Filologoak

Webster, Wentworth

Elizgizon eta euskalari ingelesa 1828ko ekainaren 16an Uxbridgen jaioa.

Brightoneko eskola partikular batean ikasia eta 1849tik Oxford-eko Unibertsitateko Lincoln College-an. Osasun arazoak zirela eta, apaiz ordenatze berantiarra izan zuen baina ez zion Europa eta Afrikatik (Egipto, Hegoafrika, etabar) barna bidaiatzea eragotzi. Frantzian Bagnères de Bigorren bizi izan zen eta hemen ezagutuko zuen bere emaztea izango zen Tekla Laura Knipping.

Euskal Herriarekin lehen kontaktua Lapurdin bizitzan jarri zenean izan zuen (1869), euskal kostalde ezagunean bizi ziren anglikanoen kapilau bezala, batez ere Donibane Lohitzune eta Biarritzen. Bere ulertze eta prestakuntza zientifikoari esker, bertan kultura esanguratsu bat zegoela ohartu zen eta bere bizitza guztian zehar metodo kritiko baten bidez honen ikerketara zuzendu zen, herrikideen artean oso ohikoa ez zena. Euskara ikasi zuen, metodo fonetikoak jarraituz jasotzen hasi zen, eta frantses eta ingelesera itzuli zuen. 51 urte zeuzkan Basque legends, collected chiefly in the Labourd (1879) lana argitaratu zuenean, zortzi taldetan sistematizatutako kondairak bilduz: Tartalo, Herensuge, animaliak, Basa-jaun, Basa-andre eta lamiak, sorginkeria, maitagarri zeltak, maitagarri frantsesak, kristau kontaketak. Ondoren Spain (1882) argitaratu zuen kapitulu bat Euskal Herriari eskeiniz, aldizkari ingelesetan argitaratutako gai erlijiosoak ahaztu gabe.

Urte batzuk geroago Sarara joan zen bizitzera, eta hemen betiko ezarri zuen bere bizilekua (1882), lehenik "Bechi-enea" baserrian, gero "Crespotegia"n (Mendi-Bichta), osasun arazoak eta jendearen sinpatia eta inguruko kulturarengatik. Hemendik askotan bisitatzen zuen Hendaian bizi zen Antoine d'Abbadie laguna. Euskal kostaldera joaten zen bisitarietako batek, Gladstonek, teologiari buruz eztabaidatzen zuten biek, diru laguntza bat lortu zion hortik bizi ahal izateko. Hala ere, herri honi zion maitasuna ez zen eragozpena izan 1883an Garay de Monglave eta Louis Duhalde autoreen Altabizkar (1883) kantua apokrifoa agerian uzteko: aurkikuntza hau Historiako Errege Akademiaren Buletinean argitaratu zuen (III. Libk., VI. Koad.). Honi, "La Tradition du Pays Basque" -en argitaratutako (1879) Les pastorales basques argitalpenak jarraitu zion, 1900. urtean 1712ko Pierre d'Urteren Grammaire Cantabrique-Basque, ordurarte argitaratugabe egon zena eta 1901ean Les loisirs d'un étranger au Pays Basque. "The Academy", "Notes and Queeries", "The Spectator", "Boletín de la Institución Libre de Enseñanza", "The Fortnighly Review", "The Atheneum" bezalako aldizkari espezializatuetan hainbat artikulu idatzi zituen Foru (ikuspegi liberal batetik idatzia), partzuergo, agote, lotura egokien akordioak, kofradia, kobada, toponimia, eta abar-i buruzko gaietaz. 73 urte zituela hil zen 1907ko apirilaren 2an adopzioan hartu zio herrian. Donibanen lurperatua izan zen.

Donibanen jaiotako bere lau seme eta alaba euskaldunak. Lagunak eta berriemaileak Antoine d'Abbadie ez ezik, Charles anaia eta honen emaztea zen Sophie Caroline Lisette idazlea, Bonaparte printzea, Duvoisin, Lacombe, Leon, Vinson, Diturbide, Herèlle, Elissamburu kapitaina, Schuchardt, Diharasarri, eta abar, eta noski Julio de Urquijo gaztea izan ziren. Azken honek mugaz bestaldeko euskal intelektualekin kontaktuan jarri zion: C. Echegaray, Manterola, P. Fita, eta abar. Websterren dokumentazio funtsa garrantzitsua Baionako Udal Liburutegian dago gordeta. Gutunak Koldo Mitxelena Kulturuneak gordetzen duen Urquijo Funtsan daude.

  • Agudo Huici, Rosa Maria: Wentworth Webster: vascófilo, fuerista y etnólogo. RSVAP 1984.
  • Garriga, G.: Inv. bibliográfico vasco, BIAEV, 1953.
  • Irigaray, A.: Noticias bio-bibliográficas del vascólogo y etnólogo..., FLVSD, 18, 1974.
  • Irigaray & Videgain: Más del manuscrito de W. Webster, ibidem, 19, 1975.
  • Irigaray & Videgain: Leyendas vascas de W. Webster, ibidem, 20, 1975.
  • Veyrin (Ph.): Wentworth Webster. Baiona, "Musée Basque", 1930. Rev. "Musée Basque", 1929, VI, 1-29 orr. Veyrin (Ph.): Une lettre de Carmelo de Echegaray à Wentworth Webster, "RIEV." 1935, 316-339-344 or.
  • Veyrin (Ph.): Lettres du Prince Louis-Lucien Bonaparte à Wentworth Webster. "RIEV.", 1934, 316-333 orr.
  • Veyrin (Ph.): L'inscription de Sare relative à Wentworth Webster à travers la correspondance de Philippe Veyrin, "G. H.", 1962, 219-224 orr.
  • Villasante (L.): Wentworth Webster, "Historia de la Literatura Vasca", 400 or.

Eusko Jaurlaritzak argitaratutako Bidegileak bilduman informazio gehiago eskura dezakezu Wentworth Websterri buruz.