten. Hurrengo egunean garizuma hasten zen.

Zalantzarik gabe gehien ikertu den ospakizunetakoa da. G. Hérélle, V. Alford, J. Caro Baroja, J. M. Guilcherrek eta, batez ere, K. Fernández de Larrinoak idatzitako hainbat lanek hori erakusten dute. Alderdi historikoarekin hasiz, koreografikoarekin jarraituz eta arlo antropologiko-etnografikoarekin amaituz, ikertzaileek ez dizkigute ikuspuntu ezberdinak bakarrik eman, are garrantzitsuagoa den balio sozial eta kultural handiko informazio idatzia eta bisuala ere eman digute.

XX. mendearen amaieran sortutako antzezpenen eta mende hasierako adituek deskribatutakoenen egiturak pixka bat ezberdinak ziren. Izan ere, Europan izandako gerren ostean eta hirurogeita hamarreko hamarkadara arte Maskaraden antolaketa krisi sakonean sartu zela kontuan hartu behar da.

Aipatutako mendeko laurogeita hamarreko hamarkadara arte ez zen aldaketa adierazgarririk eman. Susperraldi ikaragarri bati esker izandako berrikuntzen artean honako hauek nabarmenduko ditugu: igandean ospatzen dira eta Inauteri garaitik haratago doaz, Garizuman sartuz; bisitatzen diren herrien kopurua handitzen da; bisitatutako herrien arteko distantzia ere lehen baino handiagoa da; emakumeak eginkizun oso aktiboak eta entzutetsuak burutzen hasten dira, emanaldietako paper protagonistak antzeztuz edota dantzariak izanez.

Dudarik gabe, Maskaradak Zuberoaz kanpoko neguko beste festa batzuen ezaugarri berberak ditu. Guztiak urteko garai hartan Mediterraneoko eta, oro har, Europa osoko landa inguruetan bizi diren gizakiek ospatzen dituzten erritualen talde zabaleko partaideak dira. Gauzak horrela, Maskaradak esparru geografiko zabalean hedatutako herrietako portaera erritualen adierazpenak direla esan dezakegu. Antzezpenaren ezaugarri orokorrak hauek dira:

  1. Landa-esparrukoa. Jai hauek ziklikoak eta urtaroen araberakoak dira, naturaren erritmo biologikoekin eta nekazaritza munduko laborantza eta artzain jarduerekin harreman zuzena baitute.
  2. Maskara eta mozorro zoomorfoak. Animalia itxurako maskarak eta mozorroak erabiltzen dituztela ikus daiteke. Bestalde, animalia horiek ehizatuak, etxekotuak edota sakrifikatuak izan behar ziren. Labur esanda, menderatuak eta kontrolatuak.
  3. Inauteri garaian. Aratusteak ospatzen diren egunetan antzezten dituzte, zehazki antzinako inauterietako egunak kontuan hartuta.
  4. Antzerki eta erritu izaera. Neguko festek izaera eszeniko, sinboliko eta sozial argia dute. Antzerki-izaera handiz, gizartearentzat garrantzitsuak diren gaiak jorratzen dituzte. Festa ospatzen duen landa eremuko elkartean jendea sozializatzeko asmoa duten erritualak dramatizatzen dituzte.
  5. Soziabilitatea eta mahai baten inguruan biltzea. Herriko bizilagun batzuek beste biztanleen artean dirua batzeko errondak antolatzen dituzte. Diru horrekin janaria eta edariak bildu eta mahai baten inguruan elkartzen dira. Jarduteko modu hau neguko jai guztietan errepikatzen da. Izan ere, Maskaradan dantzak, kantuak, maskarak eta mozorroak duen garrantzia handia izanik, janariaren eta edariaren inportantzia ere oso handia da. Oro har, funtsezkoak direla esan dezakegu. Beraz, neguan ospatutako festek orokorrean, eta bereziki Maskaradek, eduki sozial eta sinboliko altua dute.
  6. Jarraigoak eta prozesioak. Halaber, Maskaradetan parte hartzen dutenak jarraigoetan eta prozesioetan antolatzen direla ikus dezakegu, hainbat hierarkia eta mailatan bananduz, besteak beste honako hauetan: ijitoen taldea; dantzari adituen taldea; baso eta mendiko animalien irudikapenak; kantua eta eskariak egiteko koplak; turkiarren, arabiarren, juduen, hungariarren, deabruen, galdaragileen eta hainbat ogibidetako kideen tropak.
  7. Pertsonaiak, dantzak eta melodiak. Antzezpen mota hauek kulturaren beste arlo batzuekin lotura handiak dituzte. Pertsonaiak (ijitoak, galdaragileak, zikiratzaileak, zorrotzaileak, zentauroak, banderadunak, hartzak, etab) kontuan hartuz gero, herrialdeko zein Pirinioetako, Europako eta Afrika iparraldeko beste leku batzuetako Inauteri edota ospakizunetan agertzen direla ikus daiteke. Bestalde, interpretatzen dituzten melodiek harreman estua dute Pirinioetako beste ospakizun edo leku batzuetan erabiltzen dituztenekin. Era berean, erabilitako musika-tresnak inguruko eskualdetan erabiltzen dituztenak direla hauteman dezakegu. Dantzekin beste horrenbeste gertatzen da.

Nahiz eta kointzidentzia horiek izan, eskualdeko herrietako gazteek antzezterakoan berezko nortasuna erakusten dute, eta ezagunak diren inguruetako eta antzezten dituzten pertsonen hizkuntzetan antzeko izenak hartzen dituzte: Zuberoko Maska(ra)dak, Mascarades souletines edo "Mascaradas suletinas".

Jaia antolatzaileen herrian bertan eszenaratzen da, edota parte-hartzaileak gonbidatzen dituzten bestelako herrietan. XX. mendeko laurogeiko eta laurogeita hamarreko hamarkadetan, Pirinioetatik (Euskal Herritik) haratagoko herriek eta hiriek luzatutako gonbidapenei baiezko erantzuna ematea ohitura bihurtu zen.

Denboraren joanean gauza asko aldatu badira ere, batzuk anarkiarik ez dagoela gogorarazten saiatzen dira, ezarritako ereduak mantentzen direla adieraziz. Lehen eta azken emanaldiak horren adibide dira, oraindik ere jarraigoa osatzen duten kideen jatorrizko herrian edo herrietan egiten baitira.

Inauteriak berak eratzen duen testuingurua funtsezkoa bada ere, dantzak Inauteriekin harremanik ez duten garai, leku eta egoeratan antzeztu direla aipatu behar da. Dantzak honako leku eta saio hauetan eszenaratu direla jasota dago: Zuberoaz kanpoko landa inguruko herrietako jai eta azoketan; Mauleko (Zuberoako hiriburua) jatetxe eta hoteletan, bertan ostatu hartutako lagunen aurrean; Hego Euskal Herriko eta Frantziako hirietako antzoki ospetsuetan; Europatik kanpo, etorkin zuberotarren elkarteek antolatutako ospakizunetan; eta ez dugu ahaztu behar dantza hauek lagunak oturuntzetan edota ezkontzetan biltzen direnean inprobisatzen direla.

Jarraigoa askotariko pertsonaiek osatzen dute, aurkako bi taldeetan ordenatuta daudelarik: alde batetik gorriak daude, eta bestetik beltzak.

Talde gorriko partaideak hauek ditugu: aintzindariak [lehenak edo aurrekoak]; jauna eta anderea; laboraria eta laborista; marexalak [ferratzaileak] eta küküileroak [gandorra dutenak]. Beltzen artean berriz honakoak aurki ditzakegu: kereztuak [zikiratzaileak]; xorrotxak [zorrotzaileak]; buhameak [ijitoen tribua], kauterak [galdaragileak] eta medizina [medikua].

Aintzindariak taldea bost pertsonaia ezberdin antzezten dituzten dantzari batzuek osatzen dute: entsainaria edo banderazaina [bandera edo estandartea daramana]; xerreroa edo txerreroa [errementaria?]; gatia edo gatüzaina [katua]; zamalzaina [zaldi itxurako gizona edo zentauroa]; eta kantiniersa [kantinera]. Marexalak edo manetxalak bi pertsonaia dira: ugazaba eta ikastuna edo morroia. Küküileroaren papera partaiderik gazteenei ematen zaie, eta ez dira beti kopuru berdinean agertzen. Hala ere, ohikoa bi edo hiru izatea da. Kereztuak, xorrotxak bezala, bi dira: ugazaba eta ikastuna edo morroia. Buhameak lau pertsonaia dira: buhame jauna [ijito erregea]; zilintzau; beste biek ez dute izenik. Kauterak Kabana handi [txabola handia] taldeko burua eta Pitxu, Fripu eta Pupu [nagusiaren laguntzaileak] dira. Medizina pertsona bakarra izaten ohi da.

Beste batzuk ahaztu egin dira: artzaina eta arkumeak (artzaina eta atxuriak), bizargina, notarioa, espainiarra, kedar-garbitzaileak, eskalea eta apezpikua. Beste batzuk, aldiz, noizean behin agertzen dira, emakumezko ijitoa edo hartza esaterako. Hartzaren mozorroa Europa eta batez ere Euskal Herri osoan zehar asko hedatu da, eta hartza da 'beltzen' taldeari bere pantomimak egiteko laguntza eskaintzen diona, hain zuzen ere.

Maskarada 'gorriko' pertsonaia nagusiek (entseinaria, xerreroa, gatüzaina, zamalzaina eta kantiniersa) urte jakin batzuetan zehar antzeko kopiak izan zituzten aurkako taldean, baina, iragarri dezakegunez, kasu honetan jantzietan kolore beltza zen nagusi.

Puntu honetan, gaia aztertu duten hainbat idazlek Maskaradetako pertsonaia ezberdinak izendatzeko hainbat forma ortografiko proposatu dituztela adieraztera behartuta gaude. Esaten dugunaren adibiderik esanguratsuenak honako hauek dira: kukulleroak, kherestuak, txorrotzak, entseñaria, gathuzaina, zamaltzaina edo kantiniertsa.

Errituala aldez aurretik iragarri daitezkeen gertakarien arabera garatzen da. Denbora eta lekuari dagokionez, bi txandatan bananduta daude: alde batetik, goizean herrian barrena gertatutakoa eta, bestetik, arratsaldean enparantzan edo erdiguneko barrutian gertatutakoa.

Goizean, anfitrioia den herriko dantzari talde batek harrera egiten dio jarraigoari. Dantzari hauek errezibitzaile izenarekin ezagunak dira. Jaialdia tabalari [danbolin-jole] batek eta txilaia edo txirulari [xirula edo txirula izenez ezaguna den hiru zuloko flauta eztia jotzen duena] batek jotako soinuaren hotsean hasten da. Gerta daiteke, baita askotan gertatu ere, txirula jotzen duen instrumentistak makila batekin salterioa jotzea. Zuberoan salterioa ttunttun izenez ezaguna da.

Ondorengo lerroetan dantza bakoitzaren eta goizeko emanaldia osatzen duten gainerako elementuen nondik norakoak azalduko ditugu. Ordena beti berbera da eta horri heltzen diote.

Festa Barrikada ahustia izeneko ekintzarekin hasten da. Errezibitzaileak izaten dira agertzen lehenak, ospakizunari hasiera emanez. Lehendabizi bakarka egiten duten dantza eta ondoren taldeka. Horren ostean, maskarakaiak izenekoen txanda dator, hots, bisitan datorren Maskaradako kideen txanda. Hasierako eginbeharra anfitrioiek bide erdian jarritako oztopo txikia gainditzea da. Oztopoa dantzarien aurrean jarritako ardo botilek osatzen dute; horregatik ospakizunaren lehen ekintza hau Barrikada izenez ezaguna da.

Barrikada dantza eginez gainditzen duten aurrenekoak talde 'gorriko' aintzindariak dira. XXI. mende hasieran oztopoa ordena honetan gainditzen dute: entsenaria; xerreroa; gatüzaina; zamalzaina; eta kantiniersa. Ondoren jauna eta anderea datoz. Horien atzetik laboraria eta laborarisa. Segidan marexalak. Horren ostean küküileroak. Errezibitzaileen antzera, aintzindariak taldeko pertsonaiek aurrena bakarka eta gero taldeka dantzatzen dute.

Talde 'gorriko' kideek barrikada gainditu eta gero, talde 'beltzeko' kideek gauza bera egin behar dute. Horiek barrikada gainditzeko berezko modua dute: korrika, oihuka eta garrasika agertzen dira, talde 'gorriko' pertsonaien inguruan zirkulua sortuz. Azkenean, lurrean bata bestearen gainean bukatzen dute, errugbiko melée bat hondatzerakoan jokalariek lurra jotzen dutenean gertatzen den moduan.

'Beltzak' ordena honetan antolatzen dira zehazki. Aurrena, elkarri sorbaldatik helduta eta bidea irekitzen, kereztuak datoz. Distantzia gutxira, bi edo hiru kideko taldeetan eta elkarri sorbaldatik helduta, buhameak, kauterak eta medizina. Aipatutako azken hiru horiek lurrera era desordenatuan erortzen direnak dira. Jarraian xorrotxak agertzen dira, oinez barrikada ertzetik igaroz. Ibiltzen diren bitartean jendea agurtzeko kopla bat abesten dute, eta Barrikada ipini duen pertsonaiaren parean daudenean, aldiz, abesteari uzten diote. Momentu horretan poztasun oihuak eta bibak entzuten dira. Parte-hartzaile guztiak solasean hasi eta barrikadako botilak bidetik kendu eta irekitzen dituzte, bertaratutako guztiei ardoa eskainiz. Era berean, jaki solidoak (hestebeteak eta gozokiak), freskagarriak eta beste edari batzuk banatzen dituzte.

Jarraian Barrikada haustiak herriko agintarien aurrean errepikatzen dituzte. Deskribatutako sekuentzia hori goiz osoan zehar Maskaradako kideen aurrean barrikada bat agertzen den bakoitzean errepikatuko da. Gertaera hori herriko sarreratik enparantzara doan bidean hainbat aldiz errepikatzen da edo errepikatu daiteke. Plazan herriko agintariek prestatutako azken barrikada zain dute; ordurako eguerdian sartu dira. Aipatutako azken barrikada gainditu eta gero, talde 'gorriko' eta talde 'beltzeko' kide guztiak, herriko agintariak, herri anfitrioiaren bizilagunak eta bestelako bisitariak zirkulu bat osatu eta Aitzina-phika eta Moneinak, bi jautzi [(euskal) jauziak] edo dantza mota, dantzatzeko prestatzen dira.

Hainbat urtetan, goizeko ibilaldian zein arratsaldeko emanaldian izaera soziala eta mistoa duten beste dantza batzuetan parte hartuko dutenak modu ozarrean eta berezian nola antolatzen diren ikusteko aukera izan dugu. Dantza horiek Kadrillak, Polkak eta Kontrajantzak dira.

Behin jautziak edo aipatutako beste dantzak bukatuta, parte-hartzaile guztiak bazkaltzera gonbidatzen dituzte, jeneralean jatetxe batean edo herrian horretarako bereziki prestatutako lokal batean. Bazkaltzen amaitu eta gero, plazaren inguruan biltzen dira berriz ere.

Arratsaldean 'fonctions' (hainbat idazlek euren argitalpenetan Maskaradaren parte hori deskribatzeko erabilitako hitz frantsesa) delakoak plazan egiten dituzte. Ekintzak jarraigoko kideak Barrikada haustia antzezteko ordenean jarri eta plazara sartzerakoan hasten dira. Berehala hainbat dantza eta saio tartekatzen dituzte. 'Beltzei' ofizio ezberdinak (zikiratzaileak, ferratzaileak, zorrotzaileak eta galdaragileak) antzeztea dagokie. Beste garai batzuetan, 'beltzen' taldeko pertsonaia horiek euren burua baztertzen zutela zirudien, besteengandik bereizteko biarnesez edo frantsesez hitz egiten baitzuten. Besteak, berriz, orokorrean bertako herritarrek darabilten hizkuntzan mintzo dira: euskaraz.

Nahiz eta urtero zehatz-mehatz ez izan egitura bera , eta aspaldiko hainbat informaziok aipatutako ekitaldi batzuk, arratsaldeko antzezpena esaterako, ez zirela existitzen dioten arren, laburki Maskarada batean honako ekitaldi hauek bereiz daitezke:

  1. Kereztuek [zirikatzaileak] zamalzaina harrapatu eta haren zirikatzea antzezten dute.
  2. Marexalek [ferratzaileak] zamalzaina ferratzen dute.
  3. Aintzindariek hainbat dantzatan parte hartzen dute. Horien artean Gabota, Godalet Dantza eta Bralia haustia deitutakoak nabarmentzen dira.
  4. Zorrotzaileek [xorrotxak] jaunaren ezpata zorrozten dute. Ekintza guztiak kopla kantuen, dantzaren seriotasunaren eta elkarrizketa ironiko eta barregarrien artean gertatzen dira.
  5. Buhameak taldea bere buruak, buhame jaunak, sermoi edo pherediki bat errezitatzen duelako nabarmentzen da. Emanaldia (zurezko) ezpatekin dantza bat eginez bukatzen dute. Dantza honetan ez dute inolako koordinaziorik erakusten, mugimendu arritmikoak egiten dituztela dirudi.
  6. Kauterek [galdaragileek] jaunaren agindu bati jarraituz galdara bat konpontzen dutela eszenifikatzen dute. Galdaragile batzuk agindutakoa betetzen duten bitartean, haien nagusiak, kabana handiak, ikuslegoaren aurrean sermoi bat irakurtzen du, azken urtean munduan eta dauden herrian izandako gertakizunen berri emanez. Jaunak galdara konpontzeagatik emandako dirua banatzerako orduan eztabaida bat sortu eta Pitxu hiltzen da. Gauzak horrela, medizinari deitzen diote eta honek, bertaratutako guztien poztasunerako, hura berpiztea lortzen du.
  7. Azken kanta eta jautziak. Maskaraden amaiera gisa bi ekitaldi daude. Oso estetikoak dira eta herritarren partaidetza bultzatzea dute helburutzat. Bukaerako lehen emanaldian aktore guztiak momentu horretarako zehazki konposatutako abesti bat abesteko biltzen dira. Bigarrenean, aldiz, zirkulu bat osatzen dute Aitzinaphika eta Moneinak dantzatzeko, ikusle guztiei dantzara batzeko gonbita eginez.

Dantza horien eta beste batzuen ostean, antzezpena ofizialki hurrengo urtera arte amaitutzat ematen da, baina herriko tabernan edo tabernetan festak aurrera darrai, tragotik tragora abestiak kantatuz.

Maskaradak, jarraigoaren pertsonaiei eta dantzei dagokionez, herrialdeko antzerti-lanik osoenak eta askotarikoenak dira zalantzarik gabe. XX. mendeko hirurogeita hamarreko eta laurogeiko hamarkadez geroztik, eta zehazki mende honetan zehar, bere biziraupena parte-hartzaile gazteek ekarritako indarrean oinarrituta dago, emakumezkoen ekarpena ere oso garrantzitsua izanda.

  • ALFORD, Violet. "Ensayo sobre los orígenes de las mascaradas de Zuberoa". Revista Internacional de los Estudios Vascos XXII, 25. urtea, 3. zbk. Paris : Honoré Champion // Donostia : Martín Mena y Compañía, 1931.
  • ALFORD, Violet. "Mascaradas de Zuberoa" : Arte Popular Vasco. Bilbo : Editorial Laiz, SA, 1983.
  • ALFORD, Violet. Pyrenean Festivals (Winter drama). London : Chatto and Windos, 1937.
  • ALFORD, Violet. Fêtes pyrénéenees. Calendrier du Folklore pyrénéen, coutumes et magie, théâtre, musique et danse. Portet-sur-Garone : Éditions Loubatières, 2004.
  • CARO BAROJA, Julio. El Carnaval. Análisis histórico-cultural. Colección "La otra historia de España" 10. Madril : Taurus Ediciones, SA, 1965, 1979, 1983 eta 1984.
  • DUEÑAS, Emilio Xabier. "La tradición regenerada. Breve exposición estructurada sobre las fiestas carnavalescas vascas del Invierno". En : Cultura popular vasca. Annals of foreign studies. XLII. alea. Kobe : Kobe City University of Foreign Studies, 1998.
  • DUEÑAS, Emilio Xabier. Atzokoa gaur egunean. Inauteriak Euskal Herrian-El pasado en el presente. Los Carnavales en Euskal Herria. Basauri : Basauri 500, 2008.
  • DUEÑAS, Emilio Xabier; LARRINAGA ZUGADI, Josu. "Los carnavales vascos: restauración y revitalización de un tiempo festivo". Jentilbaratz. Cuadernos de Folklore ; 9. Donostia : Eusko Ikaskuntza, 2007.
  • FERNÁNDEZ DE LARRINOA, Kepa. Nekazal gizartea eta antzerki herrikoia Pirinioetako haran batean. Donostia : Eusko Ikaskuntza, 1993.
  • FERNÁNDEZ DE LARRINOA, Kepa. Mujer, ritual y fiesta: género, antropología y teatro de carnaval en la sociedad rural pirenaica. Iruña : Editorial Pamiela, 1997.
  • FERNÁNDEZ DE LARRINOA, Kepa. "De los límites y transgresiones rituales. Fiestas de Carnaval, danza tradicional e identidad social". En : Fronteras y puentes culturales. Danza tradicional e identidad social. Iruña : Editorial Pamiela, 1998.
  • FERNÁNDEZ DE LARRINOA, Kepa. "Zuberoako Maskaradak izeneko herri antzerkiaren ahozko literatura". Euskera, Órgano Oficial de la Real Academia de la Lengua Vasca, 1. zbk., 44. alea, Bilbo : Euskaltzaindia, 1999.
  • FERNÁNDEZ DE LARRINOA, Kepa. "The folk arts of Maskarada performance". En: ARMISTEAD, Samuel G.; ZULAIKA, Joseba (edit.). Vocing the moment: improvised oral poetry and Basque tradition. Reno : Center for Basque Studies, University of Reno Nevada, 2005.
  • FERNÁNDEZ DE LARRINOA, Kepa (coord.). Calendario de fiestas y danzas tradicionales del País Vasco. Gasteiz : Eusko Jaurlaritza. Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2003.
  • FOURQUET, François. "La Mascarade d'Ordiarp". Bulletin du Musée Basque. Revue des Etudes et Recherches Basques ; 129 (3e. Période Nº 107), 3. hiruhilekoa, 1990. Baiona : Musée Basque de Bayonne, 1990.
  • GARMENDIA LARRAÑAGA, Juan. Iñauteria. El Carnaval Vasco. Donostia : Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, S. A., 1973.
  • GARMENDIA LARRAÑAGA, Juan. "Consideraciones generales acerca del Carnaval en el País Vasco". Boletín Sancho El Sabio. 1-2. urtea. 1. aroa. Gasteiz: Institución Sancho el Sabio, 1991, 321-324. or.
  • GUILCHER, Jean-Michel. Tradition de danse en Bearn et Pays Basque français. Paris : Editions de la Maison des Sciences de l'homme, 1984.
  • HÉRÉLLE, George(s). "Les Mascarades souletines". Revue Internationale des Etudes Basques VIII, 8. urtea - 2-4. alea. Paris : Librairie ancienne // Donostia : Martín, Mena y Compañía-Impresores editores, 1917.
  • HÉRÉLLE, George(s). "Les Mascarades souletines (Suite)". Revista Internacional de los Estudios Vascos XIV, 16. urtea, 3. zbk. Paris : Edouard Champion // Donostia : Gipuzkoako Foru Aldundiaren Moldiztegia, 1922.
  • HÉRÉLLE, George(s). "Las Mascaradas Suletinas". Dantzariak ; 26. Bilbo : Euskal Dantzarien Biltzarra, 1983.
  • HÉRÉLLE, George(s). "Las Mascaradas Suletinas" (II). Dantzariak ; 27. Bilbo : Euskal Dantzarien Biltzarra, 1983.
  • HORNILLA, Txema. Sobre el Carnaval vasco. Ritos, mitos y símbolos. Mascaradas y totemismo (Las Mascaradas de Zuberoa). "Askatasun Haizea" Bilduma; 86. Donostia : Txertoa, 1987.
  • HORNILLA, Txema. Zamalzain el chamán y los magos del Carnaval Vasco. "Askatasun haizea" Bilduma; 92. Donostia : Txertoa, 1988.
  • HORNILLA, Txema. El Carnaval vasco interpretado. Biblioteca Vasca. Bilbo : Ediciones Mensajero, 1990.
  • IRIGOIEN, Iñaki; DUEÑAS, Emilio Xabier; LARRINAGA, Josu. Ihauteriak-Carnavales. Bilbo : Euskal Museoa, 1992.
  • JAUREGIBERRY - Doctor. "Mascaradas Suletinas". : Arte Popular Vasco. Bilbo : Editorial Laiz, S. A., 1983.
  • MOZOS MUJIKA, Iñaki. Ihauteria Euskal Literaturan. Angel Apraiz Ikerketa. Beka 1983. Cuadernos de Sección Hizkuntza eta Literatura ; 6. Donostia : Eusko Ikaskuntza, 1986.
  • QUIJERA, José Antonio. "Maskarak Euskal Herriko tradizioan". Jentilbaratz. Cuadernos de Folklore ; 11. Donostia : Eusko Ikaskuntza, 2008.
  • TRUFFAUT, Thierry. "Les retour des Mascarades". Dantzariak ; 39. Iruña : Euskal Dantzarien Biltzarra, 1987.
  • TRUFFAUT, Thierry. Joaldun et Kaskarot. Des Carnavals en Pays Basque. Donostia : Elkarlanean, S. L., 2005.
  • VIOLANT i SIMORRA, Ramón. "Fiestas populares -Carnaval-" / "Representaciones, danzas y deportes, (mascaradas)". : El Pirineo español. Tomo II. Colección "Mitos, ingenios y costumbres" 15. Bartzelona : Alta Fulla, 1986.