Kontzeptua

Besta Berriak Bidarrain

Beztituen artean aurkitzen dira Bidarrain, auzo herrietan bezala, makilaria, bi oilar (berriki gehituak), lau zapur, soldadoak beren aintzindariekin (kapitaina, lieutenantea, bi sardient, bi kaporal), suisa, banderariak. Bidarraiko gaurdak badauzka bi berezitasun: alde batetik lau "galtza haundi" edo zouaves pontificaux delakoak, Pio IX. Aita Sainduak 1861an Erroman sortu zaindari gorpuaren jauntzitan, eta bertzalde lau soldado-lantzier kabalkadako bolanten jauntzitan, Ortzaize -Arrosako Besta Berrietan bezala-. Hurbiltasun hori ez da harritzekoa: Bidarrai 1790-1800an beizik etzen Ortzaizetik berexi. XX. mendearen bigarren partean, Bidarraiko Besta Berriek emeki-emeki Heleta-Lekorneko ezaugarri zonbeit hartu zituzten, zapurren jauntziak, oilarrak edo eliza-sartzeko urratsa bezala.

1899an Marie Garayek Bidarraiko Besta Berrietaz egin margoan (Garay, 1899) ezagun da Besta Berrietako sinboloen nahasketa: militarra eta erlijiosoa, bainan baita ere izadiaren eta iguzkiaren jaia (Duvert, 2009: 7) (Arbelbide, 2001) (Itçaina, 2009a):

  1. Kurutzea aintzinean
  2. Bi zapur, zaia xuri luzeak soinean, zinta arrosa gerrian, Garaziko zapurren egitekoa. 1920 urteetan aldiz, Bidarraiko lau zapurrek Napoléonen garaieko jauntziak zerabiltzaten, Luhuson edo Heletan bezala. Guilcher-en arabera, Bidarrain zapurrak eta makilaria ziren dantzan ari eliza sartze eta prosesionetan. Geroztik sartu bi oilarrak ere dantzan ari dira.
  3. Gizonak beren prosesio-banderarekin
  4. Neska ttipiak, beren arrosa eta banderarekin, lau lantzier eta ofizierrek inguraturik. Lantzierren kaskak xingola eta lorez estaliak dira, orduko kabalkadetako dantzarienak bezala.
  5. Pabillunaren aintzinean mihise hertsi eta luze bat hedatzen duen anderea (hain segur andere serora).
  6. Makilaria eta bi banderariak, frantses bandera apaindu eta xingoladunekin
  7. Soinulariak: margoan ze tresna diren ez da xuxen ageri, bainan 1921eko Besta Berritan badakigu bazirela lau kleron (Baionatik jin araziak), bi atabalari eta klarineta bat. Herritarren orroitzapenetan xirribikaria ere aipu da. Pentsatzen ahal da XIX. mende undarra arte xirula-tamburina eta xirribika zirela entzuten Bidarrain, auzo herrietan bezala.
  8. Pabilluna eta Sakramendu saindua, lau galtza haundiek zaindua (eta ez zapurrek, Itsasun bezala). Meza denboran halaber, lau galtza haundiak dira aldare aintzinean gelditzen, makilaria zapurrekin beherean paratzen delarik.
  9. Emazteak kantari
  10. Margoan ez dira ageri soldadoak, gibelean zirelakotz. 1926an baziren 62 soldado, 1933an aldiz 73. 1921ean buruan zerabiltzaten "bonet xuri, pompon urdin-xuri-gorri" (Eskualduna) batzu, halaber 1950 urteetan (Cuzacq, 1953: 15).