Nazioartean sona handia izan zuen neuropsikiatra bilbotarra. 1880ko ekainaren 4an jaio zen. Negurin (Bilbo) hil zen 1918ko apirilaren 31n, eta modu horretan eten ziren bere lan guztiak, zientziaren esparrua gero eta gehiago sakontzen ari zela, 38 urte bete aurretik.
Ramon y Cajal ezagunaren itzalean sortutako neurologo, psikiatra eta histologo multzo handi horretan bera izan zen azpimarragarriena.
Aniceto Achucarro y Mocoroa eta Juana Lund de Ugarte izan zituen guraso. Amak Norvegiako familia bateko sustraiak zituen. Jaioterrian burutu zituen lehen eta bigarren mailako ikasketak. Hamar urte zituela latina ikasi zuen Instituto Vizcaíno delakoan Unamunorekin. 1895ean batxilergoa amaitu zuen nota ezin hobeak aterata (bikain zientzietan eta bikain letretan). Horrek argi erakusten du bere izaera erabat humanista zela. 1895ean Alemaniara jo zuen lehen aldiz. Alemaniako Wiesbaden hirian bertako hizkuntza ikasteari ekin zion eta ikasketak hobetu zituen Unibertsitatean sartu aurretik. Hamazazpi urte zituela Madrileko Medikuntza Eskolan izen eman zuen. Han bere espiritu independenteari eta teoriarekiko erakutsi zuen atxikimenduari esker nabarmendu zen gainerakoen aldean. Cajal izan zuen irakasle, orduan Histologiako katedraduna zena. Librepentsalaria izaki Giner de los Rios ezagutu eta lagun egin zuen. Hark Irakaskuntza Libreko Instituzioa sortu zuen. 1899an, Madrileko bizi akademikoan hauteman zituen gabeziekin atsekabeturik, Marburgora jo zuen (Alemania) anaiarekin batera. Han patologia, kimika eta fisiologia ikasketekin jarraitu zuen.
1900an itzuli zen anaiak tuberkulosia hartu zuelako eta bere kabuz prestatu zituen lizentziaturako azken hiru ikasturteak. Marañon, Ortega eta Juan Ramon Jimenez ezagutu zituen. Azken hori 1902an ezagutu zuen Juan de Madinaveitia eta Luis Simarroren laborategian. Laborategi horretan hasi zen histologiako lehen urratsak ematen, Simarroren zuzendaritzapean. 24 urte zituen karrera amaitu zuenean; bere egonezinak eta gauzak ezagutzeko grinak bultzatuta bere garaiko laborategi nagusienak bisitatu zituen. 1904 eta 1905 bitartean Pierre Marie en la Salpêtrière klinika bisitatu zuen Parisen. Babinsky irakaslearen eskoletan izan zen eta lan bat aurkeztu zuen, zoritxarrez ordea, jatorrizkoa galdu egin zen. Beranduago Florentziara bidaiatu zuen. Han buruko eritasunetan trebatu zen Lugaro eta Tanziren eskutik. Italian egonaldi atsegina egin ostean Alemaniara itzuli zen. Bertan hiru urte eman zituen Kraepelin psikiatra handiaren Munich-eko klinikan lanean, Alzheimer medikuaren neuropatologiako laborategian. Han errabiaren anatomia patologikoaren ikerketa sakontzeko doktorego-tesia prestatu zuen. Eta 1906ko abenduan Madrilera joan zen hura irakurtzera. Halaber, garai horretan taxutu zuen kotoi-txotx zelulei buruzko txostena, 1908an argitaratu zuena. Alzheimer medikuak Amerikatik dei egin zion, modu horretan, ikerlari gazteari aukera paregabea suertatu zitzaion, izan ere, aipatutako medikuak kargu bat eskaintzeko deitu zuen: Washingtoneko Eroetxe Federaleko zuzendari. "Nik ezin dut joan, adierazi zuen Alzheimerrek, baina oso gaztea izanik ere ni bezain prestatua dagoen gazte bat bidaltzen dizuet". Halaxe da, Achucarrok 28 urte besterik ez zituen. Horrek are estimagarriago bilakatzen du Alemaniako irakaslearen laudorioa. 1908-1910 bitartean Alemanian egindako egonaldian zehar zientzia arloa jorratu zuen buru-belarri eta lortutako emaitzak Ingalaterra eta Alemaniako aldizkari espezializatuetan argitaratu ziren. 1909an behin betikoz penintsulara itzultzea erabaki zuen. Garai hartan penintsulan liskar politiko eta sozialak ziren nagusi (Bartzelonako Aste Tragikoa). Itzuli bitartean Parisen Células alargadas y Stabchenzellen, células neuróglicas y células granuloadiposas en el asta de Ammón del conejo lana idatzi zuen eta Ingalaterran izan zen. 1910ean bere lurretara itzuli zen; baina, aldez aurretik, bere kargua hutsik ez uztearren bere ordezkoa ezarri zuen, Lafora, hain zuzen. 30 urte zituen eta beste 8 urtez soilik biziko zen. Madrileko Probintzia-Ospitaleko mediku izendatu zuten eta laborategiko lanak lehenetsi zituen. Boletín de la Sociedad de Biología eta "Laboratorio de Investigaciones Biológicas" delakoetan kolaboratu zuen histologia eta neurogliaren fisiologiari buruzko gaiak jorratuz. Nissl delakoaren Enciclopedia de Histología e Histopatología de la corteza cerebral entziklopedian artikulu bat idatzi zien errabia ardatz hartuta.
1911n Lola Artajorekin ezkondu zen. Urte horretan metodo original bat asmatu eta kolorazio mikroskopikoari buruzko ikerketak amaitu zituen. Ordudanik metodo hori Achucarroren Teknika gisa ezagutzen da eta taninoa eta oxido amoniakala erabiltzean datza. Gerora, Cajalen "Laboratorio de Investigaciones Biológicas" hasi zen lanean eta ikasle-egoitzan ere jardun zuen. Azken horretan "histologia laborategia" sortu zuen beste hainbatekin batera. Beranduago, besteak beste, Rio Hortega, Severo Ochoa eta Isaac Costero aritu ziren lanean egoitza horretan. 1912an hitzaldi batzuk eman zituen Fordhameko Unibertsitatean (New York) Jung-ekin batera eta Honoris Causa Doktore izendatu zuten Yaleko Unibertsitatean. Honakoak argitaratu zituen: Las células amiboides de la neuroglía teñidas con el método de la plata reducida, Los núcleos de las células gigantes de un glioma, La membrana de la célula nerviosa, Nuevo método para el estudio de la neuroglía del tejido conectivo, Tumores del sistema nervioso central, Inuestigaciones histológicas sobre la glándula pineal humana (Sacristanekin), La corteza cerebral en la demencia paralítica con el nuevo método del oro y sublimado de Cajal (Gayarrerekin). Hurrengo urtean honakoak agertu ziren: Estructura y funciones de la neurogelía, Gefässverördung und Erweichung in der Hirnrinde, Las células ganglionares de la glándula pineal humana (Sacristanekin), eta El método del tanino y la plata amonical aplicado al estudio del tejido muscular cardíaco (Calandrerekin).
1914an Cajalen alboko numerario izendatu zuten Unibertsitateko Histologiako katedran, neurologiari buruzko katedra bat sortzen zen bitartean. Honakoak argitaratu zituen: Alteraciones del ganglio cervical superior, Estudio gliotectónico de la corteza cerebral, La neuroglía de la corteza en la demencia senil y en la alteración celular de Alzheimer (Gayarrerekin). Urte horretan Anormalen Patronatuko zuzendari izendatu zuten eta nerbio-sistemari buruzko anatomia eta psikologia eskolak eman zituen bertako maisuentzat. Kargu horretan bi urtez soilik egon arren lan handia egin zuen adimen urriko haurren alde; Instrukzio publikoko ministerioak 1916an patronatua itxi zuen, hain zuzen, heriotza ekarriko zion gaixotasun latz eta luzearen lehen sintomak nabaritzen hasi zenean (Hodgkin-en gaixotasuna). 1915 eta 1916 bitartean azken argitalpenak kaleratu ziren: Evolución de la neuroglía y sus relaciones con el aparato vascular eta Alteraciones del sistema nervioso en los animales tiroidectomizados. Ondoren laborategia utzi zuen eta Guadarramako sendategi batera joan zen bizitzera. Han zela lagun askok bisitatzen zuten Europan lehertutako gerra etsipenez jarraitzen zuen bitartean.
Hala eta guztiz ere, Achucarro ez zen laborategiko ikertzaile motela izan, nahiz eta kontrakoa pentsa daitekeen. Sentiberatasun orekatua zuen eta bizitzako alor guztiek erakartzen zuten, hori dela eta, literatura, pintura eta musika (biolina jotzen zuen) atsegin zituen. Solas arina zuen, argia eta zenbaitetan baita bizia ere. Alpinismoan ere saiatu zen eta laket zuen naturarekin bakarka egotea. Bere ikasleen artean, besteak beste, Rio Hortega, Rodriguez Lafora (lagun mina), Sacristan, Calandre, Gayarre eta Fortua aipa ditzakegu. Horiek guztiek maisuak neurologiaren, kotoi-txotx zelulen eta Cajalen hirugarren elementuaren ikerketan hasitako bidetik jarraitu zuten. Halaber, klinikan aurrerapen teknikoak berehala erabiltzeko maisuaren irrikaz kutsatu ziren ikasle guztiak. Aparteko interesa dauka, bereziki mediku eta espezialista diren haientzat, Nicolas Achucarroren La obra científica histopatológica artikuluak, Fernando de Castro irakasleak Hospital General aldizkarian argitaratu zuena (II. liburukia, 4. zenbakia, 1962ko uztaila-abuztua). Artikuluaren amaieran Achucarrok argitaratutako lan guztien (herrialde barruan nahiz atzerrian) zerrenda barneratzen da. Orobat, interesgarria da Gaceta Médica del Norte delakoak Achucarrori eskaini zion ale berezia (1968ko ekaina).