Kimikariak

Elhuyar Lubice, Fausto Fermín de

Kimikari eta mineralogista errioxarra. Fausto Fermín Elhuyar Lubice, Logroño, 1755eko azaroak 11 - Madril, 1833ko urtarrilak 6.

Gehienok Elhuyar izena wolframioaren aurkikuntzarekin lotzen dugu eta, agian, beste askok Bergarako Seminario Aberkoiarekin ere bai. Argi dago Fausto de Elhuyarrek modu horretan pentsatzeko arrazoiak eman zituela.

Nahikoa da taula periodikoaren historian erreparatzearekin (1782ra arte 24 elementu aurkituta) haren balioa ulertzeko. Egia esatera ez litzateke zentzugabekeria honako galdera hau luzatzea: Nola liteke soilik hogeita hamar urte zituen erakunde batek (Euskalerriaren Adiskideen Elkartea) eta hogei urteko bi gaztek (Elhuyartarrak) gizateriaren zientzia-ondareari ekarpen berezi bat egitea?



Lapurdiko leinu bateko kide izaki eta aita zirujaua zuela (Juan aita Bilbo eta Logroñora joan zen medikuntzan aritzeko), bere anaia nagusienak (Juan Jose) bezalaxe, Faustok prestakuntza enpirikoak jasotzeaz gain, zientzia arloko prestakuntza ere jaso zuen. Hasiera batean aitak medikuntzara bideratu nahi zituen eta Pariseko Colegio Real delakora bidali zituen ikastera. Dena den, garai hartan kultura arloan izandako gorabeherak zirela medio ibilbide profesionalak beste norabide bat hartu zuen. Pariseko egonaldian fisika eta kimika ezagupenak jaso zituen eta Hilaire Marie Rouelle (1718-1779) irakaslearen irakaspenak atxiki zituen. Irakasle hark mineralogia irakasten zuen Jardin des Plantes delakoan, garaiko intelektualen gune nagusian.

Koroaren eta Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen arteko harremana aintzat hartu gabe ez da zilegi Elhuyarrek gerora egindako ikasketak ulertzea, izan ere, aipatu harremanak argi erakusten du zientzia eta espioitza militarraren arteko elkarrekintza (ikus Elhuyar, Juan Jose de). Elhuyartarrek Espainiako Gobernuari goi mailako ikasketak egiten jarraitzeko laguntza eskatu ziotenean, Itsasoko Ministerioa eta Euskalerriaren Adiskideen Elkartea lankidetza zientifikoa eta teknikoa ahalbidetuko zuen akordio bat sinatzear ziren; elkarren etekinerako akordiotzat ulertzen zena. Koroak lehen aldiz sozietate zibil bat (Euskalerriaren Adiskideen Elkartea) erabili zuen, Carronen (Eskozian) kokatutako kanoi-fabrika espiatzeko plana abiarazteko. Eta, quid pro quo (trukean), Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak garapen zientifikoko, teknikoko eta sozioekonomikoko planak finantzatzeko bidea ziurtatzen zuen, Bergarako Metalurgia Erret Eskolaren eta Laboratorium Chemicum delakoaren sorrerarekin nahiz kimika eta metalurgia arloko lehen katedrekin islatzen zena. Akordio horrek hainbat aditu prestatzea eskatzen zuen. Horretarako, behar bezala frogatutako prestakuntza teorikoa eta trebetasun esperimentala zuten gazteei pentsioak ematea komeni zen, mineralogian eta armen fabrikazioan zuten ezagutza areagotzeko. Modu horretan, argi geratzen zen ezinbestekoa zela ikerketa kimikoa eta mineralegikoa bultzatzea Espainiako Itsas Armada eta Ejertzitoa modernizatzeko.

Ikusiko dugun moduan, Faustok etekina atera zuen lankidetza hartatik, zeina zientziaren alderdi edo dimentsio anitzak eta ugariak uztartzean oinarritu baitzen: militarizazioa, politizazioa, azken finean, instrumentalizazioa. Horrenbestez, zientzia-bidaien atzean ezkutatzen ziren interes anitzak islatzen ditu. Hain zuzen, bidaia horiek erabakigarriak izan ziren ondoren lortu zirenak lortzeko. 1778an Faustok Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen pentsioa jaso zuen Bergaran mineralogiako katedradun gisa prestatzeko eta Juan Joseri espioitza lanak egiteko ordaindu zion koroak. Elhuyartarren ibiliari so Europako kimikan eta metalurgian nagusi ziren gune nagusiak ikus ditzakegu: Parisetik Freibergera (Saxonia) jo zuten eta han 1778tik 1781era Meatze Eskolan ikasten aritu ziren eta, besteak beste, Abraham Gottlob Werner (1749-1817) izan zuten irakasle, mineralogia eta geologia arloan mundu mailako ospea zuena; beranduago berun-fundazioak (Schemnirtz, Hungaria) eta zilar-fundazioak (Neushal) ezagutu zituzten. Halaber, hainbat meatzetan (Idria, Rosenau, etab.) izan ziren Txekoslovakian, Hungarian, Austrian eta Tirolen.

Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen edo, bere mezenasaren eta jagolearen (finean, ia gauza bera baitziren) deia jaso ondoren Fausto Bergarara itzuli zen halabeharrez 1781ean, Mineralogia eta Metalurgia katedra betetzeko. 1785. urtera arte izan zen bertan. Hantxe, irakasle gisa ari zela eta ekipamendu esperimental modernoak behatzen ziharduela, eskuratu zuen Faustok bere ibilbide zientifikoaren maila gorena. 1783. urtea izan zen haien annus mirabilis (urte paregabea), izan ere, bi anaiek Bacongadaren Extractos... aldizkarian gerora elementu kimikoen taula luzatuko zuen memoria argitaratu zuten: Análisis químico del volfram, y exàmen de un nuevo metal, que entra en su composicion. Bertan wolframioaren isolamendua ezagutarazi zuten -lehen aldiz- izaera puruan. Horrez gain, 16 konposaketa berri ezagutarazi zituzten, gehienak kimika eta teknologia arloan interesgarriak. Juan Josek kimika metalurgikoan gaitasun handia zuen eta Faustok ezagutza sakonak zituen mineralogia arloan, trebetasun teknikoa zuen eta baita prestakuntza teorikoa ere laborategi moderno baten barruan. Guztia uztartzearen ondorioz eskuratu zuten halako lorpena. Bide batez, pieza zientifiko horrek adituen gorespen unibertsala jaso zuela azpimarratu behar da. Bai bertan erabilitako hiztegiaren argitasun eta zehaztasunari esker, bai kontzeptu batzuen originaltasunari edo ondorioak azaltzeko moduari esker; horren erakusle dira honako lekukotza hauek: "ez dut ezagutzen -adierazi zuen 1909an Juan Fages kimikariak- data berdintsuan edo aurrez egindako azterketa kimikorik hura gaindituko duenik edo, are, zehaztasun, zorroztasun eta doitasunean hura berdinduko duenik"; edo "literatura mailako edertasun ukaezinetik haratago, gaztelaniaz inoiz idatzi den lan zientifiko onena da agian" (Roman, 2000: 159); (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Ikus dezagun zer adierazten zuten Elhuyar anaiek memoria bakoitzaren amaieran haien aurkikuntza handiaren inguruan, kimikaren historian sartzea ahalbideratu diena:

"Hauts honetako beste ehun ale Zamorako arragoa batean jarrita, kedarrez jantzita eta ongi estalita, su indartsuan eta ordu eta erdiz, hozketaren ostean arragoa hautsi ondoren esku artean hauts bilakatzen zen botoi bat aurkitu genuen. Kolore grisa zuen eta lente batekin arakatuta, metalezko globo batzuk ikusten ziren, tartean buruorratz baten tamainako batzuk ageri ziren, metalezko ebakera zutenak eta altzairuaren kolorekoak. Hirurogei gramoko pisua zuen eta, ondorioz berrogei gramo galdu zituen. Honakoa zen haren pisu espezifikoa: I, 17, 6". (Elhuyar, 1783: 80); (itzulpen moldatua gaztelaniatik)

Arrakasta zientifiko handia ukan arren eta ospe itzela eskuratu arren, Faustok ez zuen denbora asko eman Bergaran. Gorabehera kaltegarri batzuk akitu egin zuten (Metalurgia Eskolako ikasleek ikasketa teorikoekiko erakusten zuten interesik eza, Adiskideen Elkartetik jasotzen zuen laguntza urria eta Juan Joseren Amerikarako bidaia), eta katedra uztea ere pentsatu zuen. 1784ko urtarrilaren 15ean Torbern Olof Bergman (1735-1784) kimikari ezagunari igorritako gutun batean Faustok bere aurkikuntzaren berri eman zion eta, aldi berean, zintzotasun osoz bere interesen berri eman zion; horrela irakur daiteke: "nire anaia bezalaxe, mineralak aztertzen aritzen naiz, baina herrialde honetan mineral gutxi dagoenez, gehienbat Kimika arloan aritzen naiz" (Larrañaga, 1970: 387); (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Espero zitekeen moduan, Faustok hainbat eskaintza izan zituen kargu publikoak bete eta bereizgarriak jasotzeko. Koroak Hungaria eta Austriara bidali zuen Ignaz von Born (1742-1791) baroiak garatutako zilarraren amalgamaren metodoa ikas zezan; dena den, behin hara iritsita, Mexikoko Meatzetako zuzendari nagusiaren kargua onartu zuen. 1821era arte egon zen Amerikako lurretan. Handik aurrera Madrilen finkatu zuen bizilekua.

Amerikako erregeorderrian igarotako hogeita hamahiru urteetan Fausto buru-belarri aritu zen meatze eta metalurgia alorrean. Alde batetik, teknikari atzerritarrak barneratuz, eta horrekin metalurgiaren ekoizpena hobetzea lortu zuen. Beste alde batetik, ikasketa teknikoak sustatzen ibili zen. 1790eko hamarkadan zilar-meatzeen ustiapena nabarmen areagotu zen -kalitatez eta kantitatez-. Hori horrela izan zedin erabakigarria izan zen Born metodoaren erabilera, Faustok barneratutako hobekuntza batzuekin. 1792an Mexikoko Meatzeko Erret Seminarioa antolatu zuen. Gainera, Seminarioko lehen zuzendaria izan zen. Hispanoamerikan arlo horretan sortu zen lehen zentroa izan zen hura eta horrek argi erakusten du zein garrantzitsua izan zen; bertako irakasleen artean Andres Manuel del Rio (1764-1849) nabarmendu behar da, banadioa aurkitu zuena. Hezkuntza arloko joera hori Espainiara itzuli zenean agerian geratu zen berriro ere. Meatzetako irakaskuntza teknikoak "oso formala ez izatearen" sona zuen eta Faustok bere eraginaren indar oro baliatu zuen (batere urria ez zena) - esate baterako, Meatzetako zuzendari nagusi izatea- Almadeneko Eskolan ikasketa-plan moderno bat proposatu eta Madrileko Meatze Eskola sortzeko.

Zalantzarik gabe, aipatu gabe utzi ditugun datu biografiko gehiago daude Faustoren inguruan. Halere, hemen Faustok wolframioaren isolamenduarekin kimikaren historian egindako ekarpenaren balio itzela aitortzea da xedea. Ezinbestekoa eta bidezkoa iruditzen baitzaigu, bereziki, wolframioa egun, Elhuyarren garaian gehiegi erabili ez bazen ere, industria-produktu estimatua eta balio anitzekoa delarik. Ez dezagun ahantzi haren aplikazioak ugariak direla aspaldidanik eta haietan izaera puruan nahiz aleazio moduan agertzen dela eta, batez ere, altzairu berezietan. Zientzialariek eta ingeniariek badakite wolframioa oinarrizko osagaia dela unibertso teknologiko konplexu batean, lanpara elektrikoen harizpietan, X izpietako hodietan eta balbula elektronikoetan ageri dena; baita, espazioko erreaktore eta kohetetan ere. Elhuyar anaien adibidea guztiarekiko neutral eta inmune gisa azaltzen den zientifikoaren mitoa bertan behera uzteko balia daiteke; haien zientzia eraginduna da eta haien diziplina eta ezagutzak politikarekin, industriarekin eta militarren munduarekin elkarreraginean daude, hots, azken batean gizartearekin elkarreraginean daude.