Irakasleak

Goya, María Dolores

Andereñoa. Donostian jaio zen 1913ko otsailaren 19an eta hiri berean hil zen 1986ko abuztuaren 29an.

1932an Maistra titulua eskuratu zuen eta segituan Etxaide ikastolan klaseak ematen hasi zen (EAJ-aren laguntzaz), eta Gros auzoko beste ikastola batean.

1936an estatuko maisu titulua eskuratzeko lehiaketan parte hartzeko prestatzeari ekin zion baina Gerra Zibila hasi zenez, bere egitasmoa bertan behera geratu zen. 1937an La Habana itsasontzian bidaia egin zuen Euskal Herriko 4.000 haurrekin batera Britainia Handira eta bertan 7 hilabete eman zituen. Gero Frantzia aldera jo zuen eta 1940an Donostiara itzuli zen. Aurrekari politikoak bazituen ere, Ergobiako eskola batean maisu lanetan hasten da. Berez, ofizialki eskola saioak gazteleraz bakarrik eskaintzen baziren ere, Maria Doloresek hainbat eskola euskaraz ematen zituen. 1943an eskola itxi egiten dute eta ez zen berriro ere irakasle lanetan aritu 1951ra arte.

Urte horretan Maria Dolores Goyak Carquizano Ikastola sortu zuen bere etxean bertan. Legez kanpoko ikastola horretan hezkuntza lanari ekin zion 1970era arte. Orduan gaixo erortzen da, baina 1964az geroztik berarekin lan egiten zuen alabak ikastola irekita mantendu zuen 1975era arte.