Politikariak eta Kargu publikoak

Bilbao Eguia, Esteban

1879ko urtarrilaren 11n Durangon jaiotako politikari eta hizlari bizkaitarra. Durangon (Bizkaia) zendu zen 1970eko irailaren 23an.

Deustuko Unibertsitatean Zuzenbidea eta Filosofia eta Letrak ikasi ostean abiatu zuen bere ibilbide politikoa, tradizionalismoaren barruan.

1904an, 25 urte zituela, Bilboko zinegotzi izateko hautatu zuten. Dena den, beranduago, Gobernuak bertan behera utzi zuen izendapena, ekitaldi ofizial batean artzain protestante baten presentzia errefusatu zuelako. 1907an Gorteetarako Diputatu izateko aurkeztu zuen bere burua Gasteiztik. Hala ere, 1916. urtera arte ez zuen kargu hori eskuratu, orduan Tolosatik (Gipuzkoa). Lehen mundu-gerraren ondotik karlisten artean zatiketa gertatu zen eta bera Jaimeren alde agertu zen. 1918an Oñatin ospatu zen Eusko Ikaskuntzaren Lehen Kongresua itxi zuen eta Eusko Ikaskuntzaren Sekzioko batzordekide izendatu zuten Javier de Gortazarrekin batera. 1919an senatari izendatu zuten Bizkaitik eta 1921an, berriz, diputatu kargua eskuratu zuen, Lizarratik aurkeztuta. 1922-1926 bitartean Eusko Ikaskuntzaren Gizarte Ikerketen Sekzioko ordezkari izendatu zuten, hartako aholkulari sendoa izan zelarik.

Primo de Riveraren diktadura iritsi zenean (1923-1930) Bilbao hartako zutabe nabarmenenetako bat izan zen. Hala, 4 urtez (1926-1930 bitartean) Bizkaiko Foru Aldundiko presidente izan zen eta Kontsultarako Asanblada Nazionaleko kide izan zen. Hori dela eta, Jaimeren aldekoen taldetik kanporatu egin zuten, Diktadurarekin kolaboratzeagatik eta Alfontso XIII.aren alde agertzeagatik.

II. errepublikaren hastapenean, Bizkaiko Ekintza Katoliko entzutetsuko presidentea zen (1921-1933 bitartean) eta hartako Komunio Tradizionalistako buru. Horrenbestez, eta 1932ko abuztuaren 10ean izandako "sanjurjada" delakoan parte hartu zuenez eta 1933an, Nafarroatik Gorteetarako Diputatu zelarik, Alfontso Carlos hautagai karlistaren inguruan sortu zen konspirazioan parte hartu zuenez, erregimen berriaren etsaitzat agertu zen. Errepublikak Lugon gorde zuen.

1936ko altxamendua gertatu zenean Bilbon zegoen. Altuna Mendi ontzian atzeman zuten eta atxilotuta egon zen, irailaren 25ean alkateak Ernesto Ercorecarekin "aldatu" zuen arte. Horrela, Donibane Lohizunetik (Lapurdi) barna matxinoek kontrolatutako zonalderaino iritsi ahal izan zen. Han, Falange Espainian Tradizionalista (FET) eta Batzar Nazional Sindikalista Oldarkorra (JONS) bateratu zituen 1936-1939 gerra osoan zehar.

Gerraostean, kodifikazio batzordeko presidente izan zen eta 1939ko abuztuaren 9an Justizia Ministro izendatu zuten. 1943an Gorteetako presidentetza eskuratu zuen (1965. urtera arte izan zen kargu horretan) eta 1947an Erreinuko Kontseiluko presidente izendatu zuten (1948-1965). Mugimenduaren Batzorde Politikoko eta Kontseilu Nazionaleko ordezkari izan zen. 1947ko abenduaren 12an Bilboko Udalak seme kutun izendatu zuen eta hiriko Urrezko domina eskaini zion. Bi egun geroago Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko seme goresgarriaren titulua eman zion. 1946az geroztik Jurisprudentziako Errege Akademiako, Bilboko Irakurketa Onen Elkarteko eta Bilboko Akademiako Zientzia Juridikoetako presidente izan zen. 1961az geroztik Bilbo eta Eguiako Markesa.

Lan ugari idatzi zituen, horietako zenbait sarituak izan zirenak. Honatx azpimarragarrienak: Discursos varios, Madril, 1940; Aparisi y Guijarro, Donostia, 1941; La idea del orden como fundamento de una filosofía política, singularmente del pensamiento de Vázquez Mella, Madril, 1945; Jaime Balmes y el pensamiento filosófico actual, Bartzelona, 1949; La idea de la justicia y singularmente de la justicia social, Madril, 1949.

Kolaboratzaile izan zen argitalpen hauetan: Diario de Navarra, El Fuerista, El Diario Vasco, El Pueblo Vasco, El Correo Español, La Gaceta del Norte, El Pensamiento Navarro eta El Día.

  • Homenaje al excelentísimo señor D. Esteban de Bilbao y Eguía, Bilbo: 1947.
  • AMEZAGA, E. Autores vascos, Bilbo: 1987, 2 ale.
  • BLASCO SALAS, Simon. Recuerdos de un médico navarro. Iruñea: Ed. Gómez, 1959.
  • CARMONA RISTOL, Angel. Semblanza. Madril: Espasa, 1975.
  • ESTORNES ZUBIZARRETA, Idoia. La construcción de una nacionalidad vasca. El autonomismo de Eusko-Ikaskuntza (1918-1931), (doktoretza tesia 1988). Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1990, 728 orr.
  • VILLANUEVA, Aurora. El carlismo navarro durante el primer franquismo, Actak, "Luis Hernando de Larramendi" bilduma, 1998.