Irakasleak

Arrue, Izaskun

Andereñoa, erizaina, euskaltzalea eta Aita Raimundo Olabide ikastolako sorreran ibilitakoa. Arriben (Nafarroa) jaio zen 1927ko abuztuaren 28an.

Sei urte zituela Atalloko eskolara joaten hasi zen; bederatzi urterekin batxilergoa egiteko Tolosara lekualdatu eta gurasoen lagun batzuen etxean lauzpabost urte egin zituen, handik berriz, Donostiako Teresianoetara joan zen batxilergoa amaitzera. Valladoliden errebalidako azterketak gainditu eta Gipuzkoako hiriburuan bi karrera burutu zituen batera: irakasle ikasketak egin zituen eta erizaintza ikasi zuen.

Lanean hasteko ordua iritsi zitzaionean Lezaeta herrixkan eduki zuen aurreneko aukera, Nafarroako Diputazioak eskola txiki edo escuela de temporada deiturikoan, eta zortzi urte egin zituen bertan. Orotara 24 ume joaten ziren egunero eta euskaraz besterik ez zekiten; horregatik, euskaraz aritzen ziren ikasgelan. Zortzi urte haietan eginiko irakasle lanak, Araizko bailarako praktikante izatearekin uztartu zituen.

Nafarroa utzita Gasteizera joan zen senarrarekin 1960an eta bertan barneratu zen ikastola giroan. Garai hartan baziren Arabako hiriburuan euskararekiko kezka zuten hainbat guraso, eta euren umeek euskaraz ikasi zezaten nahi zuten. Aita-ama horietariko asko Andoni Urrestarazu Umandi euskaltzalearekin ikasitakoak ziren, eta haren arreba, Maria Teresa Urrestarazurengana joan ziren; honek Don Inazio Oñatibiarekin hitz egin zuen, Jon Oñatibia metodogilearen anaiarekin, hain zuzen.

Izaskun Arruek berak Bidegileak lanean gogoratzen du ikastolaren sorrera:

"Ordurako Gipuzkoan hasita zeuden ikastolak, beno, ikastola izenik esaterik ez zegoen, baina hasita zeuden elizaren babespean, pisu hutsetan, eta horrela hasita zebiltzan. Gipuzkoako organizazio horretan Inazio Oñatibiaren anaiak eta hor zeuden sartuta. Inaziok esan zion Maria Teresari bere anaiarekin hitz egingo zuela ea zer egin zitekeen. Han sartuta zebilen nire lehengusina bat, Mirentxu Moraiz, eta lehengusinak esan zien, nik badaukat lehengusina bat Gasteizen eta galdetuko diot, eta hala 1963an hots egin zidan eta esan zidan nola zen historia hau eta ea zer iruditzen zitzaidan han hastea, eta berehalaxe baietz esan nion."

Karmele Esnalekin kontaktuan ipini eta gero, Donostiara joan zen Izaskun Arrue 1963ko azaroan hilabetez ikastolaren funtzionamendua ikasteko. Gasteizera bueltan, irakasle nafarrak Cercas Bajas kalean zegoen bere etxe txikiko ateak ireki zituen 1963ko abenduaren 4ean; modu horretan, 14 neska-mutilekin hasi zen euskarazko irakaskuntza lantzen. Garai hartan ez zeukaten baliabide handirik, idatzizko material gisa Xabiertxo edota Martin Txilibitu liburuxkak baliatzen zituzten; zotzak erabiliz letra larriak ikasten zituzten, eta botoiekin ariketa matematikoak. Izaskunek hiztegia, kontatzen, abesten... irakasten zien haurrei.

Hiru ikasturtetan zehar ikasle kopuruak gora egin zuen, eta beste toki baten beharra sumatu zuten. Hala, 1967ko urrian Estibaliz etorbidean etxe bat alokatuta, eskolak ematen jarraitu zuten; 80 haur zebiltzan ordurako, eta urte amaierarako Izaskun Arruerekin batera beste bi andereño hasi ziren.

Radio Vitoriako estudioetan 2003an parte hartu zuen Izaskun Arruek Olabide Ikastola gaitzat zuen irratsaio batetan, horrela gogoratu zituen eraikin berriko hasierak:

"Goiko ganbaran, hirugarren pisuan, garai hartan izaten ziren cuarto del servicio eta plantxaren tokiak. Eta han hiru urteko umeak egoten ziren. Gela denak betetzen ziren eta beste bat sortu behar izaten zen, eta umeak sartu eta noski, andereñoak ere sartu behar ziren ondorioz... Hura zaila zen garai horietan!

Jende euskaldunik Vitorian inor, eta euskaraz eta gainera titulua zutenak ezinezkoa zen... Orduan joaten ginen herriz herri, beti Don Ramon apaizarekin, beste apaiz batzuk ezagutzen zituelako, edo umeren baten aitonarekin... (...) Beste askotan pasatzen zen neska euskalduna aurkitu bai, baina titulurik ez zuela... eta Vitoriako ume batzuen amak, maistrak zirenak baina etxetik kanpo lanik ez zuten egiten eta titulua eman eta haien izenean zeuden klase batzuk. Inspekzioa eta etortzen zirenean klase horietako umeak beti errekreora irteten ziren."

Zentroa legeztatzearen beharra ere iritsi zen; ordura arteko lana, baina, klandestinitatean egina zutenez, haurrek ez zeukaten eskola kartilarik eta eskuratu nahian hasi ziren. Azkenean, Samaniego eskola eta Adurtzako ikastetxe bat agertu ziren laguntzeko prest. Ikastetxearen legeztatzea 1968an lortu eta ondorioz, Colegio Padre Raimundo Olabide sortu zen; gasteiztarra, euskalduna eta euskararen alde lan handia egin zuen gizona izan zelako hautatu zuten ikastolari haren izena ematea.

Arazo ugari eduki zituzten euren jardunean, Izaskun Arruek Bidegileak lanean gogoratzen duenez:

"Dena zen arazoa, baina gauzak txikiak direnean, oso gauza polita izaten da, ezta? Orduan, guraso guztiak ibiltzen ziren ikastolako lanak konpontzen. Norbait elektrizista bazen, hantxe ibiltzen zen argiak konpontzen (...) Guk garai hartan ez geneukan ezer, eta dirurik ere ez. Berehalaxe gurasoek batzorde bat antolatu zuten eta denak prest zeuden gauzak egiteko, eh! (...) zenbat aldiz ibiltzen ziren arratsaldeko zazpietatik aurrera lan eta lan."

Diruaren arazoari aurre egiteko bazkide babesle figura sortu zen. Gainera, ikasleen kopurua haziz zihoala eta, gurasoek ikastola berri baten beharra ikusi zuten; dirua batu eta kooperatiba izaerarekin ikastola berria eraiki zuten 1973an, Lasarten. Garai hartan Euskaltzaindiak euskara batuaren aldeko lana egitea adostu zuen, polemikak tarteko; Olabide ikastolan ere eztabaidak eztabaida, azkenean batuaren aldeko apustua egin zuten. Izaskun Arruek kontrako iritzia agertu eta arrazoi horrexegatik, ikastola uzteko erabakia hartu zuen.

Praktikante lanari heldu zion orduan, eta Abetxukoko ospitalean 16 urte egin zituen, jubilatu arte. Baina ez zuen euskarazko irakaskuntza alboratu, eta erizain lana amaitzen zuenean besteen artean, Irakasle Eskolan, Seminarioan, Peritu eskolan, Samaniego eskolan zein Udaberria euskaltegian jarduten zen.

  • Ortiz de Landaluze, Agurtzane. "Izaskun Arrue (1927)". Bidegileak. Gasteiz: Eusko Jaurlaritza-Kultura Saila, 2003.
  • ZUBELDIA, Iñaki; ARRUE, Izaskun; ARRIOLA, Iñaki; DÍAZ DE MENDIBIL, Ismael. "Olabide Ikastola". Irratsaioa. Radio Vitoria, Gasteiz, 2003-11-30. [Kontsulta data: 2012ko otsailaren 1].