Aldizkariak

Vladimir

Zarautz, 1997-2000

1997an, Sobietar Iraultzaren 80. urteurrenean, sortu zuten Zarauzko gazte batzuk Vladimir Brigadak taldea eta, handik gutxira, izen bereko literatur aldizkaria. Literatura gorria eta ezkertiarra aldarrikatuz, urte hartako azaroan atera zuten fanzine tankerako zortzi orrialdeko Vladimir hilabetekaria. Panfleto iraultzailearen itxura eman nahi izan zieten bost durotan tabernetan saltzen zuten tolestutako orri fotokopiatu haiei (14,8 x 21).

Lenin eta Vladimir Maiakovski ahaztu gabe, Koldo Izagirreren Vladimir (Erein, 1996) nobela txiki hartatik datorkio izenburua aldizkariari. Koldo Izagirreri omenaldi bat egin nahi izan zioten bere obrak bereziki hunkitu zituelako, oso gertu bizi zuten errealitatea bertan jasotzen zelako.

1. zenbakiko "Lehendabiziko bala" sarreran ziotenez, aspertuta zeuden loreak mendian eta behiak larrean zeudela zioten liburuekin, kalean sua, odola eta gasolina usaina besterik topatzen ez zuten bitartean. Euren esanetan, bizitzen hasteko hiltzen ikasi behar izan zutelako sortu zuten Vladimir. Sobietar iraultzako nostalgikoak ziren eta ideologia batetik zetorren eta ideologia batean pentsatzen zuen talde honen aldizkaria ez zen aldizkari neutral bat, hitz hutsetan oinarritzen zen literaturarekin amaitu nahi zuen erresistentziako aldizkari bat baizik.

Honakoak ziren Vladimir brigadistak, 17 urteko gaztetxo zarauztarrak (Gurru oriotarra salbu): Garikoitz Berasaluze ("Beatza"), Ekaitz Berasaluze, Jurgi Olaizola ("Txili"), Jon Benito ("Beni") eta Iñaki Gurrutxaga ("Gurru"). Elkarrekin ikasten zuten institutuan eta irakurzaletasunak batu zituen; ondoren, irakurtzetik idaztera eman zuten pausua. Bestalde, ale batean edo bestean kolaboratu zutenen zerrenda luzea izan zen: besteak beste, Igor Estankona, Urtzi Urrutikoetxea, Joseba Sarrionandia, Mikel Ayllon, Joxe Ripiau, Itxaro Borda, Patziku Perurena, Joxe Azurmendi, Andoni Tolosa, Jose Luis Otamendi, Koldo Izagirre, Juanjo Olasagarre, Xabier Aldai, Iñigo Aristi, Xabier Makazaga, Xabier Izaga, Olga Alonso, Josu Landa eta Joxe Iriarte "Bikila".

Molde berdina segitu zuten zenbaki guztietan. Portada deigarri batek esaldi berezi bat zekarren behealdean. Kontrazalarena ere atal berezia eta finkoa izan zen ale guztietan: "Liburutegi eta liburu-dendetatik askatu beharrekoa". Bertan euren ideologia bereko idazle atzerritar baten aurkezpena egiteaz gain euren hainbat testu euskaratu zituzten. Roque Dalton, Bobby Sands, Ernst Toller, Bertol Brecht, Rosa Luxembourg, Vladimir Maiakovski, Ho Chi Minh, Federico García Lorca, Mumia Abu-Jamal, Françoise Kesteman, Pablo Neruda, Joan Salvat-Papasseit eta Mario Benedetti autoreek osatu zuten zerrenda.

Hasieratik bazkide sare bat osatu nahi izan zuten (harpidedun edo bazkide izan nahi zuenak 32 pezetako zigiluak bidaltzea besterik ez zuen) eta hirurogei bazkidetik gora lortu zituzten, horietako asko presoak. 200 bat ale saldu zituzten lehenengo zenbakiekin eta gerora 400 banatzera ere heldu ziren. 11. zenbakitik (1998ko iraila) 12.era (1999ko urria) urtebeteko etena izan zuen Vladimirek eta segidan argitaratutako aleak hiru hilabetetik behin kaleratu zituzten.

Aldizkaria kaleratzeaz gain, literatur solasaldiak eta errezitaldiak ere antolatu ohi zituzten. 1998ko etenaldiaren osteko "Idazleak kalean" egitaraua horren adibidea da. 2000ko martxoan, Vladimir aldizkariaren azken alearekin, esate baterako, I. Literatura Astea eta Poeta Gazteen Eguna antolatu zuten Zarautzen, Eibarren egindako aurreko edizioei lekukoa hartuz. Hogeita hamarren bat poeta gazte Zarautzen biltzea lortu zuten. Literatura Astean euren bi poeta kuttunek izan zuten protagonismo berezia: Koldo Izagirrek eta Joseba Sarrionandiak. Astean zehar, bestalde, literatur fanzineen erakusketa zabaldu zuten Arranon.

Hamalau ale argitaratuta, 16 orrialdeko eta 50 pezetako salneurriko ale berezi batekin amaitu zuen Vladimir aldizkariak bere ibilbidea 2000ko martxoan. Villa Manuela Zarauzko gaztetxeari eskaini zioten azken ale hau. Gaztetxean itxita zeuden kideen aurrean eskainitako errezitaldia eta handik Ertzaintzak nola atera zitueneko kronika jaso zituzten.

Aldizkari gehiago kaleratu ez arren, Vladimir Brigadek egin zituzten hainbat irakurraldi. 2002an esaterako, "literatura gorria" izan zuten irakurketa-gai Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean.