Arkitektoak

Moneo Vallés, José Rafael (2009ko bertsioa)

Tuteran (Nafarroan) jaio zen 1937an.

Madrileko Arkitektura Eskolan ikasi zuen, eta 1961ean titulatu zen.

1970ean, Bartzelonako Arkitektura Eskolako Konposizio Elementuen Katedra lortu zuen, eta, 1980an, Madrilekoaz arduratu zen 1985. urtera arte. Urte horretan, hain zuzen ere, Harvardeko Unibertsitateko Graduate School of Designeko Chairman izendatu zuten, eta kargu horretan egon zen 1990era arte. Gaur egun, Rafael Moneo Josep Lluis Sert da, Harvardeko Graduate School of Designeko Professor of Architecture, alegia.

Bere azken proiektuen artean, honako hauexek nabarmendu behar dira: Donostiako Kursaaleko Biltzar Zentroa eta Auditoria (1999), Houstongo (Texas) arte Eder Museoa (2000), Los Angelesko Katedrala (2002), Nafarroako Artxibo Nagusia Iruñan (2003), Madrileko Gregorio Marañon Ama eta Haurren Ospitalea (2003), Espainiako Bankua handiagotzeko lanak Madrilen (2006), Pradoko Museoa handiagotzeko lanak Madrilen (2007) eta Antzoki Erromatarraren Museoa Cartagenan (2008).

Eraikitzen ari diren lanen artean, honako hauexek azpimarratu behar dira: Deustuko Unibertsitateko Liburutegia (2005), Novartisko laborategiak Basilean, Suitzan (2006) eta Columbiako Unibertsitateko (New York) Zientzia Laborategia (2007).

Arkitekto ez ezik, hizlari eta kritikari ere lan egiten du Rafael Moneok. Arquitecturas Bis aldizkaria sortu zuen beste batzuekin, eta bere idatziak hainbat aldizkari profesionaletan argitaratu dituzte. Era berean, Rafael Moneoren lanak erakusketetan eta hitzaldietan aurkeztu direnez, Atlantikoko alde bateko zein besteko instituzioetan egon da. 2005ean, "Inquietud Teórica y Estrategia Proyectual en la obra de ocho arquitectos contemporáneos" liburua argitaratu eta zenbait hizkuntzatara itzuli du.

Rafael Moneok sari ugari jaso ditu: Arkitekturako Pritzker Saria (1996) eta Royal Institute of British Architectseko Urrezko Domina (2003), besteak beste. 1997an, Arte Ederretako akademiko aukeratu zuten, eta, 2005. urtearen hasieran, karguaz jabetu zen. 2006an, Espainiako Arkitektoen Elkargoetako Goi Kontseiluak Espainiako Arkitekturako Urrezko Domina eman zion.