Literatoak

Delmas, Juan B. Eustaquio

Bizkaiko jaurerriko kazetari, idazle eta inprimatzailea. Bilbon jaio zen 1820an eta Madrilen hil zen, non akzidentalki aurkitzen zen, 1892ko urriaren 25ean.

Orain arte idatzi denaren aurka, bataiatzerakoan ez zioten Juan Ernesto izena jarri, baizik eta Juan Bautista Eustaquio, Bilboko Santiago parrokiako (gaur katedrala) 17. zenbakiko bataio-agirian agertzen den bezala. Nicolas Dal Mazzo (edo Delmas) deituriko aitak jatorri italiarra zeukan, Piamontekoa zen, eta hemendik Espainiara alde egin zuen 1798an zorte bila. Lehenik Valladoliden ezarri zen liburu-saltzaile moduan eta 1809an Bilbora joan zen, non liburu-denda eta inprimategi bat ezarri zuen 1816 aldera eta kafe zoragarri bat urte batzuk beranduago, 1826tik 1832 arte mantenduko zuena. Orduan liburudenda eta inprimategian bakarrik lan egiteko itxi zuen. Ama berriz Valdenebro de Rioseco herrikoa zuen jatorriz (Gaztela Zaharra).

Lehen Hezkuntza Bizkaiko Humanitateen Santiago Ikastetxean egin zituen, Abandon, orduko zuzendariak Alberto Lieta sevillarra, Bilboko Kontsulatuko Matematika katedraduna, eta Juan Muñoz Calleja presbiteroa zirelarik. Ikastetxe hau karlistadaren jezarpenaren ondorioz 1835ean itxi zenean, Juan Eustaquio, orduan 15 urte zituela, Milizia Nazionalean sartu zen, horrela bere familiaren tradizio liberala jarraituz. Bere aita Bilbon Miliziano Lantzari Urbanoen piketearen Zalduneri Nazionala eratu zuen lehenengo bolondresetakoa izan zen (1835-1836ko Karlistadaren jezarpena zela eta). Bere aitaren inprimategia aurrera zioan gerra zibileko aldaketekin batera eta orduan hasi ziren argitaratzen liberaltzat kontsideratua zegoen "Boletín Oficial del Señorío", Batzar Nagusien akta-liburuak eta "El Compilador de Vizcaya" izeneko egunkaria, aldi berean izaera militarra ("Probintziako komandante jeneralaren babespean" argitaratzen da), politikoa (joera liberalekoa) literarioa eta merkantila zuena.

Ezer gutxi dakigu Juan Eustaquiok urte hauetan egindakoaz. Angel Rodriguez Herrerok aditzera ematen du Humanidadeen Santiago Ikastetxea itxitakoan 1835ean, Delmas Parisera joan zela, Sorbonan bere ikasketekin jarraitzeko asmoz. Baina adierazpen honen aurka Juan Eustaquioren testigantzak berak 1843 arte atzeratzen baitu Pariseko egonaldia. Gainera familia-izaerako arrazoi pertsonalengatik joan zen. Fermin Herranek Cosas de antaño (Bilbao 1896) liburuan idatzitako Biografía de Juan Ernesto Delmas hitzaurrean, Antonio Alcala Galiano politikariak bildu zituen apunte batzuk aipatzen ditu pertsonai honetaz zirriborro biografiko bat eratzeko asmoz:

"Madriletik erbesteratua [Delmas], 1840an gertatu zen altxamendu baketsuagatik, Bilbora erretiratu zen, non Manuel Urioste de La Herranen lagun min egin zen [...], eta honek kanpoan igarotako egun batzuetan, Delmas "El Vascongado" idazteaz arduratu zen: alderdi kontserbadorearen doktrina eta interesak defendatzeaz gain, Euskal Probintzietako foruak ere defendatzen zituen". (Itzulpena gazteleratik moldatua)

Honen arabera, Juan Eustaquio Madrilen ezarri beharko genuke Parisera joan aurretik. Egonaldia etenda gelditu zen Espainiako hiriburuak erbesteratzeko agindua luzatu baitzion. Galdera da, zer egiten zuen garai hartan Delmasek Madrilen, Juan Eustaquiri buruzko biografiek argitzen ez duten galdera. Pista bat ematen digu Juan Ramon de Urquijo eta Olanok Juan Eustaquiri buruzko pasarte bat idazten duenean:

"Bigarrengoz [aita] ezkonduta 1843an eta hori jasan ezinik, seme bakarra, nire zerbitzura egon eta nahigabe asko ematen zizkidan pertsona, Parisera joan nintzen, zuzenbideko karrera jarraitzeko asmoz. Bi urtez egon nintzen Sorbonan eta Villemain jaunarekin ikasi nuen, aldi berean Louisle-Grand Ikastetxera joaten nintzelarik" (Itzulpena gazteleratik moldatua).

Idatzitakoak argi uzten du, Parisera joan aurretik Zuzenbideko karrera hasita zeukala Juan Eustaquiok. Beraz, zer egiten zuen Delmasek Madrilen 1840an, ez bazegoen Zuzenbideko ikasketekin?. Eta zergatik izan zen erbesteratua, Alcala Galianoren informazioarekin Herranek idatzitakoa egia bada?. Edozein gauza dela ere, esan behar da argitzeko klabe bezala, Juan Eustaquio hasia zela literatura eta politikari buruzko lehen saioak edukitzen (A. Rodriguez Herrerok dio, Bilboko prentsarekin kolaborazioak 17 urterekin hasi zituela). Hiriko egoera politikoa, moderatu eta progresisten arteko liskarretara mugatua zegoen, urte haietan liskar horren pertsonai adierazgarrienak Manuel Urioste de La Herran, 1837an "El Bilbaíno" astekari kontserbadorearen sortzailea, eta Víctor Luis de Gaminde progresista, "El Vizcaíno Originario"ren zuzendaria ziren. Azken honen kolaboratzaileen artean Enkarterrietakoa zen Martin de los Heros ezaguna zegoen.

1840ko abuztuan sartu zen tartean beste egunkari bat "El Vascongado", moderatu foruzalea zena eta jabea Juan Eustaquio beraren aita. Idatziz jarria gelditu da gorago Alcala Galianori zor diogun notizia, hau da, Delmasek Manuel Urioste de La Herran bera ordezkatu zuela egun batzuez egunkariko erredakzioan. Dena dela iturri berak zehazten du Juan Eustaquiok:

"bi edo hiru zenbakitan soilik idatzi zuen, baina handik hilabete batzuetara, Uriostek egunkaria utzi zuenean, ahalegin guztiekin eskatu zion egunkariko jabeak, Nicolas Delmasek, egunkariaren ardura hartzeko, honek ezezkoa eman ziolarik burugogorkeriaz. Are gehiago "El Vascongado" egunkaria Antonio de la Escosurak bere kargu hartu zuenean, bere laguna eta bera bezala erbesteratua izan zenean Probintzia hauetara. Escosura zauriturik geratu zen "El Vasconcado" eta "El Vizcaino Originario" aldizkarien arteko artikulu-liskarren ondorioz [Escosura eta Victor Luis de Gaminderen arteko lehia], bere huts-egitea hilabete batzuez ordezkatu behar izan zen, balore politikoa ez zeukan edozer gauza baztertuz, Erregina Amak bere alaben zaintza kendu zioten arte, orduan erregeordea zen Espartero Generalaren aurka gero salatua izan zen artikulu gogor bat idatzi zuen, nahiz eta Tribunalak esan ez zegoela froga formalik auzia aurrera eramateko".(Itzulpena gazteleratik moldatua)

Herranek Delmasen paperen artean aurkitutako ohar baten arabera, "El Eco del Comercio" madrildar egunkarian ere kolaboratu zuen, orduan Navas kondeak zuzentzen zuena eta erregeordea zen Espartero Generalaren aurka borroka gogorra mantendutakoa eta 1841eko urrian huts egindako altxamenduan lagundu zuen, Manuel Urioste altxamenduaren arima eta zuzendaria zelarik. Hau horrela bada eta Juan Eustaquiok egindako lanak erregeordearen aurka nabaritasuna lortu bazuen, ez dakigu nola libratu zen publizista gaztea (libratu baldin bazen) huts egindako altxamendu-mugimenduari jarraitu zion errepresio gogorretik.

Juan Eustaquio 1843an aurkitzen dugu, aitaren bigarren ezkontza zela eta atsekabeturik eta amaren aldetik zegozkion jabetzen zatia erreklamatu ondoren, Frantziako hiriburura joan zen. Idatzita dagoen bezala, Parisen Zuzenbideko ikasketekin jarraitu zuen, baina aldi berean, lau urtetako egonaldian, paisai-marrazketa ikasteari ekin zion Jules Coignetekin eta litografia Mr. Coquin eta Engelmannen etxean. Etxera itzuli eta aitarekin adiskidetu ondoren, berarekin sortu zuen elkartea, Juan Eustaquio beraren hitzetan "berak ez zeukan literatura eta arte mordoaz horniturik" (Itzulpena gazteleratik moldatua). Atzerrian ikasitako modalitate berri horien emaitzak eta aitaren tailerretan praktikara eramatea asmatu zuen izpiritu berriak, 1846an zenbait lan argitaratu zituen, denen artetik azpimarratzekoena El viaje pintoresco por las Provincias Vascongadas delarik. Bertako historia, paisaiak, monumentuak, antzinako gauzak... ezagutzera emateko obra, litografiaturiko lamina, dagerrotipo eta naturaletik kopiatuak, oniritzi orokorra lortu zuen. Esan behar da bera izan zela lan honen gauzatzailea, baita laminen egilea eta artikulu batzuen idazlea ere, hala nola, Gernika eta Orduña.

1854 aldera (ez dago oraindik data ongi zehaztua), joera liberaleko "Irurak bat" egunkaria sortu zuen, bere konposizio eta informazio aberastasunagatik, batez ere atzerriko berriei zegokienez, Espainiako probintzietako garrantzitsuena izatera iritsi zen. Negozioek behartuta, kazetaritzatik erretiratu nahi izan zuenean, bere egunkaria, eta instalakuntza guztiak, urte askoz bertako erredaktore nagusia izan zen Camilo de Villavasori pasa zizkion. Delmasek zuzendu zuen urteetan, "Irurak Bat" ordena eta aurrerapenaren jarraitzaile bezala agertzen zen, "aurrerakoi" liberala izan gabe, erakunde adierazgarrien garbitasunaz arduratzen zena eta gizabanakoen eskubideak zaintzen zituen, alderdi guztiekin begirunetsua zen, kide izan gabe, jaio zen herriko erlijio eta monarkia tradizioen defendatzailea...1864an Guía histórico-descriptiva del viajero en el Señorío de Vizcaya argitaratu zen Bilbon, lamina eta mapa tipografiko batez lagundurik, zalantzarik gabe Juan Eustaquio Damasen lanaren gailurra. Biografo moderno baten iritziz, Delmasek Gida honen bidez Bizkaiko alor historiko, monumental eta folkloriko nagusia jasotzen du, "bere garaikideei mende oso bat aurreratu zen, gida turistiko modernoetara irizpide deskriptiboa sartu baitzuen" (Itzulpena gazteleratik moldatua).

1872an gertaera politikoen martxak susperturik eta karlistaden tropelek zerabiltzaten azpijokoekin kezkaturik, beste gerra zibil bat bultzatzera prest baitzeuden, berriz ere egunkarira itzuli zen, "El Correo Vascongado" Bilboko egunkarian ohiko kolaborazioak eginez, eta hau desagertu zenean "El Noticiero Bilbaíno" eta "La Unión Vasco-Navarra" egunkarietan. Halaber, Revista de las Provincias Euskaras, Revista de Vizcaya, Euskal-Erria, eta abar bezalakoetan argitaratu zituen lanak, bertako eta foru politikari zegokien gaiak helduz, baita historia eta literaturari buruzkoak ziren. Kazetaritzako lanen artean azpimarratzekoa da 1868ko eztabaida, Iraultza baino pixka bat lehenagokoa, "Irurak Bat"en egunkariko orrietan mantendutakoa Eduardo de Orodea e Ibarra eta Ibarra Gasteizko Institutuko katedradunarekin Bizkaiko jaurerriaren independentziari buruz. Gero Delmasek Bizkaiko jaurerriaren independentziaren aurka Eduardo de Orodea eta Ibarrak "Irurak bat" idatzitako artikuluak ezeztatzeko liburuxka bat argitaratu zuen (Bilbao 1868). Izaera historikoko monografien artean azpimarratzekoak dira La Guerra Civil de Vizcaya y el Sitio de Bilbao (Bilbao 1874); La iglesia de San Nicolás. Su pasado y su presente (Bilbao 1881); Gastelugach, con su historia y tradiciones. Recogidas y escritas por J. E. Delmas. Dibujos de Carmen Delmas (Bilbao 1888); El castillo de Arteaga y la Emperatriz de los franceses (Bilbao 1890). Goian aipatua geratzen da izaera historikoko artikulu bilduma, Fermin Herranek "Biblioteca Bascongada"n sartu zuena Cosas de antaño. Capítulos históricos (Bilbao 1896) izenburupean.

Heriotzak ustekabean harrapatu zuenean beste bi lan luze prestatzen ari zen: Biografía universal de claros varones de Vizcaya abizenen taula kronologiko eta alfabetiko batez lagundurik (gero bera hildakoan agertua Bilbon Diccionario biográfico de claros varones de Vizcaya izenburupean: La Gran Enciclopedia Vasca, 1970), Biografía de Trueba bere ikerketen ikerlan batekin eta Argiñetako hilobiei buruzko eta Calatayud Aitari buruzko zenbait monografia. Delmas Bizkaiko Monumentuen Batzordeko lehendakariordea izan zen, Bartzelonako Arkeologia Akademiako kide, Espainiako Cervantiar Akademiako eta Madrileko Historiako Errege Akademiako urgazle. Bilboko alkateorde izan zen garaian, Abando hiribildura gehitzeko gestioak egin zituen. "Inprimatzaile, idazle, marrazkigile, publizista, historia ikertzaile, egunkari eta aldizkarien sortzaile eta artearen adierazpen ezberdinen bultzatzailea" (Itzulpena gazteleratik moldatua), Delmas -Juan Ramon de Urquijo eta Olanoren iritziz- "garaiko Bilboko bizitza kultural eta artistikoaren erdigunea izan zen" (Itzulpena gazteleratik moldatua) (Biografía Universal de claros varones de Vizcaya hitzaurretik hartua, II. or.).

Beharbada Delmasen figura eta lanaren gogoeta kritiko eta zehatzagoa egin ezkero, iritzi absolutu hori ukitu beharra egongo litzateke. Gainerakoan, Delmasek bere garaiko arte, politika eta kulturako munduko pertsonekin harreman estua mantendue zuen, hala nola, Mariano Benlliure, Antonio d'Abbadie, Bonaparte printzea, Jose Antonio de Uriarte Aita, Valdespina markesa, Antonio de Trueba, Louis Lhande, Mañe eta Flaquer, Alcalá Galiano, eta abar. Hala ere ez dago zalantzarik Delmas bertako azpimarratzeko pertsona izan zela, mugimendu erromantikoaren babesean, indar biziz pizten dena beregan euskal herriaren izaera historikoaren sentimendua Europako beste herrialdeen barruan, interes izugarria ipiniz bertako kulturaren adierazpen ezberdinetan.

Idatzia gelditu den bezala, argi geratuko zitzaion irakurleari, aztertzeko dauden Juan Eustaquio Delmasen bizitzako puntu beltzak argituko dituen biografia bat falta dela. Momentuz aipatutako Biografía de Juan Ernesto Delmas lana daukagu, Fermin Herranek 1896ko Cosas de antaño liburuaren edizioa lantzen duena (201-220 orr.). Juan Ramón de Urquijo eta Olanoren hitzaurrea 1970an Bilbon argitaratutako Biografía Universal de claros varones de Vizcaya lanean (I-XVI orr.) eta edizio horri berari Angel Rodriguez Herrero egiten dion sarreran (1-18 orr.)