Arkitektoak

Moneo Vallés, José Rafael

Arkitekto nafarra, 1937ko maiatzaren 9an Tuteran jaioa. Espainia mailan arkitektura garaikidearen ordezkari nagusienetakoa da.

Arkitekto ikasketak Madrilgo Arkitekturako Goi Eskola Teknikoan egin zituen, eta titulua 1961ean lortu zuen. 1958tik 1961era bitartean, ikasle zela, lanean aritu zen Madrilen Francisco Javier Sáenz de Oiza arkitektoarekin. Titulua eskuratu bezain laster, Jorn Utzon arkitekto daniarrarekin, Sidneyko Opera Houseren egilea, lanean aritu zen Hellebeck-en (Danimarka) 1962ra arte.

1963. urtean, bi urteko beka bat jaso zuen Erromako Espainiar Akademian ikasteko. Tradizio nordikoa eta grekolatindarra bere egin zituen, bere ibilbidean zehar mantenduko zituenak.

Itzuli zenean, Madrilen bere lanbideari eta irakaskuntza-jarduerari ekin zion; bere lehen lan aipagarriak, Diestre Fabrika Zaragozan eta Iruñako zezen plazaren handiagotzea, 1965-1967 urteen bitartean eraiki ziren, eta 1970ean amaitu zen Donostiako Urumea etxebizitza-eraikina. Aldi berean Madrilgo Arkitektura Goi Eskola Teknikoan irakasle lanetan aritu zen 1966-1970 urteetan zehar. Irakaskuntza lanak eman zion ideien hedapenerako aukeraz baliatuz, Moneok denboran zehar gaurkotasunez mantentzen diren obrak defendatu zituen; garaiko arkitekturak sarritan jarraituko zituen utilitarismo eta espresionismo korronteen aurka, eta epe laburrerako irizpideekin eraikitako lanak salatuaz, Eskandinaviako estiloan eta Holandako tradizioan oinarrituko da arkitektura garaikideari dagokion lengoaian bere obra garatzeko. Guzti honi arkitektura historikoaren gaineko ikuspegi pertsonal bat gehitzen dio Moneok. Bere ideia hauek 60ko hamarkadan egindako lanetan islatzen dira modurik argienean, eta bere ibilbide profesional guztian zehar berretsi ditu.

1970az geroztik ia hamar urtez Bartzelonan irakasle izan zen, Bartzelonako Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko Konposizioaren Elementuetako Katedran. Bestalde, 1973an bere estudioa ireki zuen Madrilen. Honela, Moneok Madrilgo Bankinter Eraikina (1973-76) proiektatuko zuen Ramón Bescós-ekin elkarlanean, eta Logroñoko Udaletxea 1973-1981 urteen bitartean.

1976an Estatu Batuetara joan zen New Yorkeko Arkitektura eta Hiri-Ikasketen Institutuan lan egitera, eta hiri bereko Cooper Union School of Architecture-an ikasketak egin zituen. Hurrengo urteetan Princeton eta Harvard-en ere klaseak eman zituen, eta baita Lausanako Ecole Polytechnique Fédéral-eko Arkitektura sailean ere. 1980an, berriz, Madrilera itzuli eta bertako Arkitekturako Goi Eskolan Konposizioko Katedra erdietsi zuen 1985. urtera arte. Méridako Arte Erromatarraren Museo Nazionala 1980-1986 urteetan eraiki zen. Eraikin hau Moneoren ibilbidearen hastapenetan funtsezko lana izan zen, eta bere izena internazionalki hedatu eta sendotu zuen.

1985ean, Harvard Unibertsitateko Graduate School of Design-eko Arkitektura Departamentuko Chairman (dekano) izendatua izan zen, eta kargu horretan iraun zuen 1990. urtera arte. Egun arkitekturako irakasle-lanetan jarraitzen du bertan, "Josep Lluís Sert Chair" delakoaren titular gisa, eta Sert Professorship ohorezko kargua eman diote. Urteotan beste hainbat lan aipagarritan ere lan egin zuen, esaterako Sevillako Aireportua (1987-92), Tarragonako Arkitektoen Elkargoa (1983-92), Atochako Geltokia Madrilen (1958-92), Thyssen-Bornemisza Bildumaren Museo izango zen Villahermosa Palazioaren eraldaketa (1989-92) eta Palmako Pilar eta Joan Miró Fundazioa (1987-92).

1992an Espainiako Gobernuaren Arte Ederren Urrezko Domina jaso zuen. 1993 an Lovainako Unibertsitateak (Belgika) Honoris Causa Doktore izendatu zuen. American Academy of Arts and Letters-ek arkitekturako Arnold W. Brunner Memorial Prize-a eman zion eta Nafarroako Gobernuak Vianako Printzearen Saria. Estokolmon Arte Bisualen Schock Saria jaso zuen, Arteen Errege Akademia eta Schock Fundazioaren eskutik. Bestalde, urte honetan amaitu ziren Wellesley College-eko Davis Museoa Massachusetts-en eta Bartzelonako Diagonalean Manuel de Solá-Moralesekin elkarlanean proiektatutako etxe-irla. 1994an Laura ad Honorem-a jaso zuen Veneziako Arkitektura Eskolan. 1996an, berriz, Arkitekturako Nobel saritzat hartzen den Pritzker saria jasoko zuen. Horrez gain Frantziako Arkitektura Akademiaren Urrezko Domina eta Arkitektoen Nazioarteko Elkartearen Urrezko Domina ere irabazi zituen.

1997an Madrilgo San Fernando Arte Ederren Errege Akademiako Irakasle Numerarioa izendatu zuten. Urte berean Estokolmon Teknologiaren Ohorezko Doktore titulua eskuratu zuen Estokolmoko Teknologia Errege Institutuaren eskutik, artean Moneo Estokolmoko Arte Eder eta Arkitekturaren Museoarekin lanean ari zela. 1998An Erromako Academia Nazionale dei Lincei-ren eskutik Feltrinelli Saria jaso zuen. Ameriketako Arte eta Zientzien Akademiako kide da, baita Erromako San Lucas Akademiakoa eta Sueziako Arte Ederren Errege Akademiakoa ere. Urte hauetakoak dira Moneoren beste proiektu garrantzitsu batzuk ere, esaterako Murtziako Udaletxearentzat eraikin berri bat (1995-1999), Bartzelonako Auditorium eta Musika Zentroa (1990-1999) eta Donostiako Kursaal Auditoriuma eta Biltzar Jauregia (1995-1999). Azpimarragarriak dira baita ere ondorengo urteetako Houstongo Arte Ederren Museoa (1992-2000), Chivite Upeltegiak, Arinzanon (Nafarroa, 1991-2002), Los Angelesko Katedral Berria (1996-2002), Berlingo Postdamer Platzen (1993-1998), Lovainako Unibertsitate Katolikoko Liburutegia (Belgika, 1997-2002), Nafarroako Agiritegi Nagusia (Iruñea, 1995-2003), Madrilgo Prado Museoaren Handitzea (1998), Bilboko Deustuko Unibertsitateko Liburutegi Berria (2009), eta azkenekoen artean, Donostian Iesu eliza (2011).

2001ean Mies van der Rohe saria irabazi zuen, eta 2003. urtean, Londresen, Royal Institute of British Architects-esk emandako Urrezko Domina jaso zuen. Stockholm, Lausanne, Venezia eta Limako Unibertsitateek ere Honoris Causa Doktore izendatu dute. Bestalde, 2007az geroztik, Jaikunde, Euskal Herriko Zientzia, Arte eta Letren Akademiako mahaikide da. 2012an Arteen Asturiaseko Printzearen Saria eman zioten.

Moneok iraunkortasuna eta garapen historikoarekin elkarrizketa bilatzen ditu bere arkitekturan; bere iritziz, arkitektoaren lanak arkitektura garai bakoitzeko beharretara egokitzeko elementu eta ereduak bilatzean datza. Konpromiso sakona hartzen du lan bakoitzaren kokapenak eta programak eskatzen dituen berezitasunekin. Bere eraikin bakoitzak inguruko baldintzen aurrean erantzun bakar bat adierazten du, eta edonolako lengoaia arkitektoniko sistematikotik urruntzen saiatzen da. Lan bakoitza helburu desberdinetara bideratzen duen arren, esan liteke Moneoren diseinurako estrategia testuingurua eta erabileraren inguruko auziei erantzun emango dien ideia sortzaile bat aurkitzea dela, proiektuaren garapen osoan errespetatu beharreko ildo zuzentzaile batzuk markatuko dituena. Sarritan, lehen ideia hauek, krokisen bitartez adierazi izan ditu, eta prozesuaren hastapenetatik tamaina desberdinetako maketekin lan egiten du, espazioaren interkonexioak eta bolumenen konposaketa inguruarekin erlazioan aztertzeko. Honela, paseo arkitektonikoan jarritako interesa ikusi daiteke bere lanetan, ikuspegi desberdinen eta argiak osatzen dituen angeluen azterketa sakona. Bestalde, arkitekto eta pentsalari bezala, iraganaren inguruko interes nabarmena du: eraikinak jadanik existitzen denaren eraldaketa bezala lantzen ditu, errealitate horren parte bezala ulertuaz topografia, historiaren aztarnak eta gaur egungo xede ala jomugak.

Honen adibide argia da Meridako Erromatar Artearen Museo Nazionala. Erromatarren iragan urruna berriz gogora ekartzeko asmoa atzemango da. Erromatar aztarnak gordetzeko marko egokia eraikitzea xedetzat hartuta, erromatarren eraikuntza-sistema erabiltzen du, hormen egituran oinarritutako arkitekturan hormigoia eta adreiluzko fabrika tartekatuz, eta osagai adierazgarriak izango dira interbaloen, proportzioen eta baoen inguruko auziak.

Donostiako Kursaal Auditorioa eta Kongresu Jauregia, berriz, orubearen kokapena eta ingurua bera inspirazio iturri gisa hartuta landutako proiektu baten adibide adierazgarria da. Auditorioa eta biltzar aretoa dira multzoaren atal esanguratsu biak eta beirazko bolumen prismatiko autonomo bezala agertzen dira, Urumea ibaiaren ahoko hondarrean geratu diren bi haitz handiren moduan, hiriarenak baino areago, paisaiakoak, akzidente geografikoak. Bolumenek masa trinko zeharrargi baten itxura hartzen dute kanpoaldetik begiratuta, egunean zehar aldatuz joango dena, eta gauez argi iturri bilakatuko dira, hiriko paisaiaren lehen mailako adierazgarri.

Helburu desberdina jarraitzen du Nafarroako Erresumako Agiritegi berriak: lehengo garaietan Erregeen Jauregia izandako eraikinaren irudiak hirian bizirik irautea eta, aldi berean, iraganeko dokumentuen gordailu izatea. Programa bi zatitan banatzen da: batetik, zutik mantentzen ziren egiturak erabilera akademiko eta administratiborako atonduko dira, eta oin-planta berrian artxibo gelak kokatzen dira. Berriaren eta zaharraren arteko elkarbizitzaren eredu bilakatzen da, Iruñeko biztanleek iraganaz ahaztu beharrik gabe etorkizunari begiratu diezaioten.

Moneok hitzaldiak eta kritika-lanak ere egiten ditu, beste batzuekin batera Arquitecturas Bis aldizkaria sortu zuen, eta bere idatziak aldizkari profesional ugaritan argitaratu izan dira. Bestalde, bere lanak erakusketa eta hitzaldien bitartez ere aurkeztu ditu, mundu osoko erakundeetarako bidea irekiaz.


Ikusi RTVEk prestatutako dokumentala egile honen inguruan:Elogio de la luz - Rafael Moneo, coraje y convicción.


  • Arteespana.com. Obra y biografía de Rafael Moneo. [Kontsulta data: 2012ko uztaila].
  • A&V Monografías de Arquitectura y Vivienda. Rafael Moneo 1986-1992. 36.zenbakia, 1992ko uztaila. Madril: Arquitectura y Vivienda.
  • ETXEPARE ZUGASTI, Carlos [et al.]. Rafael Moneo: museoak, auditorioak, liburutegiak. Donostia: Kutxa Fundazioa, 2005.
  • El Croquis. "Rafael Moneo". 20.zenbakia. Madril: El Croquis Editorial, 1985eko apirila.
  • El Croquis. "Rafael Moneo - 1995-2000". 98.zenbakia. Madril: El Croquis Editorial, 2000ko martxoa.
  • HAINBAT EGILE. Rafael Moneo: de la Fundació a la Catedral de Los Ángeles, 1990-2002. Fundació Pilar i Joan Miró a Mallorca - Colegi Oficial d'Arquitectes de les illes Balears, 2002.
  • WIKIPEDIA. "Rafael Moneo". [Kontsulta data: 2012ko uztaila].