Arkeologoak

Peñalver Iribarren, Xabier

Arkeologoa. Donostian jaio zen 1952ko abenduaren 22an.

Filosofia eta Letrak, Historia eta Arkeologia ikasi zituen Zaragozako Unibertsitatean, eta Arkeologian doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean (1999).

Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea.

1982tik Euskal Herriko hainbat aztarnategi arkeologikoren indusketa lanetan aritu da: Supitaitzeko menhirra (Ataun), Mulisko Gaina (Urnieta-Hernani), Langagorri (Astigarraga-Errenteria), Intxur eta Basagain (Tolosaldea).

2000. urteaz geroztik, Debako Praileaitz kobazuloaren indusketaren zuzendaria da, eta polemikaz betetako aztarnategia da. Izan ere, aztarna arkeologiko baliotsuak aurkitu dira, horma-pinturak barne, eta Kultura Ondasun izendatu dute. Harrobi baten ustiaketa-lurretan dago eta 50 metroko eremu babestua baino ez du. Horrek indusketaren zuzendariaren eta beste espezialista batzuen kezka sortzen du, ez baitute aztarnategiaren kontserbazioa bermatuta ikusten.

Hainbat artikulu eta monografia idatzi ditu, hala nola: Euskaldunen jatorriaz (1999); Habitata Euskal Herriko isurialde atlantikoan. Azken Brontzea eta Burdin Aroa (2001); Hastapenak (2005); Burdin Aroa. Baskoiak eta haien bizilagunak gure aroaren aurreko azken milurtekoan (2008).

Entziklopedia honen kolaboratzailea.