Kontzeptua

Euskal Oinordetza Zuzenbidea

Heriotza orduan pertsonek dituzten harreman juridikoen norabidea eta gertaera horren ondorioz sorrarazitakoena ere arautzen duten araubide-sortaz osatutako Zuzenbide pribatuaren atal bezala Oinordetza Zuzenbidea definitzen baldin badugu, oinordetza Zuzenbidearen euskal bezalako adjetibazioak terminoaren kontzeptu-esentziari bereizgarritasun bi ematen dizkio. Alde batetik, Euskal Herria hiru esparru juridiko-politiko desberdinetan zatikatua egoteak -Euskal Herriko Autonomia Erkidegoa, Nafarroako Foru Erkidegoa eta Iparralde- lurralde guztirako euskal oinordetza zuzenbide sistema bakarra izatea eragotzi egiten du, aipatutako lurraldeetariko bakoitzak besteengandik, mortis causa oinordetzari dagokionean ere, urrundu egiten diren ordenamendu juridikoak dituztelako. Bestetik, hala ere, euskal oinordetza "azpisistemak" historikoki Zuzenbide pirenaikoa izenekoaren baitan kokatu direla azpimarratu beharra dago; latindar ereduetatik urrunduz, arbasoen ondarearen belaunaldiz belaunaldiko eta zatitu gabeko eskualdatzea eta norbanakoazgaindiko interesen babesa ardatz nagusitzat hartzen dituena.

Erdi arotik, euskal esparruko lege testuak, gizaldietan zehar, euskal gizartearen eskabide garrantzitsuari irtenbide kohesionatu eta osokoa eman diote: sendiko ondarearen zatiezintasuna, eta horren menpe izan da, jakina, ondare horren gainean ezarritako etxaldearen iraunarazpena. Sendi-gunea, XX. mendea ondo igaro arte, ekoizpen eta kontsumorako unitate bezala azaltzen zaigu: lurra eta beroni atxikitako elementuak dira bertan bizi den sendiaren ekonomia oinarria. Sendi-baserria bere inguruan bizi den gizarte bereziaren eragiketa-gune bezala eratzen da, eragiketa-gune dela aipatzerakoan sendia osatzen duten guztien mantenua lortzera bideratutako nekazal-, abeltzain- edo eskulangintza-ustiaketaren esparrutzat aintzat hartuz. Sendi-ustiaketaren zatiezintasuna eta osotasuna, horretara, etxeko-taldearen iraupenerako ezinbesteko berme bihurtzen da, oinorde bakarreko sistemaren argitan jabea den pertsonarengan sortzen den mailaz mailako subrogazioaren ondorioz etxea eta ustiaketa osorik mantentzea lortuz. Hainbat gizalditan zehar euskaldunen gizarte eta banakako harremanetan kristau-moralaren geroago eta gehiagoko ezarpen nabarmenak, gainera, familia eredu bikain bezala gizonaren eta emakumearen arteko ezkontza sustatzea dakar: etxe bi euren kideetako biren ezkontza bitartez bateratzearekiko helburua duten sendi-arteko hitzarmenak eta itunak ugaritu besterik ez dira egiten, jabegoaren, sendiaren eta oinordetzaren arteko barne-zerikusi nabarmena agertuz.

Zerbait eguneratuagoak ditugun parametroetan baina erdi aroko araudi haiek izan zuten esentziari eutsiz [Bizkaiko Foru Zaharra eta Foru Berria, 1452 eta 1526koak hurrenez-hurren; Durangoko Merindadeko Antzinako Forua; 1505eko Enkarterriko Forua; 1373ko Aiarako Forua eta Nafarroako Foru Nagusia, aipagarrienak gisa] Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko (Euskal Herriko Foru Zuzenbide ZIbilari buruzko uztailaren 1eko 3/1992 Legea, aurrerantzean FZZL) eta Nafarroako Foru Erkidegoko (Nafarroako 1973ko Foru Berria, aurrerantzean NFB), egungo ordenamendu juridikoan mantendu egiten dira, Iparraldeko euskal lurraldeetan 1789ko iraultzak frantziar Estatua osatzen duten lurraldeetan zegoen narotasun juridiko guztia deuseztatu eta zentralitatea ezarri zuenetik zuzenbide pribatuaren eremuan ez baitu sistema juridiko propiorik. Espainiar estatuari politikoki "atxikitako" bi autonomía erkidegoek, hala ere, 1978ko Konstituzioaren 148.1.8. artikulutik jasotzen dute, bakoitzari dagokion Legebiltzarren bitartez erkidegoei dagozkien oinordetza sistemek dituzten lege testuak onartzeko beharrezko eskumena, zuzenbide zibila gorde, aldatu edo aintzinatzeko zeregina bereganatzerakoan, beti ere Estatuaren bakarrekoak diren "esparru" jakin batzuk errespetatuz.

Euskal lurraldean indarrean dauden oinordetza ordenamenduetara etorriz, EHAEkoa eta nafarra, euren pertsona-ezarpenerako erabilitako lokarri-gunea herritasun zibila besterik ez dela adierazi beharra dago. Jakina, NFB ez bezala, nafar herritasun zibila duen edozeini aplikagarri dakiolako, euskal autonomiako ordenamendua, FZZLaren arabera, bizkaitar, arabar eta gipuzkoar guztiei aplikagarri izatetik urruti dago. Gipuzkoar biztanleei, azaroaren 16ko 3/1999 Legea argitaratu zenetik arau horretan bertan bildutako baserriaren oinordetza eskualdatzeari dagozkion xedapenak bakarrik ezarri ahal izango zaizkie; bizkaitarrek, aldi berean, "forudunak" izan beharra dute, hau da, bizkaitar Lur Lauari "herritasunez" atxikitakoak

"...todo el Territorio Histórico de Bizkaia, con excepción de la parte no aforada de las Villas de Balmaceda, Bermeo, Durango, Ermua, Gernika-Lumo, Lanestosa, Lekeitio, Markina-Xemein, Ondarroa, Otxandio, Portugalete y Plentzia, de la ciudad de Orduña y el actual término municipal de Bilbao",

1992ko testuan araututako oinordetza sistema bere osotasunean erabiltzerik nahiko balute (bizkaitar guztiei, forudun zein forugabe izan, aitortutako eskuorde-bidezko testamentua eta elkarrenganako testamentua ematearen aukeratik eta tronkaltasun printzipiotik eratorritako lege ondorioak izan ezik); eta, arabar lurraldeari dagokionez, aiaratarrek besterik ez dituzte Oinordetza Zuzenbideari dagozkien xedapen propioak, ondorio horietarako Laudio eta Aramaioko herritarrek bizkaitar Foruari atxikitzen zaizkielako. Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko herritartasun zibil bakar bat ez izateak, beraz, 1992ko testuan araututako "Foruetariko" bakoitzari atxikitzeko beharrezkoa den oinordetzailearen pertsona-lege gisa herritartasun zibilik izan ez dezaten guztientzako 1889ko espainiar Kode Zibila izango da lehenetsi eta zuzenean aplikatuko zaiena, eta NFBak eta FZZLak berak ere ezer ezarri ez dezan guztietarako hemeretzigarren mendeko testua izango da ordezko testu erabilgarria. Euskal oinordetza-erakundeen benetako izaera bilatzerako orduan aipatutako lege testu bi horietan adierazitako iturburu-sistemaren interpretazio eta integraziorako garrantziaren eta hala balegokio, bere garapenik bikainenerako ohikotasunez ezartzen diren klausulak kentzearen kaltetan barik.

Autonomia-ordenamendu biak euren zuzenbide zibil propioaren garapenean aurrera urratsik egin dute oinordetza mailan ere ezkontza-batasuna bikote egonkorren edo izatezkoen maila berean jartzen ahalegintzen diren lege testu bi argitaratuz: Nafarroan adibidez, ezkontide egonkorren berdintasun juridikorako uztailaren 3ko 6/2000 Foru Legea, eta Euskal Herriko Autonomia Erkidegorako izatezko bikoteak arautzen dituzten maiatzaren 7ko 2/2003 Legea dugu. Aipatutako bi testu horiek bikote egonkorren egoera FZZLk eta NFBk ezkontide alargunarekiko aurreikusitakoarekin berdintzen dute, eta esandako horrezaz gainera, 1992ko testuak, zerrendatze zorrotza izate asmorik ez duela, bikotekide direnek elkarrekiko testamentua bateratsu eman ahal izatearekiko aukera biltzen du, edo, hala balegokio, eskuorde-bidezko batak bestearekiko testamentua egin ahal izatearen aukera ematen du. Testu bi horien arteko berdinketa horri aurre egitean dagoen desberdintasuna, funtsean, araudi nafarrak bikoteko kideek, edo bietako batek, arauan aitortutako eskubideak gauzatzerakoan, bateratzea dagoenarekiko egiaztagiria eskatzean datza, euskal autonomiako Legeak izatezko bikoteen bereziki horretarako sortutako administrazio-erroldan bikotea aldez aurretik erroldatu izanaren baldintza eskatzen duen bitartean. Azken eratze-baldintza horrek, bateratzearen aldez aurretiko erroldatzeak, tamalez, proposatutako berdinketatik izatezko bikote asko, Erroldaren arduradunaren aurrean euren bateratzea ez "formalizatzearren", alboratu egiten ditu zeren ez dute erroldatutakoek bezalako izaera berdina, ezta oinordetza mailan ere; horretara, egitez, hirugarren "alegal" maila sortzen da, 2003ko euskal Legearen 1 artikuluan aldarrikatutako bazterkeriarik ezaren printzipiotik nabarmen urrunduz.

Oinordetza-sistema bion, nafarra eta EHAEkoa, edukia, orotara aztertzekotan, ondoren, mortis causa erregimena osatzen duten atal oinarrizko eta desberdinenei erreparatuz indarrean dauden lege testuen proposamena garauntzeari ekingo diogu: oinordetzailearen oinordetza antolatzeko erak eta derrigorrezko oinordetza, parametro bakoitzontzako, nafarrei, gipuzkoarrei, aiaratarrei eta bizkaitarrei aplikagarri dakizkien xedapenen arteko aldeak agertuz; azkenari dagokion kasuan, berezitasunez, forudunei dagokiena azalduko da.

Ondoren garatuko dugun atalak abiapuntu garrantzitsu bezala, oinordetzarekiko gaietan euskal araubide adierazgarri bakarren edukiak izan ditu: 1973ko Nafarroako Foru Berria (NFB) eta 1992ko Euskal Herriko Foru Zuzenbide Zibila (EHFZZL). Dohaintzak eta. oinordetzak arautzeko, legegile nafarrak NFBko bigarren Liburua darabil, 148tik 345era bitarteko legez osatua alegia; nahiz eta pertsonak eta sendia arautzera zuzendutako Lehendabiziko Liburuko xedapenetariko batzuk, oinordetzaren esparruan zuzeneko sarraldia egiten duten. FZZL, bestalde, hiru Liburutan zatitua gelditzen da: Bizkaiko Foru Zibila (5etik 130era bitarteko artikuluak), Arabako Foru Zibila (131tik 146ra arteko artikuluak), eta Gipuzkoako Foru Zibila (147tik 188ra bitarteko artikuluak), horiek guztiak atariko idazpurua (1etik 4ra arteko artikuluak) aurretikoa dutela. Aipatu hiru liburuok osatzen dituzten ia xedapen guztiak, oinordetza Zuzenbidearen araudira, zuzenean edo zeharretara, lotzen dira. Ikus ditzagun bata eta bestea.

Oinordetzailearen oinordetza antolatzeko era gisa, batez ere jabearen bizitzan bere ondarearen post mortem eszenatokiaren nondik norakoak diseinatzera zuzendutako ekintza eta negozio juridikoak, hau da, jabearen ondasunen eta heriotzaz geroztiko harreman juridikoen patua, ulertu behar ditugu. Oinordetzailearen oinordetza, a priori, era bitara antola daiteke: bere borondatearen arabera (sailkapen horretan, hirugarrenaren bitartezko antolaketa barne izanik) eta, horrelakorik ezean, legez. Eman daiteke ere, dagokionean, de cuius-en oinordetza antolaketa mistoa ere, neurri baten borondatezkoa eta beste baten legezkoa. Bana dezagun, beraz, azpiatal horren garapena, batez ere, legezko edo "testamenturik gabeko" oinordetzaren eta oinordetza antolatzeko borondatezko eren arteko bereizkuntzaren oinarritan.

Oinordetzaren borondatezko antolaketa

Euskal oinordetza Zuzenbidearen berezitasuna, edo, zehatzago esateko, euskal lurraldeetako oinordetza sistemetariko bakoitzarena, lehenengoz eta behin, espainiar Kode zibilarekin berarekin alderatuz gero, oinordetzaileak bere oinordetza antolatzeko erabil ditzakeen tresna motetan datza, hau da, bere oinordeko edo legatariak izendatzeko tresnak. Euskal ordenamenduen azterketan, gai zehatz horri dagokionez, gutxi arakatzen hasita ere, ordenamenduen arteko hurbiltasun handia sumatzen da, elkarren antzekoak diren erakunde-sorta adieraztera etorriz eta, hala ere Kode Zibilak arbuiatu egiten ditu. Egiatan, elkarrekiko testamentua, oinordetza-itunak edo eskuorde-bidezko testamentua bezalako figura juridikoak Zuzenbide zibil propiodun euskal lau lurraldeetako araudietakoak ditugu; eta, azken finean, aipatutako tresna juridikoen tratamendu juridikoa -eta eurei dagozkien irtenbide tekniko zehatzak ere- xedapen batzuen eta besteen arten aldaketarik izan ditzakete ere, haiek, eremu jakin honetan, antzerako oinarrietan sortzen dira, Zuzenbide Erromatarretik berariazkotasunez etorritako oinarri juridiko desberdinetan sortutako Kode Zibila ez bezala.

Beraz, jabearen eta gerora oinordetzailea izan daitekeenaren eskura bere heriotza uneaz geroztik bereak diren harreman juridikoen eta ondasunen norabidearen diseinua bideratzeko euskal lege testuak jartzen dituzten tresna juridikoak asko dira. Testamentua, bere mota ugarietan, eta ituna dira, eskuorde-fiduziarioa bidezko oinordetza antolaketaz batera, oinordetzailearen eskura bere oinordetza zehazteko euskal arauek jartzen dizkien mekanismoak.

a) Testamentua

Testamentua oinordetzaileak bere heriotza gertatu ostean sortzen den egoera juridikoa, ondare-harremanei zein ondarezkoak ez diren harremanei dagozkienetakoak ere, arautzera datorren azken borondateko negozio juridikoa da. 1889ko espainiar Kode zibilaren esparru arautzailean, testamentua beti da, eta edozein kasutan ere, negozio juridiko aldebakarreko eta pertsonabakarrekoa da, eta ondorioz, ezinbestean, testamentugileak egin beharrekoa eta, gainera, berak beretara. Tresna formala dugu, funtsean ezeztagarria eta heriotza geroztiko [post-mortem] ondorioduna, ez baitu testamentugilea hil arte inolako ondorio juridikorik sortzen.

Hiru dira estatu-legegileak eskaintzen dituen oinarrizko testamentu-erak: testamentu irekia, itxia eta eskuz idatzia. Testamentu irekia testamentugileak bere azken borondatea ospakizuna baimendu behar duten beste pertsona batzuk aurrean dituela emandakoa da, pertsona horiek testamentuan zer ezartzen denaren jakitun geldituz; itxian, aldiz, testamentugileak, bere azken borondatea zein den adierazi gabe, bere egitea baimendu behar duten pertsonei aurkeztutako pleguan dagoela bere azken borondatea adieraztera ematen du; eta eskuz idatzia, testamentugileak berak idatzi eta sinatutakoa da, ematen duen data zehatza bertan adierazi beharrez. Lehenengo biak notarioaren aurrean egin beharrekoak dira, testamentu irekiak salbu, zeren egoera apartekoetan egiten dira: hiltzeko arriskuan eta izurrite kasuetan. Azkenik, estatu-legegileak beste hiru testamentu berezi ere ezartzen ditu: militarra, itsasokoa eta espainiarrak atzerriko herrialdean emandakoa.

Testamentua egiteko, NFBn zein FZZLn ere aipatzen diren azken borondatea emateko beste modalitate berariazko batzuek eskura izateaz gain, era horiek guztiak ere euskal edo nafar herritasun zibila duten testamentugileen eskura daude. Euren artean, nabarmendu beharrekoa da, bere dimentsio eta sustrai historikoagatik, ermandadeko edo. elkarrekiko testamentua, lege testu biak onetsi eta berariaz arautzen duten testamentu mota dugula. Erabat debekatua espainiar Kode zibilaren esparru normatiboan, elkarrekiko edo ermandadeko testamentua pertsona bik, euren borondateak bat eginez eta agiri bakar baten, euren heriotzaz gerorako euren ondasun eta harreman juridikoez biek batera erabaki eta, xedapen horiek baldintzatuz batak besteari ematen dioten testamentua da.

Elkarrekiko edo ermandade testamentua, berariaz, nafar, bizkaitar eta gipuzkoarrentzat arautzen da. Lehendabizikoentzat, ermandade testamentuak, idatzizko testamentua salbuetsiz, NFBn onartzen dituen beste edozein itxura izan dezake, beti ere bakoitzarentzako aurreikusitako baldintzak betetzen diren heinean. Izatez, berehalako heriotza-arriskuarekiko egoera nahikoa izango da oinordetzaileetariko baten bakarrik agertzea. Bizkaitarrentzat, forudunak izan ala ez, testamentuak, edozein kasutan, notarioaren aurrekoak izan beharko du, eta, gipuzkoarrentzat, gainera, ezinbestean, itxura irekia duena izan beharko da. Ermandade testamentua FZZLn senar-emazteei mugatuta dago eta erroldatutako izatezko bikoteei, baina ez NFBn, testamentu bakar baten aldiberean pertsona bi edo gehiagok ematea onartzen baitu. Hala ere, testamentugileek bikote bateko kide izan edota senar-emazteak baldin badira, arau nafarrak zein euskal autonomiari dagokionak -azken horrek Gipuzkoari bakarrik eragiten dion arren- ezkontza deuseztatzeko, dibortziatu edo banatzeko epaiek, ezkontideek elkarrekiko testamentuan elkarri aitortutako liberalitateak eta ezkontideren batek bere jaraunspen edo oinordetzari buruz egindako xedapenak ere, horien kasu bestearen xedapenetan datzanean, eraginik gabe utziko dituztela adieraztera ematen du.

Testamentugileen bizitzan, ermandadean edo elkarrekin egindako testamentua ezeztatu edo aldatu egin dezakete senar-emazteek biek batera, eman zenerako eskatutako formalitate bertsuekin edo eskribau aurrean egindako beste testamentu edo oinordetza-itun batez. Bada ere, senar-emazteetariko batek bere kabuz ermandade-testamentua ezeztatzea ere, beti ere borondate hori besteari modu egiazkoan jakinarazita. FZZLak, gainera, bizkaitar zein gipuzkoarrentzako, alde bakarraren baliogabetzeak edo aldaketak ondoriorik baldin badu beste testamentugileak emandako xedapenen batek kausatutako xedapenen batean, eraginik gabe geratuko dira orobat elkarrekikoak diren guztiak. Gipuzkoarrentzako, aurkako frogarik ezean, baliogabetzen edo aldatzen den testamentuan ondareari dagozkionez emandako xedapen guztiak elkarrekikoak direla ulertuko da; nafarrentzako, aldiz, baliogabetzeak, emaileen bizitzan, testamentuan diren xedapen guztiak indarrik gabe utziko ditu, testamentuan bertan beste gauzaren bat aurreikusi izan ezean; eta bizkaitarrentzako, testamentuan diren xedapen guztien gain ondorio indargabetzaile hori desegin ahal izateko aurreikuspenik ere ez dago.

Testamentugile bietako bat hil ondoren, FZZLak, bizkaitarrentzako, heriotza hori elkarrekin edo ermandadean egindako testamentua egin eta urtebete baino lehenago gertatu izango balitz, alargunak bion ondasunen gaineko erabakirik ezin ezeztatu izango duela adierazten du. FZZLak, gipuzkoarrei ere zabaltzen die bere atzeraezintasun hori alargunak bere jaraunspenari buruzko emandako xedapenak ezin indargabetu ez aldatu izango dituela adieraziz, xedapen horien kausa lehenago hildakoaren xedapenetan baldin badatza eta heriotza, halabeharrez, testamentua eman zeneko hurrengo urtean zehar zertan gertatu behar ez duela. Nafarrentzako NFBak, aldiz, testamentugileetariko bat hildakoan, elkarrekiko testamentua, bertan beste gauzarik ezan ezean, atzeraezina izango dela adierazten digu. Salbuespen gisa, alargunak, edozein kasutan, ezgai bilakatu edo lehenago hil zedin pertsonaren aldekoak liratekeen xedapenak, ordezkotza- eta gehitze-eskubideen kaltetan gabe, horrelakorik liratekeenetan, eta araudi nafarraren arabera alargunaren beraren jaraunspenaren gainean beste testamentugilearen xedapen horietan bere kausa izango ez luketen edozein kontzeptugatiko ezarriko lituzken xedapenak indargabetu eta beste berririk ematerik izango luke.

Azkenez, bai FZZLak -lurralde gipuzkoarrari dagokionez besterik ez bada- bai NFBk behin testamentua egin ondoren testamentugileek euren ondare propiori buruzko ahalmen dispositiboaz arau batzuk eskaintzen ditu. Lege-testu biak debekatzen dute beste testamentugileetariko bat hiltzerakoan bizirik gelditzen den ezkontideak elkarrekikoak diren xedapenetan sartutako ondasunak doako izaeraz xedatu ezina izango duela. Debeku horren salbuespen bezala, NFBk testamentuaren klausula kontrako zentzuan eta gainontzeko testamentugileen adostasunarekin ateratzen du. FZZLk, aldiz, salbuespena, elkarrekiko edo ermandadeko testamentuan atribuzio horien onuradun edo onuradunek bezala izendatuak izan zitezen pertsona edo pertsonen alde bizirik dirauan alargunarengandiko xedapenean kokatzen du. Edozein kasutan, NFBk ermandade edo elkarrekiko testamentugile guztiei eurei dagozkien ondasunak kostubidezko eraz erabiltzeko ahalbidea ematen die, beste gainerako testamentugile guztiak edo euretariko baten bat hil izatekotan ere, testamentuak aurkako klausularen bat eduki edota adieraztera eman izan arren.

Espainiar Kode zibilak, orotara, araututako testamentu-moduez gain, FZZLk, halaber, bizkaitar forudunen eskura hil-buruko testamentua jartzen du. Legeak berak dioen bezala, hil zorian egon daitekeen bizkaitar forudun orok, hiru lekukoren aurrean, bai ahoz bai idatziz eman dezakeen testamentua dugu. Testamentu hori indarrik gabe geratuko da egilea hiltzeko arriskutik atera eta bi hilabete igaro izatean. Testamentugile hori epe horren barruan hil izango balitz ere indarrik gabe geratuko da testamentua, baldin heriotza ondorengo hiru hilabeteren barruan egiaztaerazten ez bada, jardunbide-legeek agintzen duten eran. Testamentugilea hiltzeko arriskutik atera baina beste testamenturik egiteko testamentugilea ezgai geratu izango balitz, egiaztaerazteko epea hiru hilabetekoa izango litzateke, testamentua egin zenetik kontatzen hasita. Testamentua epaileren batek egiaztarazi ondoren notarioaren protokoloan jasoaraziko da.

Hil zorirako salbuespen hipotesia, NFBn ere jasota gelditzen da. Legegile nafarrak testamentugilea hil zorian egonik Notarioaren bertaratzea lortu ezin izaterik legokeen kasuetarako Erretorearen aurreko testamentua ezartzen du. Tokiko erretorearen edo Abade bezala ordenatutako beste Elizgizonen baten aurrean testamentua eman ahal izango da, eta edozein kasutan ere bi lekukoren presentzia izanez. Kasu horretan bertan, hala ere, Erretorerik edo Abade lez ordenatutako beste Elizgizonen bat izaterik ez balitz, hiru lekukoren parte-hartuzko testamentua eman ahal izango da. Testamentu bi horiek idatziz eman beharko dira, urtearen, hilaren eta egunaren aipamen zehatzak eginaz, ekitaldian bertan edota testamentugileak borondatezko bere azken xedapen-hitzen bitartez adierazitakoak esan ondoren. Testamentugileak eta ekitaldian bertan parte hartu dezaketenek ere ezinbestean izenpetu beharrekoak izango dira.

Hildakoaren azken borondatearen tresna bideratzaile bezala, testamentutik at, legegile nafarrak kodiziloa eta testamentu txostenak ere arautzen ditu. Kodiziloak, testamentua indargabetu gabe, zerbait gehitu edo bere xedapenak aldatzera datorren azken borondatezko ekintzak dira. Testamentuentzako aurreikusitako edozein formatan eta eurei eskatzen zaizkien baldintza berdinetan ematen dira. Kodiziloak azken borondatearen edozein xedapen eduki ahal izango dute, oinordekoaren izendapena, oinordetza-ordezkotzak, batzuen eta besteen aldaketak, jaraunslegabetzak eta erakundea foru-legitiman. Bestalde, aurreko testamentu baten zuzenketa edota osagarri lez testamentu txostenak eman daitezke, beti ere testamentugileak/ek horietakoak emateko ahalmena eurentzako gordez gainera, aldi berean, txostenen eragingarritasunerako izan beharko lituzketen ezaugarri, zeinu eta beste baldintza batzuk zehaztuzko balituzkete. Testamentugileak/ek orri guztiak izenpetu beharko ditu/zte eta zeinu edo ezaugarriak izan beharraz gain testamentuan aurreikusitako gainerako baldintzak ere bete beharra dute. Txostenok azken borondatezko beste edozein egintzaren osagarri gisa ere eman daitezke. Egiaztaerazi eta protokolizatuak izan behar dute.

b) Oinordetza-Ituna

Testamentuaren aldera, ituna oinordetza antolaketarako aldebiko tresna da, bere baliodun emanketarako gutxienez borondate biren arteko adostasunaren beharra izanez. Hipotesia horretan, itungileak bere oinordetza-diseinua gauzatzen du, edota zatiren batena, oinorde bezala izendatutakoarekin, izendatzeko zein berari legez legozkiokeen eskubideei uko egiteko ere, hitzartuz. Oinordekoa kontratuaren zati izan gabe kontratu horren onuradun izatea ere gerta daiteke, edota itungilearen onarpenarekin hirugarren baten alde bere oinordetza eskubideak uztea adostea ere. Edozein kasutan ere, ituna eskritura publikoan emate ezinbestekotzat jotzen da, ondorio horietarako ezkontza-hitzarmenarena erabili daitekeen arren. Ordezkari bidez eman ahal izango da, beti ere itungilearen beraren borondatea argi eta garbi adierazi dadin ahalorde berariazkoaren bitartez gauzatzen baldin bada. Itungileak, halaber, bere ondasunak erabili ahal izango ditu, titulu unibertsal zein partikular bezala, kontratuaren corpusaren baitan itun-emaile direnen artean, besteak beste, adostuko liratekeen moduak, erretserbak, ordezkotzak, lehengoratze-klausulak, zamak eta betebeharrak ere ezarriz.

Aiararrei FZZLk oinordetza antolatzeko erei dagokienez ematen dien erabateko askatasuna gogoan hartuta, oinordetza-itunak berariazko arautegia bizkaitarrentzako, gipuzkoarrentzako eta nafarrentzako besterik ez duela esan beharra dago. Lege testu biotan aurreikusten da erakunde-ituneetan, itungileak dagokion oinordetza asignazioa presentekoz eskualdatu ahal izatea edo, alderantziz, hil dadin unera arte geroratuaz. Ondasunak unean bertan eskualdatzeko egiten den oinordeko-izendapenak ondasunon jabetza ematen dio oinordekoari, alde biak hitzartutako muga-baldintzekin. Edonolako erabaki edo karga-ekintzak bere baliozkotasunerako izendatzailearen eta izendatutakoaren arteko adostasun baterakoa beharko du, izendatzaileak berak ondasun jakin batzuei buruzko erabilera-ahalmena beretzako gorde dezan kasuetan ezik, horretarako, printzipioz, oinordekoaren onarpenik behar ez dela.

Alderantziz, ondasunen egungo eskualdatzerik gabeko oinordetza-itunak bahitezina eta inorenganaezina izango den kontratu-oinordearen nolakotasuna bakarrik ematen dute. Izendatzaileak bere heriotzara arte bere ondasunen jabetza izango du, baina ondasun horiek izendatutakoaren adostasunik izan gabeko irabazizko tituluz besterik ezin banatu izango ditu. Ituna, printzipioz, ezeztaezina izango da. Aldez aurretiko testamentu bitartez egindako edonolako ondasun-banaketa indarrik gabe utziko du, bere corpusean kontrakorik esaten edota negozio biotan ezarritakoaren bateragarritasun soila ondorioztatzen ez bada. Oinordetza-itunean egindako izendapena, izendatzailearen eta izendatuaren arteko itun berri baten bitartez, edo izendatutakoaren ondorengoekin, edo kontratuan bertan ezarritako zioengatik edo erkidego-araubide bi horietan aurreikusitakoengatik besterik ezin izango da indargabetu edo aldatu. Azken aipatutako baliogabetze-zio horiek, funtsean, hurrengoak dira: izendatutakoa oinordegabetze eta duintasunik ezarekiko zioetan erori izatea, hitzarmenean jarritako zama eta baldintzen ez betetze larria egin izana, izendatutakoak familiakoen eguneko elkarbizitza galaraziz jardun izana euren artean bizitza komunitatea ezarri izandako kasuetan, eta izendatutakoen ezkontzaren banantze, baliogabekotze edo dibortzioa gertatu izana, oinordetza-ituna bikotearen harremanagatik edo ezkontza horren arabera egindakoa izan denean. Halaber, euskal lege testuek, izendapena baldintzatzen duen iraungitze-kasua jazo dadinerako zein izendatutakoa ondorengorik gabe hil dadinean zein izendatzaileen erabakiz, Eskribau-eskrituraz gauzatu dadinerako ere, oinordetza-itunaren iraungipena jasotzen dute.

c) Eskuorde-bidezko Ordenatzea

Testamentuaren izaera erabat pertsonalari buruz espainiar Kode zibilak aldarrikatzen duena ez bezala, euskal lege-testuak testamentugileari bere heriotzaz geroztiko eszenatokiaren antolaketa eskuorde bat edo batzuei agintzea ahalbidetzen diete, gipuzkoarrek izan ezik, zeren FZZLren arabera, zeregin hori ezkontideengan edo izatezko bikoteengan, beti ere hauei dagokien administrazio-Erroldan izena hartuta baldin badaude, 2/2003 Legea argitaratu izanaren ondorioz, baino ezin eskuordetu dezakete. Zalantzarik gabe, elkarren arteko eskuordetzea egin daiteke, senar-emazteen edo izatezko bikotekideen artean hedapen handia duena eta, Bizkaian, elkar-poderoso lege-izenez ezagutzen da. Edozein kasutan, eskuordearen eskumena oinordekoaren izendapenera, legatuen erabilerara, eta izendatzailearen izenean ondasunen banaketa egitera ere iritsi daiteke, beti ere izendatzaileak emandako ahalordetzan berariazkotasunez ezarri zitekeenaren arabera. FZZLk, Gipuzkoako Foru Zibilari dagokionez, eskuordearen izendapena egiteko izendatzaileak horretarako pertsona multzo bat izendatu izatean edo halakorik ez izendatu arren jaraunsleak uzten dituen kasuetan besterik ez du eskuordearen izendapena baliozkotzen.

Eskordekoaren ordenazioari dagokionez, egia esan NFBk eta FZZLk, arlo jakin batzuetan desberdintasunak dituztela adierazi beharra dago, eta, azken arau horrek ere, bizkaitarrentzako, forudun izan ala ez, eta gipuzkoarrentzako araudi desberdinak ditu. Edozein kasutan, eskuordearen izendapena izendatzaileak Eskribau aurrean egindako testamentu irekiz edo eskritura publikoz egin behar da, horretarako ezkontza-hitzarmena erabili ahal izanez. Printzipioz, izendatzaileak emandako ahalordetza egikaritzerakoan eskuordeko izendatutakoak ordenazio-egintza emateko beharrezko gaitasuna izan beharra du. NFBren argitan, adinez nagusia izan behar da, ezkontidea izatean ezik; kasu horretan, nahikoa izango da testamentua egiteko ahalmena izatea.

FZZLk, eragilearen heriotzatik eskuordearen aldetik ahalordetzaren egikaritzara arte, bizkaitar eta gipuzkoarrentzat berdintsu, zabaltzen den zintzilikako aldia arautzen du. Kausatzailea hil dadin unetik edo epaileak hildakotzat jo dezanetik sei hilabeteko epean, eskuordeak oinordetzan dauden ondasun, eskubide, karga eta betebehar guztien inbentarioa egin beharko du, eta oinordeko izan daitezkeenei horren edukiaren berri eman beharko die. Oinordetza aditzera ematen eta jaraunspena onartzen den arte, izendatzaileak horretarako izendatu zuen pertsonak administratuko du ondasuntza. Inor izendatu ezean, eskuordeak berak hartuko du eginkizun hori. NFBk, gainera, eskuordeari, izendatzailearen ezkontide edo arbaso izanik oraindik erabili gabeko ondasunei buruzko erabilera-ahalmenak ematen dizkio.

De cuius-ak epe jakin bat jar diezaioke eskuordeari bere ahalordea burutu dezan. Eskuordea ezkontidea litzatekeen kasuetarako, ahalordetza mugarik gabeko epez edo bere bizitza guztirako epez emango litzaioke, FZZLren adierazitakoaren arabera. Mugaketarik izan ezean, epea urtebetekoa izango da kausatzailea hiltzen denetik edo epaileak hildakotzat jotzen duenetik hasita, oinordeko izan daitezkeen guztiak gara-adinekoak balira (edo burujabeturik baleude, araudi gipuzkoarraren arabera); bestela, oinordekorik gazteenak (edo guztiak, Bizkairako) hemezortzi urte betetzen dituenetik hasita. Azken ondorio horretarako, burujabe egitea FZZLk Gipuzkoarako besterik ez du aurreikusten, bizkaitarrei dagokienez nahikoa izango adieraziz. Edozelan ere, arlo askotan, FZZL aldatzeko 3/1999 Legearen argitalpenaren ondoren Gipuzkoako Foru Zibilari buruzko arauen idazkuntzan 1992an idatzitako Bizkaiko Foru Zibilari zegozkion xedapenetan baino kontzeptu-zorroztasun handiago eta teknika juridiko garbiagoa ohartu dezakegu.

Eskuordearengandik testamenturako ahalordearen gauzatzeari dagokionez, euskal testuak dokumentu-agiri gisa eskritura publikoa zein testamentua azaltzearen alde agertzen zaizkigu: lehenena, eskuordekoak izendatzailearen jaraunspena eta bere izenean ordenatu dezanetik aurrera ondorio ezeztaezina dituela eta bigarrena (FZZLren arabera, eskuordekoa alarguna edo bizirik dirauan bikotekidea baldin balitz eta, bizkaitarrentzako, bien seme-alaba eta ondorengoen alde besterik ezin izango du banatu), eskuordekoa hil arte ezeztagarria izan daitekeena. Ahalordea, hala ere, FZZLren argitan honakootan iraungita geldituko da: a) Gauzatzeko jarri zaion epea bukatzean; b) Eskuordekoari heriotza, ezintasuna edo ezgaitasuna bat-batean izanagatik; c) Eskuordeko-ezkontidea izanik, behin testamentu-ahalordea egindakoan ezkontzaren banantze, baliogabekotze edo dibortzio-eskea izatean (Erroldan bikoteen izen-ematearen ezeztapen-eskabidea parekotzat jo behar da); d) Eskuordeko-ezkontidea berriz ezkontzean, (edo Erroldan izatezko bikote gisa erroldatu dadinean), beste batekin ezkondu-bizimodua daramanean edo ezkontzatik kanpo seme-alabarik izatean, testamentugileak berariazkotasunez beste aurkakorik adierazi ezean; e) Uko eginagatik; f) Jaraunsteko ezgaitzen duten zioren bat eskuordekoak oinordetzaileari edo bere ondorengoei eginagatik; g) Ahalordemaileak ezeztatzearren.

Azkenez, eskuordezko ordenazioaren antzeko erakunde bezala, FZZLn, Aiarako Foruaren baitan, ahalorde osoko gozamena izenekoa arautzen da. Horrek, gozamendunari, gozamen-eskubidearen berezko edukiari dagokionaz gain, gozamen-jartzailearen seme-alaba edo ondorengo guztien alde mortis causa bidezko jaraunspena ordenatzeko eskumena ematen dio, beti ere gozamen-jartzaileak ahalordea ematean adierazitako aipamenen arabera. Egia esan, eskuordekoarekin eta elkarrekiko testamenduarekin gertatzen denaren antzera, sendi-lokarria da -zeharkaezineko baldintza subjektibo bezala, indarrean dauden lege-xedapenetan, formalki difuminatuta baina- espainiar Kode zibilaren ikuspegitik, oinordetza-ondoriodun norbere ondasunen banaketarako eskumena besteren bati ezartzea dakarren pertsonalismoaren porrota oinarrituz etorri den eta egun ere, porrot hori errotuz eta orekatuz datorren baldintza. Familia-ekonomiaren kudeaketaren norbanakoaz gaindiko ikuspegia eta, ondare horren zuzendaritza bereganatuko duen jaraunsle bakarra hautatzeko erantzukizun nagusiaren eramaile den sendi-ondarearen zatiezintasunaren zerbitzutan bikotea belaunaldi-tandem bezala aintzat hartzea da, funtsean, aipatutako auñamenditar Zuzenbidea osatzen duten ordenamendu guztien elementuak; eta zalantzarik gabe euskal eremuko lege sistemak Zuzenbide horretakoak dira.

Oinordetzaren lege-ordenazioa

Oinordetzaren lege-ordenazioa, testamenturik gabekoa edo ab intestato izenekoa, testamentugileak bere borondatez, osorik edo zatiren baten, diseinatu ez izatean bideratzen da. Hipotesi horretan, beraz, cuiusaren oinordetza nola banatu beharko denari buruzko urratsak legegileak eskainiko ditu. Oinordetza-legedi propiodun lau euskal lurraldeetatik bik, Nafarroak eta Bizkaiak, bestek ez dituzte eurei dagozkien "forudunen" oinordetzei ezargarriak dakizkieken lege ordenazioari buruzko berariazko araudiak eskaintzen eta ondorioz, Gipuzkoari eta Aiarari ordezko ordenamendu bezala Kode zibila ezarri beharko zaizkie.

Nafarroan eta Bizkaian dagoen lege oinordetzari buruz, oinordetzaren borondatezko ordenazioarekin bateragarria izan arren, lehendabizikoak, ordenamendu biak eragilearen eskura beronek bere post mortem [hil osteko] ondare-eszenatokia "askatasunez" diseinatu dezan jartzen dituzten tresna ugariak gogoan hartuz, salbuespen izaera duela adierazi beharra dago. Halaber, lege-testu biotan, NFB eta FZZL, oinordetzaren lege-antolaketak abiapuntu bezala jaraunspeneko ondasunak osatzen duten ondarearen izaera tronkala edo ez tronkala hartzen du, datu horrek oinordetza jaso beharko duten pertsonen taldea, ondasuna datorren belaun-lerroari dagokion ala ez dagokionaren arabera, baldintzatzen baitu.

Estatuaren ordenamendu zibilaren aurrean euskal lege-testuek euren berariazkotasuna agertzen duten bigarren esparrua derrigorrezko oinordetzari buruzkoa da. Oinordetza mota horri, jarauntsiko ondarea osatzen duten ondasunetan, ondarezko eskuduntza jakinak kausatzailearen jaraunspenetik eskuratzeko ahaide jakin batzuk duten eskubidea asetzeko kausatzailearen xedapenezko askatasuna, oinordetza bokazio autonomorik eratu gabe, agindu-indarrez lermatzen duten muga-sorta -materialak edo formalak- guztiari deritzogu. Egia esan, derrigorrezko oinordetzaren diseinua edozein oinordetza-erregimenetan erabat garrantzitsua da, ondorengorik, aurrekorik edo ezkontiderik (edo beste ahaiderik) izan dezakeen kausatzailearen xedapen-askatasunaren tartearen mugaketa ekonomia- eta gizarte-arloan garrantzi sakona duen gaia delako. Oinordetzarekiko antolaketaren tresnei dagokienean euskal ordenamenduak azaltzen zuten hurbiltasunaren aldera, derrigorrezko oinordetzari dagokionez nabarmen aldentzen dira: beraz, Kode zibilarekiko aldea bakarrik ezeze, elkarren artean ere badute. Laburra izango da, beraz, oinordetza zuzenbide propiodun euskal lurraldeetariko bakoitzean -Aiara, Nafarroa, Gipuzkoa eta Bizkaia- indarrean den derrigorrezko oinordetzarekiko erregimenaren azterketa, kasu honetan, azalpenaz, kausatzaileari, eta funtsean, senipartedun sisteman oinarrituz, ezarritako murrizketen indarraren gorako ordenari jarraituz, bakoitzaren banakako aurkezpena egitearen alde ekinaz.

Aiara

Aiarako Foruaren ezaugarririk bereizgarriena, 1992ko FZZLko II Liburuan bildutakoa, zalantzarik gabe, testamentu-askatasuna -edo hobeto esanda, oinordetza antolatzeko askatasuna- da, aiarar foru-herritasuna dutenek, Legearen argitan, ondasunak askatasun osoz erabil ditzaketeelako, guztiak ala zati bat, testamentuz, agintzaz nahiz dohaintza bidez, derrigorrezko oinordekoak handiaz nahiz txikiaz baztertu ondoren, on ala hobe eritziagatik. Beraz, "derrigorrezko oinordekotzat, euskal arauaren argitan, ondorengoak, aurrekoak eta ezkontidea joko dira, Kode Zibilak erabakitakoaren arabera.

Egia esan, Aiarako Foruak jada XIV. mendean heriotzaz gerorako testamentugile aiararrak bere ondarea banatzerakoan zeukan erabateko askatasuna ezartzen zuen. FZZLk araudi hura ez du funtsean aldatu. Aiarar herritarrarengan ez dago bere ondare-eszenatokiaren diseinuari buruzko inolako post mortem murrizketarik: derrigorrezko oinordekoak, beraz, ez dute de cuiusaren jaraunspeneko ondasunen zati jakinik hartzeari buruzko inolako -ez material ez formalik- itxaropenik. Izatez, de cuiusak baztertu egin ditzake, guztiz ala zati batez, handiaz nahiz txikiaz on ala hobe eritziagatik, ez baitago testamentugilea legez bere jaraunspenaren zati bat bere inolako ahaideren alde ematera behartuta. Aipatutako askatasuna aiarar testamentugilearen ondarea osatzen duten ondasun guztiez, euroi dagokien izaera, jatorri edo kokapena kontutan hartu gabe, ari da. Eta, halaber, oinordetza antolatzeko de cuiusak dituen modu desberdinak aipatzen ditu, Kode Zibilaren esparrutik euretariko batzuk jasotzen duten betoaz landa.

FZZLk testamentugileari ezarri nahi dion murrizketa bakarra derrigorreko oinordekoek, edo euretariko batzuk, benetan bere oinordetzatik kanporatu nahi baditu, baztertu beharrarekikoa da. Egia esan, alde batetik "testamentu-askatasunaz" hitz egitea eta, aldi berean, legeak derrigorrezko oinordekoez jardutea, nolabait kontraesankorra da, testamentugileari autonomia hori ematen baldin bazaio, legitimariorik ez dagoelako. 1373ko testu aiararrak ez eukan inolako baztertzerik. 1487ko akordioa izan zen beharrizan hori gehitu zuena, behar bada, gaztelar Zuzenbidearen eraginez, non legitima erabat errotuta dago eta hurbilekoenak diren ahaideak gogoan hartu beharra ezartzen du. Eta derrigorrezko oinordekoen oroitzapen hori da, hain zuzen ere, formalki eta sinbolikoki testamentugileak bere oinordetza-antolaketan baztertzearen bitartez gauzatu behar duena. Ez du inolako formula berezirik eskatzen oinordetzatik "baztertutakoak" banantzeko de cuiusaren borondatea argi azaldu dadin bitartean. Berariazkoa edo adierazi gabekoa, norbanakotua edo taldekakoa izan daiteke. Oinordekoen intentziozko preterizioak, halaber, baztertze izaera izango du, beti ere intentzionalitate hori frogatuta gelditzen baldin bada; intentziorik gabeko omisioak "izendatu gabekoei" Kode zibilaren arabera dagokien legitima eskatzeko aukera emango die.

Nafarroa

Legelari nafarrak testamentua egiteko askatasunarekiko mugak NFBko II. Liburuko X. Idazpuruan arautzen du. Lehendabiziko atalean senipartea arautzen du. De cuiusaren mortis causa banaketari inolako murrizketa kuantitatiborik ezartzen ez dion Aiaran dagoen bezalako seniparte formala alegia. Areago, alderantziz, seniparte formalak testamentugileari bere ondasunekiko askatasun osoz banatzea ahalbidetzen dio legitimarioak izendatu ditzanen tramite soila bete dezan bitartean: ez zerbait emateko, ezer utzi izan ez arren, gogoan izan dituela ziurtatzeko baino. Izatez, formalismo horren helburua, aiarar eta bizkaitar baztertzearen parekidea, ez da testamentugilearen borondateari egiatasuna ematea, senipartedunari nolabaiteko zati edo ondasun-ematerik eza hori ahanztura edo errakuntzaren edo euren existentziarekiko ezjakintasunaren ondorioa ez dela adieraztea baino. Hala ere, ez da aipamen sinboliko edo ohorezko hori beharrezko izango testamentugileak senipartedunei eman izango baliete, mortis causa bidez liberaltasunik eman izango baliete, haren jaraunspenari uko egingo baliete, edo aldez aurretik seniparte-eskubidedun ondorengorik utzi gabe hilko balira.

Hortik dator jaraunspeneko ondasunari aurkaritzeko ondareagatiko asmoak burutzeko bide egoki bakarra, Aiarakoaren antzera, berriz ere senipartekoen bazterketagatiko testamentuaren edo oinordetza-itunarekiko aurka-egitea izatea, senipartearen aipamenik ezak NFBren esparruan jaraunsle erakundearen deuseztasuna dakarren neurrian. Ondorio horietarako, NFBk senipartekotzat ezkontzako seme-alabak, ezkontzaz kanpokoek eta adopzio osoko seme-alabatzat hartuak ditu [azken kasu horretan, 1987ko Kode zibilaren eraberritzeaz aurretik seme-alaba osotzat hartutakoak eta aldaketa horren ondorioz seme-alabatzat hartutako guztiak direla ulertzen da]. Aurretik esandakoen ezean, senipartekotzat euren gradurik hurbilenekoena duten ondorengoak izango dira.

Senipartekoaren araudiaz batera, halaber, legegile nafarrak kausatzailearen erabilera-askatasunari ondorengoak bezalako beste muga mota batzuk ezartzen dizkiola ohartarazi beharra dago: aurreko ezkontzako seme-alaben eskubideak, bigarrenez ezkondutako ezkontidearen erreserba, ondasunen lehengoratzea eta alargunaren fideltasunarekiko lege gozamena.

Gipuzkoa

Derrigorrezko oinordetzagatiko erregimen propiodun euskal lau lurraldeetatik, hiruk dute sistema osoa, Gipuzkoako Foruak, FZZLko III. Liburuan araututa datorrenak, izatez Jatorrizko Lurralde horretan aplikatutako Kode zibilaren seniparteko sistema modulatu besterik ez du egiten eta. Modulazio horrek azken lege-korpus horren seniparteko sistemaren malgutasuna lortu nahi du hurrengo helburua lortzeko: Kode zibilak ezarritako derrigorrezko oinordekoren baten edo batzuen onuratan (behintzat) gipuzkoako baserriaren zatitugabeko eskualdatzea izatea. Horrela bada, Foru gipuzkoarrak, nola edo hala, heriotza gertatu izanaren zioagatiko erabilera-askatasunaren zabalkuntza dakar, senipartekoen artean behintzat eta Gipuzkoan kokatutako nekazal ustiatze baten jabearen alde, Kode zibilaren erregimena beste gainerako gipuzkoar guztientzako utziz eta baita baserrien jabe direnei ere horrezaz gainera beste ondasunik izango balute.

Heriotza gertatu izanagatiko erabilera askatasunaren aipatutako zabalkuntza Kode zibilak senipartearen kalkulurako ezartzen duen ondaretik baserriaren edo ustiaketaren balioren kanporatzean datza, senipartearen onuradun edo onuradunek ondorengoen bat edo batzuk edo, horrela balegokio, derrigorrezko oinordeko izaera luketenek izan daitezen kasuetarako. Arau horrek, zalantzarik gabe, baserriaren zatitu gabeko eskualdatzea ahalbidetzen du, senipartearen zorretik ateraz. Seniparteen kalkuluaren ondaretik hura kanporatu izanak ondorio horietarako bakarrik, de cuiusaren gainerako ondarearekiko objektu aske eta desberdin baten bihurtzen du, aipatutako zorraren asebetetzeari dagokionez eragina izatetik at geldituz. "Isolamendu" horren eragingarritasuna beste aurreikuspen osagarri batzuen bitartez bermatzen da: senipartearen babeserako bideak gauzatu izango litezkeen hipotesietan baserriaren eta bere inguruen esleipenaren ukiezintasuna, eta senipartea eskudirutan ordaintzeko esleipen haren eragingarritasunik eza, "hartzekodunek" sustatutako zatitze-ebazpenera iritsi ezin izanagatik eta gauzagarri ere izango ez delako.

Bizkaia

Azkenez, eta orain arte azaldutako derrigorrezko oinordetzarekiko euskal sistemen aurkari garbian, Bizkaiko Foru Zibilak, FZZLko I Liburuan ezarria, testamentugileari de cuiusaren mortis causa xedatze-askatasunari murrizpen gogor eta ezagun bi ezartzen dizkio oinordetzara ahaide jakin batzuk biltzen direnean: bat, lehena, seniparte motakoa, oinordetzailea bere ondorengoei bere ondarearen zati jakinen bat esleitu beharrean delako eta, ondorengorik ezean, aurrekoei; gainera, alargunak, Kode zibilean gertatzen den bezala, gozamenerako kuota bati buruzko eskubidea du, zabalera aldagarriduna eta oinordetzara zein pertsonekin biltzen denaren araberakoa. Bigarrena, arinago esandakoari tronkaleko izaeradun muga gehitzen zaio, oinordetzaileak ezinbestean izaera horretako ondasunak bere tronkaleko ahaideei utzi beharra baitauka. Bigarren murrizketa horrek ez du zuzeneko belaun-lerroan diren senideen onuratan bakarrik jarduten. Horrelakorik ezean, laugarren odolkidetasuneko belaun-mailara arteko mugadun tronkaleko senide izaera luketen albokideen alde ere jarduten du. Gai horri dagokionez, beraz, ordenamendu bizkaitarrak berariazkotasun izaera garbia adierazten duela baiezta dezakegu, Estatuan elkarbizi diren ordenamendu guztien artetik, albokideei derrigorrezko oinorde izatasuna esleitzen dien bakarra baita, albokidee horiei dagokien itxaropena tronkalekoak diren ondasunetara bakarrik mugatuta gelditzen den arren.

Zuzenbide bizkaitarrak ondorengotzaren alde ezartzen duen senipartea Kodeak ezarritakoa baino zabalagoa da, oinordetzailearen ondare guztiaren lau bostenak hartzen dituen neurrian. Hori bai, seniparte hori, tronkaltasunaren oinarriaren eraginez gehiago ere gehitu daiteke: oinordetzaileak tronkaleko (jabea izan dadin onibarrak) ondasunak bere ondorengoei esleitu behar dizkienez, gainerako bostena jaraunspen hura estaltzeko tronkalekoak ez liratekeen ondasun nahikorik izango litzatekeen kasuan besterik ez litzateke erabilera askerakoa izango. Beste hainbeste gertatzen da, jaraunspeneko ondasunen erdiak osatzen duen arren, berriz ere, tronkaltasunaren eraginez zenbateko aldakorra duen aurrekoen seniparteko zatiarekin, gainerako beste erdia tronkalekoak ez diren balio nahikodun ondasunez estaltzekotan baino ez baita erabilera askekoa izango. Halaber, tronkaleko printzipioak bizkaitar senipartearen gainean duen nagusitasunak, asaben kasuan, haren ahultze eta desagerpena ere ekar dezake, onibar horiek jatorriko belaun-lerro berekoak ez direnetan, onibar horiek tronkaleko albokideen eskuetara joan behar baitute.

Derrigorrezko oinordetza marrazterakoan bizkaitar ordenamenduak agertzen duen zurruntasun nabarmena orekatuz -senipartearen eta tronkaltasunaren gainean zutabetuz- derrigorrezko oinordekoen itxaropenaren, nahiz eta materiala, izaera kolektiboa eraikitzen da, oinordetzaileak derrigorrezko oinordegaien artetik bide egoki bezala baztertzea egikarituz nahi duena bakarrik hautatuz. Baztertzeak, Aiarako Foruari buruzkoan adierazitakoarekin bat etorriz, Bizkaian ere ez du bazterketa-esamolde berezirik behar, beti ere testamentugileak bere oinordetzatik baztertutzat aipatzen dituen oinordekoek bere jaraunspenetik baztertzeko borondatea argi erakutsita agertzen bada, bere adierazpena oinordekoen ahaztura, errakuntza edo ezjakintasunagatik izan ez dena jasota utziz. Hortik nahi gabeko aipamenik eza jaraunspenezko ondasunei buruzko derrigorrezko oinordekoen ondare-asmoak oinarritzeko biderik egokiena berriz izatea.

  • ANGOITIA GOROSTIAGA, V.: El usufructo poderoso del Fuero de Ayala, Arabako Foru Aldundia, Gasteiz, 1999.
  • ASUA GONZÁLEZ, C. I.: Designación de sucesor a través de tercero, Madril, Tecnos, 1992.
  • ASUA GONZÁLEZ, C. I.: "De las formas de designar sucesor en bienes. El art. 27 de la Ley de Derecho Civil Foral del País Vasco", RJNav, 22. zkia, uztaila-abendua, 1996, 209 orr. eta hurr.
  • ASUA GONZÁLEZ, C. I., GIL RODRÍGUEZ, J. eta HUALDE SÁNCHEZ, J. J.: "Situación actual y perspectivas de futuro del Derecho civil vasco", Derechos civiles de España, I Liburukia, Rodrigo BERCOVITZ eta Julián MARTÍNEZ-SIMANCAS-ek Zuzendua, Aranzadi, Iruña, 1999, 131. orr. eta hurr.
  • CELAYA IBARRA, A.: Derecho foral y autonómico vasco, tomo I, Derecho foral, Deustuko Unibertsitatearen Argitalpen Zerbitzua, Bilbo, 1993.
  • CELAYA IBARRA, A.: Comentarios al Código Civil y Compilaciones Forales, Manuel Albaladejo eta Silvia Díaz Alabart zuzendariak, XXVI. lib., Ley sobre el Derecho Civil Foral del País Vasco, Edersa, Madril, 1997.
  • GALICIA AIZPURUA, G.: Legítima y troncalidad. La sucesión forzosa en el Derecho de Bizkaia, Marcial Pons, Madril, 2002.
  • GALICIA AIZPURUA, G.: Breves reflexiones acerca de la sucesión forzosa en el Derecho vasco. Perspectivas de futuro, 2008ko Maiatzaren 22an Eusko Legebiltzarrean izandako agerpena.
  • GIL RODRÍGUEZ, J.: "Qué son los Derechos civiles forales", La Tierra de Ayala, Kexanako Dorrearen eraikuntzaren 600. urteurrenaren ospakizunetan eratutako Historia Ikerketei buruzko Jardunaldien Aktak. Arabako Foru Aldundia, 2001, 285. orr. eta hurr.
  • GIL RODRÍGUEZ, J.: De la Ley del Derecho Civil Foral al Derecho Civil Vasco: Posibilidades de actuación en el siglo XXI, 2008ko Maiatzaren 22an Eusko Legebiltzarrean izandako agerpena.
  • GIL RODRÍGUEZ, J. eta GALICIA AIZPURUA, G. H.: "Patrimonio y troncalidad", El patrimonio familiar, profesional y empresarial. Sus protocolos, koord. M. Garrido Melero eta J. M. Fugardo Estivill, II Liburukia, Bartzelona, 2005, 502-513. orr.
  • GIL RODRÍGUEZ, J. eta HUALDE SÁNCHEZ, J. J.: Ley del Derecho civil foral del País Vasco-ren "Sarrera", 2. argitalp., Madril, Tecnos 1999.
  • GIL RODRÍGUEZ, J., HUALDE SÁNCHEZ, J. J., ASUA GONZÁLEZ, C. I. eta GALICIA AIZPURUA, G. H.: Dictamen en relación con el "Derecho Civil Guipuzcoano" y en la perspectiva de su "conservación, modificación y desarrollo", Euskal Herriko Unibertsitatea, Donostia, 1998-1999.
  • IMAZ ZUBIAUR, L.: "Oinordetza itunak Gipuzkoako Foru Zibilean (3/1999 Legea, azaroaren 26koa)", Eleria, 8. zkia., Donostia, 2001, 23. orr. eta hurrengoak.
  • IMAZ ZUBIAUR, L.:La sucesión paccionada en el Derecho Civil Vasco, Marcial Pons, Madril, 2006.
  • IMAZ ZUBIAUR, L.: "Oinordetza itunak Euskal Zuzenbide zibilean", Eleria, 16. zkia, Donostia, 2007, 35. orr. eta hurrengo
  • LAFOURCADE, M.: "Sistemas de herencia y de trasmisión de la propiedad en Iparralde bajo el Antiguo Régimen", Tokizko-Historia Ikerketen V. Jardunaldiak. La familia en Euskal Herria, Eusko Ikaskuntza, Donostia, 1992, 167. orr. eta hurr.
  • MARTÍN OSANTE, L. C.: El régimen económico matrimonial en el Derecho vizcaíno, Marcial Pons, Madril, 1996.
  • RUBIO TORRANO, E. (zuz.): Comentarios al Fuero Nuevo. Compilación del Derecho Civil Foral de Navarra, Aranzadi, Iruña, 2002.
  • URRUTIA BADIOLA, A.: "Baserriaren inguruan: oinordetzazko itunak eta Bizkaiko Foru Zuzenbidea", Karmel, 208, 1994, 20-30 orr.
  • URRUTIA BADIOLA, A.: "Bizkaiko Forua, baserritarra ez ote?", Karmel, 204, 1993, 54-60 orr.