Arkitektura

Eskoriatza-Eskibel jauregia. Gasteiz

Arabako arkitekturak, bai erlijioso bai zibil arloan, inoiz ez bezalako hazkundea izan zuen berpizkundeko garaian. Une argitsu honen arrazoiak politikoak, sozialak eta ekonomikoak dira. Izan ere, gerrak eta istiluak gutxitu egin ziren, gizarte-bakea lortu zen eta nekazaritza-ekoizpenak gorakada ederra bizi izan zuen. Horretaz gain, estilo honen garapenerako, Arabako kokagune geografikoa lagungarria izan zen, zeren horri esker, Gaztelako artegune garrantzitsuekin, Burgos eta Valladolid nagusiki, harremanetan jarri baitzen. Hori guztia aintzat harturik adierazgarria da zergatik Araban, gainerako Euskal Herriko lurraldeekin konparatuz, berpizkundeko estetika lehenago barneratu eta garatu zen. Edonola ere, errenazimenduko estetika ez zen modu berean zabaldu Araba osoan zehar, eta, alderdi geografikoaren arabera, gehiago edo gutxiago errotu zen.

Gortean eta zenbait erakundetan karguak zituzten nobleak Gasteizen bizi izan ziren eta beraien aginduz eraiki zituzten jauregi garrantzitsuenak. Horretaz gain, familia asko aberastu egin ziren eta jauregiak eraiki ahal izan zituzten, lortzen ari ziren boterearen ikur gisa edo beraien leinua goresteko. Hori dela eta, Gasteizen anitz dira garai honetako jauregiak eta Eskoriatza-Eskibel jauregia horietako bat da.

Eraikuntza eder hau arkitektura zibil berpizkundearen adibiderik bikainenetakoa da, XVI. mendearen erdialdean altxatu zuten eta Gasteizko hirigune historikoan, goiko aldean, kokatzen da, Frai Zacarias Martinez kalean. Eraikina Ingalaterrako Enrike VIII. medikua izan zen Fernan Lopez Escoriaza jaunaren babespean eraiki zen. Gaur egun uste da Luis de Vega errege arkitektoari eman zitzaiola jauregia altxatzeko ardura eta bertako langileek egin zutela lana.



Datuen arabera, 1530. eta 1540. urteen artean altxatu zen eta estilo arkitektonikoari begiratuz gero, Eskoriatza-Eskibel jauregia platereskoa da. Jakina denez, Italiako berpizkundeko arkitekturaren erreferentziak Gaztelako eraikuntzen bidez heldu ziren Arabara, eta adituek, bereziki, Salamankako eta Burgoseko hainbat eraikinekin harremanetan jartzen dute.

Eraikitzeko material nagusia harlangaitz harria da baina baoen markoak, ataurrea, apaingarri eskultorikoak, hegoaldeko aurpegiaren arku-multzoa eta barruko atari eta eskailera kararri harri zuriz egindakoak dira.

Tipologiari dagokionez, oinplano laukizuzeneko eraikin bat da, ez dago libre alde guztietatik zeren lau aurpegietako bat hiriko harresiari itsatsita baitago, eta barruko ataria dauka. Jatorrizko altuera bi solairukoa izan arren, hirugarren pisu bat gehitu zitzaion, adreiluz egindakoa eta atzeratuta dagoena.

Fatxada nagusia iparralderantz orientatuta dago, neurri txikiko plaza baten aurrean. Berezko multzoa, lehenengo bi solairuak osatuta dagoena, tamaina handiko erlaitz batekin errematatzen da eta aipatzekoa da osagai honen elementu apaingarri nagusia, hau da, mailaz katea. Gorputz honen gainean adreiluzko solairua kokatzen da, eta, dimentsio txikiagoa izateagatik eta atzeratuta dagoenez, kanpotik nekez ikusten da. Horretaz aparte, aldakuntza ugari izan dituenez, gaur ikusten dugun hutsune eta trinkotasunaren antolaketak ez dauka zerikusirik jatorrizko antolamenduarekin.

Nolanahi ere, fatxada honetako elementurik nagusiena eta nabarmenena ataurre platereskoa da. Esan dugun bezala, harri zuriz egina dago, 1540. eta 1550. urteen arteko egite data dauka, eta estilo, egikera eta ikonografiaren aldetik deigarriena da. Egileari dagokionez, ez da ezagutzen izen bat zehazki, baina adituek eta ikertzaileek nabaritzen dute Gaztelako eskolaren eragina, Diego de Siloe edo Juan de Vallejo antzeko egilearen esku.

Portada hiru gorputzetan banatuta dago. Lehenengoan zabaltzen da sarrera, laukizuzen itxurako atea da, eta baoa atezangoaz, tamaina handiko ateburu batez eta zutabez inguratuta dago. Bigarrengoan friso bat modu aberatsa eta erabat dekoratua agertzen da. Hirugarrengoan, irekitzen den baogunea laukizuzen itxurako leiho bat da, balaustreen artean kokatuta eta pertsonaia mitologikoen aletoiez inguratuta dago. Bukatzeko, goiko partean eta erremate gisa frontoi triangeluar bat erantsi zaio. Multzo osoa landua da, besteak beste, lanaren sustatzaileen bustoak, beraien armarriak, irudi mitologikoak eta Jainkoaren erreferentzia aurkezten dira. Horretaz gain, ikonografiaren aldetik oso garrantzitsua da, programa humanistadun, ongiaren eta gaizkiaren borroka, islatzeagatik.

Hegoaldeko fatxadak, lorategira jotzen duena, italiar erako bi galeria edo arku-multzo dauzka. Beheko solairuko galeriak erdi-puntuko arkuak ditu eta goiko solairukoak arku beheratudunak dauzka. Gaur egun, galerietako jatorrizko baoak itxita daude eta hutsune berriak ireki dira.

Gainerako fatxadak, apaingarriari ezertan amore eman gabe, soil eta xumeagoak dira. Ekialdeko fatxadan XVIII. mendean, hau da, Neoklasizismoko garaian, berrikuntza burutu zen; horren ondorioz, hutsuneen antolamendua aldatu zen eta fatxada nagusi bihurtu zuten. Mendebaldeko aurpegiak, harresiari itsatsita dagoena, ez dauka azpimarratzeko elementurik.

Jauregi patioduna izanik, ataria da barruko espazioak banatzen dituen osagaia. Italia eta Gaztelako ereduetara jarraitzen du. Elementu hau eraikinaren erdigunean kokatzen da, bi solairu ditu eta hiru atalekoa da. Beheko solairukoak erdi-puntuko arkuak dauzka eta angeluetan eta arkuetako medailoietan pertsonaia mitologikoen irudiak agertzen dira. Goikoa, berriz, tamaina txikiagokoa da, arku karpanelak ditu, beheko pisuan agertzen diren bezala, pertsonaia mitologikoen irudiekin apainduta dago; horretaz gain, balaustradak eta eskailera ditu.

Neoklasizismoko garaiatik Eskoriatza-Eskibel jauregian berrikuntza ugari burutu dira. Jakina da, 1968. urteko berriztapen lanak egin ondoren, patioa eta eskailera kontserbatu zirela, galerietako kristalak kendu zituztela, eta teilatuaren gainean argizuloa zabaldu zela.

Jauregiak zenbait erabilera izan ditu eta gaur egun Aguirre Eliz Patronatuaren Fundazioaren egoitza da.

Barruko patiodun jauregien eredu garrantzitsuenak Gasteizen biltzen dira eta gure lurraldeko lehenbiziko adibidetzat jotzen dira. Eskoriatza-Eskibel jauregiaz gain, Bendaña jauregia, Montehermoso jauregia eta Salinas edo Villa Suso jauregia azpimarratzekoak dira.

  • DE APRAIZ, A. "La casa de los Escoriaza-Esquibel". Revista del Seminario de Arte y arqueología. Separata. Universidad de Valladolid, 1954.
  • DE BEGOÑA, A. Arquitectura doméstica en la Llanada de Álava. Siglos XVI-XVIII. Diputación Foral de Álava. Vitoria: 1986.
  • GONZALEZ CEMBELLIN, J. M.; SANTANA EZQUERRA, A. "Clasificación tipológica de los primeros palacios del País Vasco". Revisión del Arte del Renacimiento. Ondare 17. Eusko Ikaskuntza. Donostia: 1998.
  • GONZALEZ DE ZARATE, J. M. El Palacio Escoriaza-Esquibel como imagen del Buen Ciudadano y de la Mansión del Amor. Ayuntamiento de Vitoria-Gasteiz. Vitoria-Gasteiz: 1987.
  • PORTILLA, Micaela J. Torres y casa fuertes en Álava. 2 Volúmenes. Ed. Caja de Ahorros Municipal de Vitoria. Vitoria: 1978.
  • VV.AA. Monumentos Nacionales de Euskadi. Araba. Volumen 3. Departamento de Cultura del Gobierno Vasco. Ed. Elexpuru. Bilbao: 1985.
  • ZORROZUA SANTIESTEBAN, Julen. Errenazimenduko Artea Araban. El arte del Renacimiento en Araba. Diputación Foral de Álava. Departamento de Cultura. Vitoria: 1999.