Pintoreak

Guiard y Larrauri, Adolfo

Pintore bizkaitarra. 1860ko abuztuaren 10ean jaio zen Bilbon eta bere sorterrian hil zen 1916ko martxoaren 8an.

Isidoro eta Anselmo pintoreen aita izan zen. Antonio Maria de Lecuona eta Ramon Marti y Alsina maisuekin egin zituen ikasketak. Paris (1878) eta Londresera bidaiatu zuen eta hainbat egonaldi egin zituen hiriburu horietan. Artista buhame eta kezkatsua izan zen. Pintura apaingarria lehenetsi zuen. Hala, hainbat enkargu jaso zituen eta, era berean, euskal eraikin askotan paratzeko beirategietako kartoi ugari egin zituen (Bilboko Arte Ederretako Museoa). Bere artegintzaren barruan Sociedad Bilbaína delakoak 1887an eskatuta pintatu zituen En la terraza eta Cazadores mihiseak eta La siega eta La promesa margolanak dira bere obra adierazgarrienak, azken biak Bilboko Sota familiaren bilduma itzelean kokatzen dira. Obra, marrazki, akuarela, auto-erretratu, erretratu, olio edota apunte ugari egin zituen eta baita proiektu asko ere. Bere estiloari buruz zera aupatzen zuen Unamunok:

"Guiarden pintura-artean ertza nagusitzen da; bere irudiak siluetak dira. Margolan gehienak txikiak dira eta pintura baino gehiago marrazki argituak direla esan daiteke. Lehenengo irudia marrazten zuen eta, ondoren, kolorea ematen zion, ardura osoz. Kolore arin eta gardena. Guiarden irudi humanoak naturalak dira. Naturaren baitakoak direla esan nahi dut, zuhaitz bat bezalaxe. Irudi humano begetatiboak dira eta udaberriko berde freskoz hornituak, ahalik eta gutxien nabarmendu nahirik ez. Bizitasuna duten gizonak dira, apaingarriak eta sinpleak, abanikoetako txinatarrak bezalaxe"; (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Hermes, 1918.

Zuloagaren ustez, euskal pintura berezitu baten sortzailea zen:

"Hari zor diogu, ia euskal artista guztiok, gure obrak izan dezakeen independentzia eta izaera"; (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Eta Juan de la Encina kritikari bikainak berretsi egiten du hori:

"Gaztaroan Parisetik ekarritako ernamuinak, hemen Pariseko bestelako ekarpenik gabe garatu ziren. Bere artea, beraz, etengabeko bilakaeran murgildu zen, baina beti norabide berean eta zuhurtzia handiz. Horretan ere Guiard bere herrialdearen ordezkari izan zen, eta garai batean Parisen lehenesten ziren arte eta joerak ekarrita, arte-forma berrietako joerak ere ekarri zituen. Horrela, gure artegintza txikian ikuspegi guztiak barneratu zituen. Haren atzetik etorri ziren artista guztiek (Anselmo Guinea salbuetsita, inork ez ziolarik haren arteari ezer zuzenean ematen), berehala Bilbon finkatu zen Guiarden ildo modernoei jarraitu zieten. Gure nabigatzaileek oso antzinatik munduko eremu guztiekin lotura fisikoa ezarri duten moduan, ezarri zuen berak etengabeko lotura ekoizpen artistikoaren foku moderno bizi eta anitzagoarekin. Ordutik, euskal arte deritzonari Frantziako arte modernoaren eragina dario" ; (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Hermes, 1918.

Alborengoak jota hil zen. 1927an Bilboko hiriak banku-iturri sinple bezain artistiko bat eskaini zion hiriko parke batean.