Arkitektura

Kursaal Zentroa. Donostia

Kursaal Jauregia Donostiako auditorioa eta biltzar jauregia da, Rafael Moneo arkitekto tuterarrak eraikia. 1999 urtean inauguratu zen. Auditorio, Ganbara areto, erakusketa gela eta areto erabilera-anitzez osaturik, bertan dute egoitza nagusia Donostiako Nazioarteko Zinemaldiak ala Musika Hamabostaldiak besteak beste.

Rafael Moneo Tuteran jaio zen (Nafarroan). Arkitektura ikasi zuen, Madrilen (1961), eta aldi berean Saenz de Oiza-rekin lan egin zuen. Aurrerago, Jorn Utzon-ekin aritu zen, Danimarkan (1961-1962). Irakaskuntzan ere lan handia egin du: Bartzelonako Arkitektura Eskolako Konposizio-katedra, eskolak eman ditu New Yorken, Lausannen, Princetonen eta Harvarden; eta 1985-1990 urteetan Graduate School of Design eskolako dekano izan zen.

Nazioarteko sari ugari jaso ditu, horien artean Arkitekturako Pritzker Sari entzutetsua. 1996an Gainera Nazioarteko Arkitekto Elkargoaren Saria, Espainiako Gobernuko Arte Ederren Urrezko Domina eta Vianako Printzea Saria ere jaso ditu. Kursaal da sari gehien jaso dituen obra. 2001ean Europar Batasunak ematen duen Mies van der Rohe Arkitektura saria eskuratu zuen.



Kursaal terminoak Kur (sendatu) eta Saal (gela, egongela) hitz alemanetan du jatorria eta etimologikoki "sendaketa-gela" da bere esanahia. Kursaal ala Kurhaus Europako erdialdeko balneariotako elementu tipikoa zen, eraikin erabilera anitza. Beranduago, Kursaal terminoa antzeko funtzioak betetzen zituzten kostako hirietako eraikinetan erabili zen, jolas kasinoetara lotuta gehienetan.

Gran Kursaal eraikina 1921eko abuztuaren 15ean inauguratu zuten eta mendeko lehenengo laurdenaren, obra nagusienetako bat izan zen hirian. Eraikuntzak, Belle Epoqueko aisirako hiri kosmopolita oso ongi irudikatzen zituen.

1924ko urriaren 31.ean, Primo de Riverak jokoa debekatzea erabaki zuen eta kasinoak bere ateak itxi zituen. Gran Kursaal bestelako jarduerak egiteko behin behineko egoitza bezala erabili zuten, 1972. urtean, jabeek eraikuntza eraistea erabaki zutenera arte. Orubea, konpondu gabeko arazoa izan zen bi hamarkadatan baina azkenean herriak jabetza lortu eta hiriari Auditorio bat eta Kongresu Jauregia emateko aukera sortu zen.

1973ko Gran Kursaalaren eraisketarekin 1975ean eraikin berria egiten hasi ziren baina obra gelditu egin zen eustorma eta zimenduak eraiki bezain pronto. K deituriko orubea libre geratu eta hutsik egon zen 20 urtez. Tarte horretan, K orubea esku pribatutik publikora pasa zen.

1989.urtean nazioartean ospetsu ziren sei arkitekto deitu zituzten: ario Botta, Norman Foster, Arata Isozaki, Rafael Moneo, Juan Navarro Baldeweg eta Luis Peña Ganchegui. Azkenik 1990ean Rafael Moneorena aukeratu zuten sei proposamenen artean.

1991 eta 1994 bitartean proiektua idatzi zuten eta 1995ean obrei hasiera emateko behin betiko onarpena lortu zuten. Obrak urte horretako maiatzean hasi eta, prozesuan zehar zenbait arazo sortu ziren arren (finantziazio arazoak eta barneko eskailera batzuen erorketa), 1999an amaitu ziren.

Kursaal Zentroa Groseko ondartzaren aurrean kokatzen da, Urumea ibaiaren itsasoratzearen ondoan, itsasoari irabazitako orubean, 1973.urtan eraitsitako Gran Kursaal eraikinaren (1921) toki berean. Zurriola hiribidea, 1. 20002 Donostia (43.3243°N 1.978°W). Mies van der Rohe Europako Arkitektura Garaikideko Sariarekin saritua izan da. Hau Europa mailan ematen den garrantzitsuena da eta Kursaalari eman zioten proiektuaren "izaera bikaingatik" eta "berrikuntza kontzeptual, estetiko, tekniko eta konstruktiboagatik".

Beira zeharrargizko bi prisma nagusiz osatua dago, harrizko plataforma oinarri dituela. Prismek mendietara begiratzen dute, Urgull eta Uliara, hiriarekin baino naturaren zati balira bezala. Beira zeharrargizko horma bikoitzez osatuak daude eta egitura metalikoan eusten dira. Beirazko hormen tartean argiztapena kokatzen da eta gauez pizten dira eraikinaren nortasun publikoa azpimarratzeko. Prisma hauetako bakoitzak areto bat du barnean, zurezko oholez estalia: kubo handian, ibaiarekiko paralelo dena, 1800 ikusle har ditzaken auditorio/antzoki bat dago. Kubo txikian, berriz, 600 lagun sartzeko moduko ganbera-musikarako areto/biltzar-jauregia.

Bi kuboen artean, itsasoaz gozatzeko terraza zapalgarriez osatutako plataforma batzuk sortzen dira, itsasora ala Urumea ibaira begira. Terraza hauetan ospatzen dira besteak beste Donostiako Jazzaldiko ala Aste Nagusiko zenbait kontzertu eta ekitaldi. Bestalde, hirirantz sarrera nagusiak, dendak eta erakusketa aretoak irekitzen dira, Zurriola hiribideari kale giroa emateko. Eraikinaren gainerako espazioan (sotoak eta plataforma), erakusketa-areto bat, erabilera anitzeko areto bat, jatetxea, dendak, aparkalekuak eta abar egin dira.

  • Auditorioa.

Prisma handian kokatuta dago, Urumea ibaitik hurbilen dagoenean. Ikuskizun nagusiak bertan egiten dira: Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren emanaldiak, Zinemaldiko film ofizialak eta abar. Hasiera batean Moneok jasotako enkargua Auditorioa egitea izan bazen ere, txapelketa irabazi ostean opera ekitaldiak ere emateko gai izango zen antzokia enkargatu zioten. Auditorioak 1806 besaulki ditu.

  • Ganbara Aretoa.

Prisma txikian kokatua dago, 624 pertsona sar daitezke eta biltzar eta kontzertu txikietarako erabiltzen den 120 metro karratuko agertokia da. Balioanizduna da, kongresu, konbentzio eta formatu ertaineko bileretara, nahiz ganbara musika kontzertuetara egokituz.

  • Erabilera Anitzeko Bilera Aretoak.

Modulagarri diren areto hauek (20 aukera desberdin daude 10 eta 575 pertsona bitartean sar daitezken aretoak osatuz) era guztietako enpresa ekitaldiak ospatzea ahalbidetzen dute: asanbladak, konbentzioak, jardunaldiak, mintegiak, mahai-inguruak, produktuen aurkezpenak edo prentsaurrekoak besteak beste.

  • Erakusketa Eremuak. Kubo Aretoa.

Gipuzkoa Donostia Kutxaren erakusketa areto nagusia da. Bestalde, eraikinaren 5000 m² baino gehiago, erakusketak antolatu eta stand-ak edo azokak zein produktu aurkezpenak egiteko erabiltzen dira.

  • Terrazak.

5.000 m² baino gehiagoko azalera duten kanpo terraza irekiak, itsasoari begira eta Urumea ibaiaren itsasoratze ondoan daude. Bertan egunez zein gauez era guztietako jaiak ospa daitezke.

  • Aparkalekuak. Merkataritza.

Jauregiak beheko plataforman 500 ibilgailurentzako aparkalekua, merkataritza gunea, jatetxea eta hall eremua osatzen duen sarrera nagusia ditu.

Donostiako paisaian eta estilo klasiko frantsesean izan zuen lehen inpaktua ez zen oso ona izan donostiar gehiengoaren artean. Donostiako eraikinetan nabarmentzen den hareharria eta hauen forma klasiko eta ornamentala ez zetorren bat kristalezko Kursaalaren marra zuzen eta forma geometrikoekin. Dena den, gaur egun donostiarren gehiengoak gustuko du eraikina, hiriaren ekonomian, turismoan ala kultur arloan izan duen eragin positiboa dela eta.

  • Arquitectura Viva 66. Mayo-Junio 1999.
  • Arquitectura Viva Monografías. 81-82. España 2000 Anuario.
  • BOTTA, Mario. Seis propuestas para el Solar K de San Sebastián. San Sebastián: Ayuntamiento de San Sebastián, 1991.
  • Donostia Kultura. [Web] [Kontsulta data: 2012ko uztailaren 16].
  • Fundación Kursaal [Web] [Kontsulta data: 2012ko uztailaren 16].
  • ingeba.org. [Web] "Rafael Moneo. Kursaaleko Biltzar Jauregia eta Auditorioa" [Kontsulta data: 2012ko uztailaren 16].
  • MONEO, Rafael. De la Fundació a la Catedral de L. A. : 1990-2002. [Exposición] Fundación Pilar i Joan Miró a Mallorca (marzo a junio de 2002) y Colegi Oficial d'Arquitectes de les Illes Balears (marzo a mayo de 2002). Palma de Mallorca: Fundació Pilar i Joan Miró; Colegi Oficial d'Arquitectes de les Illes Balears, 2002.
  • soloarquitectura.com [Web]. "Rafael Moneo". [Kontsulta data: 2012ko uztailaren 16].