Politikariak eta Kargu publikoak

Torre Larrinaga, Heliodoro de la

1889ko martxoaren 6an Barakaldon jaio eta 1946ko urtarrilaren 28an Baionan (Lapurdi) hildako nazionalista bizkaitarra.

Oso gazte zela afiliatu zen EAJ alderdian. Lanbidez banku-langilea izan zen. Hala, Euskal Herriko eta Ingalaterrako finantza-entitateetan lan egin zuen eta aditua izan zen euskal ekonomiaren arazoari zegozkion gaietan. 1931n Bigarren Errepublika aldarrikatu zen arte, neurri handi batean ELA-STV sindikatuan burutu zuen bere jarduna. Sindikatu horretako kide gisa, kontsumoko kooperatibak sustatu zituen. Gainera, Urtantea ezizena erabiliz mutualismoaren aldeko prentsa-kanpainak burutu zituen, hainbat kooperatiba-filial babestuz, esate baterako, Medikuen Euskal Erakundearen baitako Anbulatorio Modernoa. Deustuko kooperatiben presidente izan zen (1917).

1930ean Euskal Langileen Elkartasunaren (ELA) sorreran parte hartu zuen. 1933ko Gasteizko Kongresuan STVko Konfederazioko Kontseilu Nazionaleko presidenteorde izateko hautatu zuten. Garai horretan sindikatu barnean jarduteaz gain Deustuko zinegotzi ere bazen. Horrez gain, 1933. eta 1936. urteetako legealdietan Bizkaiko Gorteetarako Diputatu ere izendatu zuten, betiere, EAJ alderditik.

1936ko altxamendu militarra iritsi zenean Bizkaiko Defentsa Batzordean parte hartu zuen, eta Euzkadiko lehen gobernua eratu zelarik, Agirre Lehendakariak Ogasun Saileko Lehen kontseilari izendatu zuen. Urte bereko urriaren 7an izan zen hori. Horrela, gerra giroan Euskal Herrian Ogasun saila instituzionalizatzeko lan nekezari ekin zion. Bera arduratu zen, besteak beste, lan-antolakuntzaz, moneta-kontrolaz, moneta modura baliatu ziren txekeen sorreraz (orokorki "eliodoro" izenez ezagutzen zirenak). Halaber, artean Errepublikaren mende zeuden zonaldetan kokatutako ekoizpen-zentroekin harremanak finkatzeaz arduratu zen eta, horrekin batera, gerra-materiala lortzeko jardunetan ibili zen. 1937ko ekainean Alfredo Espinosa fusilatu egin zuten eta, ondorioz, Torre Larrinagak hartu zuen Osasun Saileko ardura. Bizkaia erori ostean, Euskal Herriko Ogasuna Santander, Katalunia, Valentzia, Frantzia eta Venezuelan mantentzen zen. Koldo San Sebastianek dioenez, Agirrek erbestean batasuna eta autonomia politikoa mantentzea lortu zuen, Eliodoro de la Torrek garatutako finantza-politikari esker.

Bestalde, berak zuzenduriko sailek laguntza-lan ikaragarria burutu zuten erbestetik. Modu horretan, ospitale, ikastetxe, harrera-etxe eta errekuperazio-etxeen sare oso bat antolatu zuten. Horrela sortu ziren Bartzelonako Gernika, Otxandiano eta Euzkadi ospitaleak, Kanboko tuberkulosiaren aurkako bi ospitaleak eta Bidarteko La Roseraie ospitalea. Gerraosteko lehen urteetan bera izan zen finantza arloan Eusko Jaurlaritzaren eskukotasunari eutsi ziona, Amerikako euskaldunen ekarpenak lagun. Holanda eta Bretainia Handian hainbat enpresen sorrera sustatu zuen. Frantzia nazien eskuetan zegoen garaian bera izan zen, Leizaolarekin batera, Europan geratu zen kontseilari bakarra. 1941. urtera arte, Marseillan zegoela, hainbat pertsonei laguntza eman zien Amerikara joateko. Vichyren erregimeneko polizia haren bila zebilela, Frantziako erresistentziarekin kolaboratu zuen. 1944an Euskal Brigadaren bultzatzaile izan zen.