Pintoreak

Ahedo Chávarri, Teresa

1941ean Karrantzan jaiotako pintore bizkaitarra.

Batxilergoko ikasketak egin ondoren bi urte eman zituen Montpellierren. Bertan frantziar kultura ezagutu eta pintura-eskolak jaso zituen Bernat irakaslearen eskutik.

Euskal Herrian egindako bakarkako erakusketen artean hauek nabarmendu ditzakegu: Bilboko Etxe-Arte Galerian aurkeztutakoak (1978), Bilboko Arteta Galeriakoak (1980, 1983, 1986 eta 1989), Bilboko Arte Galerian aurkeztua (1992), Bilboko Juan Manuel Lumbreras Galeriaren I Espazioan jarri zuen Tercera etapa. 1988-1998 izenekoa (1998) eta Llamas Galerian Homenaje a la Maternidad izenburupean egin zuena (2002). Orobat, 2002. urtean Boceto Galerian eta Juan Manuel Lumbreras Galerian egin zituen erakusketak, 2003an Gernikako Kultur etxean eta Boceto Galerian, eta 2004an Sestaoko Kultur Etxean. 2007an Bilboko BBK Aretoan erakusketa kolektibo batean parte hartu zuen, Gizakia Helburu Fundazioaren alde.

Erakusketa askotan parte hartu du, bakarkako nahiz kolektiboetan, Bartzelonan, Madrilen, Kantabrian, Marbellan, Salamancan, Alemanian, Frantzian edota Italian. Halaber, azoka ugaritan parte hartu du, nazionalak nahiz nazioartekoak, esate baterako, Bartzelonan (1996, 1997 eta 1998), Marbellan (1997), Gaztela eta Leonen (1997 eta 1998), Frankfurteko Nazioarteko Azokan, Genevako Nazioarteko Azokan, Pergamoko Azokan 1996an, 1997an eta 1998an, edo Arte Garaikideko Azoka ezberdinetan Erroman, Stockholmen, Miamin, Vancouverren, Rio de Janeiron, Sydneyn edo Tokion. Egin dituen azken erakusketen artean hauek nabarmendu daitezke: Bartzelonako Crisolar Galerietan egindako bakarkako erakusketa eta Madrileko Espainiako Liburutegi Nazionalean egindako kolektiboa, biak 2002an. Bere lanak, era berean, ikusgai daude hainbat bildumatan, besteak beste, Bilboko Deustuko Unibertsitatean, Karrantzako Kultur Etxean, Madrileko San Fernando Arte Ederren Errege Akademiaren Museoan, Culliureko Palais Royal jauregian (Frantzia) edo The Florida Museum museoan (AEB).

Teresa Ahedoren pintura kontzeptu espresionisten inguruan mamitzen da hastapenetik. Trazu beltz indartsu eta amaigabeak ageri dira sarritan koloredun orban oso saturatuen inguruan. Keinua bilatzen du eta pintura materikoa erabili. Horiek bakuntasunarekin elkarlotzen dira naif artearen nolabaiteko kutsuak agertzen dituen forma batzuen trazuan. Funtsean paisaiak, liliak edo emakumeak dira irudikatzeko hautatzen dituen gaiak. Emakumeen gorputz haragikoiak mihisearen mugetara iristen dira besarkadak, musuak edo amatasun-eszenak erakutsiz. "Nire lanaren oinarria errealitatetik hartu eta nire irudimenarekin, sentimenduarekin edo uneko emozioarekin eraldatzen ditudan oharretik abiatzen da" idatzi zuen artistak 1980an.