Pintoreak

Zubiaurre Agirrezabal, Valentín

Pintorea, Madrilen jaioa 1879ko abuztuaren 22an. Bertan hil zen 1963ko urtarrilaren 24an.

Bere aita, Valentin de Zubiaurre Urionabarrenetxea, Espaniako hiriburuko Errege Kaperako zuzendaria izan zen. Anaia Ramon bezala, Valentin gor-mutua zen eta horrek pintura jorratzera eraman zuen.

Arte ikasketak anaiarekin batera hasi zituen San Fernandoko Arte Ederren Eskolan eta irakasle bezala Moreno Carbonero, Carlos de Häes, Ferrant eta Muñoz Degrain izan zituen.

Estilistikari so eginez, hasieran familiak Garai herriskan zuen etxean paisaiak pintatzeari ekin zion "plenairista" estiloa landuz. Häesen eragina zuen, eta Frantzia, Italia eta Herbehereetan zehar 1898an egin zuen bidaiaren eragina ere nabaria zen. Bestalde, Regoyosen eta Anglada Camarasaren eragina izan zuen. 1902an Arte Ederretako Nazio Erakusketan Hirugarren Domina lortu zuen.

1905. urtean Bizkaiako Foru Aldundiak Beka eskaini zion eta horri esker, -Ramon anairekin batera- Parisera doa.

1908an nazioarteko erakusketetan parte hartzen hasten da. Urte horretan Valentzia eta Municheko erakusketetan saritua izan zen eta beste hauetan ere esku hartu zuen: Buenos Aires, 1910ean, Bartzelona 1911; San Francisco 1915; San Diego 1916; Panama 1916. Mundu Gerrari dagokion aro horretan lortu zituen nazioarteko arrakastarik handienak. 1910etik 1923ra bitartean, sarritan bizi izan zen Segovian. Arte Ederren Nazioarteko Erakusketaren 1917. urteko edizioan Los Bertsolaris izeneko margo-lanarekin Lehen Saria lortzen du.

Garai horren eta 1936-1939ko Gerraren arteko epea bere unerik arrakastatsuena bizi izan zuen. Bere lanak orduan lortu zuen hedapenik handiena, bai estatu mailan, baita nazioartean ere. Erakusketak munduan osoan zehar izan zituen, Bilbon eta Donostian egindakoaz gain, besteak beste: Espainiako hiriburu garrantzitsuenetan, Paris, Brusela, Buenos Aires, Rosario, Santiago de Chile, Nueva York, Texas, Pittsburg eta Tokion.

1945ean San Fernando Arte Ederren Akademiako kide hautatu zuten, bere sarrera-hitzaldia hauxe izan zen: Pintores mudos y sordomudos en la historia de España. 1952an Apoteosis de la pelota lana aurkezten du Nazio mailako Erakusketan. 1956an, Madrileko Toison galerian bere erakusketa zela eta, nazio mailako omenaldia jasotzen du; hurrengo urtean Arte Ederren Nazio mailako Erakusketak bere ehungarren urtea ospatzen zuela eta, bertan Ohorezko Domina jasotzen du (1963an emango zitzaion). Alfontso Jakintsuaren gurutzea jaso zuen; baita Ohorezko Legioko zalduna eta Pariseko Société des Beaux Arts izeneko kide eta Hispanic Society of Americako kide ere.

Bere lanak munduko museorik garrantzitsuenetan aurki daitezke: Luxemburgo, Munich, Berlin, Tokio, Pittsburg, San Diego, Buenos Aires. Erromako Arte Modernoko Museoak honako margolan hauek ditu: Encajeras de Lagartera. Madrilgo Arte Modernoko Museoan lan hauek daude: Segovianos eta Hombres de Castilla. Euskal pinakoteketan ere lan ugari ditugu: Bilboko Arte Ederren Museoan: Versolaris (1916-1917), Las Víctimas del Mar; Arabako musoetan: Familia Vasca (1953), Manzanas y peras (1952) eta Salida de las lanchas; Donostiako San Telmo Museoan: La Merienda. Bizkaiko Foru Aldundiko Jauregian Ceferino de Urien eta Esteban de Bilbaoren erretratuak daude. Kutxa bilduma: Reunión de Autoridades. Beste lan batzuk: Regatas, Paisaje de Mañaria, Paisaje de Durango, Altos Hornos, Cabo Machichaco, Cabo Ogoño, Amarretako, Iruguisalde, Euskotarrak, Viejas Leyes y Nueva Flor, Día de Fiesta edo Procesión en Segovia.

Euskal Bederatziehunarekin lotura zeukan eta Tellaetxe, Arruetarrak, Arteta eta Salaberriaren belaunaldi berekoa zen. Aurreko belaunaldi biekin alderatuta, hau da, historizista akademiko "nazaretarrekin" zein modernoago ziren Guinea, Iturrino, Guiard, Regoyos edo Durrio bezalakoekin, oso espiritu eta gogo ezaberdina azaltzen du.

Bi anaiak euskal zein gaztelako munduaren pintore kostunbrista bezala jotzen zituzten (aurkariek Zuloagaren eragina leporatzen zieten). Valentinen kasuan, kostunbrismoa bera baino, nabarmentzeko da eszena herrikoietan kokatutako erretratuen sinbolikotasuna. Jose Francesen hitzetan, Zubiaurretarren nagusiena gogoetatsua eta melankoliaduna da.

Apur bat moteldutako notak nahiago ditu, Euskal Herriko jatorrizko mistikotasuna. Pilar Murek bere aldetik hauxe adierazten du:

"Zubiaurretarrei margolari kostunbristaren errezeta ezartzea iraingarria da. Egia da baina, bere margolanaren funtsezko euskarria baserri- eta itsas-esparruan duen lurralde margolaritzara murrizten dela, baina Zubiaurretarrengan karakterizazio diferentzial soila besterik izango ez litzatekeena haratago doa, liturgiaburuek euren debozioaren arketipo izango direnari buruzko margolan errituala bezalakoa adierazten baitute."

(Itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Legendazkotasunak, Xabier Saenz de Gorbearen ustez, dokumental izaera hartzen du. Anaia bien ibilbideak ideologikoki eta kontzeptualki guztiz desberdinak izan ziren, beti egin izan denaren aurka alegia: Valentini baino Ramoni gehiago egotzi dakioken euskaltasun bati lotu. Juan de la Encinaren ustez hurrengo honegatik bereiziko lirateke: "irudikatze sinbolikorako joeragatik, baina izaera errealista duen sinbolikotasuna". Valentini "larritasun gogoetatsua, bizitzeko sentimendu mingarria, erlijiosotasun goibela, eta baserri-bizitzaren patriarka- eta sinpletasun-atsegina" egozten zaizkio. Ramonei buruz hauxe dio: "umore alaiaren neurria, bizi izateko gozamen soil eta sentsuala, itsasoko gizakien abenturarako eta garaile izateko kemena".

Horri buruz, Javier Tusellek (Paisaje y Figura del 98, Madril, 1997) hauxe dio:

"Ramonengan ezaugarri sinbolista -kontzeptuaren modernitate gailenago baten adierazle da- askoz argiago azaltzen da, eta Valentinen kasuan, margolaritza, espainiarraren ohiko eskolarenak ziren arte planteamenduetan jarraitzeko jokabide nabarmenagoa azaltzen da, hau da.... mendearen bukaera zorrotzeko Zuloagari hurbilagoa jagokona."

(Itzulpen moldatua gaztelaniatik).

  • ENCINA, Juan de la. "Arte y artistas. Los hermanos Zubiaurre". Herme : Revista del País Vasco, 1. Bilbao, 1917.
  • FLORES KAPEROTXIPI, Mauricio. Arte vasco : pintura, escultura, dibujo y grabado. Buenos Aires: Ekin, 1954.
  • FRANCES, Jose. El año artístico 1915. Madril, Mundo Latino, 1916.
  • MUR PASTOR, Pilar. La Asociación de Artistas Vascos. Bilbao: Bilboko Arte Ederren Museoa, Bizkaiko Aurrezki Kutxa, 1985.
  • PEREZ REYES, Carlos. La pintura española del siglo XX. Barcelona, Vicens-Vives, 1990.
  • PLAZAOLA, Juan. Historia del Arte Vasco: Siglo XX. Lasarte-Oria: Etor-Ostoa, 2003.
  • REYERO HERMOSILLA, Carlos; FREIXA, Mireia. Pintura y escultura en España, 1800-1910. Madril: Cátedra, 2005.
  • RODRIGUEZ-ESCUDERO SANCHEZ, Paloma. "Costumbrismo, impresionismo y "art nouveau" en la pintura vasca". Ondare. Cuadernos de Artes Plásticas y Monumentales, 23. Donostia: Eusko ikaskuntza; 2004. 139-162 orr..
  • SAENZ DE GORBEA, Xabier. Los hermanos Zubiaurre. Bilbao: Bizkaiko Aurrezki Kutxa, 1982.
  • SANCHEZ, Pierre. La Société des Peintres Orientalistes Français: répertoire des exposants et liste de leurs oeuvres, 1889-1943. Dijon: L'Échelle de Jacob, 2008.
  • TUSSEL, Javier. Paisaje y figura del 98. Madril: Central Hispano Fundazioa, 1997.
  • SETIEN LABOA, Mayi. "El libro en la iconografía de la pintura vasca, siglo XIX-XX". Cuadernos de Sección. Artes Plásticas y Monumentales, 7. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1990. 111-125 orr.