Monarkia eta noblezia

Gartzia Antso II.a

Iruñeko erregea (994-ca. 999).

"Dardaratia" goitizena jarri zioten nerbio-gaixotasunen bat zuelako. Haren gurasoak ziren Antso Gartzes II.a "Abarka" eta Urraka Fernandez erregina, Fernan Gonzalez Gaztelako kondearen alaba eta Antso erregearen lehengusina propioa. Ximena Fernandez Leongoarekin ezkondu zen, Fernando Vermudez Ceakoaren eta Elvira Diaz Saldañakoaren alabarekin.

Haren erregealdiaren urte laburretan zehar, Gartzia Antso II.ak Almanzorren aurka borrokan eman behar izan zuen denbora gehiena. Almanzor Kordobako kaliferriko boterea lortu zuen buruzagi militarra zen. Almanzor, Iruñeko erregearen etsai izateaz gain, haren koinatua zen. Izan ere, Antso Abarkaren alabetako batekin ezkonduta zegoen. Emazteak Abda izena hartu zuen islamera bihurtu ostean.

Erregealdiaren hasieran Iruñeko erregeak lurraldeetan bakea mantentzeko ahaleginak egin zituen, baina Almanzorrekin adostutako su-etena hautsi egin zuen handik denbora gutxira. Musulmanak Nafarroako ekialdeko mugaren inguruan ibili ziren 995eko udaberrian, eta Almanzorrek, penintsulako indar musulman guztiak sendotasunez zuzentzen zituenak, Leon hiria setiatu eta suntsitu zuen. Gertakari hura zela eta, Vermudo II.a Leongo erregeak Asturiasen babesa topatu behar izan zuen eta ituna izenpetu behar izan zuen buruzagi musulmanarekin. Kanpaina horretan Duero ibaia hornitzen duten Leongo lurrak okupatu zituen Almanzorrek.

996ko martxoaren 14an, Gartzia Antso II.ak Donemiliagako zenobioari Terrero izeneko herria eman zion. Dohaintza horretan adierazten du Iruñea gobernatzen duela Ximena andrea emaztearekin, Urraka andrea amarekin eta Gonzalo Aragoikoa anaiarekin batera. Besteak beste, berresle gisa agertzen dira Antso semea eta Lope Iñiguez zaldizain nagusi gisa.

Leongo erregeak men egin bazion ere, Almanzorrek hari eraso zion berriro 997an. Kordobatik irten eta Coriarantz abiatu zen. Coimbra, Viseo, Lamego eta Braga hiriak hartu zituen. Miño ibaia gurutzatu eta Tuyn sartu zen. Galizian ere sartu zen, eta Santiago hiria konkistatu zuen.

Indar-erakustaldi horien ondorioz, behartutako bakea inposatu zien errege eta printze kristau guztiei.

Alabaina, eraso guztiak ez ziren kaliferriak hasitakoak izan. 997an, zaldun iruindar batzuek espedizio bat egin zuen Calatayudeko lurretara, eta Hakamb gobernadorearen anaia hil zuten, Abd al-Aziz.

Almanzorrek, heriotza horren mendeku gisa, burua moztu zien Kordoban bahituta zituen 50 kristauri. Gatibu horietako batzuk erregetzakoak ziren eta kristauek izenpetutako su-etenak bete zitzaten bahituta zeuden.

Urte horretan bertan, Gartzia erregeak Donemiliagari eman zizkion Aleson haraneko urak, monasterioak Naiaran zituen lurrak urezta zitzan. Dohaintza horretan, aurreko dohaintzan aipatutako erregetzako kide berak aipatzen ditu.

Gartzia Antsok bat egin zuen Antso Gartzia Gaztelako kondearekin Almanzorri aurre egiteko. Gaztelako kondeak Gartziari lagundu zion 999an Almanzor Iruñeko erresumako hiriburura heldu zenean; kanpaina horretan giza eta material-galera handiak gertatu ziren. Hurrengo urtean, Gaztelako kondearen aurka jo zuen Almanzorrek. Hari laguntzera joan ziren Leongo eta Iruñeko erregea, eta bi bandoetako armadak Cervera mendietan (Burgos) borrokatu ziren, Siloseko monasteriotik gertu. Galtzaile garbiak izan ziren kristauak.

Almanzorren azkeneko espedizioak ere, 1002koak, Iruñeko erresuma izan zuen xede. Eraso hartan su eman zion Donemiliaga Kukulako monasterioari. Eraso horretatik itzultzean, buruzagi musulmana gaixo heldu zen Medinacelira (Soria), eta bertan hil zen egun batzuk geroago. Hiri hartan ehortzi zuten.

Borrokaldien gainetik, Gartzia erregeak erresumako lurraldeak osorik mantentzea lortu zuen. Hil zenean, haren seme Antso Gartzes III.a "Nagusia126968" koroatu zuten 1004an. Egile batzuen arabera, 1004. urtearen inguruan hil zen Gartzia erregea; beste batzuen ustez, berriz, 999 eta 1000 artean hil zen, eta, ondoren, haren semea inbestitu zuten arte, Antso Ramirezen (Ramiro Viguerakoaren semea eta erregearen lehengusua) erregeordetza edo interregno aldia ireki zen. 999. urtera arteko edo 1004ra arteko erregealdia izan bazuen ere, 1000. urtearen inguruan desagertzen dira Gartzia Antso II.aren dokumentu-testigantzak.

  • CAÑADA JUSTE, Alberto. "Las relaciones entre Córdoba y Pamplona en la época de Almanzor (977-1002)". Vianako Printzea, 53. urtea, 196. zbk. (1992), 371-390 or.
  • LACARRA DE MIGUEL, José María. Historia política del reino de Navarra: desde sus orígenes hasta su incorporación a Castilla. Iruña: 1972.
  • MARTÍNEZ DÍEZ, Gonzalo. El Condado de Castilla (711-1038): La Historia frente a la leyenda. Madril: Marcial Pons, 2005.
  • MARTÍNEZ DÍEZ, Gonzalo. Sancho III el Mayor Rey de Pamplona, Rex Ibericus. Madril: Marcial Pons, 2007.