Pintoreak

Ugarte Bereciartu, Ignacio

Gipuzkoar margolaria. Donostian jaio zen 1858ko uztailaren 30ean, eta 1914ko uztailaren 14an hil zen.

Alejandro Ferrant maisuaren dizipulua izan zen Madrilgo Arte eta Lanbide Eskolan. 1884an, Erromako Espainiar Akademian merituzko bekak jaso zituen lehenengo promozioan sartu zen, Antonio Aramburu eta Jose Salis gipuzkoarrekin batera, besteak beste. Chigi Akademian ere ikasi zuen, eta urmargoak landu zituen bertan. Garai hartan, Arte Ederren Erakusketa Nazionalean parte hartu zuen lehenengoz. Hasierako etapa hartan, "luminismoa" ezagutu zuen, Salisek eta Iruretak praktikatzen zutena. Aire zabaleko pinturari ekin zion, baina joera akademizista mantenduz, eta Donostiako inguruneak zein Madrilgo Erretiroa txandakatu zituen obretan.

1890ean, hainbat mihise jarri zituen erakusgai, Erakusketa Nazionalean eta Arte Ederretako Zirkuluaren. Hirugarren aldia zen erakusketa horien parte hartzen zuela. 1892an lortu zuen lehenbiziko saria, Bartzelonako Nazioarteko Erakusketan: Bigarren domina eman zioten, Las sardineras obrarekin. Koadroak Chicagora eta Puerto Ricora bidaiatu zuen, eta nazioartean ospea eman zion. Koadro horretan, 1888ko Una perra al agua obran bezala, kostunbrismoaren eta euskal gaien gaineko interesa nabari da. Izan ere, gai horiek egilearen ibilbide osoan errepikatzen dira. Gizarte-gaiak ere haren artearen beste ezaugarrietako bat dira. Horrela ikus daiteke 1895eko Erakusketa Nazionalean saria jaso zuten bi koadroetan: Ondarroa eta La casa de Misericordia. Azken horrek oihartzun handia izan zuen, eta hurrengo urtean, Donostia Arte Ederren jauregian erakusgai izan zen, beste zenbait paisaiarekin batera.

1896 eta 1898 urteen artean, Arte Ederretako Zirkuluaren erakusketetan eta Donibane Lohizuneko Euskal Jaietan (1897) hainbat lan aurkeztu zituen. Orduan, argiari garrantzia handiagoa ematen zion dagoeneko, eta euskal paisaietako argiaren egokitzapenarekiko eta atmosferaren tonuekiko interesa piztu zitzaion. Kritikak errealismo lirikotzat deskribatu zuen haren estiloan. Parisen hainbat egonaldi egin zituen, eta aurre-inpresionisten eragina jaso zuen. Horrela ikus dezakegu La Zurriola desde Cemoriya koadroan, adibidez. Halaber, margolaritza apaingarriarekiko eta horma-irudiekiko interesa ere piztu zitzaion, eta 1901ean, Donostiako Cantabrico klubaren eskailera margotu zuen.

Urte berean, 11 koadro aurkeztu zituen Bilboko Arte Modernoaren Erakusketan, besteak beste: Altos Hornos, En Olaveaga, La Galea eta Santurtziko portuko hainbat eszena (emaztea hangoa zenez, estudio bat ireki zuen bertan).

1899 eta 1902 artean, irakasle lanetan aritu zen San Fernando Arte Ederren Errege Akademian, eta gero, Donostian kokatu zen betiko. Madrilen egondako epean, espainiar gai kostunbristak jorratu zituen obretan, eta ordukoak ditugu, besteak beste: Gitanas, Manolas, Floristas madrileñas eta Lagarteranas.

Jaioterrira bueltan, estudioa zabaldu zuen Hernani kalean, Alderdi Eder lorategien parean. Bertan ohikoak ziren Salis, Aramburu, Rogelio Gordon, Villegas, Benlliure eta alderdi askotan haren maisua zen Joaquin Sorolla. Urte haietan, paisaia eta erretratu ugari margotu zituen. Horien artean, nabarmentzekoak dira Reina Maria Cristina edo Juan Miguel Orcolaga erretratuak. 1905ean, Coronación de la Virgen horma-irudia margotu zuen, Azkoitiko parrokian. Horma-irudiei dagokienez, haren obrarik garrantzitsuenak Donostiako Victoria Eugenia Antzokiko sabaiak eta plafoi zentrala dira, eta 1911 eta 1912 artean egin zituen, Urcola arkitektoaren enkarguz.

1913an, obra bat aurkeztu zuen Tolosako Euskal Jaietan, eta beste 12 mihise Donostiako Margo eta Eskulturako Lurralde Erakusketan. Urte berean, Gipuzkoako hiriburuaren sutea eta berreraikuntzaren mendeurrena ospatzeko lehiaketan, Easo Lehen Saria jaso zuen koadro honekin: Asalto de San Sebastián por las tropas anglo-portuguesas.

Hil zenean, haren obra aurkeztu zuten Oñatin, Euskal Ikasketen I. Biltzarrean (1918). 1975ean, Donostiako San Telmo Museoan Ugarteren antologia egin zuten. Horrez gain, haren koadroak ikusgai egon ziren beste hainbat erakusketan: La Pintura Vasca (Mexiko, 1982), Ugarte (atzera begirakoa, 1983), Donostia-San Sebastián (hiriburuko sutearen 175. urteurrenean) eta Sorolla en Gipuzkoa (Donostia, 1992).

"Luminismoaren" ordezkaririk nagusiena dugu, eta astoan zein estudioan lanean aritu zen. Pintura erromantikoaren oinordekoa izan zen, eta haren obran, hemeretzigarren mendearen arrastoak antzeman daitezke. Donostiako eta Bilboko museoez gain, Ugarteren obrak euskal bilduma pribatuetan eta munduko osoko hainbat museotan aurki daitezke, hala nola New York, Erroma, Buenos Aires eta Londres.