Orkestrak

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak 1982an sustatu eta garatuta sortu zen, musika ondasun partekatutzat duen gizartean. Eta orkestrak ondare oparo hori gordailuan hartu eta, horri dagokionez, konpromiso bat hartu zuen: ondare hori zabaltzea eta ondare horren garapena sustatzea.

Horri esker, Euskadiko Orkestra erreferentziazko talde sinfonikoa da estatutan, ikuspegi kualitatibotik nahiz kuantitatibotik; izan ere, bere komunitatean irmo errotuta dagoen elkartea da, 7.000 abonatu eta batez beste urtean 150.000 entzule dituena; bere garaiko orkestra da, izugarrizko eskakizun-maila ez ezik aro guztietako musika sinfonikoa zabaltzeko konpromiso irmoa ere baduena; horrekin batera, interes berezia du euskal musikaren sorkuntzan eta hedapenean, nola gure mugen barnean hala handik kanpo.

Enrique Jordák aholkulari artistiko gisa elkarte sortu berriaren burutzan jarri eta haren lehen urratsak zuzendu zituenetik, hainbat zuzendarik izan du Euskadiko Orkestraren kalitatea eta proiekzioa handitzeko ardura. 2009/2010 denboralditik aurrera, Andrés Orozco-Estrada maisuak du gure orkestraren titulartasuna. Horrekin batera, Andrey Boreyko zuzendariak dihardu Zuzendari Printzipal Gonbidatu gisa. Lehenago, Gilbert Varga eta Cristian Mandeal, Mario Venzago, Hans Graf, Miguel Ángel Gómez Martínez, Matthias Kuntzsch, Maximiano Valdés eta Jordá bera, ohorezko zuzendaria izandakoa, aritu dira Euskadiko Orkestraren buruzagitzan egin duen goranzko ibilbidean.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren jarduera ondo egituratua eta dinamikoa da, eta euskal kultura-bizitzan errotuta dago. Horri esker, gure orkestrak 100 kontzertu baino gehiago ematen ditu denboraldi bakoitzean, hainbat ziklotan banatuak eta estatuko nahiz nazioarteko hainbat musika-erakunderekiko lankidetzan.

Bere jardueraren ardatza den Abonu Denboraldiaren baitan, gure orkestrak lau kontzertu-ziklo ematen ditu modu iraunkorrean, Bilboko Euskalduna Jauregian, Donostiako Kursaal Auditoriumean, Gasteizko Principal Antzokian eta Iruñeko Baluarte Auditoriumean. Kontzertu horietan, EOSek lehen mailako zuzendariekin jardun du eszenatokian, besteak beste Yehudi Menuhin, Krysztof Penderecki, Christopher Hogwood, Paul McCreesh, Yakov Kreizberg, Oleg Caetani, Jerzy Semkov, Lawrence Foster, Giovanni Antonini, Jesús López Cobos, Cristóbal Halffter, Arturo Tamayo, Kery Lynn Wilson eta Gloria Isabel Ramos zuzendariekin. Orkestrarekin jardun izan duten bakarlarien zerrendak ere izen handiko interpretatzaileak biltzen ditu, hala nola Maria Joao Pires, Frank Peter Zimmermann, Mischa Maisky, Antonio Meneses, Christian Zacharias, Leonidas Kavakos, Radu Lupu, Arcadi Volodos, Heinrich Schiff, María Bayo, Carlos Alvarez, Carlos Mena, Ainhoa Arteta, Asier Polo eta beste asko eta asko. Horri dagokionez, ezin ditugu alde batera utzi Hélène Grimaud edo eta Vadim Repin, beste askoren artean. Orkestraren kontzertu-eskaintza beste bi ziklok osatzen dute: bata ganbera-musika ardatz duen formatu txikiko eta kalitate handiko zikloa da, "Miramongo Matinéeak" izenekoa, eta bestea haurrentzat da eta orkestraren Hezkuntza Departamentuak diseinatu du: "Musika Familian". Gainera, 2010-2011 denboraldi honetan KlasikAT ziklo berria hasi dugu, izenburuak berak iradokitzen duen bezala, musika klasikoaz aratago doazen errepertorioak lantzea du helburu, horretarako Orkestrak artista ezagunak bidelagun.

Gainera, ekoizpen propioko kontzertuez gain, bada gure orkestraz zuzenean gozatzeko beste modurik, hainbat musikalditan orkestra gonbidatu gisa parte hartu ohi baitu, besteak beste Donostiako Musika Hamabostaldian, Operaren Bilboko Lagunen Elkartearen (OLBE) denboraldian, etab., baita gure lurraldeko hainbat herritan ere, "Orkestra Herrietan" ekimenarekin. Eta etxetik urrun ere bai: nazioarteko biretan; gure herriko kultura-ondarea transmititzen duen aldetik, bira horiek oso garrantzitsuak dira gure orkestrarentzat. Austria, Argentina, Alemania, Brasil, Txile, Suitza, Frantzia, Britainia Handia eta Italia dira bira horien jomugetako batzuk. Bertan, arrakasta handia lortu izan du gure orkestrak, hala nola Vienako Konzerthaus, Buenos Aireseko Teatro Colón, Municheko Prinzregententheater, Berlineko Kontzerthaus, Sala Sao Paulo eta Milaneko Auditorio areto ospetsuetan. Horri dagokionez, nabarmendu behar da gure orkestrak estatuko eta nazioarteko beste orkestra batzuekin trukeak egiteko duen politika. Izan ere, horri esker, EOSen musika beste leku batzuetara eramateaz gain, kanpoko orkestrak gure auditorioetara etortzen dira.

Euskadiko Orkestrak, halaber, soinu-artxibo handia du, euskal konpositoreen produkzio sinfonikoa ardatz duen politika diskografikoari esker. Hain zuzen ere, besteak beste Decca eta RTVE Música zigiluek argitara emandako ia berrogei erregistroren artean, Euskal Konpositoreen Bilduma nabarmendu behar da; izan ere, CLAVES etxeak Mondragon Taldearen laguntzaz argitaratutako lan hori orain arte egin den euskal egileen obren bildumarik handiena da. Bilduma honi gehitu zaion azken konpositorea da Valentin de Zubiaurre. Bertan, dagoeneko, honako konpositoreak bildu dira: Beltrán Pagola, Luis de Pablo, Juan Crisóstomo Arriaga, Aita Madina, Tomás Garbizu, Aita Donostia, Pablo Sorozabal, Francisco Escudero, Andrés Isasi, Jesús Aranbarri, José Mª Usandizaga eta Jesus Guridi.

Baina euskal musikaren maisu-lanak iraunkor bihurtzeko zaletasun eta lan hori ez da bilduma horretara mugatzen, eta horren erakusgarri, Francisco Escuderoren Gernika operaren lehen grabazioa aipatu behar da, XX. mendeko euskal musikaren sorkuntzako obra gorenetako bat baita. Orkestrak, musika-ondarea bizirik irautea lortzeaz gain, ondare hori handitzea sustatzen du, euskal sortzaileei -oraindik ezagunak ez direnei nahiz dagoeneko sona lortu dutenei- eskuarki obrak enkargatzen dizkielako.

Dena den, desadostasunen, bizikidetzaren eta aniztasunaren aroan, gure orkestra izaki bizia da, konplexu eta aldabera, eta aktualitateari atxikia. Horri dagokionez, gero eta balio handiagoa ematen dio kulturaren beste eremu batzuekin esperimentatzeari. Eta horri loturik, esate baterako, bere lana modernitatearekin bat egitearren, kontzertu-aretoak alde batera utzita Bilboko Guggenheim-en Mike Oldfield-en Music of the Spheres diskoa aurkeztu zion munduari; era berean, 2001. urtean kontzertu telematiko bat egin eta internet bidez eman zuen, bertan parte hartu zuten musikarietako batzuk zuzendaria zegoen tokitik hainbat kilometrotara zeudela, zuntz optiko bidez konektaturik.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, autonomia erkidegoko mailako orkestren artean, estatuan sortu zen lehen orkestra sinfonikoa da. 1982an sortu zen, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saileko Musika zuzendari Imanol Olaizolari enkargatutako proiektu baten emaitza gisa. Orkestraren antolakuntza-egituraren organo gorena Administrazio Kontseilua da, Kultura sailburua eta orkestraren presidentea buru dituena. Horiez gain, Kontseiluak beste hainbat kide du: Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailburuordea eta Kultura zuzendaria, hiru lurralde historikoetako kultura diputatuak eta hainbat erakundetako ordezkariak. Bestalde, Batzorde Artistiko batek orkestraren musika-ibilbidea zehazteko eta garatzeko lanetan parte hartzen du.

Euskadiko Orkestra sinfonikoa, sortu zenetik (1982), Espainiako Orkestra Sinfonikoen Elkarteko kidea da. Halaber, Hezkuntza Kontzertuen Antolatzaileen Sareko kidea da sare hori 2010ean sortu zenez geroztik.

Euskadiko Orkestraren historiari buruzko informazio guztia Primo Tempo liburuan bildu da zehatz-mehatz. Liburu hori Kutxak argitaratu zen 2007an orkestraren 25. urteurrena zela-eta. Ezin konta ahalako testigantzak bilduta egin zen liburua, Orkestrak musikan egin duen ibilbidea gertu-gertutik jarraitu duten pertsonen testigantzak bilduta, hain zuzen ere.