Dantza

Maskaradak

Zalantzarik gabe gehien ikertu den ospakizunetakoa da. G. Hérélle, V. Alford, J. Caro Baroja, J. M. Guilcherrek eta, batez ere, K. Fernández de Larrinoak idatzitako hainbat lanek hori erakusten dute. Alderdi historikoarekin hasiz, koreografikoarekin jarraituz eta arlo antropologiko-etnografikoarekin amaituz, ikertzaileek ez dizkigute ikuspuntu ezberdinak bakarrik eman, are garrantzitsuagoa den balio sozial eta kultural handiko informazio idatzia eta bisuala ere eman digute.

XX. mendearen amaieran sortutako antzezpenen eta mende hasierako adituek deskribatutakoenen egiturak pixka bat ezberdinak ziren. Izan ere, Europan izandako gerren ostean eta hirurogeita hamarreko hamarkadara arte Maskaraden antolaketa krisi sakonean sartu zela kontuan hartu behar da.

Aipatutako mendeko laurogeita hamarreko hamarkadara arte ez zen aldaketa adierazgarririk eman. Susperraldi ikaragarri bati esker izandako berrikuntzen artean honako hauek nabarmenduko ditugu: igandean ospatzen dira eta Inauteri garaitik haratago doaz, Garizuman sartuz; bisitatzen diren herrien kopurua handitzen da; bisitatutako herrien arteko distantzia ere lehen baino handiagoa da; emakumeak eginkizun oso aktiboak eta entzutetsuak burutzen hasten dira, emanaldietako paper protagonistak antzeztuz edota dantzariak izanez.

Dudarik gabe, Maskaradak Zuberoaz kanpoko neguko beste festa batzuen ezaugarri berberak ditu. Guztiak urteko garai hartan Mediterraneoko eta, oro har, Europa osoko landa inguruetan bizi diren gizakiek ospatzen dituzten erritualen talde zabaleko partaideak dira. Gauzak horrela, Maskaradak esparru geografiko zabalean hedatutako herrietako portaera erritualen adierazpenak direla esan dezakegu. Antzezpenaren ezaugarri orokorrak hauek dira:

  1. Landa-esparrukoa. Jai hauek ziklikoak eta urtaroen araberakoak dira, naturaren erritmo biologikoekin eta nekazaritza munduko laborantza eta artzain jarduerekin harreman zuzena baitute.
  2. Maskara eta mozorro zoomorfoak. Animalia itxurako maskarak eta mozorroak erabiltzen dituztela ikus daiteke. Bestalde, animalia horiek ehizatuak, etxekotuak edota sakrifikatuak izan behar ziren. Labur esanda, menderatuak eta kontrolatuak.
  3. Inauteri garaian. Aratusteak ospatzen diren egunetan antzezten dituzte, zehazki antzinako inauterietako egunak kontuan hartuta.
  4. Antzerki eta erritu izaera. Neguko festek izaera eszeniko, sinboliko eta sozial argia dute. Antzerki-izaera handiz, gizartearentzat garrantzitsuak diren gaiak jorratzen dituzte. Festa ospatzen duen landa eremuko elkartean jendea sozializatzeko asmoa duten erritualak dramatizatzen dituzte.
  5. Soziabilitatea eta mahai baten inguruan biltzea. Herriko bizilagun batzuek beste biztanleen artean dirua batzeko errondak antolatzen dituzte. Diru horrekin janaria eta edariak bildu eta mahai baten inguruan elkartzen dira. Jarduteko modu hau neguko jai guztietan errepikatzen da. Izan ere, Maskaradan dantzak, kantuak, maskarak eta mozorroak duen garrantzia handia izanik, janariaren eta edariaren inportantzia ere oso handia da. Oro har, funtsezkoak direla esan dezakegu. Beraz, neguan ospatutako festek orokorrean, eta bereziki Maskaradek, eduki sozial eta sinboliko altua dute.
  6. Jarraigoak eta prozesioak. Halaber, Maskaradetan parte hartzen dutenak jarraigoetan eta prozesioetan antolatzen direla ikus dezakegu, hainbat hierarkia eta mailatan bananduz, besteak beste honako hauetan: ijitoen taldea; dantzari adituen taldea; baso eta mendiko animalien irudikapenak; kantua eta eskariak egiteko koplak; turkiarren, arabiarren, juduen, hungariarren, deabruen, galdaragileen eta hainbat ogibidetako kideen tropak.
  7. Pertsonaiak, dantzak eta melodiak. Antzezpen mota hauek kulturaren beste arlo batzuekin lotura handiak dituzte. Pertsonaiak (ijitoak, galdaragileak, zikiratzaileak, zorrotzaileak, zentauroak, banderadunak, hartzak, etab) kontuan hartuz gero, herrialdeko zein Pirinioetako, Europako eta Afrika iparraldeko beste leku batzuetako Inauteri edota ospakizunetan agertzen direla ikus daiteke. Bestalde, interpretatzen dituzten melodiek harreman estua dute Pirinioetako beste ospakizun edo leku batzuetan erabiltzen dituztenekin. Era berean, erabilitako musika-tresnak inguruko eskualdetan erabiltzen dituztenak direla hauteman dezakegu. Dantzekin beste horrenbeste gertatzen da.

Nahiz eta kointzidentzia horiek izan, eskualdeko herrietako gazteek antzezterakoan berezko nortasuna erakusten dute, eta ezagunak diren inguruetako eta antzezten dituzten pertsonen hizkuntzetan antzeko izenak hartzen dituzte: Zuberoko Maska(ra)dak, Mascarades souletines edo "Mascaradas suletinas".