Olerkariak

Uriarte, Jose Antonio

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Arrigorriaga, 1812-1869.

Jose Antonio Uriarte, XIX. mendean bizkaieraz idatziriko poema guztiak biltzeko asmo nagusia izan zuena, Arrigorriagan jaio zen 1812an. Hamazazpi urte zituela fraide jantzia hartu zuen Bermeoko frantziskotarren komentuan. Harez gero Teologia ikasketak egin zituen Labastidan, eta 1839an meza kantatu zuen.

1840an, Uriarte Arrasaten zela, Gobernuak komentuak ixteko agindua eman zuela eta ,Markinara joan zen bizitzera. Jazoera hura izan zen, ziur asko, arrigorriagarraren bildumako lehen testuak Juan Antonio Mogelen alegiak izatearen eragile. Hain zuzen ere, 1856an, Louis Lucien Bonaparte ezagutu zuen urtean, ekin zion bilketa-lanari, Bonapartek euskalkien ikerketaz mintzatu eta Uriarteren barnean biztu ohi zen su garratxoari jarraiki. Bilduma zehatz eta osoa izateko gogoa zuen idazleak, erromantikoen eta agian dialektologoaren urratsak jarraitzeko asmoa agerikoa da, Bizkaian eta XIX. mendean bizkaieraz idatziriko poema guztiak bildu gura izan baitzituen arrigorriagarrak.

1860an Bermeoko fraide etxera itzuli zen berriro. Bertan ezagutu zituen Eusebio M. Azkue eta haren lana, urte batzuk lehenago hasitako bildumaren bigarren atal nagusiena beteko zuena, eta gerora poetaren semea zen Resurrección M. Azkuek lehen argitalpenerako eginiko zuzenketa eta aldaketarik gabea. Mogelen eta Azkueren lanak bildumako bihotz eta muina izaki, badira T. Obieta, Agustin Iturriaga, M. Zabala eta R. Etxezarretaren alegiak ere. Horietako batzuk, Etxezarretarenak eta Mogelen alegi batzuk, esaterako, argitaratu gabe geratu ziren bere garaian, eta ez zuten argirik ikusi Uriarteren bilduma osoa 1987an kaleratu zen arte.

Corpusaren lau sail nagusiek -"Ipuiñac", "Bertsoac", "Gabon Cantac" eta "Eusebio Azcue"- begi-bistan uzten dute bildumaren antolaketaren agertzeko asmo zuzena: heziketa. Izan ere, gai asko tratatzeko moduak eta garapenenak zein testu gehienen bukaera aldean ageri den irakaspen-ahapalditxoak hori uste izatera garamatzate. Herri xeheari bizimolde zuzena irakasteko asmoak Neoklasizismoarekiko lotura ere ikustarazten digu.

Lotura hori berriz ere antzeman daiteke "Bertsoac" sailean, non bildutako 44 bertsoak gaiaren arabera antolaturik aurkituko baititugu, eta ez idazleen izenen arabera. Gaiak herriaren arduretatik hurbilekoak dira, eta egileen asmoa gertuen dituzten pasadizo, berri, albiste zein arazoei buruzkoak ematea dela dirudi, hala nola: erlijio gaiak, J.A. Mogelen "Liñuaren penac", "Aita Meagerrec ardauari aterataco versuac", "Leloren kanta", "Carlistenac", Marruekos-ko gerra dela eta Azkuek, V. Ibasetak eta Uriartek idatzitakoak, gai eta pertsonaia herrikoiak aitzakiatzat hartuz J.A. Aboitizek idatzitakoak eta aisialdirako eta jolaserako egindako "Durangoco cidarguiñen cantac".

"Ipuinac" sailean ageri diren Mogelen alegiak ez ziren idazlea bizi zela argitaratu eta ez da harrigarria, kontutan hartuz gero Mogelen lan ezagunena, Peru Abarka, ez zela autorea bizirik zegoela argitaratu, Espainiako legeak gogorregiak baitziren gazteleraz ez zeuden idazlanak argitaratzeko orduan. Kontestu negargarri horretan, baina, alegiok bestelako suertea izan zuten, apurka-apurka XIX. mendean zehar bilduma ezberdinetan argitaratu zirelarik. Uriarte izan zen Mogelen lanez arduratu eta horiek kopiatuta bildumarik osoena lortu zuen euskal idazlea. Ez zuen, baina, kopia soila utzi paperen artean. Bilketa-lanak ematen ditu datu interesgarririk Mogelen lanen eboluzioari buruz. Uriarteren bildumaren ordenari begiratuz gero, Mogelek gero eta kontu gehiago daramala ohar gaitezke. Lehendabiziko olerkietan ia itzulpen hutsak egiten ditu, ez duelarik bere kabuz idatzitako ia ezer berririk eskaintzen. Bestelakoak dira oharrak puntu horretatik aurrera: 18.etik 27.era, zentzua, argumentua edo gaia aldatzen die alegiaei, eta 27.ean alegi originala eskaini duelakoan gaude.

Eusebio Azkueren olerkiak ditugu ondoren, horiek osatzen dutelarik bildumako atalik literarioena eta luzeena zalantzarik gabe; 81 olerki dira, orotariko neurri eta gaiak aukeratuta idatziak. Idazkiok korpusik luze eta zabalena osatzen dute, eta Neoklazisimorako joeraz gain, kutsu Erromantikoa ere agerian utziko dute, maitasunaren gaia garatzerakoan ageri den lirismoa zein idazleak idaztekoaren aurrean hartzen duen jarrera literarioa nabariak direlarik.

Halatan ere, aipatu joera biak ez dira bildumako idazkiok ageri dutenaren ispilu soilik: bildumagilearen asmoa lan guztiaren atzean dago. Idazlanen gaikako antolaketa argiak, ez soilik idazlearen lanaren araberakoak, begi bistara ekartzen digu Ilustrazioaren asmo hezitzailearekin batera, ordena, simetria, oreka mantentzeko gogoa. Bilduma egiteko asmoa bera ere bada XIX. mendean zeharreko Erromantizismo garaietan barna ageri den azpi korronte neoklasikoaren berpizkundearen erakusle.

Erromantizismoarekiko lotura ez da, ordea, soilik bilduma eginiko garaiak ematen duena, XIX. mendean bizkaieraz idatziriko "guztia" biltzeko asmoa bera erromantikotzat jo daiteke, gisa berekoak direla esan genezake, bilduman emandako garaiko literatura eta hizkerari buruzko hainbat berri interesgarri.

Bilduma Bonaparte ezagututako urte berean hastea ez litzateke arinkeriaz hartu beharreko datua. Ezagun da J.A. Uriarte dialektologoaren laguntzaile izan zela hura euskalkiei buruzko lana egiten ziharduela. Erromantikoentzat, hizkuntzak eta hizkuntzaren ezagutzak, herriaren arimaren adierazle den heinean, duen garrantzia gogoan harturik, ez genuke Uriarteren hizkuntzarekiko eta euskalkiarekiko interesa kontutan hartu gabe utzi behar. Bilduma osatzeko lana, urtetako lana izan zen, bizkaiera eta euskalkien ingurukoa osatzekoa izan zen molde berean. Bonaparte ezagutu eta hemiplegia batek jota 1869an hil zen arte, hamahiru urteko bitarte horretan, egin zituen Uriartek bere ditu bere hiru lan nagusiak: Bilduma, bizkaiera euskalkiari buruzko datu eta ohar bilketa eta 1865an burututako Testamentu zaharraren euskarazko itzulpena.

  • BILLELABEITIA, Miren. "Poesía Bascongada. Dialecto Vizcaino (1987)". Euskal Literaturaren Hiztegia. Euskara Institutua-EHU, 2008. [Kontsulta data: 2012-04-27].
  • URIARTE, Jose Antonio. Poesia bascongada dialecto vizcaino. Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia, 1987.