Pintorea. 1882ko urtarrilaren 15ean jaio zen, Gasteizen, eta 1936ko abuztuaren 11n hil zen, Donostian (?).
Bertako prentsari esker (La Libertad, 1903/04/16), bere haurtzaroko eta gaztaroko datu batzuk ezagutzen ditugu. Industrialari baten semea zen, eta familiaren onespena izan zuen etorkizun zalantzagarriko lanbide liberal bat aukeratzean; pintura, alegia. Hasieran, ordea, apaiza izateko grina zuen. Ildo horretan, badakigu hogeita bat urte zituenean, jada eliza-karrerako zortzi urte eginak zituela: Giza Zientzietako hiru urte, Filosofiako beste hiru urte eta Teologiako bi urte. "Irakasgai guztietan bikain atera zuen".
1896an, Pedro Lopez de Robles Arte eta Lanbide Eskolako pintore eta irakaslearen tailerrera joaten hasi zen. Hasieran, bisita horiek apaizgaitegiko eskolekin uztartu zituen. 1902tik aurrera, Ignacio Diaz Olanoren estudiora joaten hasi zen. Maisuak biziki zoriondu zuen bere gaitasun artistikoengatik, eta bide horretan jarraitzera animatu zuen. "El Dibujo" izeneko Arte eta Lanbide Eskolako ikasle ere izan zen. Garai hartan, El Campillon kokatuta zegoen eskola, XX. mendeko Las Escuelas kalean.
Urkixoko markesak ere bere gaitasun piktoriko goiztiarrak sumatu zituen, eta bere babes eta laguntza eskaini zizkion, mezenas gisa. 1903ko apirilean, Eduardo Navarro izeneko bertako pintore gaztearen aurka gogor lehiatu ostean, Gasteizko Udalak Maurori Madrilgo San Fernando Arte Ederren Akademian ikasketak egiteko pentsio bat ematea erabaki zuen. Donostiako Udal Museora ere urteetan joan zen, eta Alfontso XIII.ari aurkeztu zitzaion, erregeak bertara eginiko bisita batean.
1904ko martxoan, Gasteizko prentsak Ortiz de Urbinak San Fernando Akademian izandako emaitza jaso zuen:
"Ikasleek urtarrilean eta otsailean egindako lanetan eskuratutako kalifikazioengatik sariak banatzen dituzte. Sariek etorkizunari begira mailaz igotzeko balio dute, eta Espainiako probintzia gehienek diruz lagundutako ikasleen artean banatzen dira. Mauro gazteak lehen-mailako Ohorezko Diploma jaso du, aurkeztutako hiru obrengatik: bi figura eta paisaia bat" (La Libertad, 1904/03/06),
(Itzulpen moldatua gaztelaniatik).
Akademiako lehenengo urtean, lehen-mailako lau meritu-diploma, bigarren mailako bi meritu-diploma, bi accesit eta ohorezko hainbat matrikula jaso zituen. Bigarren urtea amaitzean, irakasleen klaustroak bostehun pezetako diru-saria, zilarrezko domina bat eta hurrengo urterako ohorezko matrikula eman zizkion. Hala, hurrengo ikasturteko irakasgaien ordainketan dirua aurreztu ahal izan zuen. Bestalde, emaitzak ikusita, Gasteizko Udalak prestakuntza akademikoarekin jarraitzeko diru-laguntza berri bat ematea erabaki zuen.
Prestakuntza-lan horretan, Pradoko Museoko aretoek bere irrika piktorikoak ase eta berritu zituzten. Hala, Velazquez, Murillo, Alonso Cano, Tiziano, El Verones, eta, batik bat, El Greco pintoreen koadroek erakusten dituzten eskola magistralak bereganatu zituen. El Greco izugarri miretsi zuen bizitza osoan. Mauro Ortiz de Urbina kopiatzaile bikaina zen, eta urte batzuk aurrerago, banakako erakusketa batzuk egin zituen, Pradoko Museoko Kopiekin.
Ildo horretan, 1915eko urriaren 12tik azaroaren 6ra bitartean,hogei bat olio-pinturez osatutako erakusketa zabaldu zuen Bilboko Euskal Artisten Elkarteko aretoan. Hala jaso zuen Pilar Mur historialariak elkarte horren gainean argitaratutako lanean. Xehetasun bat aipatzearren, bada partaidetza hori ezeztatzen duen arte-kritikarik. Iturri horien arabera, erakusketa hura zabaldu zuen pintorea Lucio Ortiz de Urbina bizkaitarra izan zen. Edonola ere, gasteiztarrak erakusketa bat prestatu zuen antzeko edukiekin (Pradoko kopiekin), Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolako areto nagusian. 1927ko abuztua zen, jada.
1906ko maiatzean, Arte Ederren Nazioarteko Erakusketan parte hartu zuen, lehenengo aldiz, Estudio de interior koadroarekin: kinke batez arinki argiztatutako gela bat, hiru pertsonen erretratuekin; horietako bi Julio Uruñuela eta Pedro Sarralde gasteiztar ezagunen erretratuak ziren. Ohorezko aipamena jaso zuen. 1910, 1912 eta 1915eko deialdietan obrak aurkeztu zituen, berriro. 1908an, beste ohorezko aipamen bat jaso zuen, Municheko Erakusketa Unibertsalean. 1909ko ekainaren 30ean, Garcia Diez-ek iradoki bezala, marrazketako irakasle-titulua eskuratu zuen, eta bere ikasketa ofizialak amaitu zituen, San Fernando Akademian.