Politikariak eta Kargu publikoak

Alkain Martikorena, Jesus Maria

1922an Donostian jaiotako gipuzkoar nortasuna. Donostian hil zen, 2001eko uztailaren 1ean.

Garai hartan Merkataritza Ikasketa Garaiak deiturikoak egin zituen Bilbon (gerora Sarrikoko Ekonomia Zientziak), eta Merkataritzako Intendente Ekonomista titulua lortu zuen.

1944an, "Pakea" Lan Istripuen Mutualitatean sartu zen, eta 1966an zuzendari laguntzaile eta 1970ean zuzendari kudeatzaile izendatu zuten.

1979ko apirilaren 3ko hauteskundeetan Gipuzkoako batzarkide eta EAJko Donostiako zinegotzi aukeratu zuten. 1979ko apirilaren 20an Donostiako alkate izendatu zuten eta frankismoaren ondoren demokratikoki aukeratutako lehen alkatea izan zen. 1983ra arte izan zen karguan; 1986an Hiritar Merezimenduaren Domina jaso zuen.

1996an erretiratu zen Pakean, eta erakunde horretan egindako ibilbideagatik Laneko Merituaren Urrezko Domina jaso zuen. Eusko Ikaskuntzako diruzaina ere izan zen. 2001eko maiatzean Eusko Ikaskuntzaren Urrezko Domina eman zioten.