Kontzeptua

Elizatea

Izen horrekin ezagutzen dira Bizkaiko "lurralde laueko" udalerriak. Herrialdeko gainerako lekuetan hiribilduen (adiera zaharrean) eta kolazioen izenez ezagutzen ziren. Beranduago, beste udalerri mota bat sortu zen, erret fundaziodun herri edo jaurerria; betiere, aurrez bizkaitar eta gipuzkoar guztien baimena izanda, esate baterako, batzartu ostean. Jatorriz, elizateak batzar irekiak ziren eta hiribilduak, haien irudikapenak. "Elizatea" izenak bere jatorria salatzen du.

Bizilagunek batzar horiek elizaren atarian egiten zituzten. Horrenbestez, euskal udalerria elizaren barnean inkubatu zen. Ohikoa zen lurralde mailan garrantzitsu ziren gaiak jorratzeko batzar horiek elizetan egitea. Getariako koruan idatzizko lehen foru gipuzkoarra erein zen. Eta erlijio-eremu horren barnean matxinadak ere itxuratu ziren. Elizako ataria da Euskal Herriko lehen udal-aretoa. Caro Barojak ohartarazi zuenez antzinago batzar ireki horiek eliztar eta haranetan zerraditzen ziren, baita ipar Euskal Herrian ere. Lapurdin udaletxeei parrokiak esaten zaie eta alkateei auz-apezak (lit. "auzoko apaizak"). Udal-entitate modura Goi Erdi Aroan kokatu behar dira, baina gizakien arteko bestelako bilkura zaharrago batzuen bilakaera gisa.

Hiribildu zaharrek ez dute zerikusirik, gerora, izen bera hartu duten haiekin. Ikus Villas. Batzarrean horretarako baimena jaso eta sortzen zirenean haran eta lurretan lekutzen ziren. Haran eta lur horiek kolazioen, elizateen eta hiribildu zaharren baitakoak ziren. Hiribildu berriak hazten zirenean eta apurka haien jurisdikzioa areagotzen zutenean, lehenengo entitate horiek hiribildu berrietara atxikitzen ziren (edo haren baitako izaten ziren). Hala, Tolosak 23 hartu zituen XIV. mendean eta Villafrancak (Ordizia) 8. Horrela, modu horretan atxikitzen ziren kolazio eta herriek (bakoitzari zegokion terminoa galdu gabe) babes gehiago zuten. XI eta XII. mendeetan herrialdea haran eta bailara txikitan banatzen zen. Haran eta bailara horiek hainbat "hiribilduz" osatzen ziren, hitzaren adiera zaharrean. 1194an Donostia (Celestino III.aren bulda) Oiartzungo haranaren barneko leku bat zen. 1025ean Nafarroako Antso Handiak San Salvador de Olazabal eman zuen dohaintzan eta bertan Aya eta Elcano ageri ziren. Caro Barojaren esanetan "hiribildu" zahar horiek "monastegi edo tenplu bat dute atxikita eta gehienetan haien inguruan lekutzen diren multzo handiagoak baino zaharragoak direla pentsa daiteke. Azken horiek XII. mendean agertu ziren indar handiz eta gerora sarritan izen bera hartu zuten".

Garai modernoetan jaurerriek jurisdikzio asko galdu zuten beste garai batean erantsitako herrixka zaharrei "hiribildu" izaera onartu zitzaienean. Halaber, kolazio eta elizateak hiribildu izenez ezagutzen hasi ziren, baina hitzaren adiera zaharra mantendu gabe. Ikus: Colación, Concejo.

Erreferentzia. Caro Baroja, Julio: Los Vascos, 105, 121, 287.

Bizkaian elizate izenez ezagutzen ziren politikoki garrantzitsuenak ziren Bizkaiko 105 herriak. Herri horiek hartzen zuten lurrari Lur Laua edo infantzoia esaten zitzaion, baina ez topografikoki lurra laua zelako, baizik eta bizilagun guztiak baldintza juridiko eta sozial bakarraren baitan zeudelako. Lur lau edo infantzoi horretako bizilagunak baserrietan sakabanatzen ziren. Baserriak elkarrengandik urrun kokatzen ziren eta bakoitzak bere lur edo jabetzak zituen inguruan. Gauzak horrela, zein herritako jurisdikziopean zeuden bereizten ez zenez eta leku guztietan ia itxura bera zutenez, sarritan bi baserrik edo gehiagok herri bakarra osatzen zutela (edo alderantziz) uste zen. Elizak egiten zuen banaketa ere ez zetorren bat zibilarekin, izan ere, parrokia batzuk ez zuten haien kokapeneko herri guztia baitaratzen eta, aitzitik, beste herrietako zatiren bat baitaratzen zuten; modu horretan, bai alderdi zibiletik so eta bai elizaren alderditik so, nahaspila egoten zen jurisdikzioari zegokionez. Infantzoia zazpi merindadetan banatzen zen eta hurrengo herriak barneratzen ziren.

Uribeko merindadean honako elizate hauek barneratzen ziren: Derio, Lezama, Morga, Zamudio, Barrika, Begoña, Berango, Erandio, Fika, Fruiz, Gamiz, Gauka, Laukiz, Lemoiz, Galdakao, Leihoa, Loiu, Meñaka, Mungia, Urduliz, Getxo, Sondika, Sopela, Maruri, Zaratamo, Bakio, Abando, Alonsotegi, Deustu, Barakaldo, Etxebarri, Basauri, Arrigorriaga, Arrankudiaga, Zollo, Arakaldo eta Gorliz.

Busturiako merindadea honako elizateek osatzen zuten: Ajangizko kontzejua, Amoroto, Arbatzegi, Arratzu, Arteaga, Bedarona, Kortezubi, Ereño, Forua, Gizaburuaga, Lumo, Mendata, Mendexa, Aulesti, Murrueta, Nabarniz, Natxitua, Ibarrangelu, Ispaster, Busturia, Sukarrieta, Mundaka, Muxika, Arrieta, Berriatua, Ziortza eta Elantxobe.

Arratia eta Bediako merindadean honako elizateak barneratzen ziren: Santo Tomas de Olabarrieta edo Zeberio, Zeanuri, Dima, Iurre, Lemoa, Bedia, Kasullo eta Elejabeitia, Arantzazu eta Ubidra.

Markinako merindadean Xemein eta Etxebarriako elizateak baino ez ziren barneratzen eta Zornotzakoan berriz Amorebieta, Gorozika, Ibarruri eta Etxano. Enkarterrietan Gueñeseko kontzejua, Turtziozko harana, Galdames, Zalla eta Sopuertako kontzejuak; Artzentales, Gordexola eta Karrantzako haranak; Santurtzi, Sestao eta San Salvador del Valle, azken horiek hiru kontzeju izenez ezagutzen ziren orokorki; eta San Pedro de Abanto, Santa Juliana de Abanto, San Julian de Musques (Muskiz) eta San Roman de Ciervana (Zierbena), azken horiek lau kontzeju izenez ezagutzen ziren.

Azkenik Durangoko merindadean honako elizateak barneratzen ziren: Abadiño, Atxondo, Arrazola, Axpe, Garai, Mallabia, Mañaria, Iurreta, Zaldua edo Zaldibar, Berriz eta Izurtza. San Agustin de Echevarriako elizatea, Durangaldekoa, Elorriora atxiki zen.

Barne-antolaketari gagozkiola, antzina merindade guztiek foru-alkateak izan zituzten, baina, gerora Arratia, Bedia, Uribe eta Busturiako merindadeetan barneratu ziren. Alkate horien jurisdikzioa nahiko mugatua zen, izan ere, kontu zibiletan baino ez zuten eskumena. Kontu horiek, lehenik eta behin Jaurreriko Korregidorearen eta haren Getariako tenientearen eskutik ezagutzen zituzten; azken horiek ziren infantzoiko ohiko epaileak, bai arlo zibilean eta bai kriminalean. Elizate bakoitzak erregidore leial bat zuen edota bi eta baita hiru ere, elizatearen garrantziaren arabera. Urtero aukeratzen ziren hautaketa edo zozketa bidez eta korregidorearen eta haren Gernikako tenientearen auzo-epaile modukoak ziren. Udaletxeetako buruzagi lana egiten zuten, udaletxeetako arielak jasotzeaz arduratzen ziren, jai publikoak baimentzen zituzten eta herri bakoitzeko administrazioari zegozkion zeregin berezien ardura ere haiena zen. Jaiegunetan meza nagusiaren ondoren kontzejuaren etxeetan edo elizaren atarietan elkartzen ziren, hain zuzen, hortik dator elizate izena. Nahiz eta elizateak, orokorrean, Jaurreriko herri txikienak izan, haien oroimen historikoa garrantzitsuagoa da hiribilduena baino. Bizkaiko historia zaharra haietan garatzen da ia erabat eta, Erdi Aroan ere, izaera berri batekin sortutako herriei itzal egiten die.

Erreferentzia. Juan E. Delmas. "B. S. V.".

Bizkaiko Jaurerriko akordioak.

- Karguak hautatzerakoan zenbatek parte hartzen zuten, 1582. urtea (II. liburuxka, 196).
- Ahalordedun bakoitzari adostutakoaren zati bat ematea, 1593. urtea (III. liburuxka, 260).
- Sagarminagaren aipamenak, Jaurerriak elizateekiko zituen eskumenei buruzkoak, 1595. urtea (III. liburuxka, 341).
- Armak hornitzeko bolbora, balak eta sokak erosi eta prest izan, 1596. urtea (III. liburuxka, 408). -Etorritako kapitainak nongoak diren adierazi, 1590. urtea (III. liburuxka, 717).
- Zenbaitetan hozkak barneratzen ziren eta Gortean ezeztatzen ziren, 1595. urtea (III. liburuxka, 375).
- Guztietan zepo bat egon zedila, 1596. urtea (III. liburuxka, 385).
- Elizateko jarraitzaileek arkabuzak izatera behartzen dituzte bizilagunak, 1590. urtea (III. liburuxka, 9).
- Jarraitzaileek Santiago egunerako bidea egin beharko dute, 1593. urtea (III. liburuxka, 282).
- Haiek deitzeko hurrenkerari eta Batzar Nagusietan hartzen zuten tokiari buruzko zerrendak zeuden 1596. urtea (III. liburuxka, 437).
- Batzar Nagusietako hurrenkeraren eta hartutako lekuaren zerrenda Artxibategian gordeko da, 1595. urtea (III. liburuxka, 373).
- Zenbaitek Korregidorea kargutik kentzea eskatu zuen, 1593. urtea (III. liburuxka, 259). Armak hornitzeko bolbora prest izan, 1590. urtea (III. liburuxka, 20). Berez edo jatorriz bizkaitar ez denari edo infantzoiko bizilagun ez denari ez eman botererik, 1597. urtea (IV. liburuxka, 10).
- Batzarra egiteko gehienak batuta zeuden eta hiribilduak ez ziren sartu, 1597. urtea (IV. liburuxka, 28).
- Ez egin bilkurak leku ezkutuan eta ez egin prozesioaren orduan, baizik eta meza nagusiaren eta kanpai-hotsen ondoren, 1597. urtea (IV. liburuxka, 61).
- Bilkura horietan ez onartu herriko semea ez den inor, 1597. urtea (IV. liburuxka, 62). Uko egin zioten Lekeitiori laguntza emateko banaketa bat ordaintzeari, 1597. urtea (IV. liburuxka, 64).
- Zaintzak ipini behar dira izurritea barnera ez dadin, 1597. urtea (IV. liburuxka, 71). Bilbo ingurukoak. Izurriteari aurre egiteko beharrezko neurriak har daitezela, 1598. urtea (IV. liburuxka, 95). -Askotan bizilagunak garraioari esker bizi ziren, 1598. urtea (IV. liburuxka, 116).
- Elizateko jarraitzaile askok ez zuen akordioak eta dekretuak zabaltzea eskatzen, 1598. urtea (IV. liburuxka, 129).
- Prokuradore batzuek ofizialak hautatzerakoan hurrenkera eta estilo bera jarraitzea eskatu zuten, 1599. urtea (IV. liburuxka, 149). Elizatean izen emandakoen zerrenda taxutu dadila, 1599. urtea (IV. liburuxka, 162). -Jarraitzaile eta epaile ohikoek mantentze-lanen posturak egin ditzatela, 1660. urtea (IV. liburuxka, 219).
- Hiribilduko bizilagunik ez dezatela izenda ahalordedun gisa, 1601. urtea (IV. liburuxka, 230).
- Sindikoek adierazi zuten erreklamazio-liburuari zegokion erret zedula baliogabetzeari buruzko eskaera Bilborekin izandako negoziazioaren ondorioa izan zela, 1602. urtea (IV. liburuxka, 248). -Batzar Nagusietan 72 pertsonek parte hartzen zuten, 1603. urtea (IV. liburuxka, 289).
- Guztietan forua betetzen zen lursailak itxiz, 1603. urtea (IV. liburuxka, 293).
- Sindikoak idazki bat helaraz dezala elizateetara Batzarrerako pertsona aditu bat bidaltzeko eskatuz, 1603. urtea (IV. liburuxka, 297). Sindikoak elizate batzuetan sumatzen zen eskola gabeziaz kexatu ziren, 1605. urtea (IV. liburuxka, 404). Guztiek eraman dezatela Batzarrera bolbora, soka eta berunagatik ordaindutakoaren kontua, 1605. urtea (IV. liburuxka, 411). Jarraitzaileek itxi ditzatela zulo, pasabide txar eta haitzuloak, 1605. urtea (IV. liburuxka, 427).
- Bilbotik gertu zeuden batzuetan bilkuretan hiribilduetako bizilagunak onartzen zituzten, 1606. urtea (IV. liburuxka, 459).
- Lehen batzarrera 97an bolboragatik ordaindutakoaren egiaztagiria eraman dezatela, 1607. urtea (IV. liburuxka, 465).

Erreferentzia. Sagarminaga, "El Gobierno y Régimen Foral deVizcaya".