Dantza

Dantzari-dantza

Inguru jakin batean egin izan da beti Dantzari-dantza osatzen duten dantzen zikloa Durangoko Merindadean edo Durangaldean. Honako herri hauetan, besteak beste: Abadiñon, Berrizen, Garain, Mañarian, Izurtzan eta Iurretan. Aldaera desberdinekin gorde da Dantzari-dantza elizate horietan guztietan. Eta beste honako hauetan ere ezagutu da inoiz: Durangon, Elorrion eta Otxandion.

Urtero, herriko edo auzoko (kofradiak) zaindariaren jaietan, bertako dantzari-taldeak udal-agintariaren aurrean dantza egiten du. Prozesioaren edo eliz-ospakizunaren ondoren dantzatzen da Dantzari-dantza ziklo osoa, eta, haren ondoren, eskualdeko Erregelak-en dantzatze errituala etorri ohi da.

Horixe da, bada, urteroko ohitura inguruko zaindari-jaietan: Abadiñon, esaterako, San Torkuato jaietan egiten da (maiatzaren 15ean); Berrizen, San Petri jaietan (ekainaren 29an) eta Santa Elisabetetan (uztailaren 2an); Garain, Santiago jaietan (uztailaren 25ean) eta Santa Anatan (uztailaren 26an); Mañarian, Andre Mariaren Jasokundearen jaietan (abuztuaren 15ean); Izurtzan, Ama Birjinaren Jaiotzaren jaietan (irailaren 8an); eta Iurretan, San Migeletan (irailaren 29an eta errepikapena).

Bezperan, entsegua egiten da, eta Donieneatxa landatzen (zuhaitz luze bat, erabat soildua eta zuritua, eta artaburuak, erramu-adarrak eta loreak ipintzen zaizkio goiko puntan). Jai nagusian, meza ondoren, ziklo errituala eta gizarte-dantza klasikoa dantzatzen dira plazan. Errepikapena haren zortzigarrenean egiten da, eta eskema bera ezartzen da dantza tradizionalak egitean.

Herriko talde batek izaten zuen herriko jaietan Dantzari-dantza dantzatzeko ardura. Orain urte gutxi arte, txistulariak edo alkateak aukeratzen zuen taldea, banderadunaren laguntzaz. Eta txistulariak berak egiten zuen jaien aurreko trebatze-lana. Aurretik, egun batzuk lehenago, elizateko auzoetako edo kofradietako gazteak toki jakin batean biltzen ziren, aukeraketara makurtzeko. Horrela, dantzari-talde ofizialeko kide izateko ohorea lortzen zen.

Honako dantza guztiak sartzen dira dantzen zikloan:

DANTZARI DANTZA (edo JANTZATI JANTZA):

  • Agintariena
  • Zortzinangoa
  • Ezpata joku txikia
  • Banangoa
  • Binangoa
  • Ezpata joku nagusia
  • Launangoa
  • Makil dantza edo Makil jokua
  • Txontxongiloa


Zikloko dantza batzuk tresnarik gabe egiten dira; beste batzuk, tresnekin. Lehen dantzetan, dantzan ari direnen prestaketa fisikoa ikusten da. Dantzariak banaka aritzen dira (Banangoa), binaka (Binangoa), launaka (Launangoa) edo guztiak batera (Zortzinangoa). Oñatiko Corpuseko prozesioan ere, Dantzari-dantzen oso antzeko erritmoko eta musikako Zortziko, Banango eta Launako bana ikus ditzakegu. Dantza multzo edo mota horrek bere letra zeukan Durangaldean, bai entseatzeko, bai melodiak buruz ikasteko:

Lastok egoan atie,
buruko orratzagaz trangie
A ere e(g)iteko eztao mutillok,
zetako ete jok andrie?
Aitte Periko, seme Juaniko
zer dogu aparitteko?
orijo-azak gozo-gozuak
arto beruaz jateko.

Bigarren multzoan, berriz, tresna da elementu nagusia, hau da, ezpata edo makila. Horiekin egiten dute dantza edo jolas, eskasak izeneko (ibilaldi moduko bat, oinekin bakarrik dantzatzen dena) sarrera baten ondoren. Arma-dantzek egitura koreografiko desberdina dute, eta honako hauek dira dantza nagusiak: Makil-dantza eta Ezpata Joko Nagusia. Gipuzkoako Brokel dantzaren zikloan ere, Durangaldekoaren oso antzeko Makil Handi dantza ikus dezakegu.

Bi atal horietatik kanpo, Agintariena izeneko dantza daukagu: herriko dantzari-taldeak bere bandera astintzen eta erakusten du udal-agintariaren aurrean. Eta, azkenik, Txontxongillo deritzana. Herri bertsioak dioenez, dantza horrek lapur ospetsu baten atxilotzea gogorarazten du, eta Iurretako herritarrek zutoin batean josita hil zutela. Gertakari horretan oinarrituta sartu zen dantza errepertorioan. Zortzigarrenaren egunean, Iurretako Txontxongilloan, zaindariaren eguneko Erregelak dantzetan ateratako neskek pastelez betetako bi erretilu eskaini ohi dituzte, dantzari bat jasotzeko unean. Antzinako olaten sinbolo dira pastelak. Bestalde, antzeko bandera-erakusteak egiten dira Lesakan, Beran, Donezteben, Oionen, Biasterin eta beste herri batzuetan. Bada beste ezpata-dantza bat ere: Ezpata Joko Txikia. Ez du ibilaldirik, eta koreografia sinpleagoa dauka.

Garain, Santiago jaietan, erlijio-prozesio bat egiten da. Haren erdian, apostoluaren irudiaren aurrean gelditu, eta banderaren erakustea egiten dute, San Inazioen martxie deritzana lagun (lehenago, jadanik ahaztuta dagoen beste doinu bat erabiltzen zuten, Santiagoen martxie). Eta, jarraian, ezpata eskuan, Gernikako Arbola dantza dantzatzen dute. Prozesioak aurrera egiten du, eta, amaitzean, plazara itzultzen dira, Dantzari-dantza ziklo osoa dantzatzeko. Hurrengo egunean, Santa Anaren egunean, jai erritual osoa errepikatzen da modu berean, baina prozesioak aurkako bidea egiten du, hau da, Santiagoren irudia haren elizara itzultzen dutela.

Nahiz eta berdina izan bere mugimendu orokorretan, Dantzari-dantzak izaera berezi eta berezkoa hartzen du dantzari-talde bakoitzak Durangaldeko elizatean dantzatzen duenean.

Bada beste dantza bat, Dantzari-dantza zikloarekin oso lotua, baina orain nahiko banatua dena hizpide dugun multzotik. Banango Zaharra du izena. Berrizko dantzariek diotenez, Banangoaren berdina zen koreografia mailan, eta Aita San Migel hedatuaren soinuan dantzatzen zen. Gaur egun, emakumearen edo gizonaren omenaldian dantzatzeko erabiltzen da bakarrik, Erregelak deituetan.

Aita San Migel Ijurretako
zeru altuko loria
agure zarrak jantzan ikusitarek
eitten jok barria.
Dantzatu daigun sonbraillu
bagille jaku azaldu
bagille datorrenien
zarrok hilgo'ituk
zarrok hilgo'ituk
gaztiek hurrengo urtiek
laralaralalalarai
zarrok hilgo'ituk
zarrok hilgo'ituk
artien olgadu gaitien
laralaralalalarai.

Beren segizio zibikoetan edo erlijiozkoetan, Dantzari-dantza dantzatzen den ibiladi eta prozesioetan laguntzen aritzen diren irudiak eta figuranteak honela jartzen dira: segizioaren aurreko buruan txistularia eta atabalari bat joaten dira; haien atzetik, zortzi dantzariak (batzuetan, herriko zaindariaren irudia daramatela); hurrena, udal- eta eliz-agintariak, eta, atze-atzean, herritarrak.

Protagonistek txapel gorria eramaten dute; lepodun edo leporik gabeko kotoizko alkandora zuria; udalerri batzuetan, txalekoa botoiz lotuta (siemprevivas edo betibizi sorta batez apaindua: dantzarien lorie siemprevivie); galtza zuriak; gerriko gorria; larruzko berna-babesak (zapak), brontzezko kriskitin batzuez apainduta; galtzerdi zuriak, eta espartin zuriak, lokarri gorriekin. Dantzari guztiek ezpata eta makila luze bana eramaten dute. Eta banderadunak herriko bandera koloreaniztuna eramaten du bizkarrean.

Jadanik esan dugunez, Dantzari-dantza elizateetako zaindari-jaietan dantzatzen da, eta baita haien bezperan ere. Horietan, eta azken entsegu moduan, dantzariek eguneroko arropa erabiltzen dute (txapela, gerrikoa, kriskitinak eta espartinak salbu). Donianeatxa zutik paratu eta gero, janzkera horretan dantzatzen dituzte Dantzari-dantza ziklo osoa eta Erregelak.

Ikuspegi historikotik begiratuta, esan dezakegu Durangaldeko tradizio errotu horrek zintzo iraun duela, testuinguru historikora moldatuz eta egokituz joan dela etengabe, alde batera utzi dituela beti elementu zaharkituak edo desegokiak, eta gizarteak onartutako beste batzuk bereganatu dituela. Ikusi dugu Dantzari-dantzak bilakaera bat izan duela. Lehen erreferentziek (W.F. von Humboldt, 1801) Corpuseko dantza-multzotzat jotzen dute; oro har, gaurkoaren antzekoa zen, baina bederatzi haurrek dantzatua. Esanguratsua da, era berean, Platillu soñua desagertuaren musika ere. Marcos de Alcorta durangarrak jaso zuen partituran, Dantzari-dantzaren gainerakoa bezala. Durangoko konpartsa horretan, gainera, honako bi hauek ikusten ziren: arku-dantza bat, Arku-dantza, eta zinta-dantza bat, Domingilluen dantza. Bestalde, beti polemikoa gertatu da Gernikako Arbola melodiaren (José María de Iparraguirrek zabaldua) jatorria. Bitxia eta paradoxikoa da euskal abertzaletasunaren sortzaileek Agintarienaren melodia (Euzko abenda'ren ereserkia edo Gora ta gora Euzkadi) aukeratu izana himno sinbolikotzat. Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoaren himno ofiziala da. Dantzari-dantza ziklo aberats eta interesgarriak beti aurkituko du bere lekua eskualdeko errealitate berrian.

  • Danzas de Bizkaia. ETXEBARRIA Goiri, José Luis. Danzas de Bizkaia, 9-119.
  • Danzas de Bizkaia. Temas vizcaínos, 115. eta 116. zk. ETXEBARRIA Goiri, José Luis. 7-51.
  • Dantzak. URBELTZ, Juan Antonio. 142 eta 143 or.
  • Baile Familia y trabajo. CARO Baroja, Julio. 38-42.
  • Vascos y Trajes, II. lib. ARIZMENDI Amiel, Maria Elena. 533 or.
  • Bizkaiko dantzak: Dantzariak, Extra I zk. IRIGOIEN Etxebarria, Iñaki. 20-29 eta musikalak.
  • Danzas de Vizcaya: Dantzariak, 3. zk. IRIGOIEN Etxebarria, Iñaki. 27-35.
  • Dantzari Dantza, Homenaje a los dantzaris de Iurreta-1994. ZENBAITEN ARTEAN.
  • Dantzari Dantza, Homenaje a los dantzaris de Iurreta-1989. ALDEKOA Otalora, Antton Mari.
  • Santiago y Santa Ana en Garai: Gure herria: Tradiciones y costumbres del País Vasco, III. lib. FELIU Corcuera, Alfredo. 189-196.
  • San Pedro y Santa Isabel en Berriz: Gure herria: Tradiciones y costumbres del País Vasco, III. lib. FELIU Corcuera, Alfredo. 57-65.
  • San Miguel en Iurreta: Gure herria: Tradiciones y costumbres del País Vasco, IV. lib. FELIU Corcuera, Alfredo. 167-175.
  • Los Vascos: Apuntes sobre un viaje por el País Vasco en la primavera del año 1801. HUMBOLDT, Wilhelm von. 130-131.
  • Apuntes del Folklore Vasco: Dantzariak, 21. zk. DELEGACIÓN DE VIZCAYA. 32-37.
  • Dantzari Dantza de la Merindad de Durango: Dantzariak, 24. zk. ABASOLO, José Javier "Tiliño". 18-19.
  • Ezpata Dantza: Dantzariak, 26. zk. URBELTZ, Juan Antonio. 19 eta 20 or.
  • Dantzari Dantza-1983: Gerediaga, 3. zk. GEREDIAGA Elkartea.
  • La Ezpata Dantza: Txistulari. 1928ko maiatza-ekaina. OLAZARAN, Juan de.
  • Garaiko Plazan Otia loran...: Dantzari, 5. zk. HERMODO, Kepa. 20-22.
  • Tratado de Txistu y Gaita. OLAZARAN de Estella, P. 185-191.
  • El estio festivo: Fiesta populares del verano. CARO Baroja, Julio. 156-160.
  • Folklor Egutegia: Dantzariak, 9. zk. EDB. 16-24.
  • Folklor Egutegia: Dantzariak. 10. zk. EDB. 14-18.
  • Fiestas populares de Berriz: Anuario Eusko Folklore. II. lib. BENGOA, León. 98 eta 99 or.
  • Danzas de grupos en dos filas con herramientas: Dantzariak, 43. zk. IRIGOIEN Etxebarria, Iñaki. 26-34.
  • Euskaldunak: La etnia vasca, 3. lib. ARREGUI, Gurutze eta beste batzuk. 622 eta 623 or.
  • Cancionero Popular Vasco, I. lib. AZKUE, Resurrección Maria de.
  • Obras completas, IX. lib. Danzas. DONOSTIA, Aita.
  • Ezpata dantza: Revista Txistulari, 16. zk. TXISTULARI, 293. or.
  • ARGIA, Euskal Dantzari Taldea. Euskal dantza doinuak - Musica de danza del País Vasco, Philips Fonogram, 1974, Madril. Zortzinango, Ezpata Joko Nagusia (Dantzari Dantza).
  • ALDEKOA, Alejandro. Alejandro Aldekoari omenaldia: Berrizko herria, Gor, 1993, Iruñea. Dantzari Dantza, Erregelak.
  • EDB Dantzak eskolan 2, Bilbo, Dantzari Dantza.
  • BDB Bizkaiko dantza tradizionalak, The Sounds Factory. Balmaseda, 1999. Dantzari dantza, Durangaldeko Soka dantza, Gorularien dantza, Xemeingo Ezpata dantza, Zahagi dantza, Kaixarranka, Andrazkoen Soka dantza, Busturialdeko Soka dantza, Lanestosa Arku dantza, Entradillas eta Alboka.
  • BDB. Bizkaiko dantza tradizionalak (bilduma interaktiboa).