Kontzeptua

Korrika

Korrika, Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak (AEK) antolatuta, Euskal Herri osoan zehar egiten den euskararen aldeko lasterketa erraldoia da. Euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta gau-eskola zein euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea ditu helburu.

1980an Euskal Herria Oñatitik Bilbora zeharkatu zuen 1. korrika antolatu zenetik, euskararen alde antolatzen den ekitaldirik jendetsuena eta garrantzitsuenetakoa da eta euskararen herria, euskararen eremua, puntatik puntara zeharkatzen duen bakarra, zatiketa administratiboen gainetik.

Korrika hasi eta amaitu arte, lekukoa eskuz esku eta kilometroz kilometro pasatzen da korrikalarien artean. Guztion arteko lana da, beraz, lekukoa helmugaraino helaraztea, guztion parte hartzea eskatzen duena; eta eskuz esku doan lekukoak, horrez gain, elkarren arteko transmisioa ere iradokitzen du. Lekuko horren barruan korrika helmugara iristean euskaldun ezagun batek irakurriko duen mezua doa, ordura arte sekretupean gordetzen dena. Lekukoa bera artelan bat da izatez, 1980an Remigio Mendiburu eskultore ezagunak korrikarako espresuki diseinatu eta eginiko artelana. Lekukoa zabaltzeko moduan egina dago eta bere barru hutsean sarturik joaten da bukaeran irakurtzen den mezua. 1995ean, 9. korrikaren atarian, Euskal Herria 8 aldiz zeharkatu ondoren eta guztiz hondatu baino lehen, AEK-k San Telmo Museoari eskaini zion Remigio Mendiburuk egindako lekukoa herritarrentzat ikusgai egon zedin eta ordezkoa Juan Gorriti eskultoreak egin zuen, aurrekoaren kopia dena.

Esan bezala, korrikak helburu bikoitza du eta helburuok betetzeko hainbat tresna erabiltzen ditu, hala nola, hainbat mota eta koloretako kartel, mezua eta korrika bakoitzaren nondik norakoak azaltzen dituen dossierra, prentsa iragarkiak, hitzaldi informatiboak... helburu sustatzailea betetzeko asmoz eta korrika lagun euskarria (denda eta tabernetan erakustekoa), karteleria eta ekitaldien sponsorizazioa, kilometroen salmenta, herri eta auzoetako kaleetan egiten den egun beteko diru bilketa... helburu ekonomikoa betetzeko asmoz.

Ehunka mila lagun izan dira parte-hartzaileak korrikaren edizio guztietan. Korrikaren inguruan sortzen den mugimenduak Euskal Herriko jendarteak bere hizkuntza berreskuratzearen alde egindako hautua erakusten du. Euskal Herriko jendartea astintzen duen gertakari bilakatu da bi urterik behin egiten den korrika. Lasterketan parte hartzen duen jende kopuruak gora egiten du etengabe, korrikaren antolaketan milaka lagun aritzen da herriz herri eta auzoz auzo eratutako batzordeetan, eta kanpainak irauten duen bitartean ehunka jaialdi, kultur ekitaldi eta abar antolatu ohi dira.