Kontzeptua

Korrika

Lehenengo KORRIKA 1980ko azaroaren 29an hasi zen Oñatin eta 1820 kilometro (lekuko aldaketa) egin ostean, Bilbon bukatu zen urte bereko abenduaren 7an.

Handik aurrera 182 ordu KORRIKA EUSKAL HERRIA! lelopean.

Oñatiko Unibertsitateko ateetatik abiatu zen lehen Korrika eta lekukoa martxan ipintzearen ardura Jose Mari Satrustegi euskaltzainak izan zuen. "0 kilometroa" egin zuen Satrustegi jaunak, baina ez zen bakarra izan, Oñatiko Txantxiku ikastolako lau haurrek hartu baitzuten lekukoa bere eskuetatik. Ondoren, garai hartan gipuzkoar herri horretako alkate eta Eusko Jaurlaritzan Barne kontseilari orde zen Eli Galdos jeltzaleak hartu zuen lekukoa.

Bilboko azken kilometroa, AEKren Batzorde Nazionalak egin zuen, ordutik egin diren korrika guztietan bezala.

Korrikaren lehenengo ediziotik erabaki zuten AEK-koek edizio bakoitzean euskararen eta irakaskuntzaren alorrean nabarmendutako norbait omentzea, eta euren irakasle eta irakasleen irakasle izandako Xabier Peña Albizu hautatu zuten lehenengoan.

Lekuko barruan zihoan mezua Rikardo Arregik 1966ko ilbeltzaren 17an Euskaltzaindiari idatziriko eskutitza zen. Bertan Arregik Euskaltzaindiari Alfabetatze saila sor zezan proposatzen zion, jendeak euskaraz irakurri eta idazten ikastea ardura nagusi baitzuen.

Honen harira sortu zen sortu korrikaren inguruan izan diren polemiketako lehena. Lekuko barruan zihoan mezua, Oñatitik Bilborako bidean galdu zen nonbait. Bilbora helduta, jatorriko mezua galdua zela konturatu zirenean antolatzaileak, gordeta zuten fotokopiaren bila hasi ziren. Baina bitartean, amaiera ekitaldia ez eteteko, egitarauan ondoren zetorren AEKren diskurtsoarekin hasi ziren. Julen Kaltzadak irakurri zuen. Aurreikuspen guztiak gainditu zirela aipatu zuen, eta AEK-k kanpaina berriarekin zituen helburuak aletu ostean -adineko jende heldua kontzientziatzea; AEK euskara erakusteko gai den erakundea dela ezagutaraztea eta; publikoa, ofiziala, autogestionarioa eta zazpi herrialdetakoa izan behar duela-, korrikaren amaiera festan egoterik ez zutenak ekarri zituen gogora. "Euskal Herriaren alde lan egitearren bizia galdu dutenak. Euskal Herriaren alde lan egitearren kartzelan usteltzen daudenak. Komisaldegietan torturak sufritzen dituztenak, torturak hartuko dituzten beldurrez angustiaturik daudenak... Gora Euskadi Askatuta! Gora Euskadi Euskalduna! Gora langileria! Gora langileri euskalduna!" oihuekin amaitu zen hitzaldia. Ondoren eman zen prentsaurrekorako, Rikardo Arregiren mezuaren fotokopia topatua zuten AEK-koek. Komunikabideetako ordezkariei banatu zitzaien, eta azaldu zuten gertatutakoa. Baina gertakizunak giroa gaiztotu egin zuen; diskurtso inprobisatuaren azken esaldiek susak piztu zituzten.

KORRIKA 2 1982ko maiatzaren 22tik 30era bitartean burutu zen. Iruñean izan zuen hasiera eta Donostian bukatu zen, lau orduko atzerapenaz bukatu ere, ibilbidea - 1822 kilometroko ibilbidea- neurtzerakoan AEK-koek izan zituzten akatsen ondorioz.

Bigarren korrika honetarako aukeratutako leloa honakoa izan zen: "AEK, euskararen alternatiba herritarra; Korrika, herriaren erantzuna euskararen alde".

Jose Maria Jimeno Jurio historialariak eman zion hasiera bigarren korrikari.

Bigarren korrika honek Rikardo Arregi omendu nahi izan zuen eta, oraingoan bai, heldu zen Donostiara Rikardo Arregik berak idatzitako eskutitza, bigarrenez sartu baitzuten AEK-koek Arregik Satrustegi euskaltzainari 1966an igorritako gutuna. Lau orduko atzerapenaz (eta urtebetekoaz) Julen Klatzadak irakurri zuen Donostiako Bulebarrean.

Lehenengo korrikaren bukaeran gertatutakoak izan zuen,hala ere, eragina bigarren korrika honetan eta hainbeste oztopo izan ziren korrikaren atarian. Korrikaren lehen edizioan amaiera ekitaldian Rikardo Arregiren mezua ez irakurri izanak asko gaiztotu zituen AEK-k Euskaltzaindiarekin eta EAJrekin zituen harremanak. 1981eko ekainaren 21ean AEK Euskaltzainditik kanpo geratu zen. 1982ko maiatzaren 14an - korrika 2 hil bereko 22an abiatzekoa zen Iruñetik- alderdi jeltzalearen Euskadi Buru Batzarrak komunikatu bat egin zuen publiko. Korrika diruz ez laguntzea eskatzen zuen komunikatuak. Horrez gain, Francisco Javier Ansuategi, Nafarroako Gobernadore Zibilak, ez zion baimenik ematen AEKri korrikak Nafarroa zeharka zezan. Azkenean, eta hainbeste gestioren ondoren, amore eman zuen eta hasierako asmoari eutsiz Iruñean hasi eta Donostian bukatu zen bigarren korrika korapilatsu bezain arrakastatsua.

KORRIKA 3k mugaren bete aldetik hasi zen, Baionan, 1983ko abenduaren 3an, 1960 kilometrotako ibilbidea egin ondoren, berriz ere Bilbon bukatzeko abenduaren 11n, "Euskaraz eta kitto!" lelopean.

Itsasuko Peio Dospital rugbilariak egin zuen lehen kilometroa.

Bilbora garaiz iritsi zen korrikaren 3. edizioak hiriburuko idazle handia omendu zuen: Gabriel Aresti. Ez zen gutxiagorako: euskaldun berria, esuakl poesia modernoaren berritzaile nagusienetakoa, bilbotarra: euskalduntze erakundearen diagnosian zehatz uztartzen zen.

1985eko maiatzaren 31tik ekainaren 9ra bitartean, Atharratzetik Iruñera, zeharkatu zuen KORRIKAk Euskal Herria, 4. aldiz, 1927 kilometrotako ibilbidea eginez.

Korrika 4rako aukeratutako leloa "Herri bat, hizkuntza bat" izan zen.

Zuberoako langabetuen batzordeen ordezkari batek hartu zuen lekukoa lehen kilometroa egiteko.

Korrika 3an lekukoa eraman zuen idazle eta pertsona handia omendua zuen korrika 4k, zendu eta hilabete beranduago: Lapurdiko Luhuson jaiotako Piarres Lafitte euskaltzaina.

5. KORRIKA 1987ko apirilaren 3tik 12ra egin zen, Hendaiatik Bilbora 2085 kilometrotako ibilbidean.

"Euskara, zeurea" oraingo honetarako leloa.

Xalbador ikastolako ikasle batek egin zuen lehen kilometroa kazkabarra gogotik ari zuela.

Korrika 5ek Balendin Enbeita, Muxikan jaiotako bertsolari handia omendu zuen eta bere seme Jonek, AEKren Batzorde Nazionalarekin batera azken kilometroa egin ondoren, kantatu zuen Bilboko helmugan lekuko barruan zetorren mezua.

Korrikaren 5. edizio honetan jaio zen gerora ezinbesteko bihurtu den korrikaren euskarrietako bat: bizkarreko ala petoa.

1989ko apirilaren 14ean hasi zen Iruñean, 2100 kilometro egin ondoren, Donostian bukatuko zen 6. KORRIKA, "Euskara Korrika eta kitto - Euskal Herriak AEK" leloa erabili zuena.

Lehen kilometroa Iruñeko Dantzarien Elkarteko ordezkari batek egin zuen.

Jose Migel Barandiaran, mende bateko korrikalaria, izan zen omendua, bizirik zegoela, korrikak omendutako lehena.

Oraingo honetan ere, EAJk eta EEk korrikari diru laguntzarik ez ematearen aldeko beraien jarrera publiko egin zuten prentsa ohar baten bidez. Hala ere, oso jarrera kontrajarriak ikusi ahal izan ziren erakundeetako ordezkarien artean eta batzuk muzin egin zieten goitik zetozen aginduei, korrikan parte hartzeaz gain, berau diruz lagunduta.

Gasteizen hasi zen KORRIKA 7 1991ko matxoaren 15ean, Baionan bukatzeko hil beraren 24ean, 2100 kilometrotako ibilbidea bete eta gero.

Lehenengo aldiz bukatu zen korrika Bidasoaz iparraldean eta bertako hainbat elkartek eta alderdik bere atxikimendua azaldu zioten publikoki.

Lehen kilometroa Abel Enbeita bertsolariak egin zuen eta azken kilometroaren (2100) azken zatia Sabin Gaztañaga, ORDUKO Bizkaiko AEKren arduradunak egin zuen, jadanik gaixo zegoena eta 1991n bertan hilgo zena.

Korrika 7k Remigio Mendiburu , lekukoaren aita, omendu zuen. 1990ean zendua, bere lekukoaz gain bere lekukotasuna ere utzi zigun.

Korrikaren seigarren edizioaren aitzakiaz 500etik gora kultur ekimen antolatu ziren Euskal Herrian. Zifra deigarria berez, bi urte beranduago Gasteiz eta Baiona artean egin zen korrika 7k oso txiki utzi zuena. Izan ere, 1.200 kultur eta kirol ekitaldi antolatu ziren zazpi herrialdeetan 1991ko edizioarekin batera, horrela, korrika 8tik aurrera errepikatu den Korrika Kulturalaren hazia jarriz.

2120 kilometro egin zituen Iruñean hasita Bilbon bukatu zen 8. KORRIKAk, 1993ko martxoaren 26tik apirilaren 4era egin zena.

"Denok maite dugu gure herria euskaraz" izan zen orduan leloa.

Korrika 8k Martin Ugalde kazetari, historialari, idazle eta kultur eragilea omendu zuen eta berarekin batera Euskaldunon Egunkariaren sortzaile taldea. Martinek berak egin zuen AEKrekin batera Bilboko azken kilometroa, biloba zaharrena ondoan zuelarik. Joxemi Zumalabe zenaren emazte eta seme alabak ere parte hartu zuten azken kilometro honetan, lekuko barruan Zumalaberen mezua baitzihoan. AEK-ko herrialde arduradun izandako Sabin Gaztañaga zenaren gurasoak ere multzo berean ikus zitezkeen.

Berritasunez beterik etorri zen Korrika 8: edizio honetan jaio zen, izen horrekin behintzat, ordutik aurrera edizioz edizio errepikatu den Korrika Kulturala kanpaina, korrika hasi baino bi hilabete aurrerago edo hasten dena eta korrikak bukatu arte irauten duena; eta edizio honetatik aurrera ezagutu ditugu korrikaren kanta eta bideo ofizialak. Lehen ere baziren ehunka ekitaldi kultural eta lehen ere baziren korrika gaitzat hartuta euskal kantari eta taldeek eginiko abestiak, baina 8.etik aurrera ageri zaizkigu, edizioro Korrika Kulturala eta Korrikaren kanta eta bideoa. 8. Korrikako kanta Tapia eta Leturiak egin zuten, Jon Sarasua bertsolariaren hitzak oinarri.

1995ean egin zen KORRIKA 9, martxoaren 17tik 26ra, Donibane Garazin hasi eta Gasteizen bukatu zena, 2150 egin ondoren.

Donibane Garaziko gau eskolako ikasle zein irakasleek egin zuten lehen kilometroa, ordurako espresuki egindako lekuko erraldoia elkarren artean eutsiz, euskararen berpizteko zuten nahi kolektiboa irudikatuz.

Donibane Garazin hasita, "Jalgi hadi euskaraz" aukeratu zuten AEK-koek lelotzat.

Mikel Laboa kantari donostiarra omendu zuen korrika 9k eta omenaldi gisa bere biografia biltzen duen liburua argitaratu zuten AEK-k eta ELKARrek, Pello Urzelaik egina. Azken kilometroan ere parte hartu zuen Mikelek, jendez gainezka zegoen Gasteizko Ama Zuriaren plazara lekukoa sartuz AEK-ko ordezkariekin batera.

10a borobila izanik, ordura arteko Korrikei omenaldi eginez edo, lehenengoaren antzeko ibilbidea eta ia lelo bera aukeratu zuen AEK-k 10. KORRIKA burutzeko.

Arantzazun hasi zen, 1997ko martxoaren 14ean eta Bilbon bukatu hil bereko 23an, "Euskal Herria Korrika!" izan zelarik leloa.

18 urtez Euskaltzaindiko buru izandako Luis Villasante izan zen omendua eta berak egin zituen hasierako metroak. Ekitaldiak bazuen emoziorik, Villasantek berak eta lekuak, Arantzazuk, euskal kulturaren garapenean izan duten garrantzia dela medio. Hasiera ekitaldian Egaña eta Lizaso bertsolarien ondoren eta AEK-ko mintzaldiaren ostean Jean Haitxelhar euskaltzainburuak, egindako lan eskertu ostean oparitxoa luzatu zion Villasanteri. Lehen metroak egin ostean, zazpi herrialdeetako ordezkari anonimoei eman zien lekukoa lehen kilometroa egin zezaten.

Bilboko Arriaga Antzokiaren balkoian bukatu zen 10. Korrika hau, azken metroak Joan Mari Torrealdaik eta AEK-ren ordezkariek egin zituztelarik, berea, Torrealdairena, baitzen lekuko barruan zetorren mezua.

1999ko martxoaren 19tik 28ra bitartean egin zen KORRIKA 11. Iruñetik Donostiarainoko ibilbidea egin zuen kilometrotan zehar.

"1+1=hamaika. Zu eta ni euskaraz" erabili zuen lelotzat korrika honek.

Eta kanpainaren ildo orokorrari jarraiki omendua aukeratzerakoan ere, hamaika omendu izan zituen 11.korrikak: hainbat giza esparru, herrialdeen ordezkaritza bermatzea eta gizon emakumeak izatea irizpidetzat hartuta honakoak izan ziren aukeratuak omendu gisa: Elgoibarko Etxepe enpresa eta Gasteizko Mendia Optika, lan munduaren ordezkari gisa; Laudioko Ikastolako sortzaileen izenean Marije Learreta, Mila Etxezarraga eta Maite Larizgoitia, Sestaoko Kueto eskolako irakasle eta guraso Argiñe Iturregi eta EHUn fisika euskaraz ematen hasi zen Joserra Etxebarria, irakaskuntzaren ordezkari gisa; Iruñeko Euskalerria Irratia, euskal komunikabideen izenean; Maitane Araguas, Mauleko gau-eskolako irakasle zuberotarra Helduen Euskalduntze Alfabetatzearen esparruko partaide gisa; Ipar Euskal Herriko Maiatz Elkartea, euskal literaturaren garrantzia aipatzeko asmoz; euskararen erabilera kirol munduan sartzeko hainbeste ahalegin egindako Jose Angel Iribar; Arantza herria, euskaraz bizi diren herriak ordezkatzeko; eta Pedro Miguel Etxenike, euskarak zientzia mundua eduki behar duen lekua aldarrikatu duelako.

1997an, aurreko Korrika egin zeneko urte berean, AEK-k eta Eusko Jaurlaritzak urteetako "gerra"ri amaiera ematen zion akordioa sinatu zuten. Akordio haren ondorioak hainbeste izan ziren eta dira, baina Korrikari gagozkiolarik, izan zuen bai, 11. Korrika honetan eragin zuzena: lehen aldiz korrikaren historian, Eusko Jaurlaritzak eta Jaurlaritza gisa Korrikan parte hartu zuen, Donostiako azken aurreko kilometroa Mari Carmen Garmendia Kultur Kontseilariak egin zuelarik lekukoa eramanez.

Azken kilometroaren azken metroak, AEKrekin batera, Ramon Labayenek egin zituen, lekuko barruan zetorren mezuaren egileak.

KORRIKA 12, 2001eko martxoaren 29an hasi zen Gasteizen apirilaren 8an Baionan bukatzeko, globalizazioaren milurtekoaren hasieran "Mundu bat euskarara bildu" lelotzat erabiliaz.

Gasteizen egin zen lehen kilometroan, Carmona bermeotarrak eraman zuen lekukoa, 2001 urtean Alaves Futbol Taldeko kapitaina zena. Carmonari Juan Jose Ibarretxe lehendakariak kendu zion lekukoa 2. kilometroa egiteko eta horrela, korrika egin duen lehen lehendakaria izan zen eta gaur arte (2010) bakarra.

AEK-k Euskal Herriko Bertsozale Elkartea omentzea erabaki zuen, bertsolaritzak tradizioa eta modernotasuna, inork baino hobeto uztartzen jakin duelako, antolatzaileen hitzetan.

Omenaldia gauzatzeko ekitaldi berezia prestatu zuen korrikak, beren beregi omenaldirako sortua (lehen aldiz) eta Donostiako Kursaal aretoan burutu zena, ekitaldi bakarrean, Koldo Izagirreren testua oinarri, Eneko Olasagastiren zuzendaritzapean. Ekitaldiaren grabaketa bideo formatuan plazaratu zen gero. Ordutik aurrerako korriketan ere erabili izan da halako ekitaldien gauzapena omenaldi gisa.

Baionako azken kilometroan Andoni Egaña bertsolariak, orduan Euskal Herriko txapelduna zenak, eraman zuen lekukoa eta berak kantatu oholtzatik barruan zekarren mezua, berak egina.

2003ko apirilaren 4ean abiatu zen Mauletik Iruñean apirilaren 13an bukatuko zen 13. KORRIKA.

"AEKrekin Herri bat geroa lantzen" izan zen 13. edizio honetako leloa.

Mauleko plazako kioskoan hasi zuen 2150 kilometrotako ibilbidea lekukoak Jean Louis Davant euskaltzain zuberotarraren eskutik.

Euskaldunon Egunkariaren itxierak eta horrekin batera izandako atxiloketa eta auziperatzeek markatu zuten goitik bera Ez dok hamahiru mugimendua eta eurekin batera berpizkunde kulturalean berebiziko garrantzia izan zuen belaunaldi oso bat omendu zuen Korrika 13k.

Edizio honetakoa da "Korrika Kulturalaren ardatz nagusia izango den egitasmoa" aurkeztu eta gauzatzeko lehen korrika-aek bekaren deialdia, Tentazioak irabaziko zuena "Metxa" antzerki obrarekin. Eta edizio honetakoa da, baita ere, Korrika Laguntzailea kanpaina eta txartelaren sorrera, AEK-k kanpainaren aurkezpenean esan zuenez, egoera ekonomikoaren larritasuna hain zen handia, kanpaina hura martxan jarri ezean, ezingo baitzuen Korrika bera ere antolatu.

Korrika Iruñera heltzear zegoela bertako udalarekin arazoak sortu ziren eta Nafarroako Gobernuko Barne Sailak korrika Iruñean sartzea debekatu zuen, antolatzaileei Iruñeko inguruetan bukatzeko aholkatzen zien bitartean. Hainbat tira-bira eta negoziazioren ostean antolatzaileek tribunaletara jo zuten eta bertan auzia irabazi (manifestazio eskubidea lehenetsi zuten traba administratiboen gainetik) eta horrela, apirilaren 13an Iruñeko Foru Plazara sartu zen lekukoa jende andanaz inguratua eta Martxelo Otamendi eskuetan. Handik irakurri zuen lekukoak zekarren mezua, berak idatzia komisaldegitik irten ondoren.

2005eko martxoaren 10ean hasi zen Orreagan eta Bilbon bukatu martxoaren 20an, "Euskal Herria euskalduntzen. Ni ere bai!" lelopean egin zen KORRIKA 14. 2350 kilometrotako ibilbidea izan zen oraingoan.

Korrika 14k euren burua euskalduntzeko erabakia hartu zuten/duten milaka eta milaka herritarrei, helburua jadanik lortu zutenei eta bidean ari direnei egin zien omen eta horien guztien ispilu eta ordezkaritzat harturik, Korrika hasi baino hilabete batzuk arinago zendu zen Andolin Eguskitza euskaltzain santurtziarrari.

Korrika 14 Bilboko Areatzan bukatu zen eta azken lekukoa AEKrekin batera Andolin Eguskitzaren senideek egin zuten. Azkeneko metroetan Tere Irastortzak, Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria zenak, hartu zuen lekukoa, barruan zetorren mezua irakurtzeko: Andolinek (Irastortzaren aurretik E.I.E.ko lehendakaria izan zena) euskararen ikaskuntzari buruz, esperientzia propioz esaten zituenak.

KORRIKA 15 2007an egin zen, martxoaren 22an hasita Karrantzan eta apirilaren 1ean bukatuta Iruñean, berriro ere, 2360 kilometro burutu eta gero.

"Heldu!" izan zen lelo orokorra eta beronen ondoren hainbat azpi-lelo erabili ziren: "Heldu hitzari!"; "Heldu lekukoari!"; "Heldu elkarlanari!"; "Heldu euskarari!"; "Heldu Herriari!".

15. Korrikak Euskal Emakumea omendu zuen, euskararen gorde leku izan diren emakumeak, euskararen bizi iraupenean ezinbestekoa den transmisioa ahalbidetu duten emakumeak, AEK-k esan zuenez. Omenaldiak bere isla izan zuen korrika osoan zehar eta bereziki nabaritu zen korrikaren ibilbidean, ehunka izan baitziren lekukoa eraman zuten emakumeak.

Iruñeko azken kilometroko azken metroak Xabier eta Miren Amuritzak egin zituzten, hauek biak ere transmisioaren eredu, lekuko barruko mezua, eurek egina, Gaztelu Plazan bildutako jendetzaren aurrean irakurriz.

16. KORRIKA 2009ko martxoaren 26tik apirilaren 5era bitartean egin zen, Tuteratik Gasteizera 2503 kilometro eginez, ordura arteko korrikarik luzeena.

"Ongi etorri!. Euskaraz bizi nahi dugunon Herrira." izan zen oraingoan aukeratutako leloa. Ongi etorri hori Euskal Herriko milaka biztanlek "ongi hartu" dutela frogatu ahal izatea izan zen AEKren eta Korrikaren erronka pozgarria.



"Euskara ikasi eta gero transmisioa bermatu duten familia guztiei, baita euskara galdu eta berrikasiz transmisioa ahalbidetu duten familia guztiei ere" egin zien Korrika 16k bere omenaldia. Omenaldia gauzatzeko AEK-k ordu betetik gorako dokumental bat prestatu zuen Bidaia intimoak izenekoa eta Jon Maiak (tartean beraren moduko familiak ere omentzen ziren) zuzendutakoa. Bertan lau pertsonaren bizipenak kontatzen dira, eurek, euskarara egindako bidaiaren nondik norakoak, barru sentipenak, bidaiak eman diena-eta kontatzen dutelarik.

Korrikaren amaierara Gasteizko Ama Zuriaren plazara hurbildu ziren guztiak ez zuten bertan sartzerik izan (leku faltan) eta ez zuten, beraz, entzuterik izan Pirritx eta Porrotx pailazoek egindako eta irakurritako mezua, lekukoan Tuteratik zetorrena.

2011. urtean Korrika 17k bere ibilbideari ekin zion Trebiñoko lurretan apirilaren 7an eta hil horren 17an Donostian bukatu zen. Urte horretan lema nagusia hauxe izan zen: Maitatu, ikasi, ari... Euskalakari. Ilaski Serrano eta Kike Amonarriz, ETB1eko Mihiluze saioko aurkezleak izan ziren Donostiako Bulebarrean bildu zen jendearen aurrean irakurri zutenak.



Ekitaldi horretan omenaldi berezia eskaini zitzaion Euskaltzaindiari, 1919an sortu zenetik euskararen alde burutu izan duen lan eskergagatik. Euskalduntze prozesuan agerikoak diren hainbat osagai haintzat hartuz (corpus gramatikala, sustapena, irakaskuntza eta erabilera), euskararen batasuna bermatu eta ahalbidetzeko erabakigarria eta ezinbesteko tresna izan da Euskaltzaindia.

Han eta hemen ahoz aho ibili den lemarekin batera, beste izen berezia ere sortu zen euskaldunen artean, hau da, Euskalakaria, horrela esaten baitzaio euskara maite duenari, ikasten eta erabiltzen duenari.

Beste urte batean, eta hogeita hamabi urteko ibilbideari eutsiz, Korrika 18 abian jarri zen Andoainen 2013ko martxoaren 14an eta hil berean bukatu zen Baionan 24an, Euskal Herrian zehar 2000 kilometro baino gehiago burutu ostean. Ekimen horretarako aukeratu zuten leloa Eman euska elakrri izan zen, euskara batasunerako lementua eta lehengaia bezala hartuz.

Aurreko urte eta ekimenetan ez bezala, omenaldia erakunde edota pertsona zehatz bati eskainia izanik, egungo edizioan omenaldi beroa eskaini nehi zitzaien euskara ikasten ari diren milaka lagunei, lan eskerga egiten ari baitira ikasketak euren lana, familia, lagunak eta abarrekin uztartzeko. Bere ahaleginarekin euskaraz bizi ahal izatea ahalbidetzen eta, beraz, elkarbizitzarako aukerak sortzen ari direlako, bihoakie egun euskalduntzen eta alfabetatzen ari diren ikasle guztiei Korrika 18ren eta AEKren omenaldia.