Politikariak eta Kargu publikoak

Oliveri Albisu, Ignacio

Nortasun politiko gipuzkoarra, Errenterian 1943an jaioa. Peritu industriala, euskara hogei urterekin ikasi zuen, 1978-1980 urteetan Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko lehendakari izatera iritsiz.

1980an, Pedro Miguel Echeniqueren taldeko kide bihurtu zen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean, Garaikoetxearen lehendakaritzapean; 1982an, Saileko Kabinete Teknikoko buru izendatu zuten, eta ardura politiko instituzionalak izan zituen bertan. 1984an, Eusko Legebiltzarrerako 1984ko hauteskundeetan, Gipuzkoako diputatu hautatu zuen EAJk; 1986an, Gipuzkoako diputatu Espainiako Parlamenturako. Krisialdian eta EAJren baitan izandako zatiketan, Carlos Garaikoetxearekin batera kokatu zen, eta "Eusko Alkartasuna" alderdiaren Fundazio Kongresuan alderdiko idazkari nagusi izendatu zuten. 1991ko otsailean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu izendatu zuten.