Politikariak eta Kargu publikoak

Legazpi Gurrutxategi, Miguel Lopez de

Filipinetako gobernadore eta kapitain jeneral izan zen (Zumarraga, 1500 edo 1505. Manila, 1572ko abuztuak 20). Juan Martinez de Legazpi eta Elvira de Gurruchateguiren semea. Zumarragan oraindik zutik dago bere jaiotetxea, trenbidetik hurbil; Jauregi izenez ezagutzen da, euskarazko adiera garbiarekin. Mexikoko erregeordeak (Luis de Velasco) erregeari idatzitako gutun batean "Lezcano etxeko kapare entzutetsuen seme" irakur daiteke hari buruz. 1527an Areriako (Gipuzkoa) eskribau izendatu zuten, bere aita hil ondoren hutsik geratu baitzen kargua. Erregea berretsi zuen karguan (1527ko apirilak 12) Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteko Buletinean argitaratu ostean, 1974, 1-2. zenbakia, 257. or., S. I. Gipuzkoan hiru udaletxe nagusi zeuden orduan eta Areria zen horietako bat. 1027an Iruñeako katedrala berritzeko eta hornitzeko eskrituran dagoeneko ageri da Areria, elizbarruti bereko haran modura (bertan jendea bizi zelarik). Antzina Lazkao, Olaberria, Itsaso eta Arriaran kontzejuek osatzen zuten harana. Beranduago batu ziren Gabiria, Zumarraga eta Ezkio, baina 1661ean berriro banatu ziren. 1528an Legazpi dagoeneko Mexikon bazegoen, oso denbora gutxiz izan zen Areriako eskribau. Mexikon, kabildoko (udaletxea) idazkari, alkate eta hiriburuko Moneta Etxeko goi-kargua izan zen. 1528tik 1564ra, 36 urteren buruan, aberastasun oparoa bildu zuen. Isabel Garcesekin ezkondu eta bederatzi seme-alaba izan zituzten, lau gizonezko eta bost emakumezko. Bere etxea hiriburuko nabarmenetako bat zen. Bere seme Melchor de Legazpik, erregeari igorritako Memorial batean, honakoa aipatzen du beste oharpen batzuen artean: "Erreinu hauetatik irteten ziren kapare eta zaldun txiro asko haren etxea ezagutu gabe abiatzen ziren, ohitura zaharrari jarraituz, hots, han pertsona horiei beti zer jana, jantzia eta premiazko oro ematen zitzaielako eta han hura beti egon zelako. Eta kontu hori jakina eta oso nabarmena izan da erreinu hartan". Legazpi bere espedizioarekin Filipinetarantz abiatu zenean alarguna zen dagoeneko eta biloba ugari zituen, horietako bat berekin eraman zuen. Felipe de Salcedo zen, eginbehar garrantzitsuak bete zituen gaztetxoa. Espedizioa behar bezala joan zedin baliabide gutxi zituztela ikusita, Legazpik bere ondasun guztiak bildu eta saldu egin zituen, Mexikoko hiriburuan zuen luxuzko etxea izan ezik. Aurkikunde handiak egin ziren garai hartan horrelako kontuak nahiko arruntak ziren: jardunaldi edo espedizio haiek normalean ongi antolatutako negozioak ziren eta koroak, partikularrek, soldaduek eta elizak parte hartzen zuten.

Aurrez hainbat espedizio egin ziren arren (Magallanes-Elcano, 1520; Loayza, Elcano, Urdaneta, 1525; Alvaro Saavedra, 1527; Hernando Grijalva, 1535 eta Ruy Lopez de Villalobos, 1542) bakarrak ere ez zuen helburua bete: Molucas eta Filipinetatik Mexikora Golko Handian (horrela izendatzen zen orduan Ozeano Barea) itzultzea. Eta hainbat bosturteko igaro ziren, 1559an, Felipe II erregeak bi gutun erabakigarri idatzi zituen arte. Horietako bat Nueva Españako (Mexiko) erregeordeari idatzi zion, Molucasera bi itsasontzi bidaltzeko eskatuz Sartaldeko irlak topatzeko xedez, "itzulera benetakoa den eta horrenbeste gastatzen den jakite aldera". Bestea Frai Andres de Urdanetari idatzi zion.

"Erregea: Aita Frai Andres de Urdaneta deboziozkoa, Sant Agustin Ordenako kide: Sekularra izanik Armada de Loaysa itsasontzian abiatu zinela jakin dut eta Magallaneseko itsasartera eta Especerira igaro zinela eta han 8 urtez gure zerbitzura izan zinela. Eta orain Nueva Españako gure erregeordeari, Luis de Velasco jaunari, Sartaldeko irlak topatzeko Molucos aldera bi itsasontzi bidaltzeko eta helarazi zaion Argibidearen arabera zer egin behar duten azaltzeko agindu zaionez; eta diotenez hango lurraldeak ondo ezagutzen dituzunez eta harako nabigazioa ezagutzen duzunez eta kosmografo ona zarenez, oso egokia litzateke zu itsasontzi horietan joatea, nabigazioa bideratzeko eta Jaungoiko Gure Jauna eta gu zerbitzatzeko. Nik itsasontzi horietan joan zaitezela erregutzen eta eskatzen dizut, eta aipatutako erregeordeak agindutakoa bete dezazula, izan ere, Gure Jauna zerbitzatzeaz gain ni ere zerbitzatuko nauzu eta hori aintzat hartuko dut dagokizuna jaso dezazun. Valladoliden 559. urteko irailaren 24an = Erregeak = Erasoko Errefrendu = Birviescako Señalatu = Juan Vazquez Agreda Jaraba jauna."

Felipe II erregeak idatzitako bi gutunen ondorioz espedizioa prestatzen hasi ziren. Baina bi faktorek bidaia atzeratu zuten: Floridako urrearen erakarpena eta Betiereko Gaztetasun Iturri legendazkoa. Ponce de Leon eta Panphilo de Narvaez eta haren diruzain Alvar Nuñez Cabeza de Vaca, eta espedizioan bizirik irten ziren beste hiru kidek osatzen zuten espedizioa, 18.000 kilometro egin ondoren Mexikora iritsi ostean hedatu ziren fantasiak, hain zuzen. Sineskera horren ondorioz mi mila soldaduk izena eman zuten Floridara aterako zen espedizioan sartzeko. Horri erregeorderen gaixotasuna eta heriotza gaineratu behar zitzaion. Faktore horien ondorioz bost urteko atzerapena izan arren, gizonen ezagule eta nabigatzaile apartak, Frai Andres de Urdanetak, Legazpi proposatu eta espedizioko jeneral izendatzea lortu zuen, izan ere, Legazpi Mexikoko hirian oso estimatua zen, nobleziako gizon eta zaldun ohoretsu modura.

Dokumentu horrek 24 orrialdeko luzera du gutxienez, laurden batean (Colección de Diarios y Relaciones para la historia de los Viajes y Descubrimientos delakoan argitaratua, ikus, Instituto Histórico de Marina, Madril, 1947). Antolaketa, portaera eta kontrol arauen kode osoa da. Bertakoei emandako trataera ona ahaztu gabe.

"Lehenik eta behin, Navidad izeneko portura joango zara, han, gutxi gorabehera, hirurehun edo hirurehun eta berogeita hamar gizon elkartuko dira, marinel eta soldadu artean. Gizon horiek, dagoeneko zendu den erregeordearen agindua betez (Luis de Velasco jauna), S. M.-ren izenean eta bere Erret haziendari esker, jardunaldi horietara joateko prestatu dira, haien Kapitain eta Ofizialekin batera; portu horretara iritsi ostean, Erregeak jardunaldi horietara joateko izendatu eta aukeratu dituen Ofizialak (Guido de Labezaris, diruzaina, eta Andres de Cauchela, kontularia, eta Andres de Mirandaola, faktorea) eta eskribaua (berrespena emateko) han direla, beste gauza batzuen artean, kai horretan porturatuta dauden lau itsasontzi jasoko dituzu Erregearen eta aipatutako erregeorde txit prestuaren aginduz, haien izenean eraiki baitira, berriki; bi handiak eta bi txikiak; guztietan handiena "Sant Felipe" izendatu den itsasontzi Nagusia (Capitana) da eta zuk eta jeneralak bertan joan beharko duzue. Bestea Sant Andres" izendatu den Almiranta da, eta "San Juan de Letran" Patatxean Juan de la Isla Kapitaina joango da eta beste Patatxean, "San Lucas" izenekoan, Hernan Sanchez Muñoz joatekoa zen baina ez zen aurkeztu eta Legazpik haren ordez Alonso de Arellano izendatu zuen, azken hori da txikiena; batel, txalupa, haize-oihal, soka, kable, aingura eta itsasontzi horri dagozkion gainerako trena eta gauza guztiekin, ezertxo ere falta ez dela, guztia inbentario batean zerrendatua eta zure ardurapean; Berroren Maiestatearen izenean, hiriko eta Mechuacan probintziako agintariak, Martinez Allide Batxilerrak emango dizu hori guztiori, Navidadeko portuan baitaude Armada hori hornitzen duen epailearen eginduz. Itsasontzi horiek eta bertan dauden tresna eta gainerakoak jaso ostean, konfiantza, trebetasuna eta esperientzia irizpide gisa baliatuz, egokien ikusten dituzun pertsonak aukeratu eta izendatuko dituzu itsasontzietako Pilotu, Maisu, Kontramaisu eta Eskribau modura".

Zehaztapen osoz idatzitako dokumentu horretan itsasontzi bakoitzaren barne-antolaketari buruzko argibideak ematen zaizkio, esleitutako lansariei buruzko xehetasunak ahaztu gabe. Armei eta elikagaiei dagokionez.

"Iten: itsasoratu aurretik, portuan, artilleria astun eta arin guztiez arduratuko zara, arkabuzak, munizioa, erasorako eta defentsarako armak eta B.M.-k bertan dituen bestelakoak. Halaber zure ardura izango dira bi sutegiak eta bertako lanabes eta beltz ofizialak eta Armada horretarako egin diren hornidura guztiak, hala bizkotxo, gatzartu, xingar, ardo, olio, ozpin, arrain, gazta, baba eta garbantzuz nola beste edozer gauza, guztia idatzi eta inbentarioan zerrendatuta emango duzu; horretarako, liburu bat izango duzu zure eta Berroren Maiestatearen aipatutako Ofizialen izenekin sinatuta egon beharko dena. Inbentarioa osatzerakoan generoaren arabera zerrendatuko dituzu gauza guztiak".

Dokumentuak Mexikoko hirian Ortuño de Ibarra, Faktore eta ikuskariak erositako "merkantzia eta erreskate guztiei" buruzko argibideekin jarraitzen du, guztia idatzita ematen da "eta guztiaren arduradun izango zara inbentarioaren bitartez".

Armada horren barnean garraiatzen den guztiaz.

"Erregeak jardunaldi horietara joateko aukeratu dituen Ofizialei entrega eta zama guztien kopia helaraziko diezu eskribaua bertan dela, kopia hori zure izenez sinatu beharko duzu; modu horretan, eskribauak eta Ofizialek beren liburuetan eta erret haziendan diru, etxe eta zuk eta Erret Audientzia honek agindutako oro azaldu behar dutela jabetu daitezen..., eta zure liburuan jasota geratuko da kopia hori jaso zutela,horretarako, Ofizialek ere sinatuko dute entraga horren oinean".

Armen, munizioen, hornigaien, merkantzien eta gainerako guztiaren banaketa orokorra. Ezinbestekoa delako:

"Itsasontzi horien banaketari dagokionez, itsasontzi bakoitzean eramango den zamaren eta joango den jende kopuruaren arabera (hori zuk moldatu beharko duzu zuhurtzia eta arretaz), guztia zuk egokien eta komenigarrien ikusten duzun moduan banatzeko agindua emango duzu, horretarako gaitasuna aitortu zaizunez; banaketa horren inbentarioa taxutu eta Kapitain eta Maisuei, eta zuk erabakitako pertsonei emango diezu. Zuk eta aipatutako Ofizialak arduratuko zarete zer entregatu behar duten agintzen, hori idatziz emango duzue, entrega bakoitza generoka sailkatuta: alde batetik itsasontziak eta tresnak, eta, beste alde batetik, artilleria, munizioak eta armak, beste zerrenda batean hornigaiak eta azkenik, merkantzia eta erreskateei dagokiona beste batean; hala gera dadin ezarrita zure eta Ofizial horien sinaduraz eta, baita entrega hori jaso duten pertsonen sinadura zure liburuan eta Ofizialen liburuan ere, uneoro gauzak argi egon daitezen eta agiriak egon daitezen; eta itsasontzi bakoitzak daraman zama guztia erregistratu dezala aginduko duzu, hasi kaskotik eta gauzarik ezdeusena ere barneratuz, Indietako nabigazioan ohitura denez".

"Artilleriak, munizioak eta arkabuzak eta gainerako arma eta gailuak entregatzen direnean, zurekin eta Erregeak aukeratutako Ofizialekin, eta Maisuekin, artillero eta entrega hori jasoko duten pertsonekin batera, Martin de Goiti bertan izatea aginduko duzu. Azken hori, artilleria horretako Kapitain izendatu baita, konfiantzazko pertsona delako eta lan hori egiteko gaitasuna duelako. Hari ere, Armada horretan, aipatutako artilleria, arma, munizio eta bere ardurapean dagoen ororen memoria bat helaraztea aginduko duzu, guztiaren berri izan dezan, hori ere Artilleriako Kapitainari dagokiolako. Entrega argibideei jarraiki egin ostean, Legazpik, Martinez Batxillerraren bitartez, guztiaren kopia eta nomina bat bidali beharko du Mexikoko hirira, bere sinadurarekin eta gauza bakoitzaren ardura duen ofizialaren sinadurarekin. Hark dokumentu horiek Erregeak aukeratutako Ofizialei helaraziko dizkie. Eta haiek eskuratu eta hiru giltzatako kutxan gordeko dute, Berrorren Maiestateari eta Indietako Kontseilura igortzeko".

Soldatu eta itsasgizon artean hirurehun edo hirurehun eta berrogeita hamar pertsona daude espedizioan eta haien izendegi zehatz bat taxutu behar da. Jende guztia batzen duena.

"Eta guztiak batu ostean, Armada horretan doazen guztien berri eman eta haien aipamen orokorra eginaraziko duzu eta bakoitza zerrendatu eta nominan sartuko duzu honakoak adieraziz: izen-deiturak, jaioterria, seme-alaba kopurua, adiña eta helbidea. Horrez gain, zein diren soldadu eta zein marinel azalduko duzu, eta zein ofizialen ardurapean dauden, eta bakoitzari dagokion egiteko edo lansaria, izan ere, dakizun moduan, Kapitain eta soldadu bakoitzari bidaia guztian agindu zaien egitekoa adierazi zaie eta marinalen lansaria bakoitzari esleitu zaion eginbeharraren araberakoa da. Hori guztiori, zurekin eraman beharko duzun liburuan ohartaraziko duzu zure sinadurarekin eta ofizialen sinadurarekin. Halaber, haiek ere beren liburuetan modu berean ezar dezatela aginduko duzu eta liburua gorde dezatela; eta guztiaren kopia, hitzez hitz, aipatutako Martinez Batxillerrari helaraziko diozu, hark Nueva España horretako Erret Ordenetara igor ditzan".

"Hori egin ondoren, itsasontzi bakoitzean joan beharko duten Kapitain eta soldaduen banaketa egingo duzu, itsasontziaren zama eta jende kopurua aintzat hartuz, egokien eta komenigarrien ikusten duzun moduan. Zurekin batera, itsasontzi Nagusian, Mateo de Sauz Kapitaina izan beharko da, Eremu-maisuak izendatu duena. Harekin batera, Erret Haziendako bi Ofizial, Erret Estandartea eta Alferez jenerala, eta zuekin eta Estandartearekin joateko baimena eman zaien Gentilgizonak ere zuekin joango dira, beharrezkoak dituzuen gainerako pertsonekin batera; esan bezala, guztia zure esku utziaz, zure zuhurtzia, eta gauza orotan duzun jarrera onean eta zureganako konfiantza dagoenez".

Argibide zabal eta luze honetan (guztiaren hiru kopia egonik) Miguel Lopez de Legazpirenganako konfiantza osoa dagoela berresten da, baina gauza guztien kontrola izatera behartzen zaio "hasi itsasontziko kaskotik eta gauzarik ezdeusena ere". Baina, beti, alboan Erret haziendako Ofizialak izan zituen. Espedizioaren goreneko karguak izendatzeko ahalmena ere eman zitzaion: "Almiranta itsasontzian bertako Kapitaina eta Armada osoko Almirantea izendatuko dituzu, horretarako, egokien ikusten duzun pertsona aukeratuz". Laburbilduz: Legazpiri babesa eta konfiantza osoa eman zitzaion eta gainera, jentilgizonez osatutako gorte bat jarri zen bere esku. Eta antolaketa horrekin, abiatu zen espedizioa.

Hasi Magallanesekin eta Lopez de Villalobosera hainbat espediziok porrot egin zuten eta horietatik eskuratutako esperientziak elikagaiekin arreta handiz ibili behar zela agintzen zuen, hornitzeko zailtasun handiak zeudela ikusita. Erret Audientziaren Argibidean modu burutsuan baliatzea gomendatzen da, izan ere, "bidaia oso luzea da eta itzulera (Mexikora) oraindik ez da topatu" "Anoak mugatzea eta adostuta ematea, zeregin hori konfiantza osoko pertsonen esku utziaz" aholkatzen da. Azpimarratu egiten da: "...ez dadila Armada horretan, behar ez diren zerbitzuak ematen dituzten mirabe edo mutilik joan" Eta ohartarazten du "jende gehiago joango balitz, behar ez direnak bereziki", hornigaiak agortu egingo liratekeela espedizioaren helburua arrisku larrian jarriz.

Mexikoko Erret Audientziak Legazpiri Filipinetara joateko emandako Argibidean Ordena bat erantsi zuen. Aipatutako dokumentu osoan zehar erabiltzen den tonua adeitasunezkoa da: aginduko duzu, agindua emango duzu, etab. Baina debeku honetan hizkuntza autoritariogoa erabiltzen da.

"Otrosi: inolaz ere ez duzu onartuko itsasontzi horretan indiorik, beltzaranik edota emakumerik joatea, izan ezkondu edo ezkondugabeak, edozein delarik ere haien eite eta jatorria. Salbuespen gisa dozena bat beltzaran (gizon nahiz emakume) joango dira zerbitzu ematen, itsasontzietan egoki ikusten duzun moduan banatuko dituzunak".

"Otrosi: aipatutako Armada horren jebe egin ostean, ezartzen denari jarraiki, Navidad portutik itsasoratu aurretik, gorazarre egingo zaizu kapare modura eta Martinez Batxillerraren (Armada horretako hornitzaile) eta eskribauaren aurrean, Erregearen aginduz esleitu zaizun gobernadore eta kapitain jeneral ofizio eta kargua egoki eta leialki beteko duzula zin egingo duzu Ebanjelioan, eta haren erret zerbitzua eta bere ondare eta erret ondasuna areagotzeko ahalegina egingo duzula, eta mirabe eta basailu on eta leial modura edozein modutan egindako edo jasotako aurkikunde eta ustiapen ororekin erregearen izenean Berroren Maiestatearenana eta Audientzia honetara etorriko zarela, edo Erregeak agindutako pertsona bidaliko duzula, eta ez beste edozein pertsona. Horrez gain, zuzenean edo zeharka ez duzu Erregea eta bere Erret ondasuna nahiz ondarea kaltetuko duen ezer ezkutatu edo egingo eta, zureganako konfiantza izan denez, gauza ororen berri emango duzu. Omenaldi hori burutu ostean, jarraian, Armada horretan joango diren Erret Haziendako Ofizialei, Kapitain Zaldunei eta soldadu guztiei, zu eta eskribaua aurrean izanik, Ebanjelioa zin egin dezatela aginduko diezu publikoki, horretarako ospatuko den Meza batean. Modu berean, Gobernadore eta Kapitain jeneral modura zure esanetara egongo diren pilotu, itsasontzietako maisu eta gainerako itsasgizonei zure agindu guztiak beti beteko dituztela eta, matxinada edo altxamendurik ez dutela egingo zinaraziko diezu, eta zurekin jarraituko dute porrotean eta garaipenean, eta inolaz ere, ez dute kexarik azalduko eta ez dute bete gabe utziko Erregearen zerbitzua eta zurekiko esanekotasuna, ez lurrean ezta itsasoan ere; hori guztiori, gezurrezko zinegite eta zitalkeriarik gabe, eta desleial eta traidore izan gabe, hala egingo balute, haien kontrako zigorrak ipini ahal izango lirateke; halaber, zure kapitainen aginduak beteko dituzte zure izenean, lurrean nahiz itsasoan, aipatutako zigorren arriskupean".

Bada hura Gobernadore eta Kapitain jeneral karguan ordezkatzeko izendapen bat.

"Altzairuzko kutxa handi samar batean gordetzen dena; kutxa horrek, gutxi gorabehera, esku-haur baten luzera eta esku eta bi behatzetako zabalera dauka, oihal batek estaltzen du eta hiru erret zigiluz inprimatua; modu horretan, ez zuk eta ez beste edozein pertsonak ez duzue jakingo, Jainkoak alboratzen zaituenean zein izango den general modura izendaturik dagoena. Eta kutxa ireki eta zure ordez aukeratu eta izendaturik dagoena ikusten duzunean, kutxa itxita eta zigilatuta ondo gorde dezazula eskatzen eta agintzen zaizu zure heriotzaren ordua iristen den arte, eta Armada horretan zurekin doazen Erret Haziendako ofizialei emateko agindua emango duzu".

Kutxa zabaltzeko ezinbestekoa litzateke eskribauarekin batera agintariak bertan izatea. Giltza behartuta egongo zatekeenez, sarrailagile batek edo errementari batek ireki beharko luke. Izendatutako pertsonak Legazpik betetzen zituen betekizun berdinak bete beharko lituzke eta hark kargua hartzean egindako kargu-hartze ekitaldia burutu beharko luke. Aukeratutako pertsona hori ere hil egingo balitz, bada kutxa txikiago bat beste Erret izendapen bat gordetzen duena, bigarren izendapen horretan ere aurreko kasuan betetzen diren xedapenak bete beharko lirateke. Bigarren kutxa horrek "etzanik seiren bateko luzera eta sei behatzeko altuera dauka eta beste hiru erret zigiluz inprimituta dago". Eta espedizioko bigarren agintari gorena hiltzen bada prozedura bera mantentzen da. Behatu den dokumentua honakoek sinatuta dago: Balderrama Lizentziatua, Ceynos Doktorea, Villalobos Doktorea, Orozco Doktorea, Basco de Puga Doktorea eta Villanueva Doktorea.

Esteban Rodriguez, Armadako pilotu nagusiak bere Zerrenda ezagunean aipatzen duenez, azaroaren 19an, igandean, bandera, estandartea eta Armadako guztiak bataiatu ziren, zin egite bidez, Miguel Lopez de Legazpi jauna jeneral modura izan eta hark agindutakoa betetzeko promes egin ostean. Hauxe dio hitzez hitz:

"Navidadeko portutik 1564ko azaroaren 21ean, asteartean atera ginen eguerdia baino lau ordu lehenago, bi itsasontzi eta galeoi txiki bat eta patatx bat; itsasontzi Nagusiak bostehun tonako pisua zuen eta "San Pedro" izendatu zen; pilotu nagusia Esteban Rodriguez huelvarra zen eta haren laguntzaile modura Pierre Plan frantziarra zihoan; Maisu gisa Martin de Ibarra bilbotarra; Kontramaisu modura Francisco de Estibarribia; Zaindari modura Lucas Aragozes; Pedro de Oliva Despentsari gisa; uretako Alguazila Santiago de Gamica zen; marinelak, itsasmutilak eta bi morroiak zenbatuz gero, hirurogeita bost pertsona. Almiranta itsasontzia "San Pablo" izenez ezagutzen zen; laurehun tonako pisua izango zuen; Almirante modura Mateo de Sas Eremu-maisua zihoan; Jaimes Fortun zen pilotua eta Trianako Diego Martinekin batera; Juan Maria zen Maisua eta Pedro Juan Kontramaisua; Jorge Zaindari gisa; Despentsari modura Cristobal Martin, uretako Alguazila Andrea veneziarra zen. Galeoi txikiak San Juan izena zuen eta laurogei tonako pisua izango zuen; Juan de la Isla zen bertako Kapitain eta Rodrigo de la Isla anaia pilotu; Julian Felipe zen Maisua eta Nicolas Rodriguez huelvarra Kontramaisu; Despentsari gisa Juan Martin, hau ere huelvakoa. Patatxak San Lucas zuen izena; berrogei tonako pisua izango zuen eta Alonso jauna zen bertako Kapitain eta Lope Martin Pilotua; Nicolas greziarra zen Maisu eta Moreto Kontramaisua; halaber, txalupa estali bat geneukan, lau gizonekin. Armada horretan guztian, bi itsasontzietan eta galeoi txikian, patatxean eta txalupan ehun eta berrogeita hamar itsasgizon eta berrehun soldadu zihoazen. Miguel Lopez de Legazpi Kapitain Jeneralarekin batera 16 jentilgizon zihoazen; Eremu-maisuarekin ehun gizonez osatutako konpainia; Andres de Ibarra zen Alferez nagusi eta Luis de la Haya Sarjentu nagusia; eta Konpainia horretako Alferez modura Pedro de Herrera jauna eta Juan de Morones Sarjentu gisa; Martin de Gilete Kapitainarekin laurogeita hamar soldaduz osatutako beste konpainia bat zihoan; Franciso Ramirez Alferezarekin eta Gutierrez Sarjentuarekin. Berroren Maiestatearen ofizial modura: Guido de Labazaren diruzaina eta Andres de la Rochela kontularia; Mirandaola Faktore gisa".

Legazpik, bere onurabideetako batean, Itsasontzi Nagusiaren eta Almirantaren izenak aldatu zituela adierazi behar da.

Azaroaren 26an, igandean Armadako eskribauak, Hernando Riquelek, jeneralari eman zitzaion argibidea irakurri zuen, Navidadeko portutik ehun itsas legoako distantziara urrundu arte ez irekitzeko aginduarekin. Aurreko Argibideen berrespena eta, Lopez de Villalobosek markatutako norabidea jarraituz, zuzenean Filipinetara joateko Agindua barneratzen ziren agiri horretan.

"San Lucas" patatxa bi makilaz osatutako itsasontzia zen, antzina gerrarako baliatzen bazen ere, ontzietara oharrak eramateko, kostaldeak ezagutzeko eta portuetako sarrerak babesteko zeregina zuen Legazpiren Armadaren (abia bizian joatea atsegin zuen) zerbitzura. Patatxa gehiegi urruntzen ari zen. Legazpik itsasontzi nagusitik itsas legoa erdira baino gehiago ez urruntzeko agindua eman zion. Pilotuak abiadura ezin zela baretu erantzun zion, bestela itsasontzia okertu eta urez beteko baitzen. Ezinbesteko norabide-aldaketak aurreikusita zeuden, hala, jeneralak halakorik gertatzen bazen zer egin behar zuten adierazia zien: "Bederatzi gradutako kokapenera itzuli eta ikusten zuten lehenengo portuan geratu hamar egunez. Egun horiek igarota Armada oraindik iritsiko ez balitz, kokapen berari jarraiki abiatu beharko ziren, aurrez begi-bistan gurutze bat utzi ondoren eta haren azpian txongila. Txongilean gertatutakoaren eta hartutako itsasbidearen berri emango zuen gutun bat gorde beharko zuten". Azkenean, patatxa galdu egin zen eta bere kabuz nabigatu zuen. Mexikora itzuli eta amaiera txarra izan zuen.

1565eko urtarrilaren 22an, astelehenean, eguerdia baino lehenago lurra ikusi zuten eta pilotuek Filipinetara iritsi zirela uste izan zuten. Baina Aita Andres de Urdanetak esperientzia gehiago zuen eta paraje haiek hobeto ezagutzen zituen, izan ere, ez zen han geldialdia egiten zuen lehen aldia. Hark esan zuenez Lapurren irletara iritsi ziren, Guamera. Eta halaxe zen, izan ere, han porturaturik zeuden itsasontziek Urdanetaren begietara ezagun ziren haize-oihal latindarrak zituzten. Era berean, branka eta poparik gabeko kanoak ere ezagutu egiten zituen, abiadura eta maniobrarako gaitasun itzelekoak. Oihu ozenen bidez itsasontzien inguruan pilatzen ziren, haien lurretara joateko gonbitea eginez.

Legazpiren bandoa. Horrela aldarrikatu zen: Armadako inork.

"ez zezala haren baimenik gabe lurrera jauzi egin eta jauzi egiten zutenek indarra erabili gabe eta bertakoei inolako kalterik eta irainik egin gabe eta ezer hartu gabe egin zezatela, ez hornigairik eta ez beste ezer; halaber, ez zezatela haien ereindako lurrik eta laborantza-lurrik ukitu; ez zezatela palmondorik ez eta beste zuhaitzik moztu; eta inolaz ere eta ezertarako ez zezatela harremanik izan bertakoekin, ez bazen Berorren Maiestatearen Ofizialen agindupean, haien mende baitzeuden; hori eginez gero zigor larriak izango zituzten eta halakorik onartzen zuten Kapitainei ere zigorra ezarriko zitzaien, zegokion kargutik kenduz".

Asteartean, egunsentian natiboek (400 baino gehiago) itsasontziak inguratu zituzten behin eta berriz haien lurretara joateko gonbitea eginez, ziotenez, zer jan ugari zutela eta. Itsasontzietan koko lehor eta berdeak, banana berdeak, patatak edota arroza zeramaten, baina guztia egoera txarrean. Horrez gain, armak ere bazituzten: "makila sorta tiranteak eta arrautzaren formako habaila eta harriak". Zerrendan haien itxura deskribatzen da.

"Biluzik ibiltzen dira, gorputzeko zati bakarra ere estali gabe: sendoak dira, gihartsuak eta mardulak, dirudienez indar handikoak; halaber, emakumeak oso altuak dira eta iztarretik lotutako lokarri batekin estaltzen dira soilik, eta lokarri horretan belar pixka bat edo zuhaitzetako hostoak jartzen dituzte gorputzeko zati ahalkegarriak estaltzeko, batzuk palmondoaren hostoz egindako petate batekin estaltzen dituzte. Ile luzea solte daramate, garondoan bildua".

Inork ez zuen itsasontzietara sartu nahi izan. Marinelek elikagai gehiago ekartzeko erregutu zieten eta.

"Petate zaharrak ekartzen hasi ziren, itxura batean, gutxi gorabehera hiruzpalau almute zituzten arroz-fardelak, eta iltze handien truke ematen zuten guztia; eta ez ziren itsasontzietan sartzen, izan ere, guztia lokarri batekin lotuta jaurtitzen zuten barnera eta lokarri horretan iltzea, horrekin nahikoa zuten; lokarri berean arroz-fardela lotzen zuten, eta areaz betetako hainbat fardel jaurti ziren, bakoitzean bi behatz arroz egongo ziren iruzurra estaliz, beste batzuk tartean belarrak eta harriak ezkutatzen zituzten fardelak pisua har zezan, eta horrelako trufa ugari eta barregarri egin zituzten".

Ikusten dugunez, umore bitxi eta onuragarria zuten. Dena den, mesfidantzak eraginda, harrika egindako erasoak izan ziren eta baita hildakoren bat ere.

1565eko otsailaren 5ean, larunbatean ontzidiak sartalderanzko (Filipinetarantz) bidea hartu zuen. Hortik bi egunera, artxipelagoaren kanpoaldean zegoen Samar irlara iritsi ziren, Guamerako norabidean. Legazpi-Urdaneta bikoteak, orduan zela 45 urte Magallanes-Elcano bikoteak egindako ibilbidea jarraitu zuen, neurri batean. Andres de Ibarra alferez nagusiak islaren jabetza hartu zuen. aldez aurretik indigena nagusi batekin adostu ostean, horretarako errituak eginez. Legazpiren trataera egokia bazen ere eta hainba topari banatu ziren arren, hornigaiak pilatzeko ahalegin baketsuek porrot egiten zuten. 1565eko otsailaren 20an ontzidia itsasoratu egin zen berriro ere eta hurrengo egunean Leitera iritsi ziren. Bertakoen harrera zakar samarra izan bazen ere, Legazpik lurralde hura nagusitasun handiz eskuratu zuen eta zegokion akta idatzi zuen. Goiti kapitainak, Urdanetak eta eremu-maisuak hainbat esplorazio egin zituzten eta haien ondorioz, Carvallan izeneko portua topatu zuten. Martxoaren 5ean iritsi ziren hara. Hornigaien arazoa larria zen oraindik ere. Politika baketsua soilik Boholen izan zen arrakastatsua.

Apirilaren 21ean Legazpik Armadako agintariekin bilkura bat antolatu zuen, Pazko-igande bezperan. Neguan kanpamentua finkatzeko leku aproposa bilatu behar zen. "Guztien artean eztabaidatu ostean, azkenean Zubura abiatzeko erabakia hartu zuten. Lurralde hartan biztanle asko eta elikagai asko zegoen. Baina, "jeneralak nahi bezala, lur hartako biztanleek ohiko eta bidezko salneurrien truke hornigairik eman ez eta gure lagun izan nahi ez balute, gerra justu bat hasi ahal izango genuke". Interpretearen laguntzaz, Legazpik Tupasi, Zubuko errege edo nagusiari etengabe bakean eta laguntasunez izateko asmoa azaldu eta Gaztelako erregearen opari bat zekarrela adierazi zion. Tupas segada baten beldur zen, izan ere, bere aita oturuntza faltsu batetan engainatu eta Magallanesekin espedizioan zihoazen hogeita hamar pertsona hil zituzten. Buruzagi natiboa ez zen ausartu Legazpiren itsasontzira igotzen. Aitzitik, 2.500 gizon bidali zituen kostaldera eta txalupetara gerrarako presta zitezen. Alde guztietatik zetozen armen mehatxuak: "burdinazko lantza luze eta zorrotzak, tiradera ugari, ilaunak, alfanje txikiak"... Lehen lerroko zalaparta horren erdian, herriko jendea "korrika eta presaka zebilen fardelak atera eta etxe artean zebiltzan urde, ahuntz eta oiloak jasotzen". Legazpik enbaxada bat bidali zuen lur gainera bakea ezarri eta laguntasun harreman iraunkorrak finkatzeko asmoz. Hirugarren enbaxadak porrot egin zuenean, Legazpik hiru bateli lehorreratzeko agindua eman zien. Eremu-maisuaren, Goiti kapitainaren eta Juan de la Islaren aginduetara zeuden batel horiek. Halaber, beste batel bat bidali zuen, bere konpainiako jentilgizonekin. Itsasontzi nagusiak txalupen aurka su egin zuen. Txalupa horiek itsaso haietan ibiltzen ziren junguen antzeko ontzi txikiak ziren. Almiranta eta San Juan itsasontziek herriaren kontra egin zuten. Ez zuten borrokarako kiderik topatu, izan ere, natiboak korrikalari arinak ziren eta ihes egin zuten elikagai guztiak hartuta. Sabaiak lastozkoak zirenez, ehun etxe inguru erre egin ziren. Baina armadak oraindik ez zuen hornigairik eskuratu. Ia herri guztiak ihes egin zion suteari eta herria okupatu eta goitik behera arakatu zuten "eta ez zuten hornigai modura baliatu zitekeen gauzarik topatu ezta garrantzizko gauzarik ere; lapikoak, treskak, zerbitzurako pegarrak, eta artatxikiren bat eta arroza apur bat, besterik ez".

Tupas eta Legazpik odol tantak isuri zituzten bakea ziurtatzeko. Gertaera azpimarragarri gisa zera aipa daiteke: txabola batean Jesus haurtxoaren irudi bat aurkitu zutela; itxura batean, txabola hartan esklabo bat bizi zen, Juan Camuz marinel bermeotarra, hain zuzen. Dirudienez Magallanesen espediziotik iritsi zen hara. Flandesko irudi bat zen, pinuzko kaxa baten barnean zegoena. Gaur egun, Agustindarrek Cebun eraiki zuten elizan gurtu egiten da irudi hura, Jesus haurtxoaren Idorokundearen izenpean. Maiatzaren 8an gotorlekuaren diseinua taxutu zen, behin betikoz bertan finkatzeko xedez. Aipatutako gertaerak ikusita, Tupas erregea Legazpi gobernadorearekin elkartu zen Tamuñanekin batera. Bilkura hura itsasontzi Nagusian egin zen. Halaxe dio Zerrenda Anonimoan (nahiz eta Lazcano idazkariak idatzi zuela uste den): "Gobernadoreak bularrean odola egin eta katilu batera isuri zuen. Tupas eta Tamuñanek ere gauza bera egin zuten. Ondoren, hiruren odola ardo pixka batekin nahastu zen eta hiru edalontzitan banatu zuten. Hirurek batera edan zuten bakoitzari zegokiona". Gero, Legazpik Magallanesen garaian jazotako gertaerak gogorarazi zizkion eta Gaztelako erregearen boterearen berri eman zion (Kristautasuneko erregerik errukitsu eta nagusiena haren ustetan) eta haren mendeko gisa zuen eginbeharra azaldu zion.

Egoera kaskarrean finkatu zen zen baina helburu hori erabakigarria zen egitekoak arrakasta izan zezan. 1565eko ekainaren 1ean "San Pedro" itsasontzia Cebutik itsasoratu zen Felipe de Salcedo Legazpi buruan zela. Frai Andres de Urdaneta kosmografoari zegokion zein norabide hartu behar zuten erabakitzea. Lau hilabeteko itsas bidaia izan zen. Eskorbutuak esfikaia astindu zuen eta aingura botatzeko ere indarrik ez zen geratzen. Urriaren 8an iritsi ziren Acapulcora. Legazpik jentilgizonen konplota geldiarazi behar izan zuen. Batzuek gobernadorearen zerbitzuan egoteari uko egin zioten eta beste batzuek soroak erre zituzten. Gertatutakoa aitortu ondoren, errudunak urkamendira bidali ziren. 1566an "San Geronimo" galeoia Mexikora iritsi zen. Hark ezarri zuen jarraitu beharreko ibilbidea. Beranduago, 1566ko azaroan "San Juan" itsasontzia iritsi zen. Urdanetak zabaldutako bide berriak egokia zirudien eta Legazpiren egoera sendotu zuen. Azken hori portugaldarren aurka agertu zen irmo eta artxipelagoaren batasuna antolatu zuen Filipinetako irlen izenpean. Izen hori 1565etik aurrera hasi zen erabiltzen. 1571ko ekainaren 24an Manila hiria eraiki zuen, Escorialeko proiektua burutu zuen Herreraren planoei jarraiki. Txiro hil zen, konfiantzazko gizonez inguratuta, Legazpiren aberriko semeak. Felipe IIak biziarteko gobernadore eta Filipinetako Kapitain jeneral izendatu zuen eta 2.000 dukateko ordainsaria ezarri zion, baina Legazpik ez zuen Erret Zedula hura gozatzerik izan. Malinan monumentu bat altxa zen haren omenez. Bertan Frai Andres de Urdanetaren aldamenean ageri da Legazpi.

1947an Jose de Arteche idazleak Legazpiren oinetxearen egoera kaskarra salatu zuen, erortzear baitzegoen. Zumarragako Udaleko idazkariari, Marcelino Ocariz Izaguirre jaunari galdegin ostean, 1964an eraberritu egin zela aipatu zuen, Legazpiren bidaiaren 4. mendeurrena aitzakiatzat hartuta. Castiella ministroa, Filipinetako enbaxadorea eta Gipuzkoako beste hainbat agintari bertaratu ziren mendeurren horretara. Halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiko idazkariak, Mariano Ciriquiain Gaiztarrok gaur egun dagoen museoaren instalazioan izandako parte hartze aktiboa azpimarratu behar da. Horrez gain, Zumarragak bere seme txit gorena ohoratu zuen haren omenezko monumentu bat ezarrita. Eta udaletxean moja ezezagun batek egindako Legazpiren erretratua ikus daiteke.

  • S. I. Miguel López de Legazpi, escribano de Areria. BRSVAP, 1 eta 2 Koadernoak. XXX. urtea, S. S., 1974, 257. or.
  • Tellechea Idigoras, J. Ignacio: Papeles Viejos, S. S., 1968
  • Núñez Cabeza de Vaca, Alvar: Naufragios y comentarios, Austral bilduma, 304. zenbakia, Madril, 1942
  • Uncilla y Arroitajauregui, Fr. Fermín de: Urdaneta y la conquista de Filipinas. S. S., 1907
  • Ispizua, Segundo de: Historia de los vascos en el descubrimiento, conquista y civilización de América, Bilbo 1915, 6 liburuki. II. liburukia, VII. kapitulua, "De América al Asia". IX. kapitulua, "Los vascos en Filipinas"
  • Arteche, José de: Legazpi. Historia de la conquista de Filipinas. Zarautz, 1947
  • Gorosabel, Pablo de: Diccionario Histórico-Geográfico-Descriptivo de los Pueblos, Valles, Partidos, Alcaldías y Uniones de Guipúzcoa. Bilbo, 1972. Lehenengo edizioaren edizio fasimila. Tolosa, 1862, 652-658. or.
  • Esteban Rodríguez pilotuaren Relación.... In "Colección de Diarios y Relaciones...", op. cit.
  • Era berean, Rodrigo de Espinosarena ere begiratu dugu eta baita ustez Legazpiren idazkariarena, Lazcanorena dena ere (erreferentzia anonimoa). Orobat, aipatutako pilotuen ondorengo adierazpenak eta Felipe de Salcedo Legazpi eta Frai Andre de Urdaneta kosmografoaren gidaritzapean Francisco de Astigarribia kontramaisuak "San Pedro" itsasontzian Mexikorako itzultzera bidaian egindako adierazpenak ere begiratu ditugu. 464-486.