Jaialdiak-Ekimenak

Tolosako Alardea

"Tolosako Alardea" deitu ohi zaio -herrian bertan baino, herritik kanpo- eskopetari-konpainiek San Joan herriko zaindariaren festetan, ekainaren 24an, egiten duten ikuskizunari.

Goizean, Plaza Zaharrean biltzen dira elkarte gastronomiko eta aisialdi-taldeetako formazioak, jaien hasiera iragartzen duen dianarako. Kide guztiek galtza zuriak, txapela, atorra edo elastikoa eta txalekoa daramatzate. Txalekoak kolore bizitakoak izan ohi dira, eta konpainia bakoitzak berea du. Halaber, eskopetak daramatzate, jaurtigairik gabeko munizioarekin.

Armamentua aurkeztu ondoren, lehen desfilea egiten dute. Ondoren, ohitura da Santa Mariako parrokian meza nagusia entzutea. Horren ostean, San Joaneko prozesioari itxaroten diote alde zaharreko zenbait gunetan, pasatzerakoan ordenantza-salbak jotzeko. Behin martxa eta prozesioa amaituta, Euskal Herria plazan lerrokatzen dira, azken deskargak jotzeko. San Joan egunean bertan, arratsaldean, konpainiek harrera egiten diete parrokiako bezperetara eta Arrameleko San Joan kaperako arrats-otoitzetara joaten direnei. Arratsalde erdi aldera, Igarondoko Zumardiaundian, dantza-taldeak eskainitako bordon dantza ikustera joaten dira. Triangelu plazara bueltan, eskopetariek azken tiroak egiten dituzte, eta bakoitza bere aldetik doa gero, hurrengo urteko San Joan jaian berriz elkartu arte.

Eskema hori ikusita, argi dago "Tolosako Alardea" izenez ezagutzen den horrek antzekotasun handiak dituela izen bereko beste jai askorekin. Aitzitik, tradizioari arreta handiagoa jartzen badiogu, desberdintasun nabarmenak ikusiko ditugu.

Hasteko, Irungo, Hondarribiko edo Antzuolako Alardeek ez bezala, Gipuzkoako hiriburu zaharreko arma-ospakizunak ez du jatorrizko izaera gordetzen, eta festetako jarduera bat baino ez da. Horregatik, tolosar ospakizuna desberdina da, eta ulertzekoa da "alarde" deitzeko ohiturarik ez edukitzea, alarde hitzak -Gipuzkoan bereziki- duen esanahia ikusita. Izan ere, hasieran esaten genuen bezala, tolosarrek "eskopetariak" deitu ohi diote.

Gure ustez, ñabardura horrek badu bere garrantzia, nahiz eta xehetasun historiko horiek ezagutzen ez dituen kanpoko batek Tolosako San Joanetan eta Irungo San Martzialetan edo Hondarribiko Guadalupeko Birjinaren egunean egiten denaren artean desberdintasun nabarmenik ez ikusi.

Hori dela eta, atzera jo behar dugu San Joan festak eta Tolosako gizon armatuak elkartzen dituzten aurrekariak ezagutzeko.



Hasteko, Federico Zabalak azaldu bezala, euskal foru-sistema zaharrean lurralde bakoitzak bere antolamendu militarra zuen. Izan ere, hala behar zenean, borrokatzeko adina zuen gizonezko orok herriak armekin defendatzeko betebeharra zuen. Udalerriek milizietan antolatzen zituzten gizonak, alkatea buru zutelarik. Konpainia bakoitza udalerri bakarreko edo hainbat udalerrietako tropek osatzen zuten, eta Aldundi Nagusiak eta Probintziako Batzarrek izendatutako agintarien pean zeuden.

Urtean behin gutxienez, alarde orokorra egiten zen, armak prest mantentzeko eta adin militarren zeuden bizilagunak entrenatzeko. Praktikak egiteko eta armak egiaztatzeko eguna bat etorri ohi zen ospakizun garrantzitsuren batekin: zaindariaren eguna, Corpusa... Horrela, denborak aurrera egin ahala, lurraldea defendatzeko erantzukizuna bateratzeaz gain, alardeak jaietako egitarauaren osagai garrantzitsu bihurtu ziren zenbait herritan. Hortaz, zeharka edo garai zaharren arrasto, esan genezake antzinako alarde horietatik datorrela Tolosako eskopetarien ospakizuna.

Eta jakina, Gipuzkoako Batzarren eta Aldundien akordio-liburuetan maiz agertu eta errepikatzen dira probintzian eta herrietan armagizonak antolatzeari buruzko albisteak, aginduak eta xehetasunak. Dokumentu-ondare horretatik, XVI. mendeko Batzar Nagusien xedapenetako batzuk atera ditugu, bertan gai honekin lotura zuzena duten terminoak agertzen baitira: San Joan, armak eta Tolosa.

Gizonen instrukzioari buruzko lehenengo erreferentzia 1557ko irailaren 14koa da. Egun hartan, Tolosan, "Batzar Berezietan bildu eta deialdira bertaratu ziren Gipuzkoako probintzia noble eta leial honen hiribilduetako, udalerrietako eta herrietako kapareen prokuradore jaun txit gorenak, Errege maiestateak izendatutako korrejidorearekin batera" (gaztelaniatik moldatutako itzulpena). Parte-hartzea sustatzeko eta tiratzaileen trebezia saritzeko, proposatu zuten "bitxia ematea arkabuzik edo pikarik onena zeukan eta tirorik onenak egiten zituen herriari, herritarrak uneoro prest egon zitezen, dei egin behar zitzaienerako" (gaztelaniatik moldatutako itzulpena). Idatzietan aipatzen den bitxia "zerbitzua saritzeko edo esker onez ematen den gauza bat" litzateke.

Beste adibideetako bat 1572ko azaroaren 19an Gipuzkoako Ordezkarien Batzarrak Seguran egindako bilera dugu, eta bertan jorratutako gaiak San Joan egunera gerturatzen gaitu. Benetan esanguratsua da abagune hartan alardeei buruz adierazitakoa: "Eta Batzarra osatuta zegoela, Probintziak arma-zerrendarako izendatu duen komisarioa bertaratu zen bilerara. Haren ustez, Probintziak agindu beharko luke San Joan Bautista edo Santiago egunean herri eta udalerri bakoitzean alarde orokorra egin dezatela, eta bizilagun eta biztanle guztiek arkabuza, buru-babesa, pikak eta koseleteak eraman ditzatela, baina baleztarik ez" (gaztelaniatik moldatutako itzulpena).



Dirudienez, garai hartan baleztak zaharkituta zeuden dagoeneko, askoz ere eraginkorragoak ziren su-armen aurrean. Berdina ondoriozta dezakegu Gipuzkoako kapitain jeneralak urte batzuk beranduago -1579an, hain zuzen ere- adierazitakoetatik, armen kalitateari buruz kezkatuta baitzegoen: "Probintziari eskatu zion herritarrak ondo arma zitzala, arkabuzekin eta gudarako erabilgarriak eta beharrezkoak diren bestelako armekin; baina adierazi zuen baleztak kanpo utzi behar zirela, ez baitira garai hauetarako beharrezkoak, ezta baliagarriak ere, eta, horrez gain, jendeak ariketaren bat egin zezala festetan" (gaztelaniatik moldatutako itzulpena).

Hainbeste gizon armatu biltzeak gaizki-ulertuak ekar litzake, erresumako legeen arabera kapareek bakarrik eraman zitzaketelako armak. Erregeen autoritateekin eragozpenik ez izateko, 1572an probintziako komisarioak batzarkideei honako hau eskatu zien: "...eta arma hauek, kapareen semeenak direnez eta hala izan behar dutenez, maiestateari eskatzen diogu berorren justiziei agintzeko ez daitezela zorragatik edo egindako delituagatik exekutatu, ezta bahitu, hartu edo saldu ere, horrela denek izango baitituzte armak eta inori ez baitzaio faltako" (gaztelaniatik moldatutako itzulpena).

Puntu honetan, bereziki garrantzitsua den erreferentzia batera iristen gara. Probintziako alardeen antolakuntzarekin lotuta dago (eskualde eta herri desberdinetako armadak bilduta), eta Tolosan bildu ziren, Gipuzkoa erdian egoteagatik kokapen ezin hobea dela aprobetxatuz. Batzarra Oiartzunen bildu zen, 1579ko irailaren 6an. Orduan, probintziako korrejidoreak esan zuen "Tolosako herriak aurretiaz eta kapitain jeneralak bileran proposatu zutenaren arabera, eta aintzat hartuta kasu egin ezean gerta litekeena, irizten zaio Jainkoari eta Berorren Maiestateari zerbitzu emateko eta errepublikaren mesederako tokirik erosoena eta egokiena Tolosako hiribildua dela, gero Audientzia bertara lekualdatuz" (gaztelaniatik moldatutako itzulpena).

Hortaz, ikus dezakegu Tolosak, lurraldeko gainontzeko herriek bezala, lurraldearen defentsarako gizon armatuak zituela, foru-hitzarmenak ezarritakoari jarraiki, eta, horretarako, San Joan jaietan gizonak trebatzeko eta armak egiaztatzeko ekitaldiak antolatzen zituen. Baina, horrez gain, une historiko jakin batetik aurrera, beste udalek eratutako konpainien topagune bihurtu zen, eta bertan hartzen zituzten probintziako agintariek.

San Joan goizeko eskopetariek bat egiten dute gazte armatuen alardearekin, Pablo Gorosabelek ere zaindariaren omenezko ospakizunetan ikusi zituenak, eta gure arbasoek iraganean izandako usadioetatik eratorritako oroitzapena gurtzen dute.

Beraz, jakin badakigun arren gaia sinpletzea izan litekeela, esan dezakegu San Joan zaindariaren jaia aberasten duten "Tolosako Alardeak" edo "Eskopetariek" gure bizimodu historikoa berpizten dutela.

  • GARMENDIA LARRAÑAGA, Juan. "Fiestas y juegos". Obra Completa. 4. alea. Donostia: Haranburu Argitaletxea, 1998.
  • GOROSABEL, Pablo de. Bosquejo de las antigüedades, gobierno, administración y otras cosas notables de la villa de Tolosa. 2. argit. Zizurkil: Imprenta de Pedro Aristegui, 1956.
  • URBELTZ, Juan Antonio. Alardeak. Bertan bilduma, 8. Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia. Kultura eta Turismo Saila, 1995.