Kontzeptua

Besta Berriak Bidarrain

Auzo herrietan bezala, Bidarrain gaur arte beiratu dute Besta Berri beztituen ohidura. Komuzki gazteria bi igandez beztiturik ateratzen zen Sakramendu Sainduaren elizkizunen laguntzeko. Prosesionea goizean ateratzen zen Besta Berriz, eta arratsaldez Otabaz. Meza aintzin gazteria erretora eta auzapezaren bila joaiten zen, eta elizkizunetarik landa agintariek eskaintzen zioten zintzur freskatze zerbeit.



Beztituen artean aurkitzen dira Bidarrain, auzo herrietan bezala, makilaria, bi oilar (berriki gehituak), lau zapur, soldadoak beren aintzindariekin (kapitaina, lieutenantea, bi sardient, bi kaporal), suisa, banderariak. Bidarraiko gaurdak badauzka bi berezitasun: alde batetik lau "galtza haundi" edo zouaves pontificaux delakoak, Pio IX. Aita Sainduak 1861an Erroman sortu zaindari gorpuaren jauntzitan, eta bertzalde lau soldado-lantzier kabalkadako bolanten jauntzitan, Ortzaize -Arrosako Besta Berrietan bezala-. Hurbiltasun hori ez da harritzekoa: Bidarrai 1790-1800an beizik etzen Ortzaizetik berexi. XX. mendearen bigarren partean, Bidarraiko Besta Berriek emeki-emeki Heleta-Lekorneko ezaugarri zonbeit hartu zituzten, zapurren jauntziak, oilarrak edo eliza-sartzeko urratsa bezala.

1899an Marie Garayek Bidarraiko Besta Berrietaz egin margoan (Garay, 1899) ezagun da Besta Berrietako sinboloen nahasketa: militarra eta erlijiosoa, bainan baita ere izadiaren eta iguzkiaren jaia (Duvert, 2009: 7) (Arbelbide, 2001) (Itçaina, 2009a):

  1. Kurutzea aintzinean
  2. Bi zapur, zaia xuri luzeak soinean, zinta arrosa gerrian, Garaziko zapurren egitekoa. 1920 urteetan aldiz, Bidarraiko lau zapurrek Napoléonen garaieko jauntziak zerabiltzaten, Luhuson edo Heletan bezala. Guilcher-en arabera, Bidarrain zapurrak eta makilaria ziren dantzan ari eliza sartze eta prosesionetan. Geroztik sartu bi oilarrak ere dantzan ari dira.
  3. Gizonak beren prosesio-banderarekin
  4. Neska ttipiak, beren arrosa eta banderarekin, lau lantzier eta ofizierrek inguraturik. Lantzierren kaskak xingola eta lorez estaliak dira, orduko kabalkadetako dantzarienak bezala.
  5. Pabillunaren aintzinean mihise hertsi eta luze bat hedatzen duen anderea (hain segur andere serora).
  6. Makilaria eta bi banderariak, frantses bandera apaindu eta xingoladunekin
  7. Soinulariak: margoan ze tresna diren ez da xuxen ageri, bainan 1921eko Besta Berritan badakigu bazirela lau kleron (Baionatik jin araziak), bi atabalari eta klarineta bat. Herritarren orroitzapenetan xirribikaria ere aipu da. Pentsatzen ahal da XIX. mende undarra arte xirula-tamburina eta xirribika zirela entzuten Bidarrain, auzo herrietan bezala.
  8. Pabilluna eta Sakramendu saindua, lau galtza haundiek zaindua (eta ez zapurrek, Itsasun bezala). Meza denboran halaber, lau galtza haundiak dira aldare aintzinean gelditzen, makilaria zapurrekin beherean paratzen delarik.
  9. Emazteak kantari
  10. Margoan ez dira ageri soldadoak, gibelean zirelakotz. 1926an baziren 62 soldado, 1933an aldiz 73. 1921ean buruan zerabiltzaten "bonet xuri, pompon urdin-xuri-gorri" (Eskualduna) batzu, halaber 1950 urteetan (Cuzacq, 1953: 15).

Besta Berrietako alderdi sakratu bai profanoan dantzak beti ukan du bere garrantzia (Etxehandi, 1989). "Bidarraitarrak beti espartin xuritan" dio erran zaharrak. Gostu horren lekuko dira baita ere Bidarrain eman izan diren tobera-kabalkadak azken bi mendeetan (1833, 1862, 1908, 1909, 1923, 1945, 1946 eta 2002an, bertzeak bertze). Bidarraiko dantzariek maiz irabazten zituzten han eta hemen antolatuak ziren dantzari primak. Jean Espilondo "Arnaval"-ek ereman zuen dantza jauzien lehen prima Hazparneko lore jokoetan 1894an, eta Bidarraiko taldeak zuen Baionako dantza lehiaketa ereman 1946an. Herrian berean bazituzten dantza erakasleak, Ganix Iriart bezala XX. mendearen lehen partean, edo Mañaeneko Beñat Duclos bigarren gerla ondoan.

Besta Berrietako parte sakratuan, kaxkarot martxaren urrats neurtu eta idorra zuten erabiltzen. Gaur egun, eliza sartzeko urratsak Heleta eta Lekornekoa du orroitarazten, eta ez baitezpada Luhuso edo Ortzaizekoak. Violet Alford etnologoak zion 1922an Bidarraiko zapur batek, bere dantzaren beroan, aldare gainerat jauzi egin zuela (Alford, 1937: 176). Guilcher-ek ahatik ez zuen, apentziarik ere, gisa hartako oroitzapenik bildu Bidarrain egin zuen inkestan (1984: 445).

Bidarraiko Besta Berrietako parte profanoan ere dantzak beti ukan du bere garrantzia. Bezperetarik lekora, guardak hiru plaza itzuli egiten zituen kaxkarot martxa eman aintzin. Ondotik dantza jauziak eskaintzen zituzten. 1921an adibidez, Socodiabehere "Xatorra" Arruntzako soinulari famatua zutela gidari, eman zituzten Besta Berriz jauzirik zaileenak: Mutxikoak, Milafrangarrak, Azkaindarrak (edo Ainhoarrak) eta kaxkarot dantzak (Eskualduna, 1921.VI.10) . 1926an aldiz, Ainhoarrak, Milafrangarrak eta Laphurtarrak (Eskualduna, 1926.VI.18) . Beñat Duclos-k erakutsi zigunaren arabera, pikoak urratsean emaiten zituzten, Heleta edo Makeako gisara. 1960 urteetan ziren hasi jauzika antrexatekin, Garaziko moldean, Baionako dantza erakasle baten eraginez. 1970 urteetarik goiti ahatik dantza jauziek doi bat galdu zuten beren ospea gazteriaren artean. Komuzki, dantza jauzietarik landa, neskak gomitatzen zituzten dantza kordara. Itsasun bezala (Itçaina, 2009), plazan eta ostatuz-ostatu zebilan dantza korda, bereziki Otabaz. Albert Arrabit herriko soinulariak azaldu zigunez, Bidarrain emaiten zen dantza korda Baigorrikoaren parekoa zen, bere lau zatiekin. Kadrilla eta fandangoekin bururatzen zen tokiko gizartean garrantzi haundia zuen, eta neurri batean duen, aspaldiko errito erlijioso-zibikoa.

  • ALFORD, Violet. Pyrenean festivals. Calendar customs, music and magic drama and dance. London: Chatto & Windus, 1937.
  • ARBELBIDE, Xipri. Besta Berri. Lasarte-Oria: Ostoa, 2001.
  • CUZACQ, René. Dans le folklore basque. Processions de la Fête-Dieu, chasse à la palombe, sur la maison basque et varia. Mont-de-Marsan: Jean Lacoste, 1953.
  • DUVERT, Michel. "Vie religieuse et vie sociale. Un essai", Bayonne: Société des Amis du Musée basque, 2009.
  • ETXEHANDI, Marcel. Jantza Euskal Herriko elizetan. Baiona: Fedea eta kultura, 1989.
  • GUILCHER, Jean-Michel. La tradition de danse en Béarn et en Pays Basque français. Paris: MSH, 1984.
  • museebasque.com [web]. "Procession de la Fête-Dieu à Bidarray". tableau de Marie Garay, 1899 Musée basque et de l'Histoire de Bayonne, collections en lignes: [Kontsulta data: 2012ko urriak 1].
  • Euskomedia.org/aunamendi [web] ITÇAINA, Xabier."Besta Berriak Ipar Euskal Herrian". [Kontsulta data: 2012ko urriak 1].
  • ITÇAINA, Xabier. "Ezpata eta iguzkia. Besta Berriak Itsasun atzo eta egun". Dantzariak, 55 zenb., 2009b, 31-50 orr.