Irun, 1985-1992.
Irungo eta Bidasoaldeko euskaldunen artean zabaldu eta trinkotasun elementu gisa funtzionatuko zuen aldizkari bat plazaratzeko asmoa azaldu zuen 1984an Irungo udaletxeko Euskara Kontseilu sortu berriak, geroago Euskara zerbitzua izango zenak. Irungo euskaldungoaren kopuru erreala eta potentziala kontutan hartuta, hiria euskararen mapan integratu nahi izan zuten, irundarrei ezarritako klixeak baztertu eta kulturgintzan gertatzen ari zenaren berri emanez.
Eztabaida luzeak izan zituzten aldizkariaren eredua finkatzerakoan eta, azkenean, kultura eta literatura batuko zituen aldizkari motaren alde egin zuten. Horrela, 1985eko maiatzean kaleratu zuten formatu handian (23,6x33) Plazara aldizkariaren 1. zenbakia. 200 pezetatan saldu zuten 32 orrialdeko hiruhilabetekaria.
Bernat Etxeparek 1545ean Bordelen plazaratu zuen Linguae Vasconum Primitiae liburuaren amaierako kontrapasaren hasieran ageri den "Heuscara / Ialgui adi plaçara" hartatik datorkio izenburua aldizkariari.
Udaleko euskara kontseiluko arduraduna zen Jorge Gimenezek eta kontseilu bereko kide eta sasoi hartan AEKko langile zen Joxan Elosegik gidatu zuten aldizkaria bere ibilbide guztian zehar. Azken honek bazeukan aldizkarigintzan eskarmentua, Mermelada Ustelan (1976) eta Oh! Euzkadin (1978-83) parte hartutakoa baitzen.
1. zenbakiaren sarreran Bidasoaldean euskararen gaurkotasuna erakutsi beharra aldarrikatu zuten, egunerokotasunez apainduz eta jendearengana hurbilduz. Eta horretarako, Bidasoaldeko gaiak jorratu zituzten batik bat: eskualdeko berriak Mariano Izetak bildu zituen, Txomin Sagartzazuk eskualdeko kronikak eta bertakoekin elkarrizketak egin zituen eta toponimiaz Jose Antonio Loidi Bizkarrondo arduratu zen. Sortze-lanentzat tarte berezia zegoen: alde batetik, literatur lehiaketa antolatu zuten eta irabazleen lanak aldizkariaren hurrengo zenbakian ematen zituzten argitara; narrazio laburrak, bertso paperak, poesia eta komikia saritzen zituzten. Lehen argitalpenak egin zituzten Plazaran Pello Otxotekok, Ramon Santxezek, Karlos Zabalak,... Bestetik, zaildutako makina bat idazleren agertoki ere izan zen aldizkaria. Urteen poderioz, bertan agertutakoen zerrenda amaiezina izan zen.
Aldizkari instituzionalaren marka izan zuen beti Plazarak, nahiz eta ez zuen udalaren aldetik inongo galbahe politikorik edota kontrolik jasan, baina Irungo udalaren Euskara Kontseiluaren aldizkaria zen eta hori zen kanpotik ezartzen zitzaion marka. Itxura dotoreak ere marka hori areagotzen zuen. Askorentzat marka zena, beste batzuentzat estigma bilakatu zen. Euskal panorama kulturala eta literarioa jasotzen zuten euskal hedabideetan Plazara ez zen existitzen.
Dena dela, eskualdeko eta kanpoko kolaboratzaile asko izan zituen. Bertan paraje eta era guztietako euskal idazleek hartu zuten parte. Iparraldeko idazleak eta idazle berriak asko zaindu zituzten. Aldizkaria hasieratik izan zen ezaguna, Durangoko azokako presentziagatik hein handi batean.
Erredakzioan kontsentsu maila oso altua egon zen. Garaian garaiko aldarrikapenak ozen plazaratu zituzten, aldizkariaren editorialetan argi eta garbi nabarmentzen zen moduan (editorial gehienak Jorge Gimenezek idatzi zituen). Askatasun hori nahi zuten eta tinko eutsi zioten, batzuetan tinkoegi iragazkorrak ez izatera iristeraino. Baina iragazkortasun falta horren ondorio ere bada Plazara.
Herri aldizkaritzat ere jo izan zen Plazara, baina literatur bokazioa zuenez, ez zuen prentsa lokalaren bidea egin. Aldizkarian literaturaren presentzia denborarekin areagotu egin zen, justu literatur aldizkariak desagertzen hasi ziren garaian.
Plazara ez zegoen merkatuko legeei lotuta; hala izan balitz, ez zukeen aurrera egingo. Salneurriarekin ezingo zitzaion kostuari eutsi. Banaketa ere kaxkarra zen: prentsa banatzaileek ez zuten horrelakorik banatu nahi, liburu banatzaileek ere beste hainbeste, formatu handiak laguntzen ez zuenez, eta ia amaierara arte banatzaile batekin lan egin zuten arren, eurek egin behar izan zuten lan komertziala. Saltoki finko batzuk izatea eta ohitura batzuk sortzea izan zen euren xedea. Harpidetza sistema ere bazuten, nahiz eta ez zen inoiz oso oparoa izan. Tiradari dagokionez, 1. zenbakia 800ekoa izan zen eta 2.a 1000koa. Gero jaitsiz joan zen, azken alean 600ekoa izanik.
Autofinantzaketarekin amesten zuten arren, udalaren diru-laguntzarekin, publizitatearekin eta harpidetzarekin egiten zuten aurrera.
Sortze-lanez gain, argazkiek garrantzia handia izan zuten aldizkarian. Argazkiez Pako Carrillo (1. zenbakitik 11.era) eta Junkal Motxaile (12.etik 20.era) arduratu ziren bereziki. Azalen egileak, berriz, Periko Etxebeste, Larrukert anaiak, Jose Anjel Lopetegi, Junkal Motxaile, Natxo Perez, Luis Emaldi eta Juan Garzia izan ziren.
1989ko udazkenean kaleratu zuten 12. zenbakia mugarri bat izan zen. Aldizkariaren aro berri bat aurkeztu zuten editorialean. Alde batetik, alderdi grafikoa indartu zuten eta banaketa sistema hobetu hiruhilabetekari izaera sendotzeko, hasierako asmo horri askotan huts egin baitzioten; eta bestetik, aldizkariaren atalak orekatu nahi izan zituzten. Horretarako sail ezberdinen arduradunak izendatu zituzten: Bidasoaldeko kronika (Txomin Sagartzazu), literatura (Karlos Zabala), elkarrizketak (Joxan Elosegi), administraritza (Junkal Berasategi), argazkigintza (Junkal Motxaile), eta koordinatzailea (Jorge Gimenez). Benetako erredakzio talde bat sortzea zen asmoa; ondorioz, 11 aleetako bizefalia, Joxan Elosegi eta Jorge Gimenezena alegia, desegin zen, azken hau aldizkariaren arduraduna bilakatuz.
Literaturak presentzia nagusia izan zuen momentu horretatik aurrera. Alerik literarioena izan zen hamabigarrena; editorialak berak ere aurreko editorialen tonua aldatu zuen, literatura hutsa sortuaz. Ale honek ez zuen publizitaterik izan. 14. zenbakian, berriz, sail berri bat inauguratu zuten, "Ai gureak balira!, Juan Garziak gidatuta, itzulpena protagonista izanik.
1992ko udazkenean kaleratu zuten azken alea, 20.a. Egitura sendo bat lortzen ahalegindu zen Jorge Gimenez, erredakzio talde bat, baina ez zuen asmatu eta berarekin amaitu zen aldizkaria. Luis Emaldiren marrazkipeko azken editorialean alberdanian aritu izan zirela zioten, lotsagabe alegia, eta alberdanian jarraituko zutela aurrerantzean ere, Plazara hura artxibo eta irakurleen memorian ehortzi ondoren.
Eta halaxe egin zuen zazpi urtez eta hogei alez dozenaka idazleen plaza izan zen aldizkariak; hurrengo urtean, 1993an Irunen bertan Alberdania argitaletxea sortu zuten Jorge Gimenezek eta Inaxio Mujika Iraolak. Antton Olariaga marrazkialaria arduratu zen maketazioaz eta alde estetikoaz eta Mitxel Murua eta Jose Luis Agotek lagundu zuten muntaia lanetan.