Literatoak

Dufau, Dominique

Ganich

Euskal idazle eta notarioa. 1880ko maiatzaren 11n jaio zen Mexikon. Senperen (Lapurdi) hil zen 1956ko urtarrilaren 6an.

Ikasketak unibertsitate-mailaraino gauzatu ondoren, soldadutza ere egin behar izan zuen Baionan. Senpereko notarioa izan zen 1911tik 1941 arte. Herri horretako auzapeza izan zen 1919tik 1935era arte.

1937ko ekainean Bilbo frankisten eskuetan erori zenean handik etorri ziren iheslariei laguntzeko elkarte bat sortu zuten Iparraldean "Comité Catholique d'Accueil et de Répartition" izenekoa. Azpimarratzekoa izan zen Dufauren parte hartzea elkarte horretan. 1951n euskaltzain urgazle izendatua izan zen.

Idazle moduan zenbait aldizkarietan artikuluak euskaraz nahiz frantsesez idatzi zituen, hala nola, Gure Herria, Gernica, Eusko Jakintza eta Agur aldizkarietan. Bi antzerki lan idatzi zituen euskaraz: Etxeko andere (1948) eta Juan etorri bat Senpererat.

Dominique Dufau-k euskarari egindako ekarpen handienetakoa Senpere herriko bi kofradien arautegiak euskaratzea izan zen: Statuts de la Mutuelle-Assurance Saint-Pierre/Jondoni Petri Lagungarriaren bitezardeak (Olaso, 1927) eta Statuts de la Mutuelle-Assurance Saint-Jean/Jondoni Joani Lagungarriaren bitezardeak (Urguri, 1930). Bi arautegi horiek elebidunak dira.

  • DUHAU, Henri. Dominique Dufau. Bidegileak. Vitoria-Gasteiz: Eusko aurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia-Servicio Central de Publicaciones del Gobierno Vasco, 2009.