Kontzeptua

Inko

Jainkoaren euskal izenetako bat da, Ainhoako (Lapurdi) hizkera herrikoian. Deitura hau eta horren aldaera den Inka zin egiteko erabili izan ohi da batez ere: "Ala Inka!" edo "Ala Inkoa!". Uste da Baztanen, Nafarroa Beherean, Zuberoan eta Salazarren erabilitako Jinko izenaren aldaera bat dela.

Ziurrenik, Inko aldaera hedatuago zegoen aurreko garai batzuetan. Izan ere, Andra Mari baselizan (Abadiño), XIII. mendearen aurreko disko-formako estela batean Jauninco idatzita dator, eta garai bereko antzeko beste inskripzio batzuetan, Jainkoaren latindar izena agertu ohi da toki horretan. Honela dio: Jauninco Ne ego leino [Jauninco / (nomi) ne ego / leino]. Horrela, gaur egungo Jaungoiko izena Jauninko eta Jainko izenen interpretazio herrikoia izango litzateke.

Inko elementuak zerutar esan nahi badu, Jaunzeruko (zeruen jauna) izenaren ordezkoa izango litzateke, eta horrela deitzen zaio Jainkoari, Ataungo eta beste herri batzuetako kanta herrikoietan.

Erref. Basanta, J.; Antonio y Tovar, Antonio: "Una antigua inscripción vasca con el nombre de Dios", Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Buletina, 1952, 181-183 orr. J. G.: "El nombre de Dios en lengua vasca", Príncipe de Viana, 69. zk., 527. or.