Orkestrak

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa

Euskadiko Orkestrak, halaber, soinu-artxibo handia du, euskal konpositoreen produkzio sinfonikoa ardatz duen politika diskografikoari esker. Hain zuzen ere, besteak beste Decca eta RTVE Música zigiluek argitara emandako ia berrogei erregistroren artean, Euskal Konpositoreen Bilduma nabarmendu behar da; izan ere, CLAVES etxeak Mondragon Taldearen laguntzaz argitaratutako lan hori orain arte egin den euskal egileen obren bildumarik handiena da. Bilduma honi gehitu zaion azken konpositorea da Valentin de Zubiaurre. Bertan, dagoeneko, honako konpositoreak bildu dira: Beltrán Pagola, Luis de Pablo, Juan Crisóstomo Arriaga, Aita Madina, Tomás Garbizu, Aita Donostia, Pablo Sorozabal, Francisco Escudero, Andrés Isasi, Jesús Aranbarri, José Mª Usandizaga eta Jesus Guridi.

Baina euskal musikaren maisu-lanak iraunkor bihurtzeko zaletasun eta lan hori ez da bilduma horretara mugatzen, eta horren erakusgarri, Francisco Escuderoren Gernika operaren lehen grabazioa aipatu behar da, XX. mendeko euskal musikaren sorkuntzako obra gorenetako bat baita. Orkestrak, musika-ondarea bizirik irautea lortzeaz gain, ondare hori handitzea sustatzen du, euskal sortzaileei -oraindik ezagunak ez direnei nahiz dagoeneko sona lortu dutenei- eskuarki obrak enkargatzen dizkielako.