Kontzeptua

Oinordetza-ituna

Legegileak mortis causa oinordetza antolatzeko modu ezberdinak aurreikusten ditu. Kausatzaileak berak diseinatu dezake bere oinordetza eta, hala egiten ez badu, legegileak erabakiko du, kausatzailea hiltzean, transmitigarriak diren eskubideak eta betebeharrak nori dagozkion. Lehenengoari, borondatezko oinordetza deritzo, hots; kausatzaileak berak, legegileak aurreikusten dituen baliabide juridikoak erabiliz, hil osteko bere ondarea nola banatuko den erabakitzea. Borondatezko diseinurik ezean, legezko oinordetza jartzen da martxan, hau da, legegileak kausatzailearen ondarea nola banatuko den xedatzeko jasotzen duen arau bilduma. Mistoa ere izan daiteke oinordetzaren antolaketa, borondatezkoa eta legezkoa konbinatzen direnean; kausatzaileak bere ondarearen zati batekiko xedatutakoa eta legeak xedatu gabe geratzen denari buruz erabakitakoa batuz.

Kausatzaileak, bere hil osteko ondarea nola banatu erabakitzeko eta erabakitakoa adierazteko baditu hainbat tresna juridiko: testamentua (pertsona-bakarrekoa edo ermandadekoa), komisario bidezko xedapena eta oinordetza-ituna. Azken honek, kausatzailearen eta bere oinordekoaren artean haren oinordetza arautzea du helburu. Testamentuak ez bezala, oinordetza-itunak kausatzaileari ahalbidetzen dio, hil aurretik eta bere oinordekoarekin paktua eginez, bere ondarea nahi bezala banatzea. Horrela, kausatzaileak eta oinordekoak, bakoitzak bere baldintza, erreserba eta klausulak ezarriz, haren ondasunen xedea erabakitzen dute. Testamentua, kausatzailearen hil osteko borondatea jasotzeko euskarri juridiko errebokagarria den bitartean, oinordetza-ituna akordio bat da: kontratu bat. Oinordetza-itunaren baitan bi borondate biltzen dira, gutxienez: kausatzailearena eta oinordekoarena. Biek adosten dute kausatzailearen ondarearen (edo zati baten) hil osteko antolaketa; eta, hain justuki, adostasunaren oinarrian egindako diseinua izateak bilakatzen du ituna baliabide errebokaezina. Ituna osatzen duten alderdiek ezingo dute, beraz, euren kabuz, adostutakoa aldatu, horretarako beste kontratugilearen oniritzia beharrezkoa izango baita.

Euskal Herrian, berezko Zuzenbide zibila duten beste hainbat autonomia erkidegotan, zein Europako herrialde batzuetan, berezitasunak berezitasun, era berean gauzatu izan da itun hau mendetan zehar: familia-ustiapen baten jabe diren senar-emazteak zahartzen doazen heinean, haien seme-alaben artean egokiena deritzotena aukeratzen dute ustiapena haren esku uzteko. Gehienetan, seme edo alaba horren ezkontza izaten da oinordetza ituna sinatzeko aukeratu ohi den unea. Kontratu edo paktu bidez [oso erabiliak izan dira, honetarako, ezkontza hitzarmenak], bikote zaharrak aukeratutako seme-alaba oinordeko izendatzen du eta ondarearen jabetza soila transmititzen dio, haientzat transmititutakoaren gozamena erreserbatuz [edo jabetza osoa, oinordekoak kausatzaileak hil arteraino mantentzeko betebeharra bere gain hartuz]. Horrela, bikote zaharra eta ezkonberria elkarrekin arituko dira elkarbizitzan zein ustiapen lanetan, azken hauen egokitze prozesua erraztuz, familiaren eta ondarearen 'buruzagitza' aldaketa era automatikoan eta berme ororekin burutu dadin. Bikote zaharra hil egitean, bikote gaztea, jadanik etxeko lanetan trebatua, ustiapenaren jabe bihurtzen da. Kausatzaileak bere hil osteko ondarearen banaketa oinordekoarekin itundu ahal izanak, elkarbizitza zein elkarlana ahalbidetzeaz gain, familia barneko ondarearen transmisio katea bermatzen du.

Itun hauen helburu nagusia -gehienetan nekazal eta abeltzaintza ustiapenetan garatua-, familiaren ondarea, belaunaldiz-belaunaldi, osoa eta zatiezina transmititzea da, sistema ekonomiko hauetan jarduteko ezinbesteko baldintza. Hain zuzen ere, bi dira aipatutako kate-transmisio hori bermatzen duten elementuak: 1) Alde batetik, oinordetza-ituna onartu eta arautu egiten duten sistema juridikoek seniparteari dagokionez jasotzen duten erregulazioa; berau materialki ezabatuz (Nafarroa eta Aiara) edo eta, portzentaje zehatzak aurreikusita ere, familiaren ondarearen muina oinordeko bakar bati transmititzeko aukera jasoz (Bizkaia eta Gipuzkoa); 2) Beste alde batetik, itunak, aldebiko paktua izanik, kausatzaileak adostutakoa oinordekoaren baimenik gabe aldatzeko ezintasuna bermatzen du, honek, agindutakoa jasoko duela ziurtzat hartuz. Oinordekoak duen ziurtasun hori da, hain zuzen, kausatzailea bizirik egonik ituna egiteko arrazoia, ondarearen transmisioa progresiboa eta egokia izan dadin bermatzen baita. Oinordekoak kausatzailearen eskutik ikasten du familiaren ustiapenaren buruzagitza bere gain hartzeko haina eta, hura hiltzean, prest dago bere tokian jartzeko, ondarearen produkzioak etenik izan gabe. Oinordekoak badaki, ituna sinatzen duenetik, berari egokituko zaiola, kausatzailea hiltzean, ondarearen kudeaketaz eta familiaren sostenguaz arduratzea.

Mendetan zehar, oinordetza-ituna izan da, hainbat sistema juridikotan, familiaren ondarea mortis causa transmititzeko gehien erabili den baliabide juridikoa. Auto-hornidura oinarri duten nekazal ekonomiatan, baserria eta familiaren ustiapena osoa eta zatiezina mantentzea biziraupenerako berme bilakatzen da. Familiak, baserritik ekoiztutakoa behar du bizitzeko eta, ustiapenak aurrera egin dezan, ezin da berau, belaunaldiz belaunaldi, seme-alaba guztien artean banatu. Familiaren ondareak jabe eta buruzagi bakarra behar du izan belaunaldi bakoitzean haren zatiezintasuna babesteko eta taldearen biziraupena bermatzeko. Hori da, hain zuzen ere, oinordeko bakarraren sistemaren arrakasta, hainbat eta hainbat ordenamendu juridikok faltan bota izan dutena oinordetza banatzeko zurruntasunak eragin duen minifundismo kaltegarriaren aurrean.

Bere ezaugarriei bagagozkio, beraz, oinordetza-ituna aldebiko kontratua dela argi islatzen da. Kausatzailearen hil-osteko ondarea antolatzea eta banatzea helburu izanik, mortis causa negozioa eta xedagarria, alegia. Haren baliozkotasunak forma publikoa galdatzen du eta, bere baitan, oinordetzazko izendapenaz gain, bestelako klausulak, kargak, baldintzak eta erreserbak hitzartu ditzakete alderdiek. Printzipioz, aldebikotasuna dela medio, ituna errebokaezina da. Hala ere, mortis causa negozioa izaki, oinordetza-ituna arautzen duten ordenamendu juridiko guztiek jasotzen dituzte kausatzaileari izendapena errebokatzeko ahalmena dakarkioten kausa zehatzak, baita izendatzea suntsiarazteko aukera ere. Finean, oinordetza-itunaren helburua familiaren ondarea osoa eta zatiezina mantentzea bada, kontratuak jasotzen duen oinordetzazko izendapena aldatzeko beta aurreikustea xede harekin koherentea da oso, beti ere itunean adostutakoa betetzen ez badu oinordekoak, hau esker-txarrekoa bada edo eta kausatzailearekin elkarbizitza aldrebestean.

Orohar, hiru oinordetza-itun mota daude: oinordetzeko itunak edo itun positiboak, ez oinordetzeko itunak edo errenuntziazkoak eta, azkenik, hirugarren baten herentziari buruzko itunak. Bereiz ditzagun, laburki bada ere:

  1. Oinordetzeko ituna edo itun positiboa da orain arte azaldu duguna eta erabiliena. Itun honen bidez, kausatzaileak bere ondarearen edo ondarearen zati baten oinordetza ituntzen du bere oinordekoarekin, hura hiltzean oinordekoak bizirik iraungo duenaren baldintzapean. Testamentua ez bezala, itun edo kontratu hauek aldebikoak dira eta, esan bezala, aldebikotasun horren ondorioz, printzipioz, errebokaezinak.
  2. Ez oinordetzeko itunaren bitartez, ordea, oinordekoa da, kausatzailearekin sinatzen duen kontratua dela medio, bere oinordetzazko eskubideei uko egiten diena. Errenuntziazko itun hauek (itun negatiboak ere deitutakoak), seniparteak zurruntasunez arautzen dituzten sistema juridiko batzuek ahalbidetzen dituzte batez ere, aipatu ondarearen zatiezintasun preziatua lortzearren. Familiaren ondarea, derrigorrez, seme-alaba guztien artean banatu behar bada, errenuntziazko itunaren bidez posible da oinordeko bakarraren sistema aurrera eramatea, beti ere, senipartedunek uko egiten badiete euren oinordetzazko eskubideei bakar batek izan ezik, hots; kausatzaileak aukeratutakoa. Oinordetza-itun positiboa lortzeko aurre-pausua izan ohi da errenuntziazkoa, senipartedunetatik bakar bat askatasunez aukeratzeko posibilitatea arautzen ez denean.
  3. Hirugarren baten herentziaren gaineko paktuan [xedatzailea ere deitutakoa], hiru dira, ordea, itunaren protagonistak: kausatzailea, bere oinordetzazko eskubideei uko egiten dien oinordekoa eta oinordekoa ez den hirugarrena. Egiturari erreparatuz, errenuntziazko itunaren antzekoa dela ondorioztatu daiteke, izan ere, kausatzaileak onetsi egiten du oinordekoak uko egitea eta berari dagozkion eskubideak hirugarren bati lagatzea, normalean kostubidez.

Kristo Aurreko asiriar, egiptiar, greziar eta babiloniar zuzenbidetik eratorritako testu anitzek argi uzten duten bezala, ituna da mortis causa oinordetza antolatzeko lehenengo baliabide juridikoa, testamentua sortu aurretikoa, alegia. Erromatar zuzenbideak sortzen du testamentua aro klasikoan, ambulatoria est enim voluntas defuncti usque ad vitae supremun exitum printzipiopean -nahiz eta aurreko aroetan oinordetza-itunak arautu eta erabili-. Testamentuaren sorrerak itunen debekua ekarriko du: borondate-adierazpenaren hil arterainoko aldagarritasuna salbuespenik gabeko axioma gisa aldarrikatuz, eta oinordetza itunak kausatzailearen borondatea errebokaezina bihurtzen duela kontutan hartuta, testamentua bihurtuko da hil osterako borondatea plazaratzeko modu bakarra. Erromatar zuzenbideak sutsuki defendatuko du kausatzailearen borondatearen errebokagarritasuna, askatasun printzipiotik abiatuta.

Oso bestelakoa izango da itun hauen bilakaera herri germaniarretako ohiturazko zuzenbideetan; oinordetza-itunak, ohiturak sortutako tresna juridikoa izanik, onarpen zabala jasoko du. Itun hauekiko jarrera eta araudi bikoiztasun honek egungo nazioarteko ordenamenduetan dirau: alde batetik, Erromatar zuzenbidetik eratorritako sistema juridikoak daude (Italia, Espainia, Portugal...), zeinetan, salbuespenak salbuespen, oinordetza itunak debekatuak dauden, nahiz eta azken urteotan itunak eragiten dituen onurak zeharka lortzeko legezko erreformak ugalduz doazen [Frantzian, 2006-278 Legea, 2006ko Ekainaren 23koa; Italian, 2006ko Otsailaren 14ko Legea]; eta, bestetik, itunak onartu eta arautu egiten dituzten germaniar zuzenbidetik eratorritakoak (Alemania, Suitza, Austria...).

Aurretiaz aipatu bezala, alde handia dago Espainiar estatuko ordenamendu zibil orokorrak eta euskal lurraldeetan indarrean dauden Zuzenbide pribatuek oinordetza-itunari eskaintzen dioten tratamenduan. Espainiako 1889ko Kode zibilak, Zuzenbide erromatarraren debekuaren harira, salbuespenak salbu, atea itxi egiten dio itunari kausatzailearen borondatezko oinordetza antolatzeko baliabide juridiko gisa. Euskal Herriko hegoaldeko lau lurraldeetan, aldiz, arazorik gabe onartu eta arautu egiten da oinordetza-ituna. Azter ditzagun, banan-banan, araudiok.

Espainiar estatuko Zuzenbide zibila erromatar zuzenbidetik eratorritako sistema juridikoa izanik, eta Napoleonen 1804ko Codearen eragin zuzena jasota, Espainiako 1889ko Kode zibilak oinordetza itunen gaineko debekua argi plazaratzen du. Horrela, 1271.II. artikuluak, etorkizuneko jaraunspenari dagokionez, salbuespen gisa, ondasunak inter vivos banatzeko kontratuak bakarrik egin ahal izango direla dio, 1056. artikuluaren arabera. Azken artikulu honetan aurreikusten den ondasun banaketa, ordea, oinordekoen aurrean egiten bada ere, aldebakarreko negozio juridikoa da, oinordekoen presentziak ez baitu berau aldebiko kontratu bihurtzen. Doktrinaren gehiengoarentzat, beraz, 1056. artikuluko ondasun banaketa ez da, 1271.II. artikuluak dioen bezala, etorkizuneko jaraunspena objektu duen kontratua, hots, oinordetza ituna.

Debeku honen zioa oinordetza itunen aldebikotasuna eta errebokaezintasuna dela aipatu izan den arren, hots, kausatzaileak bere borondatea hil arteraino aldatzeko duen askatasunari muga ezartzea, 1271.II. artikuluak lege kontrakotasuna itunen objektuan oinarritzen du, etorkizuneko jaraunspena. Horrela, nahiz eta kontratua aldebakarrekoa, errebokagarria edo kostubidezkoa izan, etorkizuneko jaraunspena baldin badu objektutzat (herentzia osoa edo zati bat transmititzea badu helburu), 1271.II. artikuluaren arabera oinordetza kontratua izango da, Kode zibilaren eremuan debekatua. Era berean, lege testu bereko beste zenbait artikuluk ere debeku hau indartzen dute: 991. artikulua, herentzia bat onartu edo zapuzteko kausatzailearen heriotzaren ziurtasuna galdatzen duena; 816. artikulua, nahitaezko oinordekoek haien seniparteari uko egitea deuseza egiten duena; 1674. artikulua, sozietate unibertsal baten bazkideen arteko komunikazioa galaraziz herentziaz edo legatuz jasotako ondasunak badira, eta 658. artikulua bera, zuzenean oinordetza itunak kanpo uzten baititu oinordetza antolatzeko bideei buruz ari denean.

Hala ere, 1271.II. artikuluak aurreikusten duen debekuak baditu, Kode zibilean bertan, hiru salbuespen:

  1. Ezkontza hitzarmen edo hirugarren batekin kostubidezko kontratu baten bitartez eginiko hobekuntza
  2. Ezkontza hitzarmen bidez eginiko hobetzeko hitz ematea
  3. Ezkontza hitzarmenean gauzatutako senar-emazteen arteko hil osterako ondasun dohaintzak

Hiru kasu hauek debekutik aske geratzen diren oinordetza itunak dira. Ezkontza hitzarmen edo kontratu bidez burutzean errebokaezinak dira, kausatzailearen borondatea oinordekoarekin (edo beste alderdi kontratugilearekin) lotua geratzen delarik. Azter ditzagun banaka.

Hobekuntza, berez, errebokagarria da Kode zibilari eutsiz. Baina 827. artikuluan errebokagarritasun horren salbuespena azaltzen zaigu, baldin eta hobekuntza hori hirugarren batekin kostubidezko kontratuan edo ezkontza hitzarmen bidez gauzatzen bada. Horrela, hobekuntza islatzeko tresna juridiko hauek erabiltzen baditugu (ezkontza hitzarmena eta kontratua), eta, haien ezaugarriei jarraiki, aldebikoak eta errebokaezinak izanik, kausatzaileak eginiko hobekuntza aldaezina da. Bere borondatea beste alderdi kontratugilearenarekin batuz eta herentzia zati bat hitzarmenaren objektua izanik, oinordetza itun baten aurrean gaude.

Hobetzeko edo ez hobetzeko hitz emateak Toroko XXII Legean du bere sorrera, egun Kode zibileko 826. artikuluak arautzen badu ere. Hitz emate soil hau oinordetza itun bat izango da ezkontza hitzarmen bidez gauzatzen den neurrian. Ezkontza hitzarmena bera errebokaezina denez kausatzaileak bere hil osterako borondatea aldaezina bihurtzen du, hitzartutakoaren kontra ostera eginiko xedapen oro baliogabetuz. Agi denez, erabilitako tresna juridikoaren errebokaezintasuna eta hitzartutako objektua (herentzia edo herentzia zati bat) dira kasu hauek oinordetza itun bilakatzen dituztenak.

Oinordetza itunaren izaera juridikoa ere antzematen zaio Kode zibileko 1341. artikuluan arautzen diren senar-emazteen arteko hil osterako dohaintzei, alegia. Honako honetan ere, tresna juridikoaren errebokaezintasuna (ezkontza hitzarmena) eta dohaintzaren objektua (norberaren ondare guztia edo zati bat, etorkizuneko ondasunak tartean) dira, beroiek oinordetza itun izatearen arrazoi. Hala dio Espainiako Auzitegi Gorenaren jurisprudentziak: AGS 1908 urriak 20, 1954 otsailak 6, 1957 martxoak 27 eta 1960 ekainak 23.

Itun hauen inguruan aldeko eta kontrako jarrerak daude doktrinan. Aurkakoen aburuz, aipatu itunek norberaren hil osterako borondatea (bere ondarearen xedeari buruzkoa, alegia) nahi bezain bestetan aldatzeko askatasuna zapuzten dutela aldarrikatzen dute. Oinordetza-itunak kausatzailearen borondatea era errebokaezinean lotzen duenez, borondate horren aldagarritasun printzipioaren aurka egiten du. Gainera votum mortisa eman daitekeela argudiatzen dute, hots, oinordeko kontratugileak kausatzailearen ondasunak berari dagozkiola ziurtasunez jakiteak hau hiltzeko nahia piztu dakiolakoan. Baina eta, nork uka dezake testamentu bidez izendatutako oinordekoak ere, bereak izango diren ondasunak lehenago eskuratzearren asmo bera izateko posibilitatea?

Oinordetza-itunen alde beste iritzi asko dago doktrinan, pertsona orori dagokion borondatearen autonomiaren defentsan oinarriturik. Izan ere, itun hauek norberari dagokion askatasuna egikarituz gauzatzen diren kontratuak dira, hil osterako borondatearen aldagarritasun printzipioari nahita uko eginez, alegia. Bestalde, argudio ekonomiko zein soziologiko ugariz indartua aurkitzen da itunen aldeko iritzi hau, nekazal sistema ekonomikoetan ondareen transmisio zatiezina eta produkzioa hobekien bermatzen duen bide juridikoa baita, egun, familiaren enpresa transmititzeko aldarrikatua.

Euskal Herrian, itunaren onarpena eta erabilera zalantzagabekoa da. Ikerlarien arabera, XIII. mendetik aurrera Euskal Herriko hegoaldean errege eta jauntxoek, hiribilduetako biztanleei pribilegio sorta bat eskaintzearren, erabiliko dituzten foru frankoak izango dira, funtsean, lur lauak ordu arte duen ohiturazko Zuzenbide pribatua lege idatzi bilakatzera bultzatuko dutenak. Landa lurraren berezko zuzenbidea bizirik mantentzeko helburuak gidatuta onartuko dira, beraz, Bizkaian, 1452ko Foru Zaharra, 1505eko Enkarterrietako Forua eta Durangokoa [data ezezaguna], 1574. urtean hirurek bat egiten duten arte 1526ko Foru Berriaren araudiarekin. Halaber, 1373ko Aiarako Forua eta 1394ko Nafarroako Foru Orokorra ere fenomeno horren adibide dira. Gipuzkoan, ostera, ez da euren ohiturazko zuzenbidea idatziz jasotzeko erabakirik hartuko, ohiturak praktika juridikoan bizirik dirauen arren.

Zuzenbide pirenaikoaren eremupean, Ertaroko Foru hauek landa lurreko biztanleen beharrizan ekonomikoei aurre egiteko erantzun bateratu eta koherente bat eskainiko dute. Oinarrian, familiaren ondarearen zatiezintasuna aldarrikatuko dute, nekazaritzako, abeltzaintzako edo artisau ustiapena baita lur lauko familia gehienen bizibide bakarra. Izatez, lur lauan, baserriak produkzio eta kontsumo zelula bat osatu izan du XX. mendeko azken hamarkadak heldu bitartean: ustiapenak ematen duena bilakatzen da baserrian bizi den familia zabala aurrera ateratzeko tresna nagusia, bakarra ez denean. Horregatik, arbasoengandik jasotako ustiapenaren zatiezintasuna bertan bizi den familiaren biziraupena bermatuko duen elementua izango da, mendetan zehar. Moral kristauaren eraginez, gizona eta emakumearen arteko ezkontza izango da familia eredu hedatuena: bere itzalpean ezkontideen familien arteko itun eta aliantzak ugalduko dira, adostutako ezkontzak, alegia, sendi bakoitzaren ondarearen banaketa orekatua gauzatzea bilatuko dutenak. Eszenatoki honetan, Foruen araudiek jabetza, familia eta oinordetzaren arteko lotura argia islatzen dute.

Oinordetza-ituna, beraz, mendetan zehar familiaren ondarea belaunaldiz-belaunaldi transmititzeko erabili izan den baliabide juridikoa da, baserriaren gidaritzan beharrezkoa den ordezpen prozesua gauzatu duena, hain zuzen ere. Momentuko jabeak seme edo alaba bat aukeratzen du, sexu edo adinari so eginez baino ardura berriari aurre egiteko egokitasunari erreparatuz, eta, gehienetan, bederen, hautagaiaren ezkontza aprobetxatuz, hura oinordeko izendatzen du, biok sinatzen duten itunaren muinean. Hautatuaren anai-arrebak, ordea, 'baztertuak' izaten dira, desjaraunstuak izan gabe, familiaren ondarearen zatiezintasunak berau generazio bakoitzean esku bakar batek gidatzea eskatu izan baitu ehunka urtetan. Baztertze hori ez da, beraz, anai-arreba horien eskubideak ezabatzeko tresna gisa kontsideratzen. Aukeratutako oinordekoak, kausatzailearen aginduak jarraituz, anai-arreba horien eskubideak bermatuko ditu, euren sostengua bere gain hartuz, edo eta ikasketek, bidaiek, profesioak edo eta ezkontzak dakartzaten gastuak ordainduz. Bestela ere, kausatzaileak erreserbatuko du eskubide horiek bermatzeko haina ondare, posible badu.

Foruen araudietan itunak 'DOHAINTZA' forma hartzen du, hau da; ituna, kategoria juridiko modernoa izaki, dohaintzaren 'gorputzaz' baliatzen da, Foruen garaian, hautagaiaren aldeko mortis causa izendapena bideratzeko. 'Dohaintza' hauek kausatzailearen hil osterako eszenatokia diseinatzeko negozioak dira, beraz, ez dohaintza soilak, Foruek argi islatzen duten bezala: "dohaintza hartzaileari" "heredero" eta "succesor en vida" deitzen diote [FZ 109. kapitulua, FB II. legea, XXIII. titulua], "dohaintza" erabiliz oinordekoari transmititzen zaionari "herençia" esaten diote [FZ 115. kapitulua, FB I. legea, XXIII. titulua], "dohaintzak" efikazia galtzen du oinordekoa seme-alabarik gabe hilez gero [FZ 112. kapitulua, FB XVII. legea, XX. titulua], eta, gainera, "dohaintzagileen" mantenuaz arduratzen da oinordekoa hauek hil arteraino, familiaren ondarearen jabetza formala, behintzat, berak baitu [FZ 91, 112 eta 136. kapituluak, FB III. legea, XXIII. titulua]. "Dohaintza" hauek, funtsean, mortis causa izaera dutela argi islatzen den bezala, Foruek beroien kontratu egitura ere goraipatzen dute [FB II. legea, XXIII. titulua]. Ezkontza-hitzarmena da, Foruen eskeman, ituna gordetzeko erabiltzen den dokumentuzko euskarria [FZ 107, 108, 183. kapituluak; FB XII. legea, XX. titulua].

Testamentua ez bezala, oinordetza-ituna ezin du kontratugile batek, bere kabuz, aldatu edo suntsitu. Bertan adosten den mortis causa izendapena ez da, beraz, libreki errebokagarria: alderdien borondateak lotzen dituen tresna juridikoa da ituna, eta soilik Foruek adierazitako arrazoiak direla medio izan dezake kontratuak atzera buelta. Alde batetik, ituna suntsitua geratuko da oinordekoa hil egiten bada seme-alabarik eduki gabe, izan ere, kontratuaren helburua belaunaldiz-belaunaldi familiaren ondarea zatiezina mantentzea bada, ondorengotza faltak bidea itxi egiten dio itunak martxan jarritako transmisio kateari [FZ 112. kapitulua, FB XVII. legea, XX. titulua]. Kasu honetan, beste oinordeko bat izendatzeko aukera zabaltzen dute Foruek, aurreko ituna suntsitu ondoren. Bestalde, Foruok kausatzailearen itunaren muina den oinordekoaren aldeko mortis causa izendapena errebokatzeko aukera eskaintzen diote hura esker-txarrekoa bada [FZ 115. kapitulua, FB XXI.I legea, XXXIV. titulua], edo eta kausatzaileari eta bere ezkontideari mantenua ukatuz gero [FB VIII. legea, XVII. titulua].

Bizkaiko Foruek oinordetza itunaren inguruan ['dohaintza', garaiko teknika juridikoan] eskaintzen duten araudi aberatsak ez du, hala ere, jarraipenik ikusiko indarrean jartzen ez diren Bizkaiko 1900 eta 1928ko Kode Zibilaren Eranskin Proiektuetan, 1959ko Araba eta Bizkaiko Konpilazioan ia ito egiten den arte. Nafarroak, ordea, Foruetan jasotako araudi oparoa 1973ko Foru Berrian jasoko du, egun indarrean dirauena. Gipuzkoak, bestalde, bere ohiturazko Zuzenbide pribatua praktikan gauzatzeko idatzizko testu baten babesik gabe jarraituko du. Egoera honen aldaketa, 1978ko Espainiako Konstituzioaren 149.1.8. artikuluarekin batera etorriko da, eta bertan arautzen den eskuduntza dela medio, 1992ko uztailaren 1ean Euskal Autonomia Erkidegoko Legebiltzarrak onartzen du Euskal Herriko Foru-Zuzenbide Zibilari buruzko Legea (EHFZZL), alegia. Egun indarrean dagoen arau honi, halaber, 1999ko azaroaren 16ko Lege autonomikoaren bertutez, Gipuzkoako Zuzenbide zibilari dagokion araudia erantsi egiten zaio. Egungo euskal eszenatoki juridikoa, beraz, bi lege testuk osatzen dute, oinordetza-itunari bagagozkio: 1992ko EHFZZL -Bizkaia, Aiara eta Gipuzkoari dagokionez, eta erreforma baten atarian- eta Nafarroako 1973ko Foru Berria.

Indarrean dauden araudi autonomiko hauen artean bereizketa argi bat burutu behar da, Nafarroari eta Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, alegia. Nafarroako legegile autonomikoak, esan bezala, 1973ko Foru Berrian arautzen du, sakonki eta nafar ororen eskura, oinordetza-ituna. Hiru erpinetan banatzen du erregulazioa NFBk: 1) Propter nuptias dohaintza (112-118 legeak); 2) Mortis causa dohaintza errebokaezina (166 legea); eta, 3) Oinordetza-ituna (172-183 legeak). EAEn indarrean dagoen EHFZZLk, ostera, legelari ezberdinek burututako proiektu pribatuen batura izanik, eta kontuan hartuta bere tramitazioan EAE osatzen duten lurraldeetako Batzordeek erakutsi zuten anbizio politiko eta sintonia falta, euskal auzotartasun zibil bateratuari uko eginez, oinordetza-itunari gagozkiola lau erregulazio ezberdin aurreikusten dituela azpimarratu beharra dago: Bizkaiko lur lauari dagokiona (74-83 artikuluak), Aiarako Foruan ezarritakoa (134 artikulua) eta Gipuzkoako Foru Zibilean araututakoa (baserriari dagokionez, soilik: 179-188 artikuluak); eta, forugabekoentzat, Kode zibilak ezarritako debekua eta salbuespenak. Bizkaiko eta Gipuzkoako araudiak dira, hala ere, osoenak, eta hauek hartuko ditugu aintzakotzat, Nafarrarekin kontrastean, hurrengo lerroetan zehar luzatuko dugun azterketari begira.

Hiru formulazioetatik bizkaitarra da, duda izpirik gabe, desegokiena: "Ezkontza-hitzarmenez, dohaintzaz edo Eskribau aurreko eskritura bitartez egindako itunez bana daitezke jarauntsiko ondasunak, guztiak edo batzuk..." (74. art). Alde batetik, atal honek oinordetza ituna berau egilesteko dokumentuzko euskarriekin nahastu egiten du (ikus ere, 27. art), izan ere, ezkontza-hitzarmena ez da, berez, kausatzailearen oinordetza diseinatzeko tresna juridiko aproposa, kontratugileek oinordetza-itunaren bidez burutzen duten antolaketa gordetzeko negoziozko euskarri posible bat baizik. Kausatzailearen post mortem eszenatokia marrazteko tresna, testamentua eta legearekin batera, oinordetza-ituna da; euskarriak, berriz, ezkontza-hitzarmena edo eta Eskribau aurreko eskritura soila. Dohaintza, ordea, Foruek ematen zioten esanahiari fideltasuna erakutsiz, oinordetza-ituna kontsideratzen du 1992ko Legeak (76. art), behin kategoria orokorra aipatuta, bere erreferentzia soberan dagoela nabarmena izanik. Eredu garbiagoa erakusten du, ordea, teknika juridikoari begira, Gipuzkoako araudiari dagokion 179. artikuluak: "Baserriaren eta hari lotutako ondasunen oinordetzaren ordenazioa eskritura publikoaz egindako oinordetza-itunaren bidez egin ahal izango da. Itungileek ezkontzako hitzarmeneko eskritura erabil dezakete helburu horretarako". Bestalde, NFBk 172. legean eskaintzen du oinordetza-itunaren kontzeptua, nahiz eta, berorren definizioa aurkeztu beharrean, paktua dela medio lortu daitekeena eta, bidenabar, ituna motak zeintzuk diren azaltzera mugatu.

Hala, legegile autonomikoek ez dutenez oinordetza-ituna deskribatzen, ondoriozta daiteke, aipatu hutsunea betetzearren, hura oinordetza ordenatzeko aldebiko tresna dela, zeinaren bitartez itungileen borondateak haien artean eta adostutakoari lotuak geratzen diren, itundutakoa alde bakar batek, libreki, aldatu edo suntsitu ezinik, alegia. Itunaren aldebikotasuna (EHFZZLko 74, 77, 78, 82, 179, 180, 181, 182 eta 188. artk.; NFBko 172, 177, 178, 179, 180 eta 182. legeak), halaber, itungileek hirugarren bat oinordeko izendatzen dutenean ere izango da azpimarragarria, nahiz eta izendatuaren aldeko deialdiaren izaera testamentu bidezko bokazioarena izan, kasu honetan (NFBko 178. legea).

Araudi autonomiko hauetan itun positiboa izan arren legegileen erreferentzia sendoena, itun negatiboek eta xedatzaileek badute tokia araudiotan (EHFZZLko 4. art; NFBko 172. legea]. Edozelan ere, itun positiboak oinordekoaren izendapen soila bilatu dezake, kausatzaileak bere ondarearen gaineko jabetza hilarteraino mantenduz (EHFZZLko 78. eta 182. artk; NFBko 177.III eta 179.I legeak), edo eta, izendapen harekin batera ondarearen eskualdaketa bat gauzatu, jabe berria 'formalki' bada ere, izendatua izanik (EHFZZLko 77. eta 181. artk; NFBko 177.III eta 179.II. legeak). Oinordekoaren izendapena, hala ere, itungileek adostutako erreserba, ordezpen, errebertsio, karga eta betebeharrez inguratua suertatu daiteke (EHFZZLko 74. art; NFBko 177.I. legea), edozein kasutan ere, kontratugile bakar baten eskutik, libreki, erroboka ezina izanik.

XIX. mendean pandektistika alemaniarrak zorrozturiko negozio juridikoaren suprakontzeptua da, kontratua eta testamentua sabai beraren azpian kokatzeko helburuari jarraiki, oinordetza-itunaren moldaketa dogmatikoa burutzeko marko egokia:

  1. Mortis causa negozioa da ituna; kausatzailearen oinordetzaren irekitzea kontratuaren egitatezko supostuaren parte izanik -izendatuak ez dauka kausatzailearen heriotza gertatu arte behin-betiko eskubiderik honek emandakoaren gainean-, de cuius-ak oinordekoari transmititutakoa haren jaraunspenaren kontu egiten baita, nahiz eta efektu batzuk ituna sinatzen den egunera aurreratu.
  2. Ondarezko negozio juridikoa da, gainera, oinordetza-ituna; izan ere, honen helburua familiaren ustiapenaren belaunaldiz-belaunaldiko transmisioaren inguruan sortzen diren harreman juridikoak diseinatu eta arautzea baita, gehienek, kutsu ekonomiko argia dutelarik. Negozio xedagarria, azken finean, ituna sinatu aurretik existitzen den eskubide baten aldaketa edo transmisioa martxan jartzen duen tresna delako hura, kausatzailearen ondarezko eremuan eraldaketa juridiko bat ematea bilatzen duena, kontratugileak obligaziozko harreman soil baten protagonista izatera murriztu gabe.
  3. Ituna oinordetza prozesuari dagozkion etapa ezberdinek harremanetan jarriz baiezta daiteke, halaber, hark kausatzailea bizirik dagoen bitartean pizten dituela testamentuak edo legeak jaraunspen fenomenoa kudeatzen dutenean de cuius-a hil ostean ematen diren pausuak; izan ere, izendapena, bokazioa, delazioa eta onarpenari dagozkion momentuak itunak ordezkatzen baititu kontratugileen adostasuna dela medio. Kausatzaileak izendatuari eskaintzen dion 'oinordetzeko eskubideak' behin-behineko titulartasuna suposatzen du honentzat bere borondatea harenarekin lotzen duenetik, de cuius-a hil eta gero behin-betiko egoera bilakatuz. Baieztapen honek ez du indarrik galtzen, gainera, itunaren bidez kausatzaileak izendatuaren alde momentuan ondarezko transmisio bat gauzatzea erabakitzen badu, izan ere, haren oinordetza irekitzeak konfirmatu beharko baititu ituna sinatzean aurreratutako efektuak.

Mugimendurik gabeko itun bati argazki bat atera nahiko bagenio -bere sortze prozesuari begira-, komenigarria litzateke, ostera, itunaren baliozkotasunari gagozkiola, bere ezinbesteko elementuak zeintzuk diren jakitea, posible diren elementuekiko argi bereiziz.

Itunaren ezinbesteko elementuak

a) Subjektu parte hartzaileak. Euskal Autonomia Erkidegoan, zoritxarrez, elkarren ondoan bizi diren Zuzenbide pribatuari dagozkion araudi ezberdinei so eginez, aipatu beharra dago kausatzaileak, bere oinordetzaren diseinuaren inguruan ari garenez, forudun auzotartasun zibila eduki behar duela 1992ko Legean aurreikusitako edozein motatako oinordetza ituna sinatu nahi badu (positiboa, negatiboa edo xedatzailea), izendatuaren auzotartasuna zein den kontuan hartu gabe. Zilegitasun ukanbehar hau izanik, beharrezkoa da, gainera, kontratugileek jarduteko gaitasun osoa edukitzea, baita Nafarroako araudian ere (NFBko 173.I. legea).

Oinordetza-ituna, nuntius edo mezulari bidez sinatu daiteke (NFBko 173.II. legea), beti ere, kausatzaileak bere ezkontide edo bikoteari baimena eskatzeko duen beharra argi izanda, itunak ondarezko transmisio bat aurreikusten duenean 'biona' den ondasun batekiko (komunitatezko ezkontza eraentza ekonomikoen eremuan).

Itungileen artean ez da, ordea, ahaidetasun harremanik esanbidez inposatzen. Hala ere, Bizkaiko araudiari begira, nabarmena da, tronkalitateak eta seniparteak ezartzen duten zurruntasuna aintzat hartuz, oinordetza kontratu gehienek familiarteko izaera mantenduko dutela, deusezak izango baitira mortis causa tronkaleko senideak ez direnen alde onibarren gainean burututako xedapenak. Itunak ez badauka momentuko eskualdaketarik, ordea, kausatzailea hil arte ez da posible izango tronkalitateak eta seniparteak ezartzen dituzten mugak gainditu diren jakitea. Edozelan ere, arrunta izan da, mendetan zehar, kausatzailearen ezkontideak hura hil eta gero, haren izenean mortis causa xedatzeko botere bat izatea, komisario papera betez [NFBko 177.II. legea]. Oinordetza ituna komisarioaren eskura egongo da aipatu diseinua burutzeko, noski, baina bere zentzu osoa mantenduko du oinordetza kontratuak komisarioak ezkontidearekin zeuzkan seme-alaba komunak izendatzeko erabiltzen badu.

b) Edukia. Oinordetza-itunak ezinbestean bere corpus-ean gorde behar duen edukiari gagozkiola, itun positiboan, hautatuaren alde ematen den mortis causa izendapena dela esan beharra dago [ala etorkizunean gauzatuko denaren promesa adostua, NFBko 183. legea], titulu unibertsalez edo partikularrez. Itun negatiboaren baliozkotasunari begira, ordea, Bizkaiko araudiari so eginez, kausatzailearen xedatzeko askatasun osoa helburu izanik [Nafarroan eta Aiaran ez litzateke beharrezkoa izango seniparte materialik ez baitago, eta Gipuzkoan beste senipartedunen bazterketa onartzen baita baserriaren transmisiorako soilik], azpimarratu behar da tronkaleko senide guztiek uko egin beharko lioketela onibarrekiko duten eskubideari, senipartedunen artean lehentasunezko 'taldea' osatzen dutenen errenuntzia nahiko izango litzatekeen bitartean. Itun xedatzaileak, negatiboarekin alderatuz hirugarren baten aldeko ondarezko xedapen bat gehitzen duen heinean, haren ukanbeharrak bete beharko dituela nabaria da, bestalde.

c) Forma. Oinordetza-ituna arautzen duten Estatuko beste ordenamendu autonomikoekin sintonian, EHFZZLk eta NFBk, ituna, mortis causa negozio bat den heinean, eta kausatzailearen hil osterako borondatearen adierazpenaren egiazkotasuna eta ziurtasuna bermatzea helburu izanik, Eskribau aurrean egiletsitako dokumentuan agertu dadin galdatzen dute, itungileek horretarako ezkontza-hitzarmena erabili dezaketelarik (EHFZZLko 74. eta 179. artk; NFBko 174. legea].

Itunaren elementu posibleak

Esan bezala, itunaren ezinbesteko elementuekin batera ager daitezke haren corpus-ean nolanahiko klausulak, erreserbak, kargak, ordezpenak eta errebertsioak, euskal arau autonomikoen esanetan. Erantsitako elementu hauen azalpena plazaratzeko, ordea, negozio juridikoaren teorian esanguratsuenak izan direnak aukeratu dira: epea, baldintza eta modua.

a) Epea. Foruetan, egia esan, itunaren bitartez gauzatzen den mortis causa izendapenari ez zitzaion, bere efikaziari begira, hasierako ez bukaerako eperik jartzen, nahiz eta, negozio juridikoaren teoriaren arabera, abstraktuki, posible izan. Izatez, epeak oinordetza-itunak martxan jartzen duen belaunaldiz-belaunaldiko transmisio katean zentzua dauka, justuki, kate hori aurreikustean, hots; 1526ko Bizkaiko Foru Berriak azaltzen zuen bezala, kausatzaileak itunaren bidez bermatzea izendatua hil eta gero [epe ez-ziurra] bere seme-alabek jasoko dutela hark zuen eskubide bera. Egun, erabilia ez den arren, erabat onartzen da itunari hasierako edo bukaerako epea jartzeko aukera.

b) Baldintza. Itungileek askatasuna dute, halaber, adostutako ezinbesteko edukiari baldintza bat gehitzeko, hau da, itundutakoaren efikazia gertaera ezezagun baten menpe uztea. Gure araudien isiltasuna dela medio, Kode zibilaren erregulazioa dugu aztergai eremu honetan, bai testamentuari eskaintzen zaion atala (790 eta hurrengo artk), baita, erremisioz, kontratuari dagokiona ere (1.113 eta hurrengo artk). Oinordetza-itunari gagozkiola, joko gehien ematen dutenak baldintza esekitzailea eta iraungitzailea dira. Lehenengoari bagagozkio, itun positibo baten esparruan, izendatuak kausatzailearen behin-behineko oinordekoa izatea onartzen du kontratua sinatzen denetik, baina izendapenaren efikazia aurreikusitako gertaera ez-ziur baten menpe geratzen da. Gertatu bitartean, izendatuak bere eskubidea defendatzeko akzioak izango ditu, hala ere (KZeko 1.121. artikulua), eta baldintza bete aurretik hilez gero, bere ondorengoei transmitituko die, mortis causa, itunaren poderioz eskuratutako baldintzapeko eskubidea. Bizirik dirauela baldintza betetzen bada, oinordekoaren izendapena 'purifikatu' egingo da, bere behin-behinekotasuna galdu gabe; eta baldintza betetzen ez bada, izendapenak ez du efikaziarik izango. Itun negatibo baten eremuan kontrakoa gertatzen da, ordea. Oinordekoaren uko egiteak aurrera joko du baldintza esekitzailea betetzen bada, eta ez bada betetzen errenuntzia inefikaza izango da [gutxienez, baldintza nahibadakoa denean], oinordekoak bere eskubideak mantenduz.

Baldintza iraungitzailearen funtzionamendua, berriz, alderantzizko da itun positiboari bagagozkio, eta gainera, eman izan duen jokoagatik, EHFZZLk ere aurreikusten du, zehazki, itungileek berau adosteko aukera, 80 eta 186. artikuluetan. Kasu honetan, oinordekoaren izendapenak efikazia du hasieratik, eta soilik galduko du baldintza betetzen bada. Bete bitartean, kausatzaileak izango ditu eskura bere posizioa defendatzeko beharrezkoak diren akzioak, izan ere, izendatua baita hark transmititutako ondasunen jabe berria. Ez bada baldintza betetzen, oinordekoaren izendapenak aurrera jarraituko du baina kausatzailea hil arte bere behin-behinekotasuna mantenduz. Izendatua hil egiten bada baldintza bete baino lehen, esekitzailearen supostuan bezala, bere ondorengoei transmitituko die ituna dela medio baldintzapean jasotako eskubidea (EHFZZLko 83.I. art; NFBko 180. legea]. Itun negatiboari dagokionez, halaber, kontrakoa esan beharko dugu. Baldintza betetzen bada, itundutako uko egite efikazak bere indarra galdu eta oinordekoak bere posizioa berreskuratuko du; baldintza ez bada ematen, aldiz, 'purifikatu' egingo da errenuntzia eta oinordekoak bere izaera hori galduko du.

c) Modua. Elementu hau oso erabilia izan da euskal lurraldeetan sinatu diren itunetan, izan ere, kausatzaileak, oinordeko baten alde mortis causa izendapena eta familia ondarearen transmisioa gauzatu izan duenean, izendatuari, baserriaren 'gidari' berriari, zenbait karga eta betebehar ezarri baitizkio bere ardura betetzeko moduari begira. Obligazio hauen artean ezagunak dira, hala nola, Foruek aurreikusitako kausatzailea eta bere ezkontidea mantentzeko beharra, anai-arreba 'baztertuei' diru kantitate bat edo eta mantenua ematearena, edo familiaren ustiapenari begira kudeatzeko orduan jarraitu beharreko argibideak (NFBko 115. 6), 10) 11) eta 12) legea].

Filma bat balitz bezala, oraingoan, oinordetza ituna mugimenduan aztertzeko beta dugu, bere efektuen azterketa xume bat egiteko abadagunea, alegia, analisia bi denbora tarte desberdinetan banatuz: ituna sinatzen denetik kausatzailea hiltzen den arte dirauena eta honen heriotzatik aurrera zabaltzen dena.

Itunaren efikazia kausatzailea bizirik dagoen bitartean

Itun positiboari gagozkiola, komenigarriena kausatzailearen eta izendatuaren egoera juridikoen azterketak bereiztea da, zorren gaineko erantzukizunaren inguruko aipamena bukaerarako utziz.

a) Kausatzailearen posizio juridikoa. Oinordetza-itunak, aldebikoa eta baliozkoa izanik, hura sinatu aurretik kausatzaileak egindako testamentu bidezko xedapenak errebokatu egiten ditu, baldin eta hark ez badu bi xedapen moten arteko bateragarritasuna esanbidez adierazi [EHFZZLko 75 eta 183. artk]. Errebokatzeko indar honetatik ihes egiten dute, hala ere, ermandadeko testamentuak, ezkontide bat hura egiletsi eta urte bete igaro baino lehen hil egiten denean [EHFZZLko 72 eta 177. artikuluak], eta mortis causa dohaintzak, oinordetza ituna kontsideratzen den heinean (EHFZZLko 76 eta 180.2. artikuluak; NFBko 166. legea). Ondorioz, ituna egiletsi ondoren kausatzaileak egindako testamentu bidezko xedapenak soilik izango dira efikazak, hark kontratuan horretarako ondasun kopuru bat erreserbatu badu. Erreserbatutako ondarea erabiltzen ez badu, hau hildakoan abintestato oinordetza irekiko da, kontrako argibiderik ez badago [NFBk, aldiz, izendatuari esleitzen dizkio 115. 3) legean]. Mortis causa xedatzeko kausatzailearen askatasuna aipatu erreserbari lotua egonik, honek inter vivos eskualdatu nahiez gero oinordekoaren oniritzia beharko du itunaren bidez momentuko ondare transmisioa burutu badu bere alde eta [EHFZZLko 77 eta 181. artk; NFBko 179. legea, zeinak kausatzaileari edozein tituluz xedatzeko ondasunak erreserbatzea ahalbidetzen dion eta, erreserba ezean, oinordekoaren baimena galdatzen du], ez badu transmisio hori burutu, soilik gauzatu ahal izango ditu kostubidezko xedapenak [EHFZZLko 78 eta 182. artk; NFBko 179. legea].

b) Izendatuaren posizio juridikoa. Atzerago esan bezala, ituna egilesten denetik, izendatutakoa kausatzailearen behin-behineko kontratu bidezko oinordekoa da, titulu unibertsalez edo partikularrez, de cuius-aren heriotzak duen eskubideari irmotasuna egotzi arte. Hala ere, kausatzailea hil baino lehen suertatzen bada oinordekoaren heriotza, ondorengoei transmitituko die, mortis causa, bere behin-behineko eskubidea eta, kasuz kasu, kausatzailearen eskutik jasotako ondarea [EHFZZLko 83.I. art; NFBko 180. legea]. Kausatzailea bizirik dagoen bitartean, halaber, oinordekoak bere eskubidearen defentsarako beharrezkoak diren akzioak izango ditu eskura.

c) Zorren gaineko erantzukizuna.

  1. Itunak momentuko ondare transmisioa ekarri badu, kontratua sinatu baino lehenago kausatzaileak egindako zorren aurrean, lehenbizi berak erantzungo du oinordekoari eman ez dizkion ondasunekin, eta, ez badauka zerekin ordaindu, oinordekoak erantzun beharko du kausatzaileak itunaren bidez eman dionarekin, hartzekodunen aurrean duen eskusio onura kontuan hartuta. Zorpetua oinordekoa bada, ordea, bere ondasun guztiekin erantzungo du, kausatzaileak transmititu dizkionekin ere, noski. Zorrak ituna sinatu ondoren egindakoak badira, berriz, kausatzailea bada zorduna bere ondare guztiarekin erantzungo du, oinordekoari transmititu diona kenduta (NFBko 115 1). legea, beti ere 'etxearen' onuran hartu ez badira, kasu honetan, Nafarroan, oinordekoak erantzuten baitu]. Izendatua bada zorduna, ostera, bere ondasun guztiekin erantzungo du hartzekodunen aurrean, itunaren bidez jasotakoa barne.
  2. Itunak post mortem efikazia badu, ordea, kausatzailea denez ondarearen jabe bakarra (EHFZZLko 78. art), berak hartutako zorren gainean, ituna sinatu aurrekoak zein ondorengoak izanik, bere ondare guztiak erantzungo du. Oinordekoa bada zorduna, berriz, honek bere ondare pribatuarekin erantzun beharko du, itunaren bidez ez baitu ezer ere jasotzen kasu honetan. Kausatzailea hil ondoren, oinordekoaren kualitatea behin-betikoa bilakatzen denez, honek erantzungo du de cuius-aren zor guztien aurrean, inbentario onuraz baliatuz bere erantzukizuna itunaren bitartez jaso dituen ondasunetara mugatu ahal izango badu ere.

Itunaren efikazia kausatzailea hil ondoren

Lehenago esan bezala, kausatzailearen heriotzarekin bere oinordetza irekitzea dator eta, honekin batera, kontratu bidezko oinordekoaren posizioa kontsolidatzen da, behin-betikoa bihurtuz. Ez du, ba, honek, kausatzailearen jaraunspena onartu behar izango eta ezingo du berau zapuztu ere. Inbentario onuraz balia daiteke oinordekoa bere erantzukizuna mugatzeko eta ez du, noski, kolazionatu beharko jaraunspenaren banaketan itunaren bidez jasotakoa (KZeko 1.035. art; EHFZZLko 62.3 eta 65. artk).

Aurreko atalean marraztutako ibilbideak baliozko itun bat baldin badu abiapuntu, kausatzailearen heriotzarekin bere prozesuari bukaera ipintzen dion ituna, alegia, euskal araudiek kontratua de cuius-a bizirik dagoen bitartean inefikaza suertatzea aurreikusten du, bere aurrekari historikoen eta Estatuko beste ordenamendu autonomikoekin sintonian. Azter ditzagun eratorritako inefikazia horren kausak:

1. Itunaren adostutako aldaketa edo iraungitzea. KZeko 1.255 eta 1.256. artikuluek diotenaren itzalpean, euskal Lege autonomikoek kontratugileek, edo haien ondorengoek, adostutako itunaren aldaketa edo iraungitzeari erabateko baliozkotasuna ematen diete, beti ere eskritura publikoan jasotzen badute [EHFZZLko 75.2 eta 184. artk; NFBko 182.I. legea].

2. Itunaren ex lege desegitea.

Bi bide arautzen dituzte gure lege testuek, nahiz eta NFBk terminologia nahasiagoa erabili:

a) Errebokazioa. Euskal araudiek zerrendatzen dituzte kausatzaileari itunaren corpus-ean adostutako mortis causa izendapena bere kabuz errebokatzeko zilegitasuna ematen dioten kausak [EHFZZLko 79 eta 185. artk; NFBko 182.III eta 118. legeak]. EAEko araudiak arrazoi gehiago aurreikusten ditu: 1. Kontratugileek itundutako kausak direla medio. 2. Izendatuari ezarritako kargak eta baldintzak era larrian bete gabe uzten badira [hau da, izatez, NFBko 115.7) eta 118. legeak aipatzen duen bakarra]. 3. Izendatutakoa ezduintasun edo desjaraunspena kausan sartzen bada. 4. Izendatutakoaren jokabideak familiako elkarbizitza normala eragozten badu. 5. Izendatutakoaren ezkontza banandu, deuseztatu edo dibortziatuz gero, oinordetza ituna ezkontza hori dela eta eman bada. Kausa hauetariko bat betetzen bada, kausatzaileak dagokion akzio judiziala tarteratzeko aukera izango du (bera ez badago, bere jaraunsleek, de cuius-ak nahi ez bazuen izan ezik; eta NFBaren araudiari erreparatuz, soilik demanda jada jarrita badago), oinordekoaren aldeko izendapena desegin eta honi transmititutako ondasuna berreskuratzearren, alegia.

b) Iraungitzea. Kontratugileek adostu dezaketen bezala, EHFFZLk ituna ope legis iraungitzeko arrazoi batzuk ere eskaintzen ditu bere 80 eta 186. artikuluetan: 1. Izendapena atxikia dagoen baldintza indargabetzailea betetzen bada. 2. Izendatua ondorengorik utzi gabe hiltzen bada edota, ondorengoak utzita ere, kausatzaileak ordezkapen eskubidea ukatu badie. Ituna iraungita, oinordekoa zenari transmititutako ondasunak ere kausatzailearen edo honek izendatutako hirugarren baten eskuetara bueltatuko dira, kontrako akordiorik ez bada. Errebertsio hau NFBk ere aurreikusten du 116.II eta 182.II. legeetan.

Edozelan ere, izendapena errebokatu edo iraungi egitean, itunak momentuko ondare transmisioa ekarri badu oinordekoaren alde, honek gozatutako edukitza egoeraren likidazioa burutu beharko dute kontratugileek. EHFZZLk 81 eta 187. artikuluetan eskaintzen duen irizpide bakana itungileen akordio falta dagoen supostuetara mugatuz, eta ordezko araudi gisa Kode zibilarena aplikatuz, ondoriozta liteke ondarearen errebertsioa ez dela izendatutakoak jasotako fruitu eta probetxuetara zabalduko, ondarea kudeatzeko hark izan dituen gastu arruntak bere kontu doazen bezala. Hobekuntzak kobratzeko aukera du izendatuak 1992ko Legearen arabera, erretentzio eskubideak babestuta (KZeko 453. art).

Anciane Regime delakoaren itzalpean kokatzen da euskal Foruek marrazten duten eskema sozio-ekonomiko-juridikoa, gure legedi autonomikoek fideltasun nabarmenez jaraunstua, zeinaren muinean auto-horniduran oinarritzen den familia konposatuaren baserria eta ustiapena aurki daiteke, kontsumo eta produkzio unitate mankomunatu bat den heinean. Familiaren biziraupenak ondarearen zatiezintasunean du itxaropena, belaunaldiz belaunaldi, oinordeko bakarraren sistema abiapuntu hartuta, oinordetza itunen bidezko izendapen eta transmisioen bidez lortzen dena, alegia. Izendatuaren ezkontza une egokitzat hartuta, ituna sinatzeak bikote gaztearen (izendatuak) eta bikote zaharraren (izendatzaileak) arteko elkarbizitza hastera daramatza kontratugileak, familiaren baserriaren sabaipean nortasun juridikorik ez duen komunitate edo elkarte moduko bat sortzera, hain zuzen. Ustiapenak eskaintzen dituen baliabideen eta familia osatzen duten kideen beharren arteko oreka mantentzeko tresna aproposa bilakatzen da, beraz, komunitatea, etxean geratzeko aukeratuak izan ez diren beste seme-alabentzat haien bizitzak aurrera ateratzeko errekurtsoak sortuz. Baserriaren gidaritza bateratua burutzen dute bi bikoteek gehienetan, zaharren eskuetatik gazteenetara buruzagitza progresiboki igaroz. Familiako kide guztiek lan egiten dute, bakoitzak bere indarren arabera: baserriaren ekoizpenak talde gisa kontsumitzen dituzte eta gastuak ere komunean ordaindu.

Elkarbizitza desegiteko arrazoiak ere egoten dira: a) Familia osatzen duten kideen arteko ikusiezinak; b) Izendatzaileen heriotza; eta c) Izendatuaren heriotza ondorengorik utzi gabe, arrazoiok, halabeharrez, oinordetza itunaren iraungitzearekin bat egiten ez duten arren. Komunitatea hautsi egiten bada, ituna iraungi gabe, irabaziak erdi bana zatitzen dira bikote bakoitzeko; eta hortik aurrera, bikote zaharraren mantenua gazteen esku geratzen da (hauek baitira ondarearen jabe formalak, gehienetan, ituna dela medio burutzen den transmisioa dela eta) edo bikote zaharrak baserriaren gozamenaren erdia erreserbatzen du bere mantenuaren berme gisa.

Ikus daitekeenez, zirrikitu gutxi zabalik uzten dituen sistema irudikatzen zuten gure Ertaroko Foruek, auto-horniduran oinarritutako ekonomia egitura baten magalean. Aldaketak etorri ere, etorri ziren, hala ere. Ordura arte Eliza Katolikoak 'zuzentzen' zituen sinesmen eta praktikek eraldaketa bortitza jasaten dute Erreforma eta Kontrarreformarekin, Estatuak hartzen du eta ikuskatzaile funtzio hori Errenazimendu eta Ilustrazio mugimenduaren eraginez: hiritar burgesiaren hedatzea, lan-indarraren proletarizazioa eta gizartearen ehunetan barrena klase ertainen hazkunde ikaragarria dira, dudarik gabe, industrializazioaren ezaugarri nabarmenenak. Landatik hirietara ematen diren migrazio mugimenduak, jaiotza-tasaren kontrola eta beherakada, emakumeak goi mailako ikasketak burutu eta lan munduan sartzea, ezkontidea aukeratzeko askatasuna eta, laburbilduz, gizarte harreman eta hartueman pertsonalen sekularizazio argia. Ordura arteko familiaren argazkia irauli egiten da: familia zabalak bidea irekitzen dio familia nuklearra deritzonari, belaunaldi nagusiak agintaritza galtzen du gazteen ezkontza, lana eta bizitokia aukeratzeko orduan, merkatuaren indarrak, gehiegizko kontsumoak eta dibortzio askeak protagonismoa eskuratzen duen bitartean, gure legedi autonomikoek Ertaroko Foruek diseinatutako eskema 'tronkaletik' edaten badute ere, bada garaia, beldurrik gabe, eta errespetu osoz, gure oinordetza sistema gaurkotu eta egun indarrean dugun gizartearen eskaerei moldatzeko, gure baliabide juridikoentzat, betikoez gain, eremu berriak topatzeko, alegia.

  • ALBIEZ DOHRMAN, K J.: Negocios atributivos post mortem, Bartzelona, 1998.
  • ANGOITIA GOROSTIAGA, V.: El usufructo poderoso del Fuero de Ayala, Arabako Foru Aldundia, Gasteiz, 1999.
  • ANGULO LAGUNA, D.: Derecho privado de Vizcaya, Hijos de Reus, Madril, 1903.
  • ARPAL POBLADOR, J.: -"Familia y territorio en el País Vasco: de la sociedad tradicional a la sociedad industrial", Familia y cambio social en España, Rosa Condek zuzendutako bilduma, Madril, 1982, 91 orr. eta hurrengoak
  • ARTIÑANO Y ZURICALDAY, A.: El Señorío de Bizcaya, Histórico y Foral, Establecimiento Tipográfico de Mariol y López, Bartzelona, 1885.
  • ASUA GONZÁLEZ, C. I.: Designación de sucesor a través de tercero, Tecnos, Madril, 1992; eta "Las formas de designar sucesor en bienes. El artículo 27 de la Ley de Derecho Civil Foral del País Vasco", RJNav, 22, uztaila-abendua 1996, 209. orr. eta hurrengoak.
  • BALPARDA Y DE LAS HERRERÍAS, G.: El Fuero de Vizcaya en lo civil, Bilbo, 1903.
  • BATALLA CARILLA, J. L.: "De la sucesión paccionada", Ley de sucesiones. Comentarios breves. Por los miembros de la Comisión Aragonesa de Derecho civil, Jesús Delgado Echeverríak koordinatuak, Zaragoza, 1999, 49. orr. eta hurrengoak.
  • BAYOD LÓPEZ, M. C.: "La revocación de los pactos sucesorios por incumplimiento de cargas (a propósito de la S. TSJA de 9 de noviembre de 1991)", RDCA, 1996, 1. zkia,111-136 orr.
  • BELLO JANEIRO, D.: Los pactos sucesorios en el Derecho Civil de Galicia, Montecorvo, Madril, 2001.
  • BINDER, J.: Derecho de sucesiones, 2. argit., Bartzelona, 1953.
  • BRANCÓS NUÑEZ, E.: "Els pactes sucessoris en el Llibre IV del Codi civil de Catalunya", RJC, 4. zkia. 2009, 953-982 orr.
  • BUSTO LAGO, J. M.: "Los pactos sucesorios en la Ley 2/2006, de 14 de junio, de Derecho Civil de Galicia, RCDI, 706. zkia, martxoa-apirila 2008.
  • CALLE ITURRINO, E.: "El caserío vasco, la más bella vivienda rural", La Gran Enciclopedia Vasca, I. lib., Bilbo, 1966, 623-628 orr.
  • CARRASCO PERERA, A.: "Restitución de provechos (I)", ADC, XL. lib., IV. fasz., 1987, 1055. orr eta h.; eta "Restitución de provechos (II)", ADC, XLI. lib., I. fasz., 1988, 5. orr. eta h.
  • CASTÁN VÁZQUEZ, J. M.: "Notas sobre la sucesión contractual en el Derecho español", ADC, 1964, 367. orr. eta hurrengoak.
  • CELAYA IBARRA, A.: "El sistema familiar y sucesorio de Vizcaya en el marco del Derecho Medieval", Congreso de Estudios Históricos. Vizcaya en la Edad Media (Bilbao, 17-20 diciembre 1984), Eusko Ikaskuntza, Donostia, 1986, 147. orr. eta hurrengoak.
  • CHALBAUD ERRAZQUIN, L.: "El Derecho privado vasco", Primer Congreso de Estudios Vascos (Oñate, septiembre 1918), Bilbaína de Artes Gráficas, Bilbo, 1919, 67-68 orr.
  • COMPORTI, M.: "Sucesiones, comunidad familiar, patrimonio: principios generales europeos e instituciones civiles vascas", Jornadas Internacionales sobre Instituciones Civiles Vascas (Bilbao, 1991), Deustuko Unibertsitatea, Bilbo, 1991, 317-337 orr.
  • DE BARRÓN ARNICHES, P.: Pacto de renuncia a la legítima futura, Cedecs, Bartzelona, 2001.
  • DE CASTRO Y BRAVO, F.: El negocio jurídico, 2. argit., Madril, 1971 (argitalpen berria facsimil bezala, Madril, 1985).
  • DE ECHEGARAY, B.: "Significación jurídica de algunos ritos funerarios del País Vasco, RIEV, 16. lib., 1925, 94-118 orr. eta 184-222 orr.
  • DELGADO ECHEVERRÍA, J.: "Propiedad troncal y patrimonio familiar", Jornadas Internacionales sobre Instituciones Civiles Vascas (Bilbao, 1991), Deustuko Unibertsitatea, Bilbo, 1991, 44. orr. eta hurrengoak.
  • DORAL GARCÍA, J. A.: "Determinaciones accesorias de la voluntad en los actos mortis causa", Anuario de derecho Foral (Pamplona), I, 1975, 265. orr. eta hurrengoak.
  • EGEA FERNÁNDEZ, J.:"Protocolo familiar y pactos sucesorios. La proyectada reforma de los heredamientos", In Dret, 3. zkia, uztaila 2007, 1-36; eta "El nou regim jurídic de la successió contractual", RJC, 1. zkia., 2009, 9-58 orr.
  • ESPEJO LERDO DE TEJADA, M.: La sucesión contractual en el Código civil, Sevillako Unibertsitatea, Madril, 1999.
  • FAUS, M.: "Sucesión paccionada en Galicia", Breviario Civil, 6. zkia., Las sucesiones en Derechos forales, Vlex, 2008.
  • FERRER VANRELL, Mª. P.: La diffinitio en el Derecho Civil de Mallorca. Un estudio sobre la tradición jurídica mallorquina, Palma de Mallorca, 1992; eta "Los Protocolos Familiares y la Ley balear 22/2006, de 19 de diciembre, como factores determinantes del resurgir de los pactos sucesorios", Actualidad Civil, 12. zkia., Ekainaren 16tik 30era bitarteko hamabostaldia 2009, 1375. orr. eta hurrengoak.
  • FONT I SEGURA, A.: "La Ley aplicable a los pactos sucesorios", In Dret, 2-2009, 2. orr. eta hurrengoak.
  • FORTUN PÉREZ DE CIRIZA, L. J.: Reyes de Navarra, tomo IX, Sancho VII el Fuerte (1194-1234), Mintzoa argitaletxea, Iruñea, 1987.
  • GALICIA AIZPURUA, G. H.: Legítima y troncalidad: la sucesión forzosa en el Derecho de Bizkaia, Marcial Pons, Madril, 2002.
  • GARCÍA-BERNARDO LANDETA, A.: "Designación mortis causa, vocación hereditaria y adquisición automática", RDN, 24. zkia., 1959, 75. orr. eta hurrengoak.
  • GARCIA DE CORTÁZAR, J. A.: Vizcaya en la Alta Edad Media, "temas vizcaínos" bilduma, IX. urtea, 105. zkia., iraila 1983, Bilbo, 1983.
  • GARCÍA ROYO, L.: La Foralidad civil de las Provincias vascongadas, II. lib., Gasteiz, 1952.
  • GARCÍA-GRANERO FERNÁNDEZ, J.: Comentarios al Código Civil y Compilaciones forales, zuzendariak: Manuel Albaladejo eta Silvia Díaz de Alabart, XXXVII. lib., 1. alea, Edersa, Madril, 1998.
  • GETE-ALONSO Y CALERA, Mª. C.: "La autonomía privada", Manual de Derecho civil, II. lib., Derecho de obligaciones. Responsabilidad civil. Teoría del contrato, 3. argit., Marcial Pons, Madril, 2000.
  • GIL NOGUERAS, L.: Comentarios al Código Civil y Compilaciones forales, dirigidos por Manuel Albaladejo y Silvia Díaz Alabart, XXXIV. lib., 1. alea, Edersa, Madril, 2002.
  • GIL RODRÍGUEZ, J.: "Por fin, hacia un Derecho Civil Vasco", Klaus Jochen Albiez Dohrmann (Koord.) ¿Hacia dónde van los Derechos Civiles Autonómicos?, Madril, 2010 (prentsan).
  • GIL RODRÍGUEZ, J. eta HUALDE SÁNCHEZ, J. J.: "Sarerra", Ley del Derecho civil foral del País Vasco, 2. argit., Madril, Tecnos, 1999.
  • GIMENO GÓMEZ-LAFUENTE, M. J.: "Especialidades testamentarias: el poder testatorio", El Derecho Foral Vasco tras la reforma de 1992-Jornadas de Derecho foral Vasco tras la reforma de 1992, marzo de 1993, Aranzadi, Iruñea, 1994, 111. orr. eta hurrengoak.
  • HORMAECHE, R.: Leyes Civiles de Vizcaya, Tipografía Católica de José de Astuy, Bilbo, 1891.
  • JADO Y VENTADES, R.: Derecho civil de Vizcaya, 2ª edición aumentada y comparada con el Proyecto de Apéndice al Código Civil redactado por la Comisión Especial de Vizcaya y Álava, Casa de Misericordia, Bilbo, 1923
  • JUARISTI LARRINAGA, P.: Euskaldunak eta ondasunak, Pamiela, Iruñea, 2001.
  • LACRUZ BERDEJO, J. L. eta SANCHO REBULLIDA, F. A.: Derecho de sucesiones, I. lib., Parte general. Sucesión voluntaria, Bartzelona, 1971.
  • LALINDE ABADÍA, J.: "La problemática histórica del heredamiento", AHDE, Madril, 1961, 195. orr. eta hurrengoak.
  • LEZÓN NOVOA, M. R.: "Cuestiones que plantea el testamento por comisario regulado por el Fuero de Vizcaya, RCDI, 1946, 298-309 orr.
  • LÓPEZ BURNIOL, J. J.: "Los heredamientos", Comentarios al Código de Sucesiones de Cataluña: Ley 40/1991, de 30 de diciembre, koordinatzailea: Lluis Jou i Mirabent, Bosch, Barcelona, 1994, 327. orr. eta hurrengoak.
  • MANTEROLA ALDEKOA, A.: La familia tradicional de Bizkaia, "temas vizcaínos" bilduma, Bilbo, 1994.
  • MARTÍN OSANTE, L. C.: El régimen económico matrimonial en el Derecho vizcaíno, Marcial Pons, Madril, 1996.
  • MARTÍNEZ SARRÓN, A.: "En torno a la familia foral", RDP, 1964, 380. orr. eta hurrengoak.
  • MARTÍNEZ VÁZQUEZ DE CASTRO, L.: "El pacto sucesorio en el Nuevo Estatuto de la Explotación Familiar Agraria", La Ley, 1982-IV, 1074 a 1079.
  • MAYÁN SANTOS, M. E.: "La nueva Ley de Derecho Civil de Galicia", Noticias Jurídicas, 2006.
  • MONASTERIO ASPIRI, I.: Los pactos sucesorios en el Derecho vizcaíno, Bizkaiako Foru Aldundia, Deustuko Unibertsitatea, Bilbo, 1994.
  • NAGORE YARNOZ, J.: "Doctrina actual sobre capitulaciones matrimoniales en Derecho común y foral", Estudios de Derecho Civil en Honor del Profesor Castán Tobeñas, IV. lib., Ediciones Universidad de Navarra, Iruñea, 1969, 509. orr. eta hurrengoak.
  • ORDÓÑEZ ARMÁN, F. M, PEÓN RAMA, V. J, VIDAL PEREIRO, V. M.: "De los pactos sucesorios", Derecho de sucesiones y régimen económico familiar de Galicia, Comentarios a los Títulos IX y X y a la Disposición Adicional Tercera de la Ley 2/2006, de 14 de junio y a la Ley 10/2007, de 28 de junio, I. alea, Consejo General del Notariado, 2007, 333. orr. eta hurrengoak.
  • PARRA LUCÁN, Mª. A.: "Legítimas, libertad de testar y transmisión de un patrimonio", AFDUDC, 13, 2009, 481. orr. eta hurrengoak.
  • PELAYO HORE, S.: "Los pactos sucesorios en la Compilación de Aragón", ADC, 1967, 819. orr. eta hurrengoak.
  • PEREÑA VICENTE, M.: "Nuevo marco legal de los pactos sucesorios en el Derecho francés", RCDI, 710 zkia., 2.485. orr. eta hurrengoak.
  • PUIG I FERRIOL, L.: Comentarios al Código Civil y Compilaciones forales, zuzendariak: Manuel Albaladejo eta Silvia Díaz Alabart, XXVII. lib., 2. alea, 2. argit., Edersa, Madril, 1990; eta "Present i futur dels pactes successoris catalans", RJC, 2. zkia., 2008, 459- 474 orr.
  • ROCA SASTRE, R. Mª.: "La designación, la vocación y la delación sucesorias", Estudios sobre sucesiones, I. alea, Madril, 1981, 129. orr. eta hurrengoak.
  • ROMERO CANDAU, P. A.: "Pactos sobre la herencia de un tercero", Conferencia pronunciada en la Academia Matritense del Notariado el 5 de febrero de 1998, AAMN, XXXVIII. lib., Madril, 1998, 181. orr. eta hurrengoak.
  • SÁNCHEZ ARISTI, R.: Dos alternativas a la sucesión testamentaria: pactos sucesorios y contratos post-mortem, Comares argitaletxea, Granada, 2003
  • SAPENA TOMÁS, J.: "Pacto sucesorio en el Alto Aragón", RDP, 1954, 734. orr. eta hurrengoak.
  • SOLANO Y POLANCO, J.: Estudios jurídicos del Fuero de Bizkaya, Casa de Misericordia, Bilbo, 1918.
  • URIARTE LEBARIO, L. M.: El Fuero de Ayala, Imprenta de los Hijos M. G. Hernández, Madril, 1912.
  • URRUTIA BADIOLA, A.: "Bizkaiko Forua, baserritarra ez ote?", Karmel, 204, 1993, 54-60 orr.
  • YABÉN Y YABÉN, H.: Los contratos matrimoniales en Navarra y su influencia en la estabilidad de la familia, Madril, 1916.
  • YUSTE GONZÁLEZ DE RUEDA, J. A.: "La sucesión de la empresa familiar en el Derecho Civil aragonés. Aspectos sustantivos", Undécimos Encuentros del Foro Aragonés, Actak, 2001, 87. orr. eta hurrengoak.
  • VICARIO DE LA PEÑA, N.: Derecho consuetudinario de Vizcaya, Colección de Textos Forales, V. alea, Bizkaiako Foru Aldundia eta Deustuko Unibertsitatea, Bilbo, 1995.
  • VON TUHR, A.: Derecho civil, I. alea, Los derechos subjetivos y el patrimonio, Marcial Pons, Madril, 1998.