Monarkia eta noblezia

Antso Gartzes II.a Abarka

Iruñeako erregea (970-994), "Abarka" ezizenez ezaguna. Gartzia I.a Santxez Iruñeako erregearen eta Andregoto Galindez, andrearen semea zen. Andregoto andrea erregearen lehengusina propioa zen, eta Galindo Aznarez II.a Aragoiko kondearen alaba. Antso Abarka Gaztelako Fernan Gonzalez kondearen alabarekin ezkondu zen, Urraka Fernandezekin, alegia.

Aita hil zitzaionean, Antso Abarka aiton-amonekin, Urraka emaztearekin eta Gartzia, Ramiro eta Gonzalo semeekin bizi zen Aragoiko Konderrian, Jakako lurretan. Andregoto Galindez erregina Irunberriko egoitzan bizi zen mende erdiaz geroztik, Gartzia I.a Santxez erregearengandik banatu zenetik, hain zuzen ere, eta erresumako ekitaldi politikoetara bertaratzen hasi zen berriro.

Antso Gartzes erregeak Iruñeako erresumaren hiru eskualde garrantzitsuenetan gobernatu zuen: Naiara (Errioxa), Nafarroa eta Aragoi. Erregealdian zehar, lurraldeko mugak eta indar militarrak bere horretan mantentzea lortu zuen.

994an hil zen, eta Naiarako Andre Maria Erreginaren monasterioan lurperatu zuten. "Dardaratia" ezinenez ezaguna zen Gartzia Santxez II.a semeak hartu zion oinordekotza.

970an tronua eskuratu ondoren, Antso Gartzes II.a erresumako eskualde eta toki garrantzitsuenetan barrena ibili zen. Erregearen segizioa 971an iritsi zen Echoko ibarrera, San Pedro egunean, tokiko monasterioaren zaindariaren jaiegunean, alegia. San Pedro de Siresako monasterioan, erregeak Jabierregay herriko monasterioari aspaldi egindako dohaintza berretsi zuen: etxeak, mendiak eta mahastiak, lurrak eta baita Aragoi ibaia ere. Gainera, erregeak Jabierre de Martes herria eman zion dohaintzan, bertako barruti guztiekin. Gero, bere segizioa Errioxara eraman zuen. Abenduaren 10ean, Santa Eulalia de Arrezo edo Areso herrian zegoela, San Millaneko monasterioari Villagonzaloko herriak eman zizkion (Badaran), Naiara eta Cordobin herrietatik gertu. Urtebete beranduago, uztailaren 14an, Huercanos herria eman zion monasterio horri.

972. urteko udan, erregeak eta haren segizioak Errioxako eskualdeak bisitatu zituzten, musulmanen aurkako aurreko gerretan suntsituta geratu zirenak.

Nahiz eta eskualde horiek urteak zeramatzaten gatazkarik gabe, oraindik ez ziren suspertu, ez demografikoki ezta ekonomikoki ere. Zirueñan geldialdia egin zuten, eta, bertan, jenderik gabeko eremu batean, monje batzuk Antso beren abadearekin San Andresen omenezko monasterio bat eraiki berri zutela ikusi zuten.Antxo Abarka erregeak monasterioari inguruko eremu hutsak dohaintzan ematea erabaki zuen, eta, horrez gain, eskualdea aberasteko helburuz, biztanle-forua eman zien paraje horietan bizitzera joaten zirenei.

Borrell, Bartzelonako kondea, lehenengo kristau subiranoa izan zen Al-Hahkamekin (961-976) bake hitzarmena negoziatzera Kordobara joan zena. Bartzelonako kondea 971ko ekainean eta abuztuaren 12an joan zen, eta urte berean iritsi ziren Baskoniako lehenengo enbaxadoreak, Antso Abarka erregearen izenean. Kalifak Iruñeako erresumaren enbaxadoreak hartu zituen, eta Basal abadeari eta Naiarako epaile zen Belasco buruzagiari egin zien harrera lehenik. Irailaren 30ean, hainbat enbaxadore berri joan ziren Iruñeatik, Antso Abarka erregearen anaia zen Jimeno kondea, besteak beste. 973ko irailaren 23an, Antso Abarkaren eta beste kristau konde batzuen enbaxadoreak hartu zituzten Kordoban, eta bertan egindako negoziazioekin, su-etena bermatuta geratu zen.

Une horietan, Gaztelako Garci-Fernandez enbaxadorea zegoen Kordoban, Fernan Gonzalez kondearen oinordekoa eta Iruñeako erregearen koinatua zena. Galib jeneral musulmana, mugako buru militarra, Marokon operazio militarrak zuzentzen zebilen, Hasan ibn Guennun al-Hasani buruaren matxinada lasaitzeko. Abagunea aprobetxatuz, Gaztelako kondeak ustekabean erasoa egin zion Soriatik gertu zegoen Deza gotorleku musulmanari, zendu berri zen Amril ben Timlat berberearen feudoa zena (974ko irailaren 2an). Kalifak, berehalakoan erantzun egin zien: gaztelau enbaxada atxilotu zuen Gaztelara bueltan zegoela, eta Kordobara preso eraman zituen. Galib buru militarra berehala itzuli zen Kordobara, eta armada batu zuen, Gaztelako kondeari eraso egiteko. Gaztelako konderriak laguntza eskatu zien kristau erresumei eta Iruñeako erregeari. Horrela, Iruñeako erregeak Kalifarekin hitzartutako bakea hautsi behar izan zuen, senideak babeste aldera. Azkenean, galiziarrak eta baskoiak ere gatazkan sartu ziren. Aliatuek Gormaz gotorleku musulmanari eraso egin zioten 975eko apirilaren, eta ekainaren 28an, kristau armada garaitua izan zen bere gotorlekuaren beraren hormetan. Galib jenerala, Gaztelako lurretan sartu, eta Estercuel herrira iritsi zen, Tuteratik gertu. Bertan, Viguerako errege eta Antso erregearen anaia zen Ramiro Gartzesek Sos gaztelutik bidalitako nafar zalditeriaren aurrelari-taldea ustekabean harrapatu zuen, eta garaitu egin zituen.

Bela Ximenez familia iraindua sentitzen zen Larako Fernan Gonzalez zenarengatik. Izan ere, 932. urtean, kondea Arabako lurraldean sartu zen, bere autoritatea ezarriz. Fernan Gonzalezen irain haren ondorioz, Gartzia Fernandez haren oinordekoa eta beraren seme-alabak eta Bela Ximenez familia arerio bihurtu ziren. Bela familiak Almantzor militarrari laguntza eskatu zion, mendeku hartzeko, eta hark berehala eskura jarri zizkien gizonak, jeneralak eta dirua. Orduan buruzagia esperientzia handiko jenerala zenez, Gaztelatik egin beharreko erasoa hartu zuen bere gain. Gaztela eta Leon bereizita zeuden garai hartan, eta bi erresumek elkarren arteko gatazkak zituzten. Aitzitik, Gaztelak Iruñeako erregearen babesa zuen, eta Antso erregeari laguntza eskatu zioten berriro ere. Horrela, erregeak Gartzia Fernandez babestea eta Gaztelako lurretara armada eramatea erabaki zuen. Izan ere, Gaztelako konderria ahaide eta lagun izateaz gain, haiei laguntza ematea politikoki komenigarri zitzaion. Erabaki horren ondorioz, bi erresumak zeuden musulmanen erasoa jasateko arriskuaren pean. Orduanek eta Belak, soldaduenganako konfiantza osoarekin, Gaztelako eta Iruñeako armadei aurre egin zieten 977an. Nahiz eta urte luzez gudatik aldenduta bizi, Antsoren armada azkar eta bizi aritu zen, eta musulmanak garaitu zituen.

981. urterako, Almantzor buruzagiaren mende zegoen kaliferria. Al-Hakam 976. urtean hil zen, Hisam II.a haren oinordekoak 11 urte zituela. Kalifaren gertuko inguruan, oinordekotzaren gaineko arazoak hasi ziren berehala, eta, azkenean, Hisam izendatu zuten. Almantzor buruzagiak atzean utzi zituen boterea lortu nahi zuten beste etsaiak. Subh sultanaren emaztearen konfiantza lortu zuen, eta 978an, hayib bihurtu zen. Hisam konplot batean erortzetik libratu zuen 979an, eta haren babesle eta dinastiaren salbatzaile bihurtu zen. Artean, Hisamek Kordobako jauregian igaro zuen haurtzaroa, isolatuta eta zaintzapean.

Giltzapetze horren aurka zegoen Galib jeneral zaharra, Almantzor buruzagiaren aitaginarreba zena, eta iraganeko bataila militarretan haren kide ere izandakoa. Bien arteko adiskidetasuna 980an eten zen. Gabil matxinatu egin zen, eta kristau erregeen armadekin aliatu. 981eko uztailaren 8an, kristau armadak Galiben laguntzarekin Almantzor buruzagiaren armadari aurka egin zion, Atienzan, San Vicente gaztelutik hurbil. Kristau armada osatzen zuten: batetik, gaztelau tropek, Gartzia Fernandez kondearen aginduetara, eta, bestetik, soldadu iruindarrek, Antso Abarkaren Ramiro anaia buru zutela. Erasoaldi horretan, Almantzor buruzagiaren gizonek irabazi zuten. Galib istripu batean hil zen, eta, ondorioz, borroka noraezean geratu zen. Ramiro ere hil zen, eta Gartzia Fernandez kondeak bizirik alde egitea lortu zuen, konderriaren barrenera ihes eginez.

982an, "Hiru nazioen kanpaina" izeneko espedizioa egin zuten, eta bertan zeuden Leon, Gaztela eta Iruñea. Hiru kristau subiranoek, hau da, Leongo Ramiro III.ak, Gaztelako Gartzia Fernandezek eta Iruñeako Antso Gartzes II.ak musulmanei eraso egiteko itun militarra hitzartu zuten. Almantzor buruzagiak eraso horren berri izan zuen, eta bi egunetara erantzun zuen. Ekainaren 1ean hasi zuen kanpaina, eta Leon, Gaztela eta Naiara suntsitu zituen. Abuztuan, aliatuak garaitu zituen Ruenda eta Simancas herrietan, eta Leongo hormetara iritsi zen, baina ezin izan zuen hiria hartu, eguraldi txarra zela eta.

985ean, Antso erregearen indarrek Pirinioak zeharkatu zituzten Gaskoiniako Guillermo Sanchez dukeari laguntzeko, normandiarrek kostaldea hartuta baitzuten. Bordeleko gotorlekua eta Baionako hiria ziren mehatxatuenak. Laguntzera joan aurretik, Iruñeako mugetan neurriak hartuak zituen jada. Erregeak gaztelauek eta katalanek gerraren pisu osoa hartuko zutela espero zuen, eta, gainera, printzesa baskoi baten eta Almantzor buruzagiaren arteko ezkontza ospatu berria zen. Guillermo Sanchez Antsoren koinatua zen, Urraka (Antsoren arreba) harekin ezkondu baitzen, Fernan Gonzalez Gaztelako kondearen alargun geratu eta gero. Antso erregeak piratei aurre egin zien Tallerren, Catetsetik gertu, eta normandiarrak garaitu zituen. Garaipenaren oroimenez, Guillermok San Severo (Saint-Sever) monasterioa eraiki zuen, batailaren aurretik laguntza eske hel egin baitzioten santu horri.

Iruñeako erregeak itzulerako bideari ekin zion, eta Pirinioetako pasabidea itxita topatu zuen, elurte handi baten ondorioz. Erresumako lurraldeek ez zuten inolako babesik hegoaldeko musulmanen erasoen aurrean, eta arerioa egoera horretaz baliatuz, Iruñeara iritsi zen. Gertaeraren berri izan bezain laster, Antsok berehala erantzun zuen: abarkak janzteko agindu zien soldatu guztiei, eta aurrera egin zuen, Orreaga zeharkatuz, ziur aski. Iruinsemeek aurrera egin zuten, izugarrizko hotza pairatuz. Arin batean jaitsi ziren. Egun gutxitan, Iruñeako hormetara iritsi ziren, eta hiria inguratuta zuen etsaia ustekabean harrapatu zuten. Armada musulmanak atzera egin behar izan zuen, mugaraino.

Baskoniako buruzagiak Santa Eulalia de Areson bildu ziren (Ebrotik gertu), erresumako norabide politiko-militarra erabakitzeko. Kristau-erresumen egoera ez zen oso ona. Iruñeako monarkiak Leongo Bermudo II.a erregearekin itunak sinatu behar zituen; baina azken horrek, Kordobarekin adiskidetzen saiatu ostean, hiriburuaren suntsimenduari aurre egin behar izan zion. Gaztela ez zegoen bere onenean, eta Almantzor buruzagiaren erasoaldiek kalte handiak eragin zizkioten. Azkenik, Katalunia suntsituta zegoen, eta ez zuen dirurik. Erresumak egoerari aurre egiteko zituen irtenbideak ikusita, Goi Baskoniari eta bertako Guillermo Sanchez dukeari laguntza eskatzeko aukera ere kontuan izan zuten.

Antso erregeak Leonekin ahaidetasun loturak ezarri zituen, haren biloba zen Geloira (Elvira) Bermudo II.arekin ezkonduz, eta itun horri esker, adiskidetasun sendoa bermatu zuten. Bestetik, 992an, Antsok Kordobara bidaia egingo zuela jakinarazi zuten. Haren bisita lagunkoia zen, eta helburu diplomatikoak zituen. Kaliferriak luxuzko harrera prestatu zion. Arabiako kronikek diote Antso erregea belauniko jarri zela, eta hainbat aldiz Almantzorren oinei eta eskuari musu eman ziela, erresumako bakea bermatzeko.

Almantzor eta Iruñeako erregea gurasoen aldetik ahaide ziren, buruzagiak bahitutako Hisham kalifaren antzera. Almatzorrek seme bat izan zuen, Abd Allah, eta hari lepoa mozteko agindu zuen. Ondoren, beste seme bat eduki zuen, Abd al-Rahman, Iruñeako printzesa batekin. Printzesa hori, "Baskoia" ezizenez ezaguna, Antsoren alaba zen, eta Kordobako gortera iristean, Abda izena eman zioten. Bigarren seme horri "Antso txikia" ezizenez deitzen zioten, aitonaren omenez.

994an, Kordobara bisita egin eta bi urtera, panorama politikoa berriro korapilatu zen Gaztelan. Almantzor buruzagiaren armadak berriz ere mehatxatu zuen Iruñeako erresuma. Urte horretan bertan erregea hil zen, 60 urte zituela, gobernuan 24 urte eman eta gero.

  • CAÑADA JUSTE, Alberto. "Las relaciones entre Córdoba y Pamplona en la época de Almanzor (977-1002)". Príncipe de Viana, 53 urtea, 196 zbk. (1992), 371-390 orr. [Kontsulta data: 2011ko maiatzak 18].
  • CAÑADA JUSTE, Alberto. "Un milenario navarro: Ramiro Garcés, rey de Viguera ". Príncipe de Viana, 42 urtea, 162 zbk. (1981), 21-37 orr. [Kontsulta daga: 2011ko maiatzak 18].
  • LACARRA DE MIGUEL, José María. Historia política del reino de Navarra: desde sus orígenes hasta su incorporación a Castilla. Iruña, 1972.
  • MARTÍNEZ DÍEZ, Gonzalo. El Condado de Castilla (711-1038): La Historia frente a la leyenda. Madril: Marcial Pons, 2005.