Konposatzaileak

Pérez Gómez, Juan Carlos

1958ko maiatzak 28an Mutrikun jaiotako konpositore gipuzkoarra.

Solfeo, gitarra eta klarinete ikasketak Mutrikuko Musika Udal-Eskolan hasi zituen. Ondoren Bilbora joan zen bere musika ikasketekin jarraitu eta Deustoko Unibertsitatean Zuzenbidea ikasteko. Cuencako Kontserbatorian Musika Elektroakustikoko Konposizio ikasketak egin zituen Gabriel Brncic irakaslearekin.

Bere Hau Berua diska "urteko diska onena" gisa izendatu zuten Egunkariako irakurleak 1996. urtean.

1978. urte eta 1988. urteen bitartean Itoiz taldeko partaide izan zen eta hainbat bira artistiko egiteaz gain zazpi diska grabatu zituen. Era berean, ekoizpen artistiko lanak burutu zituen grabaketa-estudio ezberdinetan.

Bere konposizio-katalogoan aipatzekoak dira harizko laukotetarako eginiko konposizioak; 1º Harizko laukotea Waltz, Blues for string quartet eta Sueño de Li Po; flauta eta pianorako Sonata Gintonic 8-4, saxofoi eta perkusiorako Foxtrot, haizezko boskoterako Zazpi dantza, klarineterako Banako, eta korurako Zai.

XXI. mende hasieran opera bat konposatzeko lanetan ari zen Bernardo Atxaga idazlearekin batera.

Aldi berean, Juan Carlos Perez telebistako serie dokumental ezberdinetako soinu-banden egilea da, hala nola, La aventura humana, Espainiako Telebistako Los tres anillos, Euskal Telebistako Dr.Livingstone supongo, eta hainbat haurrentzako telesailenak ere: Flannery eta bere Astakiloak (Bernardo Atxagerekin batera), Poli, Marrazkil Boss eta Pantxineta, Super Bat, hauek denak Euskal Telebistakoak. Zinema, dantza eta antzezlan ezberdinetarako ere musika konposatu du.

Bere konposizioetako batzuk Madril, Bartzelona eta Oportoko Musika Garaikideko zikloetan antzeztu dira eta baita ere, Zumaiako Hamabostaldian, Leioako Musika Garaikideko Astean, Bilboko Orkestra Sinfonikoko Kamara-Musikako Zikloan eta beste hainbat lekutan.

Noizbehinka, Moldaketa eta Konposizio ikasketak emateko gonbidapenak jaso ditu: Jazzle, Zarauzko XIII. Akordeoi Astea, Egile Fundazioa, eta abar.

Bere grabaketen artean ondorengo hauek azpimarratu behar dira: Bitacora cahiera -antzerki, dantza eta zinema lan ezberdinetarako konposaturiko musikarekin-, Atlantic River (1994) -berezko abestiekin, berak abestuak, pop-jazz hizkuntza berrezkuratuz-, Hau Berua (1996), Quatuor (1997), Donostiako Musika Berrien VIII. Nazioarteko Jaialdian Arkadius Laukoteak lehen aldiz aurkeztua eta Ikaro (2000) - Maskarada antzerki taldearen Ikaro antzezlanerako bereziki eginikoa-.